A A
RSS


Google Apps For Your Domain: posta kontuak gure ikasleentzako

googleappsGure ikasleei korreo kontu bana eskaintzea aspalditik dugun beharretako bat da. Luze aritu gara posta elektroniko kontuak kudeatzeko dauden zerbitzu desberdinak baloratzen eta ez da batere erraza izan hauen artean gure beharretara ondoen egokitzen dena aukeratzea. Aukeretako bat gure zerbitzarietako batean dugun Microsoft Exchange korreo zerbitzaria erabiltzea zen. Irakasleon kontuak honen bitartez kudeatzen dugun arren, ez genuen oso garbi sistemarik egokiena ote zen ikasleen posta kudeatzeko. Ikasle gehienek postaren erabilera egokia egiten duten arren, denok dakigu hauetako batzuen postontziek, kasu askotan, “erloju bonben” antzera, edozein momentutan jarri dezaketela konpromezuan gure sarearen segurtasuna. Hori dela eta, errezelo asko genituen sistema honekin.

Beste aukeretako bat, web bitarteko zerbitzuak erabiltzea zen. Hauen kasuan ere kontrako aldagaiak aldekoak baina gehiago ziren: posta helbide arrotzak, taldeak kudeatzeko arazoak, segurtasun eskasa…Aukera hau ere baztertzearen aldekoak ginen. Dena den, talde txikietan erabiltzeko (kontu asko sortu behar ez den kasuetan, behintzat) GMailen aldeko apustua egin genuen. Seik, adibidez, batxilergoko hiru taldeetako ikasle bakoitzarentzat GMaileko kontu bana sortuta zuen jada ikasturte honen hasierarako.

Horretan geundela abuztuaren 28an, oporretatik bueltan, Googlek “Google Apps for your Domain” kaleratu behar duela adierazten du bere blogean. Googleeko beste hainbat zerbitzuekin gertatzen ohi den bezala, hau ere beta fasean egonik, zerbitzua probatzeko beharrezkoa zen gonbidapena jasotzea Googleekoengandik. Egoera ikusirik, Magicek ziztu batean bidali zien Googleeko kideei mezu bat gonbidapen bat eskatuz. Egun gutxi batzuren ostean, hortxe genituen 100 posta kontu berri konfiguratzeko moduan.

Egun batzuk zerbitzuaren muina zein zen ikasten egon ondoren, ikasleen kontuak sortzeari ekin genion. Lehenengo urratsa zera zen: Googlek zituen posta zerbitzariak gure domeinuarekin harremanetan jartzea. Zer esan nahi duen honek? Labur esanda, Googlek eskainitako posta helbideak izena@gmail.com motatakoak izan ordez izena@jakintza.net (gure kasuan) helbidea izatea. Horretarako nahikoa da domeinua erregistratuta duzun webgunera joatea eta, orri honetan adierazten den bezala, MX erregistro berri batzuk sortzea. Gure kasuan, jakintza.net domeinua Domitecaren bitartez erregistratu genuenez bertara joan eta esandako aldaketak egin behar izan genituen. Hasieran konplikazio txiki batzuk izan arren, bertako zerbitzu teknikoak ziztu batean konpondu zigun arazoa.

Egun batetik bestera, jakintza.net izenean 100 posta elektroniko kontu berri sortzeko aukera genuen. Esan eta egin, gure batxilergoko ikasleentzako korreo kontuak sortzeari ekin genion. Kontu kopuru handia sortu behar denez, aukera dago, “Bulk Account Update” izeneko zerbitzua erabiliz, kontuak taldeka sortzeko. Horretarako nahiko da CSV fitxategi bat sortzea ikasleen datu hauekin: username, first name, last name eta password. Zerrenda hau igo ondoren sistemak sortzen ditu ikasle guztien korreo kontuak une batean (hori bai, kontu pixka bat eduki behar da pasahitzarekin: honek zehazki sei karaktere bakarrik izan behar ditu). Era honetan di-da batean sortu ditugu batxilergoko ikasle guztientzat posta kontu bana.

Astebete daramagu zerbitzu hau erabiltzen eta esan beharra dago primeran dabilela. Gure ikasleek posta kontua izateaz gain, egutegi propioa dute eta GTalk izeneko txata ere. Hona hemen hauen ezaugarri nagusienak:

  • Posta kontua GMaileko beste edozein kontu batek dituen ezaugarri berdinak ditu: 2 Gbeko edukiera (halere, Gmailek zertxobait gehiago eskaintzen du), SPAMaren aurkako sistema eraginkorra (oso inportantea ikasleen kasuan), POP3 korreoa konfiguratzeko aukera, mugikorrean korreoa jasotzeko aukera… Nire iritziz, zerbitzu honekin merkatuan dagoen posta elektroniko zerbitzu hoberena erabiltzeko aukera eskaintzen diegu gure ikasleei. Bestalde, posta zerrendak sortzeko aukera ere ematen du. Gure kasuan zerrenda desberdinak sortu ditugu: gela bakoitzeko bat, hautazko desberdin bakoitzarentzat beste bat, zientzietako eta letretako bi taldeentzat beste bi…
  • Ikasle bakoitzak GMaileko kontu bat izateaz gain egutegi pertsonala ere badu. Bertan, norberak bere erregistro pertsonalak jasotzeko aukera du. Irakasleontzat bereziki garrantzitsua den aukera bat egutegiaren partekatzearena da. Nire kasuan Fisikako egutegi berezi bat sortu dut nire kontuan eta ondoren maila bakoitzeko ikasleekin partekatu dut. Nire ikasle bakoitzak egutegia partekatzeko gonbidapena jasotzen du. Onartu ondoren, nire Fisikako egutegian gertaera bat ipintzen dudan bakoitzean, hau automatikoki nire ikasleen egutegian agertzen da, eurek ezer berezirik egin gabe. Beste ikasgaietako irakasleek ere euren egutegiak partekatu ondoren, maila bakoitzeko ikasle bakoitzak eskola egutegi propioa izango du, bertan ikasturtean zehar izango dituen gertaeren, eginkizunen, ekimenen.. berri jasoko duelarik. Eta garrantzitsuena dena: hauek denak erregistraturik geratuko dira (zalantzak eta gaizki-ulertuak egon ez daitezen gero).
  • “Google Apps for your Domain”ek eskaintzen duen hirugarren zerbitzua GTalk da. Postaren kudeatzailean bertan agertzen den txat zerbitzu honen bitartez aukera daukagu gure ikasleekin harremanetan jartzeko denbora errealean. Gainera, ahots bitarteko komunikazioa, fitxategiak ziztu batean bidaltzeko aukera… beste erabilgarritasun interesgarriak dira ere.

Zerbitzuaren erabilgarritasuna nolakoa den ikusirik ondorengo erabakia hartu dugu Jakintza ikastolan: gure ikasleak Lehen Hezkuntzako Lehen Mailara heltzen diren unean, ikastolako sarean sartu ahal izateko kontu pertsonala izango dute, norberak bere karpeta pertsonala izango duelarik. Era berean, Googleen zerbitzu honetan oinarriturik, posta kontu pertsonala ere izango du. Datu hauek ikasle bakoitzaren fitxa pertsonalean gordeta geratuko dira 6 urtetik 18 urte bitartera.

Baina nola eraman aurrera hau guztia Googlek 100 kontu bakarrik eskaini baldin badizkigu? Gaur goizean (goizeko hamaikak inguru izango ziren) mezu bat bidali diet “Google Team”-ekoei 700 kontu gehiago eskatuz (bai badakit askotxo direla baina eskatzea librea da, ezta? ;-) ). Hara non nire sorpresa, gaur arratsaldeko bostetan (hau da, sei ordu besterik ez dira igaro!) Matthewk (Google Teameko kide batek) eskatutako 700 kontuak operatiboak ditudala erantzun didanean. Eta horrelaxe da!!! Badaukat lana datozen egunetarako!!!

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2006/09/18/google-apps-for-your-domain/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Google Apps For Your Domain: posta kontuak gure ikasleentzako”

  1. Gravatar Image

    xa2(e)k zera dio:

    Ni ikastolako irakasleentzako erabiltzen nabil eta, oraingoz, oso ondo dabil. Maiatza inguruan eskatu eta ekainaren bukaerarako eman zidaten.
    Arazo bat badauka:
    Ondo konfiguratzeko mail zerbitzariaren helbidea google-ko zerbitzarietara bideratu behar da, beraz sortzen dituzun kontuak erabiltzailea@neredominioa.net badira, horrelakoak diren denak google-eko zerbitzarietara bideratu behar dituzu, ezin duzu batzuk (irakasleenak adibidez) mail zerbitzari batera eta beste batzuk (ikasleenak) beste zerbitzari batera bidali.
    Zerbitzari desberdinak erabiltzeko dominio izen desberdinak erabili behar dira (MX konfigurazio desberdinak erabili ahal izateko) eta google-ek dominio horiek zeureak direla egiaztatzea eskaketan dizu (hau da, ezin da dominio fiktizio bat izan).

    13 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  2. zabaldu.com(e)k zera dio:

    E-postak ikasleentzat

    Ordiziako Jakintza ikastolakoek Google Apps erabili dute ikasle bakoitzari (800 bat, guztira) e-posta helbidea sortzeko, gmail-en ezaugarriak erabiliz baina jakintza.net domeinua galdu gabe. Eta esperientzia kontatzen dute blogean.

    14 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  3. Gravatar Image

    Galder(e)k zera dio:

    Ni ere nire domeinurako erabiltzen hasia naiz, eta oso pozik nago. Pozten naiz ikastoletan ere blogak eta IKT-ak sustatzen direla jakinda. Zorionak!

    15 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  4. Gravatar Image

    3ARRANO(e)k zera dio:

    Eta GMail euskaraz edukitzea lortu duzue?

    16 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  5. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    Aukerarik al dago, ba, GMail euskaraz erabiltzeko? Kontuaren konfigurazio atalean, zerrendan agertzen diren hizkuntzen artean ez dut euskara topatu. Aspaldi irakurri nuen GMail euskaratzeko ekimena martxan zela baina harrez gero ez dut ezer gehiagorik jakin. Honen inguruan berririk bai?

    17 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  6. Gravatar Image

    3ARRANO(e)k zera dio:

    Ez, Googlek ez du uzten… baina pentsatu dut agian “Google Apps” delako horrekin aukera egongo zela. Hori da duen pega. Bestela, GMail da sareko posta bezerorik onena nire ustez.

    21 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  7. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Jolaus, zergatik ez diozu zure lagun Matthewri euskaratzearena galdetzen? Agian, 3ARRANOk dioen bezala, “Google Apps” horrekin aukera badago… Hala bada, nire ikasleak eta ni euskaratzeko prest (ez gara itzultzaile profesionalak baina, tira, saiatuko ginateke). Niri ere Gmail izugarri gustatzen zait!

    1 day igaro dira mezua idatzi zenetik.
  8. Gravatar Image

    PePe(e)k zera dio:

    Interesgarria iruditzen zait bai, batez ere, ikasleak txikitatik hasi daitezen teknologia berriak erabiltzen. Ala ere, google geimirestua erabiltzeak nik uste baduela bere kontrakorik. Erabiltzaile hauek jasotzen dituzen posta guztien ikerketa komertziala egingo zaie, eta ondorioz, eztakit zenbateraino gordeko den ikasle hauen pribazitasuna… norbaitek EULA irakurri du?

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  9. Gravatar Image

    magic(e)k zera dio:

    Ez dakit zer esan nahiko duzun ikerketa komertziala aipatzen duzunean. Akaso, ezberdina al da Hotmail, Yahoo, Euskalnet… korreo zerbitzuekin gertatzen dena? Alde handia badakit non dagoen, Gmail korreoaren kalitatean, hain zuzen ere.
    Nik uste dut, gaur egun, pribazitatea amets bat bihurtu dela sareko zerbitzuak erabiltzen ditugunontzat, baina alternatiba ezer ez erabiltzea bada, nahiago dut “arrisku” horrekin jarraitzea.

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  10. Gravatar Image

    Lanin(e)k zera dio:

    Gmail-en “ikerketa komertziala” mezuen testua aztertu eta aurkitutako hitzei dagokien publizitatea pantailaratzean datza.

    Bilatzailearekin ere gauza bera egiten dute, bilaketa bat egin ondoren agertzen den publizitatea bilatutakoaren inguruan izaten da, eta ez ausazkoa.

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  11. Gravatar Image

    PePe(e)k zera dio:

    Magic: Nik uste pribazitatea eztela utopia bat, edo behintzat, eskolen mailan lortu daitekeela. Nola?, jarri zerbitzu propioa adibidez.

    Lanin: Bai, egia da agertzen diren gauzak eztirela ausazkoak, baina, umeen testuen ikerketaren ondorioz publizitatea eskaintzea…

    Baina beno, egia esan beharra daukat, nire kruzada pertsonala planteatzen hari naizela google-en aurka adibidez; gero eta handiagoa da, gero eta boteretsuagoa, eta gu egurra besterik ez gabiltza botatzen noizbait erreko gaituen sura.

    Alternatiboa, 2.0, soziala, c00l, kalitatea eta nahi dugun guztia, baño, zeren truke?

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  12. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    PePe: Gure ikastolan benetan utopia bat dena momentu honetan fundamentuzko posta zerbitzu propio bat jartzea da. Ez dauzkagu xoxik behar bezala antolatutako DMZ bat ipintzeko; gure ikasle, guraso eta irakasleen kanpotiko sarrerak kalitate minimo batekin bermatuko duen ADSL (edo bestelako) konexio bat kontratatzeko eta, Sort-eko Bruxari esker loterian irabazitako guztia aurrekoa lortzeko gastatuko bagenu ere, horrelako azpiegitura bat teknikoki mantentzeko giza baliabiderik ere ez.

    Beraz, gaur egun, 2006ko irailean, gure ikasleei zerbitzu hori eskaini nahi badiegu (ezagutu eta maneiatu behar duten tresna bat izan behar dela, zalantza izpirik ez daukat) kalitate minimo batekin egin dugun aukera egokiena dela ziur nago. Tira, ez dela perfektua, ados. Agian sei hilabete barru zerbitzu hobeagorik izango dela, ados. Baina, gaur egun ez dut aukera hobeagorik ezagutzen.

    Lanin/PePe: Nire semea goizean esnatu eta gosaldu ondoren marrazki bizidunak ikusten ditu ikastolara joan aurretik. Kaletik doala mota guztietako kartelak ikusi ondoren eskolako autobusera igo (autobusa bera iragarki handi bat da, noski!) eta ikastolara heltzen da. Atsedenean, bere sagarra jaten duen bitartean, inguruko lagun batek gusanitoak eskaintzen dizkio, beste batek patatak, beste batek Oreoak, batek ea nola ez dituen erosi oraindik futbolisten kromoak… (hori bai dela publizitatea eh!!). Bazkaltzeko orduan egunkaria hartu (80 orrialdetik erdiak, publizitatea), eta gero bere gustuko aldizkaritxo batzuk ere irakurtzen ditu (eurentzat espreski zuzendutako iragarkiak dituztenak, noski). Arratsaldean, Betizuren txanda: zer kontatuko dizuet zuek jada ez dakizuena. Ondoren etxekolanak eta, jarraian nire portatila lapurtu eta :evil: interneten tartetxo bat: hotmaila, messengerra… Asteburuan zinera joan, futbol partidu bat ikustera joan… non ez dago publizitaterik!. Tira, zoritxarrez (ala zorionez :cool: ) gaur egungo gazteek mundu horretan murgilduta bizi dira eta bertan, zentzuz jokatzen erakutsi behar diegu denek, guraso eta irakasle. Noski, euren korreo zentzuz erabiltzen ere bai (Ongi pentsatuta, uste dut gai polita planteatu didazuela nire ikasleekin eztabaidatxo bat edukitzeko) :wink:

    3 days igaro dira mezua idatzi zenetik.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo