- Klaustroaren ikuspegia: konplizitatea lortzeko eragozpenak
Orain arte ezagutu ditudan esperientzia berritzaile gehienak, esperientzia isolatuak izan dira, norberak bere kabuz proposatu, garatu eta esperimentatu dituenak baina, beti ere, “zerbait arraro” bezala ikusia izan dena irakasleriaren gehiengo batetik.
Eta honen inguruan ere badut zer esana. Egia da teknologia berrien erabilera gure egunerokoan geroz eta arruntagoa izaten ari dela. Geroz eta baliabide gehiago (batez ere, hardware mailan) erabiltzen dituzte gure irakasleek. Baina, ez da sumatzen oraindik, irakaskuntzaren teoria berrien ildotik, aldaketa metodologikoen beharrik. Lehen aipatzen nuen bezala, eguneroko inertzian eroso sentitzen bagara eta gure emaitzak onak badira (gero ukituko dut atal hau ere) zergatik aldatu?
Irakasleok galdetu al diogu noizbait gure buruari zein jarrera izango genuke, mailako lankide batek, bat-batean blogak, wikiak, Skypecast-ak eta webquest-ak erabiltzea erabakiko balu bere ikasleekin fisikako gaia jorratzerakoan, adibidez? Eta gehiago oraindik; eta gainera, ohiko azterketa tradizionalari gaur egun ematen zaion garrantzia murriztuz, tresna hauen erabileran oinarriturik jarrerazko edo prozedurazko helburuak aintzat hartuz, bere ikasleen ebaluazioa egingo balu?
Ziur nago zalantza ugari sortuko liratekeela klaustroko kideen artean. Zalantzak ikasle horien formazio akademikoari buruz, noski: “ondo prestatuta joango al dira gure ikasleak fisikan horrelako “inbentuekin” ari badira?” Nonbait irakaskuntza eta ebaluzio sistema tradizionaletatik irteten garenean badirudi, ohiko helburuak lortzea arriskuan ikusten ditugula edo.
Gehiago oraindik. Jo dezagun, guraso batek bilera batean, bere semeak fisikako gaian egiten duen lanketa dela eta, bere kezkak adierazten dizkiola mailako tutoreari. Ez didazue ukatuko, zaila egingo zaiola tutoreari, horrelako baliabideak zer eta zertarako diren jakin gabe, irakasle horren lana justifikatzea gurasoaren aurrean. Ala bai?
Ikasleekin bezala, irakasleekin ere denbora bat beharko da, aldaketa hauek asimilatzen joateko; metodo berriekin ere helburu berdinak lor daitezkeela, ikasleek edukiak barneratzeaz gain balio erantsi handi bat eramango dutela beraiekin unibertsitatera… baina, tira, une hau heldu arte nor ausartzen da horrelakoekin?
Jarraitu irakurtzen: 1 2 3 4 5 6

zabaldu.com(e)k zera dio:
IKTen integrazioa batxilergoan
Jolaus-en irakurri beharreko (bai, beharreko) artikulua, bigarren hezkuntzan bazabiltzate behintzat (eta bestela be).
8 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.xa2(e)k zera dio:
Puff!!!
9 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.Zorionak, kriston artikulua…
Orain digestioa egin eta ….
Pello Aranburu(e)k zera dio:
Oso artikulu interesgarria iruditzen zait. IKTak eskolan sartzeko dituen arazoetako bat ondo jorratzen duelako.
Zati guztien artean klaustroaren ikuspegia jorratzen duena sentitu dut hurbilen: irakasle asko ezagutzen dut urruti xamar dagoena IKTetatik, eta gutxi hortik tiraka aritzeko. Neroni ere bide horretan abiatu ez banaiz horregatik da.
Hala eta guztiz hori dela bidea uste dut.
Pello Aranburu
13 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.Sergio Monge(e)k zera dio:
Erabat ados zure hausnarketa ia guztiekin. Hiruzpalau urte eman ditut IKT integrazioari buruzko arazoak aztertzen nire tesia idazteko (ia bukatuta daukat) eta aipatzen dituzun kezkak dira niri agertu zaizkidan berberak: Selektibitatearen eragina, irakasleen arteko kanpixtasuna, hezkuntza eredua aldatzeko zailtasunak, gurasoen sinesgaitazuna, etabar.
Gure hezkuntza ereduak aldaketa behar dut IKTk modu nauralean onar ditzan. Aldaketa hori ez da berehala helduko (ia oraindik batzuek ez dute susmatzen aldaketaren beharra). Heldu orduko zu bezalako aztertzaileek eta berritzaileek bidea, dagoeneko irekita, erakutsiko diguzue.
Lan ona egiten ari zara. Zu eta beste IKTeroak. Eutsi.
2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.jolaus(e)k zera dio:
Artikuluan azaltzen ditudan egoerak nik pertsonalki bizi ditudanak izan arren, zuen iruzkinen arabera (eta nire inguruan ikusten ditudanaren arabera ere) garbi dago oztopo errealak ditugula, teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailetan oinarriturik, bide berriak urratzerakoan. Horregatik iruditzen zait inoiz baina justifikazio handiagoa daukala eskoletan IKT dinamizatzaile edo/eta IKT talde baten presentziak. Une honetan pedagogia mailan oso baliagarriak izan daitezkeen tresnak ditugu, hortxe muturraren aurrean, era sinplean kudeatu daitezkeenak eta gainera dohainekoak direnak: gaur egun, adibidez, gure ikasleen ebaluazioa egiteko tresna asko ditugu, ohiko azterketaren beharra kolokan jar ditzaketenak. Hauek curriculumean txertatu eta, era berean, hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiei hauen baliagarritasunaz ohartaraziko dien irakasleak behar ditugu.
Profil honetako irakasleak ez dituzten eskolek identifika ditzatela, lehenbailehen, eginkizun hori bete dezaketen irakasleak. Eta dinamizazio lan hori beteko duen irakaslea/ak hautatuta dituztenek, birplanteatu ditzatela berriro ere zeintzuk izan behar diren beraien eginkizun eta betebeharrak: ezin da onartu, inondik inora, dinamizatzaile bat ikastolako informatikako teknikaria bihurtzea, administrazio mailako aplikazioen ardura izatea eta, are gutxiago oraindik, ordenadoreak konpontzen dituen arduraduna izatea. Eginkizunak era egokian zehaztu ezean, eskola horrek besteekiko “eten digitala” pairatzeko arriskua izan dezake.
Badakit ez dela erraza. Egia esan gure ikastolaren egoera (eta nirea pertsonalki) nahiko pribilegiatua da. Nire ikastolako zuzendaritza taldearen babesa daukat, nire eginkizunak betetzeko behar heineko laguntza daukat (bai ordutegi aldetik baita nire lankideek egiten duten lanaren aldetik), gure proiektuak garatzerakoan behar ditugun baliabide materialak lortzeko diru laguntza handiak jasotzen ditugu Foru Aldundiaren aldetik (hau adibidez ez da gertatzen beste herrialdeetako Foru Aldundietan), batxilergoko lehenengo mailan bi orduko hautazko bat daukat nire ikasleak interneteko baliabide berrietan trebatzeko aukera izan dezaten,… Gurea eta beste hainbeste ikastolen errealitatea beste guztietara estrapolatu daitezkeela sinesten dugulako ari gara lanean.
2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.