Gure ikastolako web orrian, gaur ikusi dudan mezua, aspalditik gure ikasleekin burutzen dugun ekintza interesgarrienetakoa iruditu zaidanez eta web orriak duen Creative Commons baimena aprobetxatuz, oso-osorik hona ekartzea erabaki dut.
Dakizuenez, azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatuko da. Azken egunotan, gure web orrian mezu ezberdinak argitaratu ditugu herrian egingo diren ekintzen berri ematen eta gure ikasleek ekoiztutako lan batzuk aurkeztuz.
Bada, gaurkoan, DBH 4ko ikasleek grabatu eta ekoiztutako bideo batekin gatozkizue. Beharbada, bideoaren kalitatea , audioarena batez ere, ez da goi mailakoa izango, baina ikasle hauek luzatzen diguten mezua aintzat hartzeko modukoa eta oso goi mailakoa iruditu zaigu.
Bukatzeko, eta lan hau kokatzearren, esan Gaztelania ikasgaian jorratutako proiektu baten emaitzetako bat dela. Hori dela eta, bideoa gazteleraz topatuko duzue.
Zorionak parte hartu duten ikasle eta irakasle guztiei gisa honetako ekimenak curriculumean txertatzeagatik eta ikaskuntza prozesuan eragile aktiboak izateagatik. Horra hor bideoa.
Duela urtebete inguru EGAko ahozko azterketaren bideo baten berri izan nuen. EGAko azterketaren atal hau zertan datzan azaltzeaz gain, bideo hartan hainbat bikote ikus zitekeen ahozko azterketa egiten. Material ezin hobea iruditu zitzaidan ikasleei erakusteko; izan ere, oso urduri joaten baitira proba hau egitera, eta azterketa pausoz pauso ikustea oso lagungarria -eta lasaigarria, agian- izan zitekeela iruditu zitzaidan.
Horrela, EGAko arduradun batekin harremanetan ipini eta baimena eskatu nion bideoa plazaratzeko, zehazki euskaljakintzan EGA prestatzeko dugun txokoan eskegiteko. Zoriotxarrez, hainbat arrazoi tarteko, baimena ukatu zidaten. Dena den, ikasleei begira izugarrizko dokumentu grafikoa iruditu zitzaidanez, egunen batean guk geuk antzeko zerbait grabatuko genuela pentsatu nuen. Aurreko asteburuan, tramankulu guztiak prestatu eta grabazioari ekin genion.
Komeni da hainbat puntu argitzea. Alde batetik, bideo hartan ikusi genuena islatzen saiatu gara, baina ni ez naiz inoiz egon azterketa barruan. Bestetik, ariketa ezberdinen iraupena errespetatu nahi izan dugu, nahiz eta gerta litekeen esku-hartzeren batean osorik ez betetzea. Bideoarekin batera, grabaziorako prestatutako azalpena ere hementxe uzten dizuegu, azterketaren dinamika argitze aldera.
Ez dago esan beharrik, jatorrizko grabazioaren aldean, geurea oso apala dela, medio eta ezagutza mugatu baina borondate onenarekin egindakoa.
Amaitzeko, bihotzez eskertu nahi dut anaia Txerra, euskaljakintza 5eko Laura Zabala eta Irune Agirre eta gure ikasle ohi Ainhoa Mujikaren laguntza (azken biak azterketarien lan gozakaitzean).
EGA Ahozko Probaren azalpena eta azterketaren simulazioa
Ez neukan hemen idazteko inongo asmorik, baina “kopiatu eta itsatsi” beti izan da ariketa samurra eta gure ikastolako web orrian argitaratu duten mezua aprobetxatuz, oso-osorik hona ekartzea erabaki dut. Segur asko zuetako askok ez zenuten honen berri izango eta gure ikastolako IKTen arima eta gune honen sortzaile eta sustatzailea izan den Jokin Lacallek sekulako lana egin du eta zabalkunde handiagoa merezi duelakoan nago. Horra hor mezua:
Ikasturte hau berezia izaten ari da Jakintza ikastola osatzen dugun komunitateko kide guztiontzat. Dakizuenez, gure ikastolak software askea erabiltzeko erabakiaren azken urratsa emanez, ikasturte honen hasieratik, ikastolako ordenagailu guztiek software librea baino ez dute.
Horrek, pentsa dezakezuenez, bere eragozpenak eta zailtasunak eragin ditu. Hori bai, guztion borondate onarekin aurrera ateratzen ari gara. Nolanahi ere, askotan, borondate ona ez da nahikoa eta ezinbestekoa dugu adituen laguntza eta eskarmentua. Hor kokatu behar dugu gure IKT dinamizatzailea den Jokin Lacallek prestatu eta gaur argitaratu duen gune berria.
Izugarria iruditu zaigu Jokinek prestatu digun txokoa. Hiru atal nagusietan banatuta dago:
Dokumentazioaren atalean, Software libreari buruz ikuspegi ezberdinak jorratzen dituzten testuak eta azalpenak topatuko ditugu. Laguntzaren atalean, Ubuntu, OpenOffice eta Mozilla Firefoxi buruzko bideo tutorialak, gidak eta fitxa teknikoak eta deskargak topatuko ditugu. Eztabaidagunean berriz, foro irekia dugu gai hauen inguruko zalantzak, ekarpenak, kritikak… luzatzeko.
Gunea eraikitzeko egundoko lana egin duen arren, gunea ez dago itxita eta guztion partaidetza bilatzen du poliki-poliki osatzen joateko. Beraz, hemendik ere dei bat luzatu nahi dugu jendearen partaidetza sustatzeko eta Jokinek dioen bezala: “Ea oraingoan etekin gehiago ateratzen diogun egindako “montaje” honi. Benetan pozgarria izango litzateke eta gunea osatzen jarraitzeko behar diren animoak eskuratzeko baliagarria.”
Horra hor gunearen aurkezpenean irakur daitekeen mezua:
2009-2010 ikasturtea berezia izan da gure ikastolan. Urte biren bueltan, ikastolan erabiltzen dugun software ia guztia librea izatea pasa gara.
Eman dugun urratsa ez da nolanahikoa izan, ikasle eta irakasleok bizi dugun egunerokotasunean eragin handia izan duen erabaki bat izan da. Aurretik egin den informazio eta kontzientziazio lana garrantzitsua izan bada ere, ezinezkoa da egoera berri honek ekarriko dituen gorabehera guztiak aintzat hartu eta aurretik lotuta izatea.
Gidatzen kotxea hartuta ikasten den bezala, software berria erabiltzen eta praktikatzen ikasten da. Eta orduantxe sortzen zaizkigu galdera, kezka eta laguntza behar nagusienak. Tira ba, txoko berri honek horiei guztiei erantzuna ematea du helburu, hasi berri dugun ibilbide honetan topatuko ditugun oztopoak gainditzen laguntzeko.
Ez da hori, baina, helburu bakarra. Badago beste bat, hain nabarmena ez dena agian, baina aurrekoa bezain garrantzitsua dena. Software askearen komunitatea eredugarria zerbaitetan baldin bada, hori erabiltzaileen artean dagoen lankidetza eta elkarlanarengatik da. Izpiritu hori ere gurera ekartzea nahiko genuke.
XXI. mendeak bere lehen hamarkada bete berri duen garai honetan, ikaskuntza norabide bakarrean gertatzen dela azaltzen duten teoriak atzean geratu dira. Gaur egun ikaskuntza zerbait soziala bezala ulertzen da, dialogikoa, denok denongandik ikasten dugu. Parekoen arteko eztabaidak, argudioen kontrastea, galde/erantzunak… ezagutza taldean eraikitzen laguntzen dute. Ikaskuntza eredu berri hau oraindik gehiago nabarmendu da teknologia berrien garapena eta interneten gertatu den iraultzarekin, batez ere.
Txoko honek denon eskura ipintzen ditu oinarrizko azpiegitura, komunikaziorako ingurunea, eztabaida eta argudioen hartu-emanetarako lekua baina badago zerbait zure esku bakarrik dagoena. Talde bezala ikasten joateko eta beharrezko heldutasun eta alfabetizazio digitala lortzeko, zure partaidetza behar-beharrezkoa da. Zure lankidetza eta partaidetza taldearen mesederako izango dela sinistuz bakarrik beteko du gune honek bere helburua. Zure esku dago, beraz, txoko honek ibilbide luzea izatea edota gauerdiko ahuntzaren eztularen parekoan izatea.
Hizkuntzaren gramatikaren alorra lantzeko, ohikoa izaten da ikasleek jarduera liburuetatik ateratako ariketak osatzea eta, jarraian, irakaslearen laguntzaz zuzentzea. Bada, ikasleek era ekinkorragoan aritzeko, zuetako batzuek jakingo duzuen bezala, euskaljakintzan prozesua irauli dugu ikasleak jarduera hauen diseinatzaile eta sortzaile bihurtuz. Honela, ikasleek jarduera ezberdinak sortzeaz gain, horientzako erantzunak ere aurkitu behar dituzte, prozesu osoan parte hartuz. Aprendizaia askoz ere esanguratsuagoa bihurtzen da, zalantzarik gabe. Ikasleak jarduera horiek sortzen ari diren bitartean, nik prozesua gainbegiratu eta, bukatzean, behin-betiko zuzenketak egiten ditut. Ondoren, sortutako jarduerak aplikazio batera (kasu honetan Hot Potatoes-era) pasatzen ditugu eta, azkenik, sarean denon eskura ipintzen ditugu.
Nire ustez, bai prozesu osoa eta bai emaitza aberatsak dira oso; izan ere, bikote bakoitzak bikotekideen artean sortutako jarduerak egiteko aukera du, eta baita beste guztienak ere.
Era berean, behin baino gehiagotan adierazi izan dugun legez, paperean egindako jarduerekin alderatuz gero, jarduera-sortzaileekin egindako ariketek bi abantaila nagusi dituzte:
Saiakuntza bakoitzean, hurrenkera ausazkoa da. Hau da, ordenagailuan ariketa kargatzen den bakoitzean, ariketaren hurrenkera aldatu egiten da eta, horrela, behin eta berriz saia gaitezke jarduera menperatu arte.
Erantzuna zein azalpenak bat-batean lor ditzakegu, balio erantsi handia emanez lanketari.
Guretzat aberasgarria izateaz gain, pozgarria ere bada ikustea egunetik egunera euskara ikasten ari den ikasle asko eta askori baliagarri gertatzen zaizkiola gure ariketak. Gauzak horrela, euskaljakintza 5ekook sortu ditugun lehenak hementxe uzten dizkizuegu. Oraingo hauek Euskaltzaindiaren arauak ikasi eta errepasatzeko jarduerak dira, eta gure ikastaroa (euskaljakintza arauak) osatzera datoz (hemen ipintzeaz gain, ikastaroko gunean ere txertatu ditugu).
Euskaltzaindiaren arauak orokorrean lantzeko ariketak
Egunez egun eta hitzez hitz zure hiztegia aberasten lagunduko dizugu. Sar zaitez egunero edo harpidetu gure edukietara, gurekin eguneko hitza ikasteko.
Hitz horiekin ematen genion hasiera egitasmo berri honi 2008ko azaroaren 3an; urte bat bete da gaur, beraz, Gaurko Hitza bloga martxan ipini genuenetik. Ez dira gutxi izan tartean gertatutakoak. Hasiera batean, ikasleen EGA azterketari begira sortutako ekimenak, pixkanaka-pixkana, bizitza propioa hartu eta gu guztion hiztegia aberasteko bidean ipini dela pentsatzea gustatzen zaigu; izan ere, ez dira gutxi izan zuen ekarpenak, iradokizunak, hitz-proposamenak, iruzkinak, adar-jotzeak eta bestelakoak hainbat eta hainbat hitzen inguruan.
Bestalde, oso pozgarria izan zen guretzat Sustatuko lagunek Letrak Sare Kantoitik atalean Gaurko Hitza txertatzeko proposamena luzatu zigutenean. Letrak, hitzak, esaldiak, testuak… maite ditugunontzat ezin ukatu ohore bat denik Anjel Lertxundi handiaren eta Markos Gimeno apartaren aldamenean tokitxo bat izatea. Mila esker, Sustatu!
Errepaso txiki honi amaiera emateko, aldaketak aipatu nahi ditugu. Horietako bat, hitza argazkiaz laguntzea izan da; izan ere, hasieran, hitzaren azalpena testura mugatzen bagenuen ere, argazki batez lagundua joan ohi da orain (hitzak, behinik behin, horretarako baimena ematen duenean). Eta gaur, urteurrena ospatzeko, urrats bat haratago joan nahi izan dugu eta bideoa txertatu. Gauzak horrela, gaurtik aurrera, astean behin, Gaurko Hitza bideo batean azalduta joango da. Twitterren jaio eta hemendik hartutako ideia hau aurrera eramateko, Pernan Goñi komikigile ezagunaren laguntza jasoko dugu. Mila esker, Pernan!
Hementxe duzue estreinaldikoa. Entzungailua ipini eta entzun eguneko hitza!
Tagzaniakoek ikastolan bizitakoa Sustatun ikusi ahal izan genuen arren (Ordiziako mapa sortzen Jakintza ikastolan), guk ez genuen aukera pasatzen utzi nahi, berandu bada ere, egindakoa azaldu eta Tagzaniakoei eskerrak eman gabe. Haien hitzetan, mapping party berezia izan zen gurea: “Nagusiagoekin alderatua, agian ez ziren hainbeste konturatu proiektuaren helburu eta inplikazioez (egile eskubideak eta abar)”. Halaxe da. Gureak Googlen arakatzen ohituta daude maparen bat behar dutenean, edota lanen bat ilustratzeko argazkiren baten bila dabiltzanean. Dena den, pixkana hori ere aldatzen doa, eta ez daukat zalantzarik, hemendik urte batzuetara gure ikastolako ume guztiak, batxilergora iristean, naturaltasun osoz software askean oinarritutako sistema eragileak, ofimatika paketeak (oraindik ere erabiltzen badira…) eta horrelakoak erabiltzeaz gain, Wikipedian edota ezagutza librea osatzeko/lortzeko ekimenetan modu naturalean parte hartuko dutela. Hori horrela izanda ere, eta nahiz eta belaunaldi honetako ikasleek oraindik errezeloz begiratzen dioten hainbat aldaketari (besterik gabe, sistema ezberdin batera ohituta daudelako/ohitu ditugulako), gustura hartzen dute parte mota hauetako ekimenetan kontzientzia osoz ez bada ere.
Marko honetan kokatu behar dugu Ordiziako mapa librea osatzen laguntzeko iniziatiba; izan ere, ikasturtean zehar gure aldetik hori guztia elikatzen joango bagara ere, garrantzitsua iruditzen zait ikasleei gizartean ematen ari diren aldaketak lehen eskutik helaraztea, ezagutza libre eta partekatuaren garrantziaz ohartaraztea… Gure asmoa, gainera, ez da ekimena hor uztea, Batxilergo 1eko ikasleek Tagzaniakoen eskutik jasotakoa ikastolako beste maila batzuetara hedatzea baizik.
Egitaraua
Bada, norbaitek bere eskolan antzeko zerbait egin nahi badu, hauxe da guk egin genuena:
11:30-12:00 OpenStreetMap-i buruzko azalpena (zer da, abantailak, zergatik sustatu, zein egoeratan dago EHn eta Ordizian, nola eta zer mapeatu gure herrian). Hona hemen erabilitako aurkezpena:
12:00-13:30 Taldetan banatu eta aldez aurretik adostutako Ordiziako hainbat gune mapeatu. Ikastolara bueltatu. 13:30-15:30 JOSM editorea erabiltzen ikasi (Ubunturentzako instalazio gida 1 eta 2) eta kalean jasotako datuak Internetera igo (OSM tutoriala).
Denbora azkar joan zitzaigunez, ez genuen nahi adina egiteko astirik izan; halere, Ordiziako mapa pixka bat osatuago dago orain (ikus Mikelek egindako animazioa). Ea etorkizunean gehiago osatzeko gai garen!
Amaitzeko, hementxe duzue bideo bat egunean hartutako hainbat irudirekin, eta hemen Tagzaniakoek ateratako argazkiak):
Nork esango lidake “Eskola 2.0” bezalako terminoa gorrotatzera iritsiko nintzenik! Bada, zehatz-mehatz, ez dakit arrazoia zein den, baina hori entzuten dudan bakoitzean… Nik uste dut Twitter bidezko “elkarrizketa”, softwarearen inguruan gertatutakoa eta horrelako gaiek hori sentitzera eraman nautela, baina era baikorrean jokatuko dudala agindu nuen eta horixe egingo dut.
Gure ikasleen curriculuma diseinatzen duten horiei zuzendutako proposamena da. Eta proposamena ez da nirea, Juan Freire irakaslearena, baizik. Bere Tumblr-en ingelesez dagoen artikulu hau aurkitu dut (hemen artikulua gaztelerara itzulita) eta hortxe topatu ditut antolatuta nire buruan bueltaka zebiltzan ideia asko. Nik nire itzulpen sui generis egin dut hemengo arduradunek irakur dezaten.
Horra hor, ikasleek DBH amaitzean menperatu beharko lituzketen IKT konpetentzia batzuk. Denak maila eta garrantzia berekoak ez badira ere, nik uste dut denak hemen jartzeak agerian uzten duela ordenagailuak eta hauen softwarea ez direla benetako eskola aldaketaren ardatz nagusia.
OINARRIZKO WEB GAIAK
1. HTML oinarrizko ezagutzak (lodia, azpimarratu, etzana, ikur bereziak)
2. Embed kodearen erabilera eta esteka bat nola egin
3. Monitorearen kaptura bat nola egin eta nola partekatu
4. Nola egin eta partekatu laguntza eskatu edo zerbait azaltzen duen bideo labur bat
5. Laburdurak eta oinarrizko emotikonoak ikasi (adibidez, ROFL, bere iritziz),
6. Nola egin web orri bat norberaren gauzak biltzeko (adibidez, iGoogle, Netvibes)
7. Gehigarriak eta pluginak nola gehitu leku ezberdinetan (gure kasuan, Xuxen, Euskalbar…)
8. Web orri sinple bat nola egin (adibidez, Google Sites)
9. Curriculum web egitea / portfolio digitala
10. Nola eta noiz erabili partekatutako dokumentuak, kalkulu orriak, aurkezpenak…
11. Nola eta zertarako sortu etiketak
12. Nola eta zertarako erabili URL helbide laburrak (adibidez, TinyURL)
ANTOLAKUNTZA
13. Nola sortu sare bat egutegian oinarrituta eta denbora kudeatzeko erabili
14. Nola ezarri eta kudeatu RSS irakurgailu bat
15. Nola aurkitu bilera komunen egutegi bat (adibidez, Doodle)
16. Komunikazio batzaile bat nola sortu (adibidez, Digsby, Trillian, TweetDeck)
KOMUNIKAZIOA
17. Posta elektronikoa nola kudeatu
18. Nola idatzi e-posta bat lehen harremanetarako
19. Mezuren gaia nola idatzi
20. Mezu baten erantzun on bat nola idatzi
21. Testu etiketa (noiz da egokia, noiz ez)
22. Nola laburtu gure ideiak 140 karaktere edo gutxiagotan
23. Twitter nola erabili (erantzuna, retweet, mezu zuzena),
24. Nola erabaki foro publiko batean partekatu edo ez eta zer (gaur egun edo etorkizunean eragina izan dezake)
25. Nola kudeatu bilera bat online
26. Nola eskaini web konferentzia egoki bat
27. Sare sozialen arteko ezberdintasuna eta euren erabilera ezagutu (adibidez, Facebook, Ning, LinkedIn)
INFORMAZIOAREN KUDEAKETA ETA IKERKETA
28. Nola erabili, partekatu eta bilatu gogokoak (adibidez, delicious)
29. Nola eta noiz erabili liburu bilatzaileak
30. Noiz eta nola erabili irudi bilatzaileak
31. Noiz eta nola erabili ez ohiko bilatzaileak edo bilatzaile espezializatuak (adibidez, Clusty)
32. Wikipediako artikuluen egileak zein den eta euren fidagarritasuna ezagutu
33. Nola sortu bilatzaile pertsonalizatua
34. Noiz fida gaitezke topatutako informazioaz
35. Artikuluen zitak nola erabili erreferentzia hobeak topatzeko
36. Nola kudeatu bibliografia bat online (adibidez, Zotero)
37. Nola ezarri web alertak informazio berriaren jarraipenerako (adibidez, Google alertak)
PRIBATUTASUNA, SEGURTASUNA ETA LEGEA
38. Creative Commons - Zer da eta lizentzia egokia nola hautatu
39. Sarean partekatutako edukien egileek ezarritako lizentzia nola irakurri
40. Nola eta zer da partekatu behar duguna hartzaile eta eremuaren arabera
41. Nola kudeatu erabiltzaile izenak eta pasahitzak
42. Nola ezarri eta doitu pribatutasuna sare sozialetan (Facebook, MySpace eta Twitter)
43. Nola lor dezakete zure datuen informazioa (adibidez, Facebook-eko lehiaketetan parte hartuz)
44. GPS jarraipen sistemen aurrean izan behar ditugun segurtasun prebentzioak
AURKEZPENA
45. Nola erabaki aurkezpen baten luzapena audientziaren arabera
46. Diseinuaren oinarrizko printzipioak
47. Ipuin narrazioen printzipioak
48. Aurkezpenak nola partekatu Interneten
49. Nola sortu aurkezpen ez lineala
50. Nola sortu aurkezpen deigarria (eta noiz erabili)
51. Nola lortu kalitate handiko irudiak aurkezpenetan erabiltzeko (dagozkien egile eskubideekin)
52. Nola aurkitu audioak aurkezpenetan erabiltzeko (dagozkien egile eskubideekin)
53. Bideo baterako azpitituluak nola lortu / sortu
54. Nola izendatu Interneteko bideo bat
55. Noiz eta nola erabili lupa birtual bat aurkezpen batean
IKASTEKO ERAK
56. Nola sortu kontzeptu-mapa interaktibo bat ideiak antolatzeko
57. Blog bat nola erabili ikas prozesuaren jarraipenerako
58. Nola aurkitu gune, blog eta beste baliabide onak ikasten ari garen gairako
59. Nola sortu eta zaindu norberaren ikasteko sare pertsonala (PLN)
60. Nola parte hartu ikasteko antolatzen diren zuzeneko txatetan (adibidez, TweetChats)
Honaino, bere mezuan agertzen direnak. Nik denak ez nituzke sartuko eta beste batzuk faltan botatzen ditut (denbora errealeko batzaileak (Friendfeed), Copyleft lizentziak, mashup-en ideia…). Hala ere, nik uste dut abiapuntu interesgarria dela gainean datorkigunari arrakastaz aurre egiteko, betiko flash-jokoetatik eta betiko formazio estandarretik harago joan beharko genukeela ikusteko. Ez al zaizue iruditzen?
Amaitzeko, ETBn emandako albistearekin uzten zaituztet. Ondorioak, zuek atera.
Tira, jarduerak argitaratzen hasteko unea iritsi da. Nik diseinatutako jarduerak eta IKTekin lotutakoak argitaratuko nituela esan banuen ere, hasteko, IKTak erabiltzen ez dituen Eldako CEFIREk diseinatutako jarduera batekin hasiko naiz. Guk, jarduera euskaratu eta egokitu besterik ez dugu egin.
Duela bi urte, bat ere ezagutzen ez nuen LH 3. mailako irakasle izatea egokitu zitzaidan. Ikasle helduekin ohituta nengoen eta nahiko gogorra egin zitzaidan arren, gogoz ekin nion erronkari eta, aitortu beharra daukat, gozatu egin nuela. Adin honetako ikasleek asko eskatzen dute, baina askoz ere gehiago da ematen dizutena.
Matematikako saioetan, berehala ohartu nintzen magnitudeekin arazo latza zegoela. Bat batean, arrotz egiten zitzaizkien magnitudeekin jarduera batzuk burutu behar zituzten. Dena oso abstraktua egiten zitzaien eta magnitude askoren izenak guztiz ezezagunak ziren beraientzat. Egoera ikusita, erosketak egitera joaten ote ziren galdetu nien. Gehienek ezetz esan zidaten. Gutxi batzuk ohituta zeuden erosketak egiten, baina ia denek aitortu zidaten gauzak enbasaturik erosten zituztela. Hau da, ez ziren joaten gertuko harategira 200 g txorizo edo urdaiazpikoa erostera, guk egiten genuen moduan. Hau da, ohartu nintzen, magnitudeak ez zituztela “bizi”, ez zituztela inoiz erabiltzen eta, are gutxiago, ez zutela ezer neurtzen.
Hori ikusita, gauzak neurtzen jarriko nituela erabaki nuen. Ikasleak jabetuko ziren zentimetro bat metro bat baino txikiagoa zela edo gramo bat kilogramoa baino txikiagoa. Gauza ezberdinak inprobisatu nituen, baina ez nuen lortzen lanketa horri formatu egoki bat ematen.
Azkenean, Eldako Gymkhana hori aurkitu nuenean, euskaratu eta praktikara eramatea erabaki nuen. Kontua da, arrazoi ezberdinengatik, Matematika hori aurtengo ikasturtera arte ez dudala berriro jorratu. Horregatik, ikasturte honetan, Matematika Dialogikoak izeneko saioetan hori jorratzen hastea erabaki dut. Hasi besterik ez dugun arren, bistan da bete-betean asmatu dugula. Ikasleak izugarri motibatuta eta inplikatuta daude, magnitudeak “bizi” egiten dituzte eta hauek neurtzeko tresna ugariren erabileran trebatu egiten dira…
MAGNITUDEEN GYMKHANA
Maila: LH 3. maila, baina fitxak aldatuz gero, LH eta DBHrako baliagarria izan daiteke.
Gymkhana honen bitartez, ikasleak manipulatzen jarriko ditugu eta gure gertuko ingurunean topatzen ditugun magnitudeen neurketan trebatuko dira. Hori ez da helburu bakarra izango eta jarraian jartzen dizkizuegu lortu nahi ditugun helbururik nagusienak.
Helburuak
Neurtzeko teknika eta tresna ezberdinen funtzionamendua ezagutu.
Gertuko inguruneko magnitude ezberdinen neurketa burutu.
Emaitzen aurreikuspenak egin (hipotesiak) errealitatera geroz eta gehiago hurbilduz.
SMHko unitate ezberdinak ulertu eta hauen arteko erlazioak aurkitu.
Idatzitako aginduak ulertu eta burutzeko gauza izan.
Emaitzak, zuzentasunez ahoz nahiz idatziz adierazi.
Esfortzu intelektuala, txukuntasuna eta zuzentasuna eskatzen dituzten jarduerak taldean arrakastaz burutzea.
Elkarlanaren bitartez, norberaren eta besteen dohainak eta mugak ezagutu eta onartu.
Materiala
Edozein tresna edo objektua baliagarria izan daiteke denbora, luzera, azalera, edukiera, tenperatura edo bolumena neurtzeko.
Gutxienez, hauxe lortu beharko dute:
Sukaldeko balantza (platerak dituena)
Baskula bat (bainukoa)
Kaleko termometroa
Termometro klinikoa
Bainuko termometroa (ume txikientzat erabiltzen den horietako bat)
Zinta metrikoak (jostunenak, zurginenak…)
Zinta metrikoa luzea (Soinketan erabiltzen den bezalakoa)
Erregelak, kartaboiak, eskuairak eta zirkuluerdi graduatuak (transportadoreak)
Jogurt poteak
Fluidoak (ura eta artatxikia edo alpistea)
Hondarrezko erlojua
Sukaldeko erlojua
Kronometroa duen erloju digitala
Egutegi bat
Moztutako angeluak
Pentaminos irudiak.
Tangram piezak
Sukaldeko neurriak hartzeko ontziak
1, ½ eta ¼ litroko ontziak neurtuta
Erantzun orriak
Proben txartelak
Sukaldeko papera
Denboralizazioa
6 – 8 saio bitarteko iraupena izango du, nahiz eta beste jarduerekin tartekatu daitezkeen. Gainera, bikote batzuek besteek baino azkarrago amaituko dute. Horregatik, bestelako jarduerak prestatuta izan beharko ditugu horretarako.
Jokoaren garapena
Aurretiko fasea
Ikasleei neurtzeko baliagarriak izan daitezkeen tresnak eta objektuak etxetik ekartzeko eskatuko zaie (zaharrak eta berriak). Gurasoekin ikertu beharko dute euren funtzionamendua.
Lehen saioa
Ikasle bakoitzak gainontzekoei azalduko die etxetik ekarri dituen tresnen funtzionamendua, zertarako balio duten, nola izena duten…
Gelan, erakusketa bat antola daiteke. Jarraian, jokoan erabiliko direnak hautatuko dira eta balio ez dutenak edo erabiliko ez ditugunak etxera bueltatuko dituzte. Hautatutakoak erakusketan eta guztion eskura egon behar dute.
Bigarren saioa eta hurrengoak
Bikoteak antolatuko dira eta lan eremua izendatuko zaie (beti berdina izango da).
Emaitzen orri bana ikasle bakoitzari emango zaio eta bikoteko bi kideen izena jarriko dituzte.
Jokoaren mekanika azaltzen zaie:
Bikote bakoitzak txartel bat ausaz jasoko du. Orrian, galdera idatziko dute, pentsatu eta aurreikuspena idatziko dute (hipotesia).
Behin hori egin eta gero, beharrezkoa aurreikusten duten materiala hartu eta lanean has daitezke.
Erantzuna dutenean, orrian idatziko dute eta materiala jaso ondoren, eskua altxatuko dute.
Irakasleak esango die erantzun zuzena den edo ez. Zuzena bada, beste txartel bat emango die. Zuzena ez bada, berriro ikertu beharko dute. Ez dute laguntzarik jasoko beharrezkoa ez den bitartean (egokiena, pistak ez ematea hirugarren ahalegina egin arte).
DENEK bukatu behar dituzte froga guztiak eta arrakastaz.
Oso baxu hitz egin behar da, ezin da korri egin eta material oso ongi zaindu behar da (ongi garbitu eta jaso)
Azken saioa
Jokoari buruzko solasalditxo bat burutuko dugu. Froga politenak, zailenak…
Egin dituzten aurkikuntzen azalpena, bai magnitudeei dagokienez bai materialen erabilerari dagokionez, burutu beharko lukete.
Amaitzeko, bikote bakoitzak froga berri bat asmatuko du. Egokienak jokoan txertatuko dira.
Oharrak:
Guretzat, oso garrantzitsua izan da jarduera hau jolas bezala aurkeztea. Ez dakit psikologikoa den, baina hitz magiko hori erabilita, ikasleak gehiago motibatu eta inplikatzen dira.
Jolas honetan ez dago galtzailerik, guztiok irabazten baitugu. Beraz, presa eta larritasuna alde batera utzi. Gogoan izan esperimentazioak bere denbora eskatzen duela.
Hanka sartzeak ez dira negatiboak, alderantziz, ikasteko aukera ematen digute. Nik “Gaizki egitea ez dago gaizki” esaldia ia letania bezala errepikatzen diet eta gelako arbela digitalean jarrita dugu.
Bikoteak mantendu jarduera osoan zehar, baina bikote bakoitzeko idazkaria saio bakoitzean aldatu beharko dute.
Etxetik ekarritako material guztiekin txoko bat prestatu eta ikasle arduradun bat izendatu dugu material guztiak behar bezala zaintzeko.
Fitxategietan doazen angeluak, Tangram-eko fitxak… guk handitu, fotokopiatu eta koloretako kartoi mehetan inprimatu ditugu. Gero moztu eta plastifikatu ditugu.
Gure dokumentuan doazen frogak LHko 3. mailako ikasleentzat pentsatuta dago, baina fitxa horiek editatuz, beste edozein mailarako egokitu daitezke. Egileek, LH eta DBHrako aurreikusten dute.
Dokumentazioa PDF eta, editatu nahi dutenentzat, ODT formatuan jarri dugu.
3. mailako ikasleak gymkhana hau lantzen ari zirela, beste bideo baterako irudi batzuk grabatu zituzten eta handik beheko bideo hori egin dugu. Ez da gauza handiegirik ikusten, baina baliagarria izan daiteke ideia bat egiteko. Beste egun batean bideo bat grabatuko dugu jarduera hauen nondik norakoak hobeto islatuz.
Beno, gaurkoz nahikoa izango da. Hurrenak, Google Maps-ekin zerikusia izango du. Ea noizko jartzen dudan.
EGUNERAKETA
Jarduerak 0.1 izeneko wiki bat zabaldu dut hemen argitaratutako jarduera guztiak biltzeko eta zuen ekarpenak jasotzeko. Wikia erabat irekita jarri dut zuek nahi duzuen guztia egin ahal izateko.
Hilabete batzuetako lehorte baten ondoren, nagiak kendu eta berriro zer edo zer argitaratzen hastea pentsatu dut.
Hainbat eta hainbat izenburu pentsatzen aritu ondoren, desengainatuta nagoela jartzea erabaki dut. Zeinekin edo zerekin? Egia esan behar badut, gauza askorekin horrela sentitzen naiz, baina, bereziki, “2.0” etiketa edozer gauzari jartzen diotenekin eta balore guztia galdu duen etiketa berarekin. Bestalde, desengainatuta nago hezkuntza munduan, administraziotik hasita, benetako aldaketa bat emateari diogun beldurrarekin. Hor ere, “Hezkuntza 2.0” iritsi da. 2.0 etiketa, une honetan, errezetarik hoberena bihurtu da funtsezko ezer alda ez dadin.
Oso artikulu zorrotza prestatuta nuen, baina argitaratu aurretik, beste irakurketa bat egiterakoan, nire ezkortasuna besterik ez nuela adierazten ohartuta, ezabatzea eta beste ikuspegi bat ematea otu zait. Hemendik aurrera, saiatuko naiz nire kritikak beste esparruetan plazaratzen eta gune hau ekarpenak egiteko erabiltzen. Ez naiz sartuko web 2.0ko “mega-izar” eta “vedette”kin, ez naiz temati jarriko Twitter-ek dituen mugak eta desabantailaz hitz egiten, ez naiz mintzatuko mundu horren inguruan muntatuta dauden sarao eta txiringitoekin, ez naiz…
Beste ikuspegi bat ematea erabaki dut eta hitza beteko dut. Baina beste arantza txiki bat atera beharra daukat eta ezer esan gabe ezin gelditu. Irakaskuntzara aldaketa garaia iritsi da eta, beste esparruetan gertatzen den bezala, bere egoa elikatu besterik nahi ez duten “ebangelista” ugari leku guztietatik agertzen ari zaizkigu. Aspalditik edo behin ere gela bat zapaldu ez duten “sasi pedagogo”, IKT mundua mekanografiarekin nahasten duten “adituak”, sarean lan egitea arrantzaleen lanarekin identifikatzen dutenak, informazioaren trataera Google-en bilaketa aurreratuetara mugatzen dutenak… gure mundu honetara iritsi dira zer egin behar dugun eta nola egin behar dugun esatera. Hori bai, esaten dutena lortzeko, oraindik ez diet inongo proposamen zehatzik behien ere entzun.
Nire ikuspegia aldatu dudanez, arestian aipatutako guztiak ahaztu, alde batera utzi eta aurrera egiteko borondate irmoa erakutsi nahi dut. Horregatik, hemendik aurrera, nire iritziz, gure ikasleentzat interesgarriak izan daitezkeen proposamen didaktiko ezberdinak argitaratzen hasiko naiz. Jarduerak 0.1 izango dira. Hau da, aletxo txiki bat uzteko xedea duten jarduerak izango dira. Hor ez dituzue nik prestaturiko animazio zoragarriak edo testu liburuetan proposatzen dituzten ohiko jarduerak topatuko. Aitzitik, elkarlana, autonomia, konpromisoa… sustatu nahi duten jarduerak topatuko dituzue. Beti ere, IKT baliabideak modu eraikitzailean erabiliz.
Nik ez dut denborarik galduko jarduera horiekin jorratu daitezkeen konpetentziak zehazten. Nire asmoa oso xumea da eta proposamen irekiak luzatuko ditudanez, norberak ikusiko du zein motako konpetentziak jorratu nahi dituen. Jarduera proposamen guztiak CC lizentziapean joango dira eta erabat irekiak zuen ekarpenak jasotzeko, norberak bizi izan dituen esperientziak kontatzeko, zuzenketak egiteko… Bakar batentzat baliagarriak badira, helburua lortuta.
Bihar bertan, saiatuko naiz lehen proposamena argitaratzen. Ea zer ateratzen den.
Gizakiok, orokorrean hitz eginda, ez dugu bakardadea maite; taldean mugitzea, aritzea, bizitzea… maite dugu. Garbi dago, beraz, egungo giza sareen oldarka sartze hau ez dela hain egungoa, betidanik eraman duela erraietan gizakiak talde bateko kide sentitzeko grina.
Gure ikasleak ez dira gutxiago. Gauzak horrela, berezko sena hori egungo teknologiak eskaintzen dituen aukera eta erraztasunekin uztartuta, eztanda geldigaitza eta saihestezina da. Zertarako erabiltzen dituzte, bada, gure ikasleek giza sareak? Haien gogo-aldarteak plazaratzeko, urrun daudenekin harremana ez galtzeko, mota guztietako baliabideak (argazkiak, bideoak, musika…) sareratu eta iruzkintzeko eta, bereziki azpimarragarria dena irakasleontzat, etxera bueltatzen direnean, lagunekin solasean jarraitzeko, etxerako lanen inguruan aritzeko, zalantzak galdetu eta lanak amaitzeko… Beraz, badago aintzakotzat hartu beharreko elkargune bat, non irakasleon eta ikasleen interesak adiskidetzen diren.
Hari horretatik tira eginez, berehala konturatuko gara giza sareek asko dutela hezkuntzari eskaintzeko; izan ere, aparteko tresnak dira komunikaziorako (edukia eta jakintza denon eskura ipintzen laguntzen dute), komunitateak sortzeko (komunitate bateko kide izatearen sentimendua areagotzen dute) eta kooperaziorako (ikasle eta irakasleei gune partekatu bat eskaintzen diete elkarrekin lan egiteko). Horretaz gain, sare hauek koordinazioa eta talde-lana erraztu eta konpetentzia digitala garatzen laguntzen dute.
Horiek horrela, zer egin dezakegu irakasleok hezkuntzari begira sortutako giza sare batean ikasleak inplikatzeko? Bada, hasteko, bi alorrak uztartu delako sarean: lanekoa eta aisialdikoa. Zorionez, aipatutako aukerak dohain ipintzen dizkiguten tresnak eskura ditugu, klik batera. Bereziki bi azpimarratuko nituzke, gaur den egunean, ikasleekin lan egiteko: Ning eta Twitter. Lehenengoak nahi adina partaide onartzen ditu eta talde handian zein txikiagotan lan egitea ahalbidetzen du. Gainera, ikasleei begira oso interesgarria izan daitekeen aukera bat ematen du: partaide bakoitzak bere gunea izan dezake, bere profila sortu eta musika, bideoak eta argazkiak igo. Horretaz gain, foroak abian ipini eta mezuak, taldekoak zein bakarkakoak, bidaltzeko aukera ematen du. Twitterri dagokionean, une honetan bat-bateko komunikazioa ahalbidetzen duen tresnarik ahaltsuena dela esango nuke. Nahikoa da nabigatzailean aplikazio bat gehitzea ikasle guztiengana klik bakar batez iristeko. Hauek, ezer berezirik egin gabe, leihatila batean jasoko dute igorritako mezua. Sareko edonork bidal dezakeenez mezua, aukera polita da atoan sortutako zalantzak, galderak edo bestelakoak (estekak, irudiak…) zabaltzeko.
Mesfidantza ugari sumatzen da giza sare, ikasle eta hezkuntzaz hitz egiten denean; nik, behintzat, hala bizi izan dut galdetu didatenean. Nire ustez, sare hauen filosofia eta funtzionatzeko era guztiz bat datoz hezkuntzaren hainbat helbururekin: irakasleok eta ikasleok gune partekatu bat izan dezakegu elkarrekin lan egiteko, mota guztietako edukiak trukatzeko, partaidetza sustatzeko… Ikasleek eskolako sarea, lanerako tresnaz gain, euren adierazpen gunetzat hartzean egon al daiteke arrakastaren giltza? (Sare sozialak hezkuntzan, alde batera utzi edo aukera baliatu. HIK HASI aldizkariaren 138. alerako idatzia)
Osteguna, 2010ko azaroaren 25a
Iruzkinik ez