- Gurasoen espektatibak: metodologia berritzaileen inplementazioarekin bat al datoz?
Gure ikastolan, batxilergoan matrikulatzen diren ikasleen gehiengoa (kasu askotan %100a izaten da) unibertsitatera joateko asmoa du ikasketak amaitu ondoren. Gurasoei galdetzen zaienean ea zergatik aukeratzen dute gure ikastola euren seme-alabek batxilergoko ikasketak bertan burutzeko, erantzun ohikoenak “ikasleek lortzen duten maila akademikoa”, “exijentzia maila”… eta horrelakoak izaten dira.
Irudipena daukat gure gurasoen espektatibak ere ez ote doazen, batez ere, edukietan oinarritutako formazio akademikoaren ildotik, alegia, ez ote duten oso ikuspegi akademizista beraien seme-alaben formazioaren inguruan.
Jo dezagun 17-18 urteko ikasle hauen ebaluazioa burutzerakoan, helburu didaktikoen lorpenari %70a dagokiola eta gelditzen dena jarrerazko eta prozedurazko arloen arabera ebaluatzen dela, aurreko atalean aipatuta dudanaren arabera. Ziur nago berehala sortuko liratekeela kezkak guraso askoren aldetik. Ez daukat oso garbi onartuko ote luketen edukietatik at bestelako baloraziorik: taldean lan egiten jakitea, lidergorako kapazitatea, era autonomoan lan egitea, hausnarketarako gaitasuna,… zer balorazio ematen zaie gurasoen aldetik maila hauetan? (seme-alabak batxilergoan izan eta unibertsitaterako bidea hartu nahi dutenen gurasoetaz ari naiz soilik)
Horrelakoetaz hitz egiten dugunean gure artean, askotan nire esperientzia pertsonala bera azaltzen dut : formazioz farmazialaria izanik, egoera berri mordo batera egokitu beharrean aurkitu naiz; kontzeptuak barneratzen pasa nituen bost urte luze horien ondoren, hauek alde batera utzi, eta esperientzia berriei aurre eginez, nire bidea egitea suertatu zait. Gaur egungo gizarte modernoan, lanpostu eta eginkizun desberdinetara egokitzeko gaitasuna izatea oso garrantzitsua dela iruditzen zait eta gure helburua da ere, metodo berriak urratuz, gaitasun hauek gure ikasleekin ere lantzea.
Horretarako betiko irakasle (igorle) – ikasle (hartzaile) komunikazio harremanarekin apurtu behar dugula sinesten dut; irakasle tradizionalaren rola aldatu behar dugu eta egoera berrietara (I eta II) egokitu gure eginkizuna. Ohiko irakasle-ikasle harremana bizi izan duen guraso batentzat teoria berri hauek nahiko arrotzak direla iruditzen zait. Hau da, adibidez, gurasoek gure “exijentzia maila” altua aipatzen dutenean ulertzen dudana.
Jarraitu irakurtzen: 1 2 3 4 5 6

zabaldu.com(e)k zera dio:
IKTen integrazioa batxilergoan
Jolaus-en irakurri beharreko (bai, beharreko) artikulua, bigarren hezkuntzan bazabiltzate behintzat (eta bestela be).
xa2(e)k zera dio:
Puff!!!
Zorionak, kriston artikulua…
Orain digestioa egin eta ….
Pello Aranburu(e)k zera dio:
Oso artikulu interesgarria iruditzen zait. IKTak eskolan sartzeko dituen arazoetako bat ondo jorratzen duelako.
Zati guztien artean klaustroaren ikuspegia jorratzen duena sentitu dut hurbilen: irakasle asko ezagutzen dut urruti xamar dagoena IKTetatik, eta gutxi hortik tiraka aritzeko. Neroni ere bide horretan abiatu ez banaiz horregatik da.
Hala eta guztiz hori dela bidea uste dut.
Pello Aranburu
Sergio Monge(e)k zera dio:
Erabat ados zure hausnarketa ia guztiekin. Hiruzpalau urte eman ditut IKT integrazioari buruzko arazoak aztertzen nire tesia idazteko (ia bukatuta daukat) eta aipatzen dituzun kezkak dira niri agertu zaizkidan berberak: Selektibitatearen eragina, irakasleen arteko kanpixtasuna, hezkuntza eredua aldatzeko zailtasunak, gurasoen sinesgaitazuna, etabar.
Gure hezkuntza ereduak aldaketa behar dut IKTk modu nauralean onar ditzan. Aldaketa hori ez da berehala helduko (ia oraindik batzuek ez dute susmatzen aldaketaren beharra). Heldu orduko zu bezalako aztertzaileek eta berritzaileek bidea, dagoeneko irekita, erakutsiko diguzue.
Lan ona egiten ari zara. Zu eta beste IKTeroak. Eutsi.
jolaus(e)k zera dio:
Artikuluan azaltzen ditudan egoerak nik pertsonalki bizi ditudanak izan arren, zuen iruzkinen arabera (eta nire inguruan ikusten ditudanaren arabera ere) garbi dago oztopo errealak ditugula, teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailetan oinarriturik, bide berriak urratzerakoan. Horregatik iruditzen zait inoiz baina justifikazio handiagoa daukala eskoletan IKT dinamizatzaile edo/eta IKT talde baten presentziak. Une honetan pedagogia mailan oso baliagarriak izan daitezkeen tresnak ditugu, hortxe muturraren aurrean, era sinplean kudeatu daitezkeenak eta gainera dohainekoak direnak: gaur egun, adibidez, gure ikasleen ebaluazioa egiteko tresna asko ditugu, ohiko azterketaren beharra kolokan jar ditzaketenak. Hauek curriculumean txertatu eta, era berean, hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiei hauen baliagarritasunaz ohartaraziko dien irakasleak behar ditugu.
Profil honetako irakasleak ez dituzten eskolek identifika ditzatela, lehenbailehen, eginkizun hori bete dezaketen irakasleak. Eta dinamizazio lan hori beteko duen irakaslea/ak hautatuta dituztenek, birplanteatu ditzatela berriro ere zeintzuk izan behar diren beraien eginkizun eta betebeharrak: ezin da onartu, inondik inora, dinamizatzaile bat ikastolako informatikako teknikaria bihurtzea, administrazio mailako aplikazioen ardura izatea eta, are gutxiago oraindik, ordenadoreak konpontzen dituen arduraduna izatea. Eginkizunak era egokian zehaztu ezean, eskola horrek besteekiko “eten digitala” pairatzeko arriskua izan dezake.
Badakit ez dela erraza. Egia esan gure ikastolaren egoera (eta nirea pertsonalki) nahiko pribilegiatua da. Nire ikastolako zuzendaritza taldearen babesa daukat, nire eginkizunak betetzeko behar heineko laguntza daukat (bai ordutegi aldetik baita nire lankideek egiten duten lanaren aldetik), gure proiektuak garatzerakoan behar ditugun baliabide materialak lortzeko diru laguntza handiak jasotzen ditugu Foru Aldundiaren aldetik (hau adibidez ez da gertatzen beste herrialdeetako Foru Aldundietan), batxilergoko lehenengo mailan bi orduko hautazko bat daukat nire ikasleak interneteko baliabide berrietan trebatzeko aukera izan dezaten,… Gurea eta beste hainbeste ikastolen errealitatea beste guztietara estrapolatu daitezkeela sinesten dugulako ari gara lanean.