Atzotik eskuragarri dago Skypen 2.5 bertsio berria. Oraindik beta fasean dagoen bertsio berri honek hainbat berrikuntza interesgarri dakartza: Outlookeko kontaktuei Skypen bitartez zuzenean deitzeko aukera, lagunei SMS mezuak bidaltzeko aukera… eta beste batzuk. Baina denen artean interesgarriena Skypecasts zerbitzua iruditu zait. Zerbitzu honen bitartez zure gustukoak diren gaien inguruko elkarrizketetan parte har dezakezu. Txat gelen pareko zerbitzua eskintzen du Skypecasts-ek baina elkarrizketa idatziz burutu beharrean, hitzez ematen da, zuzenean, aldi berean 100 solaskide arteko taldeak osa daitezkeelarik. Elkarrizketa hauetako bakoitzak, gunea sortu duen arduraduna izango du moderatzaile bezala; berak banatuko du mikrofonoa solaskideen artean, beharrezkoa denean hitza kendu edota elkarrizketatik botatzeko aukera ere izango duelarik.
Skypecast bat sortzea oso erraza da: hizpidea zein izango den hautatu, ondoren izenburua ipini, bere deskribapena garbi adierazi eta gaia azaltzen duten etiketa egokiak hautatu. Ondoren, saioan parte hartu nahi dutenak jakinen gainean egon daitezen, zein ordutan konektatuko zaren adierazi beharko duzu. Behin saioa hasi ondoren zeu izango zara moderatzailea eta zeuk erabakiko duzu zein izango den elkarrizketa mota, eztabaida irekia edota norabide bakarreko elkarrizketa, zuk galdetzen duzu eta besteek erantzuten dute, alegia. Zure ardura izango da hitza nori ematea eta, beharrezkkoa izango balitz, hitza nori kendu ere; nahiz eta solaskideei hitza kendu hauek beti izango dute aukera mikronofoa eskatzeko aukera,horrela zure baimenaren zain geldituko dira.
Oraindik ez dut aplikazioa probatu baina irakaskuntzan erabiltzeko oso interesgarria izan daitekeela iruditzen zait. Aurtengo ikasturtearen hbasieran, nire ikasleekin multikonferentzia bat aurrera eraman nahi izan nuen baina elkarrizketan hiru erabiltzaile baino gehiago konektatzen ginenean, seinalearen kalitatea izugarri jaisten zen, elkarrizketa bat baldintza honetan gauzatzea ezinezkoa zelarik. Sistema honekin, berriz, badirudi solaskide multzoa handia izanda ere kalitatea bermatzen dela. Gai jakinen inguruan gure ikasleekin solasean, eztabaidan edota ikuspuntu desberdinak azaltzeko interesgarria izan daitekeela iruditzen zait. Ariketa baten aurrean adibidez, zalantzak eta kezkak argitzeko balio dezake, ikasleek galderak euren artean argitu ditzaten, beti ere irakaslearen moderazio lana dela medio. Ea aurtengo ikasturtea amaitu baino lehen probatzeko aukera dudan.
Skype bezalako tresna batek irakaskuntzan izan dezakeen garrantziaren adibidea da, baita ere, Moodle plataformarako garatu den Skype Presence Block delakoa. Gehigarri honen bitartez Moodleek ikastaro batean parte hartzen duten irakasle eta ikasleen egoera zein den erakusten du (konektatuta, offline, kanpoan, lanpetuta…). Gehigarri hau erabiltzeko erabiltzaile bakoitzaren profilean bere Skype IDa txertatzea besterik ez da behar

zabaldu.com(e)k zera dio:
Sypecasts, 100 lagun elkarrizketa digitalean egoteko aukera
Ikteroetan irakurria, podcast-ei buruzkok posta zerrendetan ere ari da nabarmentzen. Kontua da, skype bidez, 100 lagun batera aritu daitezkela berbetan…
gure kasuan, frogatu dezakegu elkarrizketatu bati, edonork elkarrizketa egitea… munduko 100 le…
xarnegu(e)k zera dio:
Kaixo Jolaus:
Badakizu Moodleren aldeko apustua egiteaz gain, plataforma horrekin erromantzea dudala.
Aipatzen duzun Skyperen integrazio hori hastapena baino ez da. Moodleren euskaraketa foroan COVCELL izeneko proiektuaren berri izan nuen. COVCELL (Cohort-Oriented Virtual Campus for Enhanced Language Learning) hizkuntzen ikaskuntza hobetzeko campus birtual interaktiboa bi urteko proiektu europarra (Minerva funtsa) da, ikaskuntza kudeatzeko Moodle sistemaren baitan hizkuntz ikaskuntza/irakaskuntzako funtzionalitateak hobetzea jomuga duena. Proiektu horren barruan, audio eta bideo txatak, arbelaren erabilera eta beste hobekuntza batzuetan lanean ari dira. Lehenengo beta bertsioak laster izango dira prest.
COVCELLen EHUa ere lanean ari da, eta burututakoan emaitzak guztion eskura izango dira, eta euskaraz (lagundu nahi izanez gero, hizkuntza irakasleentzako inkesta hemen aurkituko duzue, baita ikasleentzakoa ere).
Beste arrazoi on bat de facto estandar bihurtzen ari den Moodle plataforma probatzeko, ezta?
jolaus(e)k zera dio:
Berriro nator Skypen inguruko albiste batekin. Zalantzak izan ditut bidalketa berri batean argitaratzea edo hemen bertan idaztea. Duela gutxi eman nuenez Skypecasts-en berri, egokiena honi lotuta argitaratzea dela iruditu zait.
Kontua da Skypek ahots mezuak 150 hizkuntza desberdinetara itzultzeko itzultzaile sistema bat jarri behar duela martxan. Zerbitzu hau erabili nahi duenak $2,99 USD ordaindu beharko ditu minutuko, deiaren kostu totala SkypeOut zerbitzutik kenduko delarik. Badirudi zerbitzu hau, batez ere, enpreseei zuzenduta kaleratu dutela.
Baina zuek uste duzue enpresa batek, bere nazioarteko harremanak ezagutzen ez duen “itzultzaile misterioso” baten interpretazioaren arabera burutuko dituela?. Nik ez dut garbi ikusten.
Agian, azken orduotan izan den eleaniztasun espresio izugarriaren ondoren, IKTerook aurkeztu beharko ginateke zerbitzu hau ematera, ez da hala?