A A
RSS


IKTak hezkuntzan. Zertarako?

Azken urteotan asko entzuten ari gara IKTek ekar ditzaketen onurei buruz. Gehienetan, topikoz beteriko mezuak dira iristen zaizkigunak eta, nire ustez, benetako arazoari ez diogu behar bezala heltzen. Zein da, bada, benetako arazoa?, galdetuko duzue. Ene uste apalean, benetako arazoa irakasleon jarrera da. Arazo latza, gainera.

Azter dezagun azken urteotan irakasleon jarrera gai horrekiko. 80. hamarkadan ezagutu genituen lehenengo ordenagailuak gure ikastetxeetan eta hasierako miresmenak berehala utzi zion bere tartea eszeptizismoari. Irakasle bakar batzuek soilik heldu zioten gogoz gaiari eta Pascal, Cobol, Basic, MS-DOS… bezalako hizkuntza informatikoak eta sistema eragileak ikasteari ekin zioten. Halere, inongo aplikazio praktikorik ikusi ez eta, gainera, eskura ezin zezaketen etengabeko formazioa eskatzen zienez, irakasle horietako askok ikasketa hauek bertan behera utzi zituzten. Hori bai, ikastetxe askotan, mekanografia lantzeko tresna ahaltsua bilakatu zen ordenagailua (zuzentzeko zinta haiek aurrezten ziren). Ez zen ezer aldatu eta berrikuntzen iturriek ohikoak izaten jarraitu zuten.

90. hamarkadan, softwarearen eta Internetaren garapenak “makinekin” burutu beharreko komunikazioa asko errazten du. Honek, administrazioak formazioan nahiz azpiegituratan egiten duen ahaleginarekin batera, irakasle gehiago erakartzen duen bitartean, multzo handi bati derrigortuta sentiarazten dio. Eskaintzen den formazioa programa batzuen erabilerara mugatzen da. Antolatzen diren formazio saio gehienetan Windows eta Testu Prozesadoreak jorratzen direnez, ikasitakoa oso baliagarria bilakatzen da irakasleen (oraindik gutxi dira) apunteak dotore jartzeko. Erabilgarritasuna nabarmena izanik, poliki-poliki irakasle batzuek euren saio lektiboetan erabiliko dituzte. Nolanahi ere, metodologian ez da inongo aldaketarik ematen. Ez, behintzat, IKTen erabilerak bultzatuta.

Hamarkada horren azkeneko urteetan, internet ikastetxe gehienetara iristen da, ordura arte oso ikastetxe gutxi baitziren sare konexioa zutenak. Honekin, beste fase erabakigarri batean sartzen gara. Alde batetik, ikastetxe batzuk euren intraneta garatzen ari diren bitartean, beste batzuek sarerik gabe jarraitzen dute. Bestetik, internet ezartzearekin batera, irakasleak sare horrek edukiak eskuratzeko duen ahalmenaz jabetzen dira. Apunteak osatu, apaindu eta digitalizatu gabe zituztenentzat, prozesua hasteko oso baliagarria da. Baina, horretaz jabetzen direnak ez dira irakasleak bakarrik, ikasleak ere konturatzen dira eta Kopiatu/Itsatsi komandoak inork baino hobeto erabiltzen dituzte. Honek eta internetek hainbaterako duen izen txarrak (bizioa, pornografia, jokoak…) ikastetxe askotan bere erabileraren murrizketara daramatza. Lanerako tresna ahaltsu bat izan zitekeena arrisku bezala ikusten da eta irakasleen artean asko dira interneten aurkako jarrera sutsua azaltzen dutenak. Bien bitartean, ikastetxe “pribilegiatu” batzuetan esperientzia oso interesgarriak burutzen ari dira. Metodologiari dagokionez, egiten diren aldaketak salbuespentzat jo beharko ditugu.

XXI. mende honen hasierarekin batera, administrazioak, Europarekiko sortzen ari den eten digitalaz jabetuta, bultzada berri bat ematen dio gai honi eta ekimen berriak abian jartzen ditu azpiegiturak osatzeko eta formazioa sakontzeko. Mahai gainean jartzen diren baliabideak, beharbada, ez dira nahikoak izango baina ezta nolanahikoak ere. Eta orain zer? Zertarako baliabide horiek guztiak? Zergatik? Aurrekariak ikusita, merezi al du? Asmatuko al dugu ahalegin horri etekina ateratzen?…

Galdera asko bururatzen zaidan arren, erantzunak beti zerikusia dauka irakasleriaren jarrerarekin. Hau da, irakasleon baitan dago eskura ditugun baliabide hauei behar bezalako etekina ateratzea edo ez. Nik uste dut ez diegula etekin nahikorik ateratzen eta baliabide ugari alperrik galtzen direla. Baina zer da etekina ateratzea? Hortxe dago eztabaida gaur egun.

Batzuek produkzio parametroetara mugatzen dute; beste batzuek, ordea, zertxobait gehiago eskatzen dute:eskola porrota murrizten laguntzea, behar bereziak dituztenentzat tresna garrantzitsua izatea, irakurketa-idazketa prozesua bultzatzea…
Aulablog-en idatzitakoak gehiago argitzen du hori. Ni, halere, gehiago eskatu beharko dugulakoan nago. Ene iritziz, arestian aipatutakoaz gain, ikasleen sormena bultzatzeko, iritzi kritikoa garatzeko, jakin-mina pizteko, elkartasuna sustatzeko, autonomia nahiz elkarlana indartzeko… balio beharko luke. Baina, horrek guztiak, irakasleon aldetik, aldaketa sakon bat eskatzen du eta hortxe ikusten dut nik arazoaren muina. Irakasleok prest geundeke horretarako?

Bilakaera historikoari buruzko laburpenean aipatu dut Internet arrisku bezala ikusten zela, bada, gaur egun horrela jarraitzen du ikastetxe askotan. Aurten, gure inguruko institutu bateko ikasle batek esan zidan irakasleek ez zietela uzten Interneten sartzen. Eta ikastaroetan entzuten dudanagatik, ez dut uste egoera hori horren arraroa denik. Imajinatzen al duzue zer gertatuko litzatekeen arriskutsuak izan daitezkeen gauza guztiak debekatuz gero? Arkatzak debekatu beharko genituzke (ikasle batzuek arma bezala erabili izan dituzte “aberia” bat baino gehiago eraginez), liburu asko debekatu beharko genituzke (zenbait liburuk indarkeria, sexismoa, homofobia, arrazakeria, etab. bultzatzen dute)… Zentzugabea, ezta? Bada, irakasle askoren jarrera horrelakoa izatearen arrazoia zein da? Zer ezkutatzen da jarrera ezkor horren atzetik? Nik uste dut, oker egoteko arriskuaz, jarrera horren atzetik beldurra ezkutatzen dela. Beldurra ezjakintasunari, beldurra aldaketari, beldurra IKTetan ikasleekiko dugun posizioari (ia beti, ikasleek baino gutxiago dakigu horretaz)… Baina, funtsean, benetako beldurra beste gauza bati diogu: irakasle-ikasle ohiko rolen aldaketari. Eta hauxe da gakoa, horretan eragin beharko lukete IKTek eta, aldi berean, rol aldaketa prozesuan lagundu beharko lukete. Hau da, IKTak rol aldaketaren eragile bezala erabili beharko genituzke eta bide horretan baliabide gisa.

Ikasle-irakasle rol berri eta etorkizuneko joerei buruz UEUk eginiko oso lan interesgarria
Prospektiba-n aurki dezakezue (PDF formatuan dago). Nik zatitxo bat atera dut bertatik.

Tendentzia indartsutzat hartu behar dugu, zalantzarik gabe, jakintzaren gizarterantz joatearena. Alain Michelek dioen bezala28, eskolaren rola eta prestigioa birbalioesteko, hezkuntza-sistema eta bereziki unibertsitateak etengabeko ikas-prozesua bideratzen duen erakunde modura definitu beharrean gaude. Unibertsitateak erantzukizuna hartu behar du zeregin horretan eta konpetentzien garapenean.
Beharbada, nola irakatsi zer irakatsi baino garrantzitsuago izango da jakintzaren gizartean. Informazioz beteriko gizarte batean, zail egingo da ikaslearen arreta mantentzea. Informazioa kanal askotatik iritsiko zaigu, eta etengabeko estimulu eta arreta izateko, irakaskuntza-metodo berriak asmatu beharko dira.
Seguruenik, ikas-prozesua inplikazio- eta aurkikuntza-prozesu bihurtu beharko dugu. Eta bestalde, bere bizitzaren edozein momentuan dauden pertsonen ikas-eskakizunak asebetetzeko, erantzun pertsonalizatuak eman beharko zaizkie, ikasten egiten dituzten ahaleginak betetzeko.
Beraz, nahitaez harreman berriak sortuko dira ikasleen eta irakasleen artean. Ikasketa-prozesua gehiago izango da ezagutzen elkartruke bat, orain arteko ezagutzen transferentzia baino. Era berean, ikas eta irakasteko moduen aldaketek eskolaren eta unibertsitatearen aldaketa ekarri beharko dute. Betidanik horrela ulertu badira ere, Unibertsitateak elkarguneak izan beharko dute geroago eta gehiago —nahiz elkargune fisikoak, nahiz birtualak—, aktore ezberdinak (enpresak, ikasleak, irakasleak, erakundeak…) ikas-prozesuan elkartzeko guneak,
alegia.
Azkenik, askok ahaztu arren, Alfons Cornella-k dioen bezala, bizi garen gizarte kontsumitzaile, konpetitibo eta indibidualista honetan, etorkizunerako erronka garrantzitsuena irakasleen eta ikasleen arteko balioen transmisioan edo, hobeto esanda, trukaketan datza. Aurrerago aipatu dugu hezkuntza demokratikoa eta norberaren berezitasunei egokitua izan beharra. Gurea bezalako herri txiki batean, erronka horrek zentzu guztia du: betebehar etikoa da, bai, baina, era berean, betebehar ekonomikoa.

– Jakintzak agudo zaharkituak geratzen direnez, ia etengabeko heziketa jarraitzera behartuta gaude. Horrela, bizitza osoan zeharreko ikasketen beharra izango dugu, guztiontzat.
– Etorkizunean sartzeko, hezkuntza-sistemak informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan oinarritu beharko du, eta, horrez gain, eskariaren etengabeko dibertsifikazioari erantzuteko gai izan beharko du.
– Hezkuntza-egitura zurrunak beren edukiak gizaki edo talde eskatzailearen premietara egokituko dituzten
modalitate malguagoetara aldatu beharko dira.
Ikasle eta irakaslearen rol tradizionalak aldatuz joango dira. Irakaslea ikasketa-prozesuaren bideratzailea, hau da, trasmisore hutsa baino gehiago aholkulari-tutore bihurtuko da, eta ikaslea bere ikasketaprozesuaren zuzendari eta kudeatzailea izatera iritsiko da. Horretarako, era guztietako ikas-sare efikazak antolatu beharko dira.

Nik oso garbi daukat urratsak emanez bidea egiten dela eta artikulu honetan aipatzen nuen bezala, jarduerak burutuz, adibidea emanez eta jarrera baikorra eta irekia erakutsiz eman beharreko aldaketa horren eragile nagusiak bilakatzen garela. Eragin diezaiogun gure buruari eta, nagiak kenduz, har diezaiogun aurre etorkizunari!!!

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2005/07/31/iktak-hezkuntzan-zertarako/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “IKTak hezkuntzan. Zertarako?”

  1. Gravatar Image

    eneko(e)k zera dio:

    Hausnarketa sakonak uztaila bukaerarako, Magic.

    Arrazoia duzu, baina egia da aldaketak ez direla samurrak izaten eta gehienetan, aldaketen beldur gara.

    Aldaketak denbora eramaten dute, eta diozun moduan jarrerak zerikusi handia du, baina eman emango da. Bultzakadatxoekin arinago, beraz, ez etsi IKTatzeari! :-)

    Bikotea batetik bestera ordezkapenak egiten dihardu urteetan. Askotan, kurtso eta gai ezberdinak ematen eta, ondorioz, behin eta berriro materiala, ariketak eta apunteak prestatzen.

    Inoiz galdetu diot, baina, bigarren kurtsoan matematika programa berdintsua ematen zaudeten 500 edo 1000 irakasleek ez dituzue denontzat izango den material baliogarria Internet bidez trukatzen eta amankomunean ipintzen? Edo foroak, zuen arteko informazioa trukatzeko? Bai zera esaten dit. Hain sinple eta baliogarria izan daitekeen gauza ez egiteak beti harritu nau. En fin

    Horretan behintzat, ikasleak azkarrago dabiltza, el rincon del vago eta antzerakoekin… erraz eskuratzen dute eskolan entregatzeko lanak, esate baterako. Beno, gero ikasi eta bereganatzen badute eta ondo azaltzeko gai badira…

    Eskerrik asko aipamenagatik. Handik eta hemendik irakaskuntzaren etorkizunari buruz jasotako gauzak dira, Eire eta UEU-ko kongresu baterako. Beharbada, loturatik .pdf-a datorrela abisatu beharko zenuke, parentesi artean edo.

    12 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  2. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    Ikus ondorengo bidalketa

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  3. Gravatar Image

    Sergio Monge(e)k zera dio:

    Nahiz eta IKT integratze-prozesuan irakasleen jarrera oso eraginkorra izan, hezkuntza administrazioak ezin ditu arazo guztiak irakasleen bizkarraren gainean jarri.

    Eneko aipatzen duen arazoa, IKTri egokitutako eduki hezigarrrien eza, agian irakasleen artean partekatuz konpon daiteke, baina administrazioak arazo honi askoz hobeto erantzungo lioke
    curriculum-i egokituriko eduki digitalen ekoizpena sustatuko balu. IKTak klasean erabiltzea textuliburuak erabiltzea bezain erreza izango balitz irakasle gehiago IKTeroak izango lirateke. Argi dago erreztasun honetan IKTak erabiltzeko gaitasunek zerikusi handia daukatela, baina kalitatezko edukiak eskuragarri edukitzea bada garrantsitsua ere.

    Irakasleak beraien artean partekatzen irudi polita da teorian, jakina, baina praktikan oztopo kultural gehiegi daude. Irakasleek ez daukate partekatzeko ohitura eta, gehienetan, ezta kopyleft joera zorionekoa ere. IKT programatik irakasleen artean partekatzeko komunitatea sortzen saiatu egin dira bi aldiz (berrikuntza eta elkarrekin), baina emaitzak inoiz ez dira pentsatu zuten bezain onak izan.

    Software libreeko komunitateetatik datozenentzat erreza da horrelako hartu-emanak irudikatzea, baina, irakasleen artean, lehen hamaika muga kulturalak gainditu behar dira. Horri buruz komunikazio bat (pdf) aurkeztu nuen iaz SPDECE kongresuan.

    22 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  4. Gravatar Image

    Sergio Monge(e)k zera dio:

    Txarto idatzi ditudan loturak:

    komunikazioa
    elkarrekin
    berrikuntza

    22 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  5. Gravatar Image

    magic(e)k zera dio:

    Kaixo Sergio:

    Arrazoia duzu esaten duzunean administrazioak ezin duela irakasleen bizkarrean dena jarri, baina, era berean, irakasleok ezin dugu beti administrazioaren zain gelditu. Gizarte aurreratuetan herri ekimenek izugarrizko garrantzia dute eta, hein handi batean, motoreak dira. Gurean ere adibide asko daukagu: ikastolak frankismoan, bakearen aldeko mugimenduak, elkartasun erakundeak… Kontrakoak ere baditugu: Bertendonako irakasleak (erraztasun guztiak izan arren Euskara ikasi gabe jarraitzen dutenak).
    IKTetan antzeko zerbait gertatzen ari da eta batzuk ahalegintzen ari diren bitartean (administrazioaren babesaz edo gabe), beste batzuk erraztasunak izan arren ez dute pausu bakar bat ere eman nahi. Nik uste dut errotutako kultura bat baino gehiago dagoela horren atzetik; rol aldaketari beldurra diogula eta era guztietako aitzakiak bilatzen ditugula hori ez aitortzeko.
    Partekatzeari dagokionez, nik ez dut uste beste irakasleekin partekatzera mugatu behar dugunik, ikasleekin eta gurasoekin ere egin beharko genuke. Horregatik, aipatzen dituzun foro horien “porrota”ren atzetik irakasleentzat mugatuak izatea egon daiteke. Horregatik, niri, weblogak tresna egokiagoak iruditzen zaizkit eztabaida publikoa eta irekia gauzatzeko, ideiak eta ezagutzak partekatzeko, hezkuntza komunitateko kide guztiak IKTetara hurbiltzeko…
    Bukatzeko, esan, weblog hau egiten dugunok informatikaz ezer gutxi dakigula, irakasle arruntak garela, hori bai, saltseroak eta lotsagabeak (ezjakintasuna ausarta da), baina, batez ere, berrikuntzei beldurra ez diegun irakasleak gara, ohiko metodologiekin ados ez gaudenak, gure kabuz ikasten ari garenak eta ikasitakoa gure ikastolako eta beste ikastetxeetako kide guztiekin partekatu nahi dutenak, elkarrengandik asko baitugu ikasteko.

    22 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  6. Gravatar Image

    eneko(e)k zera dio:

    Oso interesgarria Sergioren ponentzia, ez nuen ezagutzen. Gero eta argiago dago SL hezkuntzarako eredua ona izan daitekeela, eta epe luzera hedatuko delakoan nago.

    Softwaregintzan, programa eta proiektu asko daude martxan SL eredu horrekin: edukalibre.org (espainolez edukalibre.org/index_es.html), fle3, (espainolez) eta beste asko .

    Baina, argi dago ere, paraleloki kultura edo lan-ohiturak aldatu beharra dagoela.

    Hamaika ekimen interesgarri daude hezkuntzan, Ordiziako IKTeroena barne, jakina. Ez dakit link edo loturak konpartitzeko del.icio.us erabiltzen duzuen. Nik nere del.icio.us-en hezkuntza tag edo etiketarekin sartzen ditut, beste batzuk Artola edo Premine edo Asier bezala, berdin egiten dute. Eta hemen daude etiketa horrekin jasotako denak del.icio.us/tag/hezkuntza batera jasota.

    ondo segi!

    29 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  7. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Enekorekin ados nago, nik ere Sergioren ponentzia irakurri dut eta oso interesgarria iruditu zait. Nola liteke gurea bezalako mundu batean, irakaskuntzan, ideien partekatzeak ez funtzionatzea, batez ere, guk gure ikasleei konpartitzea, talde-lana…eta balore horiek azpimarratzen badizkiegu egun osoan? Ez al da izugarrizko kontraesana? :sad:
    Sergioren idatzian azken aldi honetan hainbatetan pentsatutako ideien isla ikusi dut. Zergatik kostatzen zaigu hainbeste irakasleoi gure ezagutza, gure materialak, gure proiektu eta berrikuntzak besteekin konpartitzea?? Garbi dago denon mesederako litzatekeela. Zer dago horren atzean? Alde batetik, irakasleok egun osoa (bizitza osoa esango nuke) besteak zuzentzen eta neurtzen pasatzen dugu, baina ez zaigu batere gustatzen besteek gu zuzentzea. Ez zaigu gustatzen, halaber, gela barruan egiten duguna besteek ikustea; batzuetan egiten duguna hain interesgarria iruditzen zaigulako gure arrakastaren formula magiko hori guretzat bakarrik gorde nahi dugulako eta, beste batzuetan, alderantziz, hain gaizki (edo erdipurdi)egiten ditugu gauzak ez dugula gure gaitasun ezaren lekukorik nahi.
    Bestalde, egia da, teknologia berrien arloan sartzeko motibazio eta denbora dezente behar direla! Ez da erraza eskolak modu “tradizional” bat ematetik (liburua, arbela…) ordenagailua gelako ezinbesteko tresna bezala erabiltzera pasatzea. Gainera, ez dakit gure azpiegiturak zenbaiteraino ditugun iraultza honetarako prest! Dena den, nire ustez, jarraitu beharreko bidea hortik doa: SLaren eredua segituz proiektuak aurrera eraman behar ditugu eta, batez ere, irakasleon kontzientziazioa, kultura eta, konpartitzeari dagokionez, lan ohiturak eta pentsaera aldatzea lortu behar dugu adibidea emanez! :smile:

    30 days igaro dira mezua idatzi zenetik.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo