- Ikasleen etorkizuna: nola hobetu gure lana jarraipenik egiten ez badiegu?
Ez da beharrezko esatea, gure ikasleen etorkizunak kezkatzen gaituela eta unibertsitatean topatuko dutenaren aurrean eroso moldatzeko, prestaketa akademiko egokia eskaintzea izaten dela gure helburu nagusia. Hautaprobak gainditu ondoren ikasle hauek gurekiko duten harremana bukatuko dute eta une honetatik aurrera ikasle “ohiak” izatera pasako dira.
Beste lanbideetan, ekoiztutako produktuaren jarraipena egitea izugarrizko garrantzia duen zerbait da. Lantegi batean sortutako torlojuak, adibidez, behin lantegia utzi ondoren zein jokabide azaltzen duten jakitea izugarrizko garrantzia dauka torloju horien diseinu eta produkzio prozesuetan hobekuntzak txertatzerakoan. Torlojuak kalitatezkoak izatea nahi badugu ezinbestekoa da jarraipen hau egitea.
Orokorrean, irakaskuntza munduan horrelakorik ez dugu egiten oraindik. Egia da, han-hemenka ikasle jakin batzuen jarraipena egiteko aukera izaten dugula baina era sistematiko batean egitetik oso urruti gabiltza oraindik. Honen inguruan, Jose Ramon Flechak horrelako zerbait zioen aspaldi:
“irakaskuntza metodo berrien inguruan dugun ezjakintasunak sortzen digun beldurra dela eta, une honetan jarraitzen dugun bidearen egokitasuna justifikatzea eramaten gaitu, nahiz eta gaur egun burutzen dugun lana arrakastatsua ote den jakin ez”
Horrela, gure ikasleen “etorkizuna” aitzakiatzat harturik, gaur egun erabiltzen ditugun metodologiak ez ditugu aldatu azken 30 urte hauetan baina gure eskuetatik pasatzen diren ikasleen profila izugarri aldatu da (batez ere, LOGSEa abian jarri zenetik). Ez al genuke bide berriak urratu behar izango ikasle “berriak” ditugun neurrian? Arestian aipatutako bide berri hauen bitartez, gure ikasleek jaso beharreko edukien barneratzea bermatuta egonik, etorkizunean eurentzat baliagarriak izango diren hainbat gaitasun lortzen ere lagunduko lieke. Gertatzen dena da, ez dakigula nola moldatzen gure gazteak bai unibertsitatean baita lan munduan ere. Informazio hau eskuragarri izango bagenu, ziur nago gure jokabidea ikasleekin dezente aldatuko litzakeela.
Gure ikastolan, jada, atal honek duen garrantziaz ohartu gara eta bideak urratzen ari gara, gure ikasleek ikastolatik kanpo izango duten bizitza akademikoaren jarraipena egiteko. Ziur gaude jarraipen honetatik jasotako emaitzak lagungarriak izango direla gure eguneroko lanean hobetzeko. Eta ni pertsonalki ziur nago, jarraipen honen ondorioz, bestelako lanketa mota baten beharraz jabetuko garela. Baina, zer egin emaitza hauek jasotzen ditugun bitartean?
Jarraitu irakurtzen: 1 2 3 4 5 6

zabaldu.com(e)k zera dio:
IKTen integrazioa batxilergoan
Jolaus-en irakurri beharreko (bai, beharreko) artikulua, bigarren hezkuntzan bazabiltzate behintzat (eta bestela be).
xa2(e)k zera dio:
Puff!!!
Zorionak, kriston artikulua…
Orain digestioa egin eta ….
Pello Aranburu(e)k zera dio:
Oso artikulu interesgarria iruditzen zait. IKTak eskolan sartzeko dituen arazoetako bat ondo jorratzen duelako.
Zati guztien artean klaustroaren ikuspegia jorratzen duena sentitu dut hurbilen: irakasle asko ezagutzen dut urruti xamar dagoena IKTetatik, eta gutxi hortik tiraka aritzeko. Neroni ere bide horretan abiatu ez banaiz horregatik da.
Hala eta guztiz hori dela bidea uste dut.
Pello Aranburu
Sergio Monge(e)k zera dio:
Erabat ados zure hausnarketa ia guztiekin. Hiruzpalau urte eman ditut IKT integrazioari buruzko arazoak aztertzen nire tesia idazteko (ia bukatuta daukat) eta aipatzen dituzun kezkak dira niri agertu zaizkidan berberak: Selektibitatearen eragina, irakasleen arteko kanpixtasuna, hezkuntza eredua aldatzeko zailtasunak, gurasoen sinesgaitazuna, etabar.
Gure hezkuntza ereduak aldaketa behar dut IKTk modu nauralean onar ditzan. Aldaketa hori ez da berehala helduko (ia oraindik batzuek ez dute susmatzen aldaketaren beharra). Heldu orduko zu bezalako aztertzaileek eta berritzaileek bidea, dagoeneko irekita, erakutsiko diguzue.
Lan ona egiten ari zara. Zu eta beste IKTeroak. Eutsi.
jolaus(e)k zera dio:
Artikuluan azaltzen ditudan egoerak nik pertsonalki bizi ditudanak izan arren, zuen iruzkinen arabera (eta nire inguruan ikusten ditudanaren arabera ere) garbi dago oztopo errealak ditugula, teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailetan oinarriturik, bide berriak urratzerakoan. Horregatik iruditzen zait inoiz baina justifikazio handiagoa daukala eskoletan IKT dinamizatzaile edo/eta IKT talde baten presentziak. Une honetan pedagogia mailan oso baliagarriak izan daitezkeen tresnak ditugu, hortxe muturraren aurrean, era sinplean kudeatu daitezkeenak eta gainera dohainekoak direnak: gaur egun, adibidez, gure ikasleen ebaluazioa egiteko tresna asko ditugu, ohiko azterketaren beharra kolokan jar ditzaketenak. Hauek curriculumean txertatu eta, era berean, hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiei hauen baliagarritasunaz ohartaraziko dien irakasleak behar ditugu.
Profil honetako irakasleak ez dituzten eskolek identifika ditzatela, lehenbailehen, eginkizun hori bete dezaketen irakasleak. Eta dinamizazio lan hori beteko duen irakaslea/ak hautatuta dituztenek, birplanteatu ditzatela berriro ere zeintzuk izan behar diren beraien eginkizun eta betebeharrak: ezin da onartu, inondik inora, dinamizatzaile bat ikastolako informatikako teknikaria bihurtzea, administrazio mailako aplikazioen ardura izatea eta, are gutxiago oraindik, ordenadoreak konpontzen dituen arduraduna izatea. Eginkizunak era egokian zehaztu ezean, eskola horrek besteekiko “eten digitala” pairatzeko arriskua izan dezake.
Badakit ez dela erraza. Egia esan gure ikastolaren egoera (eta nirea pertsonalki) nahiko pribilegiatua da. Nire ikastolako zuzendaritza taldearen babesa daukat, nire eginkizunak betetzeko behar heineko laguntza daukat (bai ordutegi aldetik baita nire lankideek egiten duten lanaren aldetik), gure proiektuak garatzerakoan behar ditugun baliabide materialak lortzeko diru laguntza handiak jasotzen ditugu Foru Aldundiaren aldetik (hau adibidez ez da gertatzen beste herrialdeetako Foru Aldundietan), batxilergoko lehenengo mailan bi orduko hautazko bat daukat nire ikasleak interneteko baliabide berrietan trebatzeko aukera izan dezaten,… Gurea eta beste hainbeste ikastolen errealitatea beste guztietara estrapolatu daitezkeela sinesten dugulako ari gara lanean.