A A
RSS


Begibelarrietan mina hartuta dabilen euskal-talibanarentzat

Pasa den urriaren 19an jakitera eman nuen bezala, ikasturte honetarako blogintzarekin lotutako proiektu berri bat bultzatu dugu gure ikastolan, alegia, nire DBHO 1eko ikasleek blogari bihurtze prozesuari ekin diote.

Hasieratik garbi nuen proiektua aurrera eramatea ez zela batere erraza izango. Baziren pisuzko arrazoiak proiektua bertan behera geratzeko, horien artean nagusiena, nire ikasleen jarrera ezkorra zen. Beraien lanak interneten publikatuta ikusteak beldur puntu bat eragingo ziela uste nuen eta, ondorioz, ezezko garbi bat jasotzea espero nuen. Azken finean ikastola barruan gauzatzen diren lan eta proiektuak hortxe geratzen dira, ikasle-irakasle-guraso harremanari dagokion esparruan. Baina beraien lanak publiko bihurtzen diren heinean eragina eta oihartzuna areagotu egiten da eta, nire ustez, honek segurtasun eza sortarazten die ikasleei.

A ze oker nenbilen!. Nik espero nuena baino jarrera baikorragoa agertu zuten eta, blogekin hasi eta handik gutxira, beraien proiektuek izan duten oihartzuna ikusirik (I, II eta III), lanari ilusioz beteta ekin zioten.

Garbi esan behar dut blogetan idaztea ez zela izan ikasleek eurek eskatutako zerbait, baizik eta nik sartu nien “enbolatu” bat. Nire helburu nagusia ikasleak teknologia berrien erabileran trebatzea zen arren, bazeuden atzean beste arrazoi desberdin batzuk. Hauen artean, nortasunaren garapenarekin zerikusia zutenak (pertsonalitate itxiko ikasleek beraien jarrera irekitzea blog batean beraien gogoetak idatzi), arlo akademikoarekin zerikusia zutenak (hizkuntzan arazo larriekin dabiltzan ikasleentzat motibazio tresna bilakatzea), taldeko lanarekin zerikusia zutenak (HTML eta CSS kodea menperatzen duten ikasleek bere gelakideekin dakitena konpartitzea)….. Hau da, irakasleok eguneroko lanean, beste hainbat tresna erabiltzerakoan, finkatzen ditugun helburu berdinak nituen blogen erabilerarako. Desberdintasun nagusiena zera da: azken hauetan egindako lanaren ebaluatzailea irakaslea soilik izan arren balorapena bloga irakurriko duen edonor izan daiteke. Eta horrelakoetan gertatzen den bezala, beti dago norbait aurrean aipatu dudanetaz “enpanatzen” ez dena eta euskara garbi, puru eta orbangabe baten defentsaren izenean, horrelako proiektuak pikutara bidaltzen ahalegintzen direnak.

Afganistango mendietan bezala, zoritxarrez euskal blogosferan ere baditugu “talibanak euskararen izenean”, beraien begi, belarri eta sudur puntatik baino haratago ikusten ez duten horietakoak, hondora begiratu ordez formarekin geratzen diren horietakoak eta, guzti hori, jakina, turbante eta bizar handi baten atzean ezkutaturik (alegia, izenorde “orijinal” batekin sinatzen duten horietakoa).

Begibelarrietan oraindik mina izango duen talibanari hitz pare bi:

  • Kontzienteak gara gure ikasleak (gaur egungo ikasle askorekin gertatzen den bezala) askoz txukunago idatzi behar dituela bere artikuluak eta horrela esan diogu, behin baino gehiagotan, bai IKTerook baita bere hizkuntzako irakasleak ere, noski. Badaki berak ez dizkiogula onartuko edonola idatzitako artikuluak; badaki ere egingo zaion ebaluazioa idatzitako artikuluen egokitasunaren araberakoa izango dela; badaki ere blogaren bitartez Jakintza ikastolaren ordezkari publikoa bilakatu dela eta erantzukizun horri serio heldu behar diola. Baina zin dagizuet ikasle hori ilusioz beterik dagoela bere blogarekin. Astero hiruzpalau artikulu idazten ditu, gehienak akatsez josita bai, baina ez du euskararekiko horrelako konpromisoa bere bizi akademiko osoan hartu. Urte askotan lortu ez duguna, aurten errealitate bat da blogei esker. Beraz, ez naiz ni izango aurrerapauso honi zangotraba jarriko dionik bere “iruzkin inteligenteak” non zintzilikaturik ez dakien sasi-euskaltzain baten iruzkinen ondorioz.
  • Nire gelako ikasleen errealitatea zein den aurretik ezagututa, agian oker jokatu nuen nire ikasleei euskaraz idaztea eskatu nienean. Talde honetan gaztelaniarekin eta ingelerarekin arazoak dituzten beste hainbat ikasle ere badira. Beharbada, euskaraz idatzi eta mintzatzeari utzi eta, bigarren ebaluaziorako, ingeleraz edota, zergatik ez, gaztelaniaz idatzitako blog bat argitaratzea eskatuko diet.
  • Zu, eta zu bezala, blogosferako “mendi izkutuetan” ibiltzen zareten horiei eskakizun bat: kritikak, eraikitzaileak diren heinean, ongietorriak izango dira (eta prest gaude zuen iritziak jasotzeko, blog honetan edo ikasleek eurek sortu dituzten blogetan). Bitartean, utz itzazue bakean nire ikasleak.

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2005/11/10/begibelarrietan-mina-hartuta-dabilen-euskal-talibanarentzat/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Begibelarrietan mina hartuta dabilen euskal-talibanarentzat”

  1. Gravatar Image

    Gari(e)k zera dio:

    Aupa Jolaus!

    Merito handikoa da zuen ekimena, baina komeniko litzateke zuen ikasleen blogetan nonbaiten argi esatea DBH-ko ikasle batek egindako bloga dela eta zuen proiektuaren berri ematea. Nahikoa izango litzateke adibidez: “Jakintza ikastolako ikasleen blog gunea”. Horrela jendeak beste perspektiba batekin begiratuko luke, eta taliban horrek berak bronka bota beharrean zorionak bidaliko lituzke.

    Kontutan izan blog hori adibidez, Aurkiko sarrera orrian azaltzen dela, goi-goian.

    Zorionak berriz ere zuen jardunagatik

    10 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  2. Gravatar Image

    TeknoSexua(e)k zera dio:

    Zuzendu or not zuzendu, this is the question

    urtean sartu nintzen Interneten lehenengo aldiz. Ez nuen ingurune grafikorik eta inbidiaz
    ikusten nuen alboan Mosaic-ekin nabigatzen zebilen pertsona bat. Garai haietan Useneten
    ibiltzen nintzen normalean, posta zerrendak gutxi, bat edo… Orduan irawe…

    11 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  3. Gravatar Image

    Talibanaren erantzuna(e)k zera dio:

    Benetan. Harri eta zur nago. Hau broma bat da? bestela, non demontre bizi zarete? IKteroak ezaguna dut eta interesgarria iruditzen zait baina… ez dut sinesten internet zelan dabilen ez dakizuenik.

    Aurki.com-en kirolari buruzko titular interesgarri bat irakurri eta bertara jo ondoren akats nabarmenak zituen blog anonimo batera heldu naiz. Ausartegia iruditu zait. Inongo identifikaziorik gabeko blog horretara pare bat esaldi bota ditut kexa modura. Ez da e-mailik ageri eta horixe… ez dira momentuan argitaratu eta ez dut jakin ere egin argitaratuko ziren, berdin zidan egia esan. Nik zer dakit nor den ez badu inon ere azaltzen!!! NOLA JAKIN DAITEKE EDUBLOG bat dela? (Erantzun mesedez)

    Neure zoritxarreko kritika hori euskal-talibanen harira ekarri nahi baduzue edota erroreak nola tratatu erakutsi nahi baduzue primeran, baina internautak ez hartu horrela enpanatutzat… zuen enpanada izan denean argi ez uztea zer egiten ari zineten.

    Dena den sentitzen dut zuek mindu izana.

    22 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  4. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    Ez dut onartuko esatea ez dakigula internet nola dabilen. Blogei dagokionez, ziur egon jokabide etikoa errespetatzen ahalegindu naizela saltsa hauetan sartu nintzenetik eta ez dut uste zure jarrerak kode honi erantzuten dionik, inondik inora.

    Lehena: blogari batek (edo blog irakurtzaile batek, berdin dit) bere iritzia ipintzen duen edonon, bere burua identifikatu behar duela oso garbi daukat. Badirudi hau ez dela zure kasua eta nahiago duzula blog bakoitzean ezizen eta helbide elektroniko faltsu desberdinak idaztea. Hori izan da nire haserrearen abiapuntua. Zer arrazoi egon daiteke norberak bere burua ezkutatu beharra izateko?.

    Bigarrena: orokorrean iruzkinen sistema bidalketa nagusiari balio erantsia gehitzeko aukera paregabea dela ere badakit. Zure iruzkinak ez du ezer eskaintzen. Zure apreziazioa begibistan dago nire ikaslearen bloga bisitatzen duen edonorentzat, beraz, zer aportatzen du zure iruzkinak?. Zuk diozun bezala berdin bazaizu zure komentarioa argitaratuko ote den edo ez, zertarako horrelako esaldiak?. Zeren bila zabiltza?.

    Hirugarrena: irakurtzen dituzun artikuluen edukiak eta formak errespetatu behar direla ere ikasi nuen, edozein izanda blog mota eta bere edukia. Zer ajola dio edublog, fotoblog, podcast, vlog… izatea? Irakurri, entzun edo ikusten duzuna ez bada zure gustukoa salto egin beste orri batera eta kitto. Nik ez dut nahi euskal internautek bisitatzen dituzten blog guztietaz “enpanatuta” egotea, nahi dudana zera da: irakurtzen dutena aurre-iritzirik gabe irakurtzeko eta, hori posiblea ez den heinean, gutxienez, errespetu pixkarekin. Besterik ez.

    Ziur egon abiapuntu hauetatik hasita oraingoan baino hobe elkar ulertuko garela, zalantzarik gabe.

    24 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  5. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    Bale. Nik ere hemen mozten dut eztabaida hau. Agian, datorren azaroaren 27an gai honen inguruan estabaidatzeko aukera izango da Bilboko Kafe Antzokian.

    Eskerrik asko nire ikasleari eskaini dizkiozun azalpenengatik.

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Multimedia

Kargatzen...

Gora igo