Berriro dugu Google hizpide bezala, gaur kaleratu baitu beste aplikazio berri bat. Ez badira gutxi orain arte Googlek erabiltzaileon esku ipini dituen dohaineko zerbitzuak , gaurtik aurrera kalean da Google Analytics aplikazio berria. Honen bitartez zure webgunearen bisita kopuruaren jarraipena egiteko aukera izango duzu. Horretarako nahikoa da zure Google-eko kontuan logina egitea eta, ondoren, webgunearen helbidea idatzi eta unetxo batean duzu zure webean kokatu beharreko javascript-a. Nik, jadanik martxan daukat zerbitzua IKTeroetan. Emaitzak jasotzen hasteko 12 ordu pasa behar dira, beraz, bihar komentatuko dizkizuet aplikazioaren gorabehera guztiak.
Informazio iturria | Vida Digital
Albistea hau argitaratu baino minutu pare bat lehenago beste albiste interesgarri bat irakurri dut Google-en zerbitzu berri honekin lotura duena. Jada kalean da Google Analytics zerbitzua Wordpress-en egindako blogetan inplementatzeko plugina. Azken plugin hau nire beste blogean probatuko dut eta honen berri ere emango dizuet.
Informazio iturria | Mangas Verdes
Eguneraketa 2005-11-14, 20:10: Wordpress-eko pluginarekin kontu pixka bat izan behar duzue: bere webgunean .phps luzapena duen artxiboa jaitsi ondoren, luzapena .php-ra aldatzea gomendatzen da. Baina bide honetatik arazoak izango dituzue plugina aktibatzerakoan. Badirudi, sisteman honekin Apachek kodea HTML bezala markatzen duela eta arazoak ematen ditu gero. Nik zuzenean artxiboa ireki, kodea kopiatu eta ohar-blokan txertatu dut. Ondoren, googleanalizer.php izena eman eta wordpressera igo dut. Ez dut arazorik eduki aktibatzerakoan. Pluginak Aukera ataleko menuan ataltxo berri bat sortzen du Google Analytics izenekoa. Sortzen den koadroan Google-ek ematen duen kodea itsatsi eta listo. Sistema berezia benetan, ez baita artxiboen kodearen barnean eskua sartu beharrik.
Bestalde, aplikazioa probatu nahi duzuenontzat ohartxo bat; Google Reader-ekin gertatzen den bezala, zerbitzaria oso oso mantso doa. Pazientzia, beraz.
Eguneraketa 2005-11-16, 11:41:Zerbitzuan alta eman eta ia bi egun pasa direnean oraindik ez daukagu inongo emaitzik. Badirudi Google-ek arazoak izan dituela Urchin-eko erabiltzaileekin. Nolatan ez ditu Google-ek horrelakoak aurretik konpondu?. Zergatik horrelako presa zerbitzu hauek kaleratzerakoan? (Gogoan ditut oraindik Google Reader-ekin gertatutakoak lehen egunetan). Txapuza!

Patxitrapero(e)k zera dio:
Aupa IKTroak:
Jakinmin haundia daukat, ze kriterio erabiltzen diren irakaskuntzan orohar, eta ikastoletan batez ere, gure gizartearen lehiakortasunari begira.
Ze balore erakusten dira? Taldelanari ze garrantzi ematen zaio? Noraino sustatzen da lehiakortasuna?
Galdera potoloegia igual? Beharbada aipatu dezue mezuren batean, baina hainbeste idazten dezue!
Ni estatistiken kontrako gurutzadan nabil, aldrebesa ni, eta iruditzen zait, gure gaurregungo gazte lehiakorregiei ez diela mesede haundirik egiten Googleen zerbitzu berri honek eta antzekoak, estatistikei begira erraz zapuztu daitezkeela, baina gustora jakingo nuke zuen iritzia. Batez ere zuena, irakaskuntzan ari zeratelako, eta oso arduratsu gainera.
(Sei, iritziz aldatu det. Imitazio publikorik ez. Zertan ari ote nintzen pentsatzen?)
sei(e)k zera dio:
Aupa, Patxitrapero! Ondo iruditzen zait iritziz aldatu izana, batez ere, nire onerako baldin bada!!! Dena den, ziur nago nire ikasleek ederki asko pasako zutela zure imitazioa entzuten. Badakizu, publikoa ez eta pribatuan nahiago baduzu, gure ikastetxean ongi etorria izango zara beti.
Bestalde, mahai gainean jarri duzun gaiarekin jarraituz, esan beharra daukat IKTerook askotan hitz egin dugula horri buruz. Gai interesgarria benetan, eta hitz hauek baino tratamendu bereziagoa merezi duena.
Halere, zertxobait aurreratzearren, esango dizut kezka hori nuela buruan (beste batzuen artean) aurtengo ikasturtea diseinatzeari ekin nionean. Tratamendu eta leku berezia eskaini diet nire plangintzan teknologia berri eta talde lanari, biak uztartu nahian. Horren adibide garbia hurrengo astean jarriko dut martxan: denon artean on-line (wikien bidez) idatzitako istorioak edo istorio elkarreragileak. Hau da, nik istorioaren hasiera eman eta beste norbaitek jarraitu, eta ondoren beste batek… Denok helburu eta jomuga berdinekin elkarrekin lanean. Norbaiti interesatzen bazaizkio zehaztasunak post berezi batean emateko prest nago…