Ikasturte honetako lehenengo hiruhilabetekoa amaitu da eta IKTerook, jadanik, gure ikasleekin garatzen ari garen proiektuen inguruko balantzea egiteko ordua heldu dela pentsatu dugu. Analisia egiterakoan bi irizpide nagusi jarraitu ditugu:
Alde batetik, gure esperientziaren balantze publikoa egitea, izan ere, ondorio hauek horrelako proiektuetan hasi nahi duten irakasleentzat baliagarriak direlakoan gaude. Bestetik, norberak bere aldetik hausnarketa indibiduala egin ordez, pentsatu dugu egokia izango litzatekeela, elkarlanean oinarrituz, dokumentu partekatu bat sortzea, gure ikastolako adin desberdineko ikasleekin egindako lanaren jarraipen globala izan dezagun/dezazuen.
Zalantzarik gabe, horrelako dokumentu bat sortzeko tresnarik egokiena Writely dela iruditu zaigu, eta horrelaxe egin dugu. Magic-ek, Sei-k eta nik gure burutazioak dokumentu honetan ipini ditugu. Dokumentu osoa post batean argitaratzeko luzeegia iruditu zaigu, beraz, datozen egunetan atal guztiak argitaratzen joango gara. Era berean, hurrengo artikulu batean, sei-k bere ikasleekin Writely-ren inguruan izandako esperientziaren berri ere emango dizue.
Interesgarria izango zaizuelakoan….
Jakinmin eta Ordizia:(magic)
Nire abiapuntua gure IKT taldean iazko ikasturtean izandako gogoetan kokatu beharko nuke. Izan ere, oso garbi ikusi genuen IKTen erabilerak gure eguneroko lanean eragin behar zuela eta metodologia berri bat sustatzen ahalegindu behar genuela. Gauzak horrela, eta prestatu genuen IKTen curriculumaren zirriborroa oinarritzat hartuta, informazioa biltzen hasi nintzen. Informatika eta Multimedia Tailerra ziren nik landu behar nituen ikasgaiak eta gai horietan eskarmentua nuen arren, aurrerapauso garrantzitsu batzuk eman nahi nituen. Planteatutako helburuen artean, ondorengoak azpimarratuko nituzke:
- Internet eta bertan aurki daitezkeen baliabideak lan-tresna bezala identifikatzea.
- Internetaren abantailak eta arriskuak identifikatzea eta ezagutzea.
- Jakin-mina sustatuz, ikasleen autonomia eta ardura indartzea.
- Lan kooperatiboa sustatzea eta honen garrantziaz jabetzea.
- Jasotzen dugun informazioaren aurrean iritzi kritikoa garatzea.
Zalantzarik gabe, hartutako lanak eta jarritako ilusioak ikasturtea hasteko irrikan jarri ninduten eta, konturatzerako, hasiera gainean nuen. Lehenengo saioak proiektuen ezaugarriak azaltzeari eskaini nizkion. Ikasleen erreakzioa espero zitekeena izan zen: ilusioa, gauzak egiten hasteko gogoa,… Hala ere, nik errezeloz hartu nuen hasierako erreakzio hura, izan ere, eginiko galdeketan, Messenger, Minijuegos eta gutxi gehiago erabiltzen zutela ohartu nintzen. Errezelo horien arrazoia berehala egiaztatu nuen; DBHko ikasleek ez baitzuten asmatzen, kopiatu eta itsatsi besterik ez zuten egiten, zailtasun baten aurrean amore ematen zuten… Ene iritziz, ikasle hauek nahiko “biziatuta” zeuden eta lan egiteko sistema berri honetara egokitzeko zailtasun handiak izan dituzte. Lehen Hezkuntzako ikasleekin, berriz, bizi izan dudana oso bestelakoa izan da: hasieratik egokitu dira eta era naturalean ari dira lanean. Hemen ere, internet (Messenger, batik bat) gehien ezagutzen zutenak izan dira zailtasunik handienak izan dituztenak. Hala ere, niretzat, benetan zaila egin zaidana izan da ikasleen “txip-a” aldatzea. Zailtasun hau aurreikusita banuen ere, oso frustrantea da saio guztietan “borrokan” ibili behar izatea.
Esaten dudanaren adibide mila jar ditzaket, baina pare bat azaltzearekin ulertuko didazue.
- Ikasle askok ikastolako sarean sartzeko pasahitza eta ireki nien Gmail korreoarena ez zuten ikasten eta beti nire laguntza eske aritu dira (honek, sutan jartzen ninduen).
- “Zer egin behar da?” galdera izan da berotu nauen beste kuestioa.
Zailtasunak zailtasun, proiektuekin aurrera segitzen dugu eta, aspaldi honetan, ohartzen ari naiz ikasleen jarrera aldatzen ari dela. Proiektu komun baten partaide sentitzen dira eta elkarren arteko harremanak indartzen ari dira. Elkarlanean gustura ikusten ditut eta, jada, ez daude etengabe laguntza eskatzen. Irtenbideak bilatzen ahalegintzen dira eta, nik ezer esan gabe, del.icio.us bezalako tresnak erabiltzen hasita daude. Gure arteko harremana asko hobetu da eta konplizitatea sumatzen da. Laburtzeko, esan dezaket orain arte eginiko ibilbidearen balorazioa oso positiboa izan dela, nahiz hasierako espektatibak bere osotasunean ez bete. Hau aitortzeko, zertan hobetu da gure jarduera galdetuko du batek baino gehiagok, eta nik honako gauza hauek esango nituzke:
- Ikasleek, jada, ez dute Internet “jostailu” bezala ikusten.
- Baliabide ezberdinak erabiliz, irtenbide ezberdinak bilatzen ahalegintzen dira.
- Euren interesen araberako informazioa aurkitzen, sailkatzen eta iragazten trebatzen ari dira.
- “Konpromiso” hitzaren esanahiaz jabetzen ari dira eta praktikara eramateak dakartzan zailtasunak ezagutzen ari dira.

Osteguna, 2005ko abenduaren 1a