Gai hau jorratzearen arrazoia oraindik oso garbi ez dudan arren, agindutakoa bukatzen ahaleginduko naiz. Aurreko artikuluan aipatu nuen bezala, gaurkoan, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan bikaintasunerako ereduen inplementazioak duen eragina aztertzen ahaleginduko naiz.
Lehenik eta behin, gai hau aztertzerakoan erabili behar nuen ikuspegia argitu behar izan nuen eta nahiko garbi ikusi nuen bat baino gehiago eman beharko niola. Gehiegi ez luzatzearren, bitan laburbilduko ditut: prozesu horietan indar-guneak eta gabeziak identifikatzeko eta eragiteko aukerak eta prozesu horietan erabil daitezkeen teknologia berrien eragina.
Prozesuak ezarri eta sistematizatu ondoren, ongi diseinaturik daudenean, behinik behin, horien kudeaketa etengabeko informazio iturri bilakatzen da. Hots, prozesu horien jarraipena egiterakoan PDCA izeneko zikloa burutuz gero, adierazle desberdinen inguruko informazioa izango dugu. Adierazle horien inguruko informazioaz baliatuko gara hobekuntzarako proposamenak luzatzeko, planak diseinatzeko, gure eginkizuna, ikusmira eta balioak gauzatzeko, giltzarritzat identifikaturik ditugun prozesuen bilakaera eta garapena ezagutzeko… Horrek guztiak erakundearen etengabeko hobekuntzaren filosofia indartu eta kontsolidatzen du.
Sistematika hori garatuta ez dagoenean, gehienetan, intuizioz aritzeko joera handia dago, horrek islatzen duenarekin: inprobisazioa, pertzepzio okerrak, informazio falta… Era horretan, ahuleziak nekez identifikatzen dira eta arazoak edo zailtasunak, hobetzeko aukerak bezala hartu beharrean, oztopotzat hartzen dira eta erruduna nor den bilatzeko joera izan ohi da. Praktika hauek erakundearen garapenean balazta lana egiteaz gain, bezeroen mesfidantza piztu eta bertako pertsonen frustrazioa eragiten dute.
Kalitatezko ereduetan murgildu nahi duen edozein erakundek eta etengabeko hobekuntzaren aldeko benetako apustua egiteko gogoa duenak Euskaliteko helbide honetan oinarrizko informazioa aurki dezake.
Hurrengo artikuluan, kalitatezko ereduetan ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan teknologia berrien eragina aztergai izango dugu. Hurrengora arte.

Inaro(e)k zera dio:
Kaixo magic.
Ikusten ari naiz sekulako ahalegina egiten ari zarala kalitatearen inguruko gogoetak plazaratzeko eta nire aletxoa eranstera natorkizu.
Egingo ditudan planteamenduak oso arruntak izango dira, jende guztiak ulertzeko modukoak. Kalitatearen jira biran oso hitz potoloak erabili litezke baina ez dut bide hori hartu nahi.
Hasteko zer da kalitatea? Oso erantzun sinplea, gauzak ondo egitea. Berehala jabetzen gara erreza dela esatea eta ez hain erraza gero praktikara eramatera. Baina abiapuntua hori da, gauzak ondo egiteko gogoa, grina. Beste batzuk etengabeko hobekuntza deitzen diote honi. Beraz, pentsaera bat dago kalitatearen atzean, indar handiko pentsaera bat. Bizi garen mundu honetan, bestelako joera asko edo gehiegi ikusten dut nik. Oso konformistak, oso komodoak, neurea egin eta bale!
Kalitateak, gauzak ondo egiteak, behin baino gehiagotan burukominak ekartzen ditu, ia beti esigentzia batzuk planteatzen ditu, horregatik behar da pentsamendu edo konbentzimendu indartsua bide horri ekiteko.
Behin bide horri ekitea erabakitakoan, lanketa sistematikoa etorriko da, trebatu egin behar da, eta hori ez da egiten 2 egunetan, lanketa luzea da, esango nuke inoiz ez dela amaitzen.
Sistematizazioak, nire ustez ez dakar sormena eta berrikuntzarekin inongo kontraesanik, alderantziz osagarriak dira eta elkarren ondoan daudenean dute balio eta indar gehien.
Norenak? norentzak dira kalitate kontuak? Erakunde batek, eskola batek, ikastola batek ez du bide oparoa egingo kalitatearen bidean baldin eta ez bada erakunde osora zabaltzen. Ezagutzen ditut kalitate arduradun jakintsuak dituzten erakundeak, baina hortik ez bada pasatzen gaia, malo. Gauzak ondo egiteak, beraz kalitateak, erakunde osoa inplikatzea eta pentsamendu horretan murgiltzea eskatzen du. Hau ezinbestekoa da.
Non? Nola antzeman daitezke kalitatearen aztarnak? Gauzak ondo egitea baldin bada sekretua, gure eremura murgilduta, eskola, ikastola batean dauden estamendu guztiek (guraso, ikasle eta irakasle)denak nabaritu behar dute aldaketa. Baina ausartuko naiz esatea, nagusiki ikasleak nabaritu behar dutela hobekuntza. Ikasleak nabaritu behar dute klaseak, saioak, harremanak…etab luzea hobetzen ari dela.
Agian bakarren batek pentsatzen du orain arte idatzitakoa ipuia dela, eskolako, ikastolako errealitaea oso ezberdina dela. Nire uste apalean balio handiko errealitaea da kalitatearena, gauzak ondo egitea alegia eta hartu duzuen bidea jarraitzea animatzen zaitut/zaituztet
magic(e)k zera dio:
Jontxo, jontxo Inaro:
Ez da makala egin duzun ekarpena! Nik uste dut agerian utzi duzula gai honen inguruan daukazun ezagutza sakona. Egia esateko, lotsa eta dena ematen dit zurekin “hizketan” aritzeak, baina ez-jakinduria ausarta dela esan ohi da eta ni horren adibide bat besterik ez naiz.
Bakarrik esan nahi dizut gure ikastolan aipatzen dituzun baldintzak, behintzat, ongi beteta daudela. Hau da, ikastolako pertsona guztiak inplikaturik daudela sistematika horretan eta honek eragina nabarmena izan duela ikasleengan. Asko dira aipa daitezkeen adibideak baina, nahiago dut goraipatzea orain dela hamar bat urte genuen ikastolako zuzendaritza taldea. Eurena baita gure ikastolan kalitatezko ereduaren hedapenaren meritua. Oso lan txukuna burutu baizuten informazioa zabaltzen, ezagutza konpartitzen…, eredugarria izan zen.
Espero dezagun zuk egindako ekarpena egungo zuzendaritza taldeak aintzat hartuko duela.
Mila esker eta idazten jarrai dezazula!!!