Zer da eta zertarako edukien sindikazioa?
Edukien sindikazioa XML hizkuntzaren garapenarekin batera agertu den informazioaren transmisio modu berri bat da. XML teknologiari esker, webgune batean argitaratzen den informazioa formato berezia duen fitxategi batean gorde daiteke. Fitxategi berezi hauei feed edo jario deitzen zaie eta formatu ezberdinen artean ezagunenak RSS, Atom edota RDF aurki daitezke. Fitxategi hauetara harpidetu edo sindikatuz gero, webgune horretan argitaratuko diren edukiak gure esku izango ditugu webgunera bertara jo beharrik izan gabe. Kontua da, jario hauetara harpidetzeko beharrezko da hauen barruan dagoen informazioa ulertuko duen aplikazio bat erabiltzea. Aplikazio honek informazioa ulertu eta era itxurosoan aurkezteaz gain, harpidetu garen jario guztien kudeaketa egokia bermatu beharko du. Aplikazio hauei feed agregatzaileak edota feed irakurgailuak deitzen zaie.
Aplikazio hauek, funtsean, posta elektronikoa kudeatzeko erabiltzen diren aplikazioen antzekoak dira. Halako postontzi bat dute non bertan jasotzen diren sindikatu edo harpidetu zaren jarioek gordeta dituzten albisteak, zure posta elektronikoarekin egiten denaren antzera. Halere, bi hauen artean ezberdintasun nagusi bi adieraz daitezke:
- Posta elektronikoaren jasotze prozesuan hartzaileak jarrera pasiboa du. Hau da, mezua bidaltzea bidaltzailearen borondatearen menpe dago. Feed irakurgailuetan berriz, prozesu hau alderantziz ematen da. Hartzaileak erabakitzen du noren informazioa jaso nahi duen. Bidaltzailearentzat prozesua erabat trasnparentea da. Bere webgunean artikulua argitaratzearekin nahikoa da feed irakurgailuak artikulu hori zure irakurgailura ekartzea.
- Nahiz eta irakurgailu guztiekin honela ez gertatu, feeden bitarteko informazio transmisioa norabide bakarrean ematen da. Posta elektronikoaren bitartez, mezuak jaso eta bidali ditzakezun bezala, irakurgailu gehienek artikuluak berbidaltzeko aukera ez dute eskaintzen.
Eta zer abantaila aurkezten dituzte feed irakurgailuek?. Zergatik ez erabili nabigatzaileek duten “Gogokoen” tresna?. Zure interesak webgune gutxi batzuetara mugatzen badira, hauek gogokoetan gorde, eta egunean zehar webgune hauek bisitatzeak ez dizu denbora gehiegi eramango. Baina, poliki poliki blog berriak ezagutzen zoazen heinean, konturatuko zara egunero zure blog zerrenda bisitatzea nahiko lan astuna bihurtuko dela. Apenas urtebete hasi nintzela ni blogen mundu honetan eta jadanik 80 bat jario ditut nire postontzian (300 inguru dituztenak ezagutzen ditut ere). Hauetan guztietan zer argitaratu den kontsultatu nahiko banu, goiz osoa beharko nuke denak bisitatu ahal izateko, eta ziurrenik horietako bisita gehienetan artikulu berririk ez nituela aurkituko.
Feed irakurgailuak webgune bat berritu bezain pronto gehitutako eduki hori postontzira ekartzen dizu. Bertan, artikuluaren izenburuari eta edukiaren lehenengo lerroei begirada bota diezaiekezu (egunkariarekin egiten dugunaren antzera). Interesekoa baduzu beti duzu aukera artikulua osorik irakurtzeko zuzenean zure feed irakurgailutik. Horrela gustukoa duzun informazioaren kudeaketa askoz ere eraginkorragoa bihurtzen da.
Jarraitu irakurtzen: 1 2 3

Osteguna, 2006ko apirilaren 6a