A A
RSS


Lankidetza azken muturrera eramanda

Gaurkoan, izerdi pixka bat kostata baina, azkenean, magicek eta biok abian jarritako azken proiektuaren berri eman nahi dizuegu: adin eta maila ezberdinetako blogarien arteko lankidetza.

Gure ikasleak blogari bihurtu genituenean, gure helburuetako bat teknologia berrietan trebatzea izan zela jakina da. Ez da helburu erraza, baina, tira, pixkanaka-pixkana ohitzen joan dira eta ikusgarria da emandako aurrera pausoa. Dena den, badago, nire ustez, ia lortezina den xede bat: ikasleek euren idatzietan euskara (hizkuntza) maila zaintzea. Hau da, burutik pasatzen zaien lehengo gauza nolanahi idatzi beharrean, hiztegietan kontsultatzea, galdetzea… Horren guztiaren garrantziaz jabetzea, azken finean. Oraintsu mugitzen ari garen lur irristakorretan, multimediaren harea mugikorretan, hain zuzen ere, irudien lilurak benetan hitzez adierazi nahi duguna ezkutuan edo bigarren planoan gelditzea eraman dezake. Ez dakit ezer asko egin dezakegun hori pausatzeko, baina urrats txikiak emanez, agian, ur-lasterraren kontra igeri egiten ikasiko dugu.

Zenbatetan azpimarratzen dugu irakasleok ortografia, sintaxia, lokailu zein sinonimoen erabilera egokiaren garrantzia? Gu eta aldameneko guztiak aspertzeraino! Horrela, bada, beste bide eraginkorragoak jorratu nahian, DBH1 (12-13 urte) eta DBHO2ko (17-18 urte) ikasleak elkarrekin lanean jartzea otu zitzaigun. Nola? Bada, nire ikasle batek magic-en ikasle baten ardura hartuz, ikasle helduena gazteenaren eredu, irakasle eta zuzentzaile bihurtuz. Txikienak, bere blogean ezer argitaratu aurretik, egokitu zaion kideari postaz bidali behar dio testua. Honek bi bertsio bueltatuko dizkio (postaz ere) dokumentu erantsi moduan; bata, zuzenketez josia (ortografia, sintaxia, aberastasuna- marratua, gorriz…- aldez aurretik guk adostutako irizpide jakin batzuk jarraituz) eta, bestea, argitaratzeko prest (dena txukun-txukun jarrita). Blogari gazteak bi bertsioak eskuetan dituela, hurrengo pausoak emango ditu:

1. Akatsak dituena ondo aztertu, hurrengoan berberak ez egiteko eta karpeta batean gorde (ikasturte amaieran eboluzioa ikusteko).
2. Bigarren bertsioa bere blogera pasa eta argitaratu.

Esan beharra dago, bakoitzak bere kideari bidaltzeaz gain, magici eta niri ere bidaltzen digutela den-dena. Hau da, jatorrizko testuak nahiz zuzenketak eta hartu-eman osoa gure eskuetatik ere pasatzen da, baina euren zereginetan ez sartzen saiatzen gara. Gertutik jarraitzen dugu bakoitzak egindako lana, baina gure jarduna, kasu gehienetan, zoriontzera mugatzen da.

Proiektu hau abian jartzerakoan, ikasle guztiei ekarriko zizkien onurak aurreikusten saiatu ginen. Gazteenek ikasiko zutenaz gain, helduenentzat ere guztiz positiboa izan zitekeela pentsatu genuen, autonomiaz eta arduraz jokatzeko aukera paregabea izan baitzitekeen.

Ikasleen arteko lehenego harremana, zailtasun batzuk gorabehera (posta helbide batzuk gaizki…), abiapuntua ona zela sinetsarazi zigun, baina jarraipena oraindik hobea izan da! Esan dezakegu motz gelditu ginela. Lehengo egunean, balorazioa elkarrekin egiten ari ginela, Magicek bere ikasleengan ondorengoak sumatu dituela adierazi zidan:

1. DBHko ikasleentzat pizgarri ikaragarria izan da hau. Lehenago, atzetik ibili behar izaten nuen idatz zezaten eta orain kontrakoa gertatzen ari da. Batzuk etengabe hasi dira artikuluak bidaltzen.

2. Gaztetxo hauentzat (DBH 1ekoentzat) batxilergoko ikasleen ereduak euskarako irakaslearena baino askoz ere gehiago balio du.

3. Idazten dituzten idatziak nahiko “sinpleak “ dira eta sakontasun falta nabarmena dute. Batxilergoko ikasleek etengabe animatzen dituzte gehiago sakontzeko eta hauek, azkenean, jabetzen ari dira horretaz. Nik mila aldiz esaten nien arren, ez nuen lortzen hori.

4. Ikasle helduenek bultzatuta, informazioa biltzen denbora gehiago pasatzen dute, hiztegiak erabiltzen hasi dira…

5. Autonomiari dagokionez, hauentzat ere nabarmena izan da ekarri dien onura. Hau da, orain, era arduratsuagoan jokatzen dute eta irakaslearen laguntza kasu berezietan besterik ez dute eskatzen.

Zin dagizuet hori horrela dela, edozein ordutan etengabe ikasleen lanak jasotzen ari gara (gauean, larunbat eta igandeetan…). Ikusi, bestela, ondorengo adibidea . Xabi eta Beñaten arteko lankidetza da jarraian topatuko duzuena. Mezuak wordeko dokumentu batera pasatu ditut (helbideak eta abizenak kenduta) hemen jarri ahal izateko.

Prozesua osorik ikusteko (harremana eta zuzenketak) klikatu hemen. Nire ustez, honek dauka benetako balioa.

Zuzenketa soilik ikusteko:

1. DBHko ikasleak zuzentzeko bidalitako testua.

2. DBHOkoak zuzenduta bueltan bidalitakoa.

3. DBH1eko ikasle blogarien guneak ikusteko, klikatu hemen.

Xabier eta Beñaten modura, beste 30 bikote inguru ditugu elkarrekin lanean. Badakigu denetik topatuko dugula, lankidetza guztiak ez direla adibidekoa bezain emankorrak izango, baina bidean bakar batzuen idazteko grina, ardura eta autonomia piztea lortzen badugu, guretzat nahikoa eta gehiegi izango da…

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2006/03/26/lankidetza-azken-muturrera-eramanda/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Lankidetza azken muturrera eramanda”

  1. Gravatar Image

    zabaldu.com(e)k zera dio:

    Lankidetza azken muturrera eramanda

    Ikasleen arteko elkarlanean oinarritutako proiektu baten berri ematen dute Ordiziako Jakintza ikastolako irakasleek.

    2 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  2. Gravatar Image

    intxurre(e)k zera dio:

    Arreta handiz irakurri dut blogarien arteko lankidetza. Oso interesgarria iruditu zait. Gauza berri eta on asko ikusi ditut nik bertan. Ikasleak (gaztetxo eta heldu) beste egoera batean jartzen dira. Oso motibarria. Ardura, autonomia eta beste jarrera asko sustatzen dira. Praktika hau ikastola osoak ezagutu behar du.
    Bukatzeko broma bat, ikasleek beraien kabuz, hainbeste lan, hainbeste jarduera eta zuzenketa egiten baldin badituzte…a zer suertea duten sei eta magik-ek. Hemendik aurrera aburritu egingo dira…

    3 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  3. Gravatar Image

    magic(e)k zera dio:

    Bai Intxurre, proiektua abian jarri genuenetik, nire korreoari kea dario. Zenbait egunetan, ikasleen 50 korreo irakurri, aztertu eta erantzun behar izan ditut. Ikusten duzunez, asper-asper eginda gabiltza.

    Halere, emaitzak ikusita, gustura eta elkarlanean oinarritutako beste proiektuetan pentsatzen hasita gaude. Seko erotuta gaude. IKTeroak izen hori ez da kasualitatea :razz:

    3 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  4. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Behingoagatik ( :wink: ), magicek esan duen guztiarekin bat nator!!! Hau da eromena!! Halere, zalantza izpirik ez dago: esfortzuak merezi du. Anekdota txiki bat kontatuko dizuet:

    Gaur, euskarako ordua. Batxi 2koekin ordenagailu gelan, piropo lehiaketarako esamoldeak postaz bidaltzen. Ni gela izkin batean ikasle baten esamoldea irakurtzen. Bat-batean, gelako beste puntatik zirraraz beteriko oihu bat:

    - Maite, Maite!! Cristianek idatzi dit, Cristianek idatzi dit!! (Cristianek lana bidaltzeko idatzi dio, noski!)

    Bene-benetan honelaxe izan da eta ni neure artean: Jesusene! Nik bidaltzen diedanean lana ez dira hainbeste emozionatzen…

    Eta pasadizo horrek goiza alaitu dit! :lol:

    3 days igaro dira mezua idatzi zenetik.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Multimedia

Kargatzen...

Gora igo