- Ikasleen aprendizaia: web 2.0 vs. edukien barneratzea?
Ikasturte osoan ibili dut ideia hau buruan bueltaka. Asko irakurri dut aspaldi honetan honen inguruan; teoria moderno askotan bigarren mailan ipintzen den helburu bat da edukien lorpena bera, eta uste dut ikuspegi okerra dela. Nik jarraitzen dut pentsatzen nire irakasle lanaren zati handi bat (ez bakarra,noski, aurrerago azalduko dudan bezala), ikasleei edukiak barneratzen laguntzea dela. Etorkizunean ingeniariak, arkitektoak, fisikariak… izango diren ikasle hauek, unibertsitatean izango duten eskakizun mailari aurre egiteko kontzeptuak barneratzen lagundu behar diedala. Kontua da, ondo aztertu behar dugula zeintzuk izan behar diren erabili beharreko bitartekoak aprendizaia hori esanguratsua izateko. Ulertzen dut Anibal de la Torreren ikuspegia, artikulu honen amaieran hau esaten duenean:
“En estos momentos, para mí, y cada vez para más docentes, no son tan importantes los contenidos en sí mismos como los mecanismos mediante los cuales accedemos, creamos, recopilamos o los conectamos.”
Eta hemen dago koxka. Fisika bezalako gai batek duen konplexutasun eta zailtasun maila ez da nolanahikoa: edukiak asimilatzea ez da gauza erraza izaten. Web berri honek eskaintzen dituen tresna berriak lagungarriak izan daitezkeela prozesu honetan? Noski baietz! Baina zeren truk? Nire ikaslea kexu zen ikasturte hasierako zati luze bat eraman genuelako tresna berri hauen erabilera azaltzen, eta noski, honek (ikasleek eurek azaldu didaten bezala) eragina izan du fisikako edukiak jorratzeko izan dugun denbora eskasian.
Asko dira, web 2.0 delako honen inguruan sortutako tresnak, gelara eramatearen aldeko apustua egiten ari direnak baina gutxi dira, ikasleen alfabetatze teknologikoan eman beharreko urratsei buruz ari direnak.
Ezinbestekoa da, Web 2.0 hori gelara eraman nahi badugu, ondo zehaztea zeintzuk izan behar diren gure ikasleek, beraien bizitza akademikoan, lortu beharko lituzketen IKT konpetentziak eta hauen mailakatzea ondo diseinatu. Horrela, posible ikusten dut Anibalek aipatutako bide berri horri sendotasunez eta eraginkortasunez heltzea.
Horretan ari gara une honetan gure ikastolan; gure ikasleek barneratu beharreko IKTen erabileraren inguruko helburuak definitzen eta mailakatzen. Bide honetatik bakarrik lortuko dugu, metodologia berrietaz baliaturik, edukiak era esanguratsu baten jorratzea.
Nire kasuan, datorren urtean izango dudan taldea, aurten blogari lanetan ibilitako ikaslez osatuta egongo da. Hauek, honez gero blogen eta wikien inguruko formazioa badute; ezagutu eta erabiltzen dituzte bloglines, del.icio.us eta gmail, adibidez. Eta probatxo batzuk eginak ditugu Skypekin. Lagungarria izango ote dira hauek denak fisikaren lanketan? Nik uste baietz.
Jarraitu irakurtzen: 1 2 3 4 5 6

zabaldu.com(e)k zera dio:
IKTen integrazioa batxilergoan
Jolaus-en irakurri beharreko (bai, beharreko) artikulua, bigarren hezkuntzan bazabiltzate behintzat (eta bestela be).
8 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.xa2(e)k zera dio:
Puff!!!
9 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.Zorionak, kriston artikulua…
Orain digestioa egin eta ….
Pello Aranburu(e)k zera dio:
Oso artikulu interesgarria iruditzen zait. IKTak eskolan sartzeko dituen arazoetako bat ondo jorratzen duelako.
Zati guztien artean klaustroaren ikuspegia jorratzen duena sentitu dut hurbilen: irakasle asko ezagutzen dut urruti xamar dagoena IKTetatik, eta gutxi hortik tiraka aritzeko. Neroni ere bide horretan abiatu ez banaiz horregatik da.
Hala eta guztiz hori dela bidea uste dut.
Pello Aranburu
13 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.Sergio Monge(e)k zera dio:
Erabat ados zure hausnarketa ia guztiekin. Hiruzpalau urte eman ditut IKT integrazioari buruzko arazoak aztertzen nire tesia idazteko (ia bukatuta daukat) eta aipatzen dituzun kezkak dira niri agertu zaizkidan berberak: Selektibitatearen eragina, irakasleen arteko kanpixtasuna, hezkuntza eredua aldatzeko zailtasunak, gurasoen sinesgaitazuna, etabar.
Gure hezkuntza ereduak aldaketa behar dut IKTk modu nauralean onar ditzan. Aldaketa hori ez da berehala helduko (ia oraindik batzuek ez dute susmatzen aldaketaren beharra). Heldu orduko zu bezalako aztertzaileek eta berritzaileek bidea, dagoeneko irekita, erakutsiko diguzue.
Lan ona egiten ari zara. Zu eta beste IKTeroak. Eutsi.
2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.jolaus(e)k zera dio:
Artikuluan azaltzen ditudan egoerak nik pertsonalki bizi ditudanak izan arren, zuen iruzkinen arabera (eta nire inguruan ikusten ditudanaren arabera ere) garbi dago oztopo errealak ditugula, teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailetan oinarriturik, bide berriak urratzerakoan. Horregatik iruditzen zait inoiz baina justifikazio handiagoa daukala eskoletan IKT dinamizatzaile edo/eta IKT talde baten presentziak. Une honetan pedagogia mailan oso baliagarriak izan daitezkeen tresnak ditugu, hortxe muturraren aurrean, era sinplean kudeatu daitezkeenak eta gainera dohainekoak direnak: gaur egun, adibidez, gure ikasleen ebaluazioa egiteko tresna asko ditugu, ohiko azterketaren beharra kolokan jar ditzaketenak. Hauek curriculumean txertatu eta, era berean, hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiei hauen baliagarritasunaz ohartaraziko dien irakasleak behar ditugu.
Profil honetako irakasleak ez dituzten eskolek identifika ditzatela, lehenbailehen, eginkizun hori bete dezaketen irakasleak. Eta dinamizazio lan hori beteko duen irakaslea/ak hautatuta dituztenek, birplanteatu ditzatela berriro ere zeintzuk izan behar diren beraien eginkizun eta betebeharrak: ezin da onartu, inondik inora, dinamizatzaile bat ikastolako informatikako teknikaria bihurtzea, administrazio mailako aplikazioen ardura izatea eta, are gutxiago oraindik, ordenadoreak konpontzen dituen arduraduna izatea. Eginkizunak era egokian zehaztu ezean, eskola horrek besteekiko “eten digitala” pairatzeko arriskua izan dezake.
Badakit ez dela erraza. Egia esan gure ikastolaren egoera (eta nirea pertsonalki) nahiko pribilegiatua da. Nire ikastolako zuzendaritza taldearen babesa daukat, nire eginkizunak betetzeko behar heineko laguntza daukat (bai ordutegi aldetik baita nire lankideek egiten duten lanaren aldetik), gure proiektuak garatzerakoan behar ditugun baliabide materialak lortzeko diru laguntza handiak jasotzen ditugu Foru Aldundiaren aldetik (hau adibidez ez da gertatzen beste herrialdeetako Foru Aldundietan), batxilergoko lehenengo mailan bi orduko hautazko bat daukat nire ikasleak interneteko baliabide berrietan trebatzeko aukera izan dezaten,… Gurea eta beste hainbeste ikastolen errealitatea beste guztietara estrapolatu daitezkeela sinesten dugulako ari gara lanean.
2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.