Egun hauetan hainbat gauza (ordenagailukoak, lanekoak, etxekoak…) txukuntzeko aprobetxatzen ari naiz eta ez dago zalantzarik sareak horretarako baliabide ugari eskaintzen digula. Horien artean azkenaldi honetan jende asko itxaroten ari zen
Google calendar dugu. Nik lehengo astean probatu nuen Genbetako artikulu hau irakurri eta gero eta, egia esan, tresna oso egokia da, Google nonahikoak eskaintzen digun guztia bezala, hainbat zerbitzu bateratu ahal izateko.
Google calendar-era zuzenean nahiz Simply Google-etik (oso-oso interesgarria, Google-en zerbitzu guztiak batera jarriak) sar gaitezke Google kontuko pasahitza erabiliz. Behin sartuta, irudian ikus dezakegunez, ezker goialdean Google-eko zerbitzu guztiak integratuta topatuko ditugu (hasiera orria, Gmail, calendar, beste zerbitzuak…).

Seguruenik batek baino gehiagok dagoeneko probatuta izango duzue. Hala bada, ondo legoke zuen iritzia ematea. Besteentzat hona hemen ezaugarri nagusienak eta hainbat aholku abian jartzeko:
1. Sartu bezain pronto, settings-era jotzea (eskuin goialdean) eta konfiguratzea komeni da. Ondorengoak alda ditzakegu:
- ordu-zona
- ordua eta dataren formatua
- astea zein egunetan hastea nahi dugun
- irekitzen dugunean zer ikusi nahi dugun (eguna, astea, hilabetea, agenda…)
- betebeharrak gogoratzen dizkiguten mezuak nola jaso nahi ditugun ( sms, pop-up, postaz…)
- …
2. Eskaintzen duena:
- Egutegi bat baino gehiago kudeatzeko aukera (lanekoa, pertsonala…) eta, gainera, horiek batera edo bereiz ikustekoa.
- Gmail-ekin bat egiten du: Gmaileko mezuren batean ekitaldi baterako deia badugu, antzeman egiten du eta, klik pare bat eginez, ekitaldi horiek gure agendara gehitu ditzakegu.
- Quick add botoia: Zeregin bat laster batean gehitzeko laguntza botoia.
- Partekatzea: gure agenda (baimen batzuen bidez) besteekin parteka dezakegu eta alderantziz. Ez da beharrezkoa besteek Google Calendar izatea; izan ere, feed edo web bidez egin baitaiteke trukatze hau.
- Eginkizunak gogorarazteko modu ezberdinak: gure telefono mugikorrean mezu bat jaso dezakegu, besteak beste.
- Agendan sartuta dugun edozein zereginetarako gonbidapenak luza ditzakegu.
- Inportatzea: egun gure agenda Yahoo Calendar edo Microsoft Outlook-en badugu, horietatik inportatzeko aukera eskaintzen du (ezaugarri benetan interesgarria honako hau kontuan izanda oso pisutsua gerta dakigukeela agendako datu guztiak banan-banan berriz sartu behar izatea!). Honen inguruko informazio gehiago hementxe .
Ikusten duzuen bezala, alde onak begi bestakoak dira: erosoa, erabilerraza, bateratzailea, partekatzailea… Dena den, oraingoz ingelesezko bertsioak baino ez du onartzen hau gauztia!

zabaldu.com(e)k zera dio:
Google calendar, egutegi txukun bat agenda zereginetarako
IKTeroak oporretan ere lanean. Bere zereginetan. Eta jakintzaren ikastola, gu guztion eskola da. Blogariok asko ikasten dugu beraiekin.
Ikteroen blogetik, zabaldu.com-en giltza zapalduta idatzi dut testu hau.
patxi gaztelumendi(e)k zera dio:
Biba zuek!
Gustatu zait, behar nuen bat gainera.
Uste dut, dena dela azalpen batzuk behar ditugula, erabiltze aldera.
Gauza ezberdinak zerrendatu behar ditugu, zelan egin beharko genuke.
Adibide zehatza.
Neure zereginak zerrendatzeaz gain, nahi nuke kontzertuen agenda bat, eta literatur emanaldien agenda bat osatu.
Nik baliatzeko, zer non dagoen jakiteko… zelan egin beharko nuke?
Aldez aurretik mila esker.
jolaus(e)k zera dio:
Egutegi publikoak gehitzearena oso aukera interesgarria da. Hona hemen, adbidez, Alemanian ospatuko den Munduko Futbol Txapelketaren egutegia. Egutegi hau zurean txertatzeko nahikoa duzu hemen emandako loturaren helbidea kopiatzea eta Google Calendarreko alboko barran, “Search Public Calendar” dioen gelaxkan eranstea.
Honek oso aukera interesgarriak dituela iruditzen zait. Jo dezagun makrokontzertu baterako edota Kilometroak’07-rako prestatuko diren ekintza desberdinetarako, Google Calendarrekin egutegi bat sortu eta webgune batean eskegitzen dugula. Aurreko bidea jarraituz, unetxo batean daukagu gure egutegi pertsonalean ekitaldi horien erregistroa jasota.
Egutegiak partekatzeko aukera paregabea!
Informazio gehiago hemen (ingelesez).
OHARRA: Futbol txapelketa egutegia hemendik atera dut.
Gari(e)k zera dio:
Google Calendarrek balio lezake nire aspaldiko amesgaizto bat garbitzeko, baldin eta hori eta horren antzerako sistemak erabiltzen hasten bagara, RSS, iCal edo beste formaturen bat erabiliz informazioa trukatzea ahalbidetzen duena.
Lastima, berriz ere Google izan beharra, hori asmatu duena. Batetik lastima, Big Brotherren bidean jarraitzen duelako, baina noski, bestetik abantaila, segituan lortuko delako nolabaiteko “estandarizazioa”.
sei(e)k zera dio:
Aupa, Gari! 2003an jada kezka hori zenuen buruan? Horri deitzen diot nik bisionarioa izatea!!! Dena den, nik uste dut ez dagoela atzera bueltarik eta agenda kontu hauetan ere (beste hainbat alorretan bezala) informazioa trukatzea ahalbidetzen duten formatuak ezinbesteko bihurtuko zaizkigula denon mesederako!!
magic(e)k zera dio:
Garirekin bat nator. Nik ere Google miresten dut, produktu onak eta estandarrekin bateragarriak ateratzeko duen ahalmenarengatik. Baina ahalmen horrek izugarrizko boterea eman dio eta, gaur egun, Garik aipatzen duen bezala, Big Brother erraldoi bat bilakatu da.
Une honetan, asko dira euren Don’t be evil leloa aitzakitzat hartuta, Google-en jarrera salatzen dutenak. Ondorengo esteketan informazio gehiago honi buruz:
Google as Big Brother
Is Google Evil?.com
¿Es Google el futuro Gran Hermano?
Enrique Dans: ¿Cómo de malo se ha vuelto Google?
reven.blog: Google se vuelve malo
…
Bukatzeko, Txinan duen jarrerak garbi uzten digu Google-en jokabidea zein den:
Error500
elmundo.es
Pixel y Dixel
Gari(e)k zera dio:
Benetan, ez dut ulertzen. RSS-ei esker lortu da Bloglines, Technorati, Aurki edo Zabaldu martxan jartzea. Norberak nahi dituen iturriak hartu eta listo!
Zergatik ez den berdina gertatu ebentuekin? auskalo. Hor daude Upcoming.org, RSS Calendar eta abar, batzuk gainera enpresa handiak erosita.
Imajina ezazue nik nire herriko ebentu guztietara harpidetzeko modua dudala, zinetik hasi, hitzaldiak edo edozein kontzertu. Imajinatu bestetik Su Ta Garren fan sutsua naizela eta haien kontzertu guztietara harpidetzeko modua dudala, nire inguruan jotzen dutenean ikustera joateko, imajinatu ezazue…
En fin. Noizbait hasiko da jendea animatzen. CSko webguneetan saiatzen gara ebentuen RSS-ak jartzen, adibidez Eke-ren webgunean. Norbaitek aprobetxatuko du inoiz? Orain iCal formatuan ere sortu beharko ditugu.
sei(e)k zera dio:
Horrelako erantzun luzeak idazten ditut non batzuetan antispam-arekin arazoak izaten ditugun, gaurkoan bezala. Kontuan da, nire bi azken erantzunak galdu egin ditugula eta nahiz eta bat berrezartzea lortu dugun, bestea betiko galduta gelditu da. Egutegi publiko bat gure agendan nola txertatu pausoz pauso kontatzen nizuen (aurreko erantzun batean Jolausek esandakoari zehaztasun gutxi batzuk gehituz) baina berriz idatzi ordez, agian, orain arte ateratako azalpen guztien estekak bateratzea (edonork kontsulta ditzan) interesgarriagoa izan daitekeela iruditu zait.
Hona hemen abian jartzeko nahiz sakontzeko aurkitu ditudan helbide interesgarrien bilduma:
1. Google Calendar hemen da
2. Outlook eta iCal-etik Google-era nola inportatu
3. Nola integratu Google Calendar zure blogean AJAX erabiliz
4. Agenda publikoak nola ekarri zure egutegira
5. Botoi bat ipini zure blogean ekintza konkretu bat adieraziz eta besteei ekintza horretara harpidetzeko aukera emanez
6. Zure agenda iPod-era pasatzeko Getcals aplikazioa lortu ondoren jarraitu beharreko urratsak
7. Google Calendars: sarrera orria