A A
RSS


Netquiz pro, diktaketak ordenagailu bidez

Duela hilabete batzuk eke.org gunean Hitzaditza diktaketa kulturalaren berri izan nuen. Euskara idatzia arrunta bihurtu eta literaturaren gustua ematea zen egitasmo honen lehen xedea. Treba zaitez ondoko aldi baterako! zioten pixka bat beheraxeago. Ez agur eta ez adio, hantxe hasi nintzen eskaintzen zituzten hiru diktaketak egiten. Ideia izugarri gustatu zitzaidan nire ikasleekin aurrera eramateko. Ez bakarrik ortografia lantzeko, baita azaltzen diren pasarte horiek, liburuak eta autoreak ezagutzera emateko, teklatuan idazteko gaitasuna lantzeko, testuinguruaren laguntzaz hitzak asmatzeko eta hiztegi berria ezagutzeko ere, besteak beste. Eta hortxe hasi ziren nire buruhausteak…

Trebatzeko emandako adibideetan, aplikazioa Netquiz 3.0 sisteman oinarritzen zela ikusi nuen. Dohainekoa, zorionez! Berau jaitsi eta ahal nuen bezala (frantsesez zegoen) nire lehenengo diktaketak sortzen hasi nintzen. Kontua da Internet Explorerer egin zitezkeela, baina firefoxen ez zen audioa inondik inora azaltzen. Puntu horretan, eke.org-eko Jakesekin harremanetan jarri eta Uztaritzeko Lota jauregira joateko gonbitea luzatu zidan. Zer den informatikan iaioa izatea! HTMLn etiketa bat aldatu eta listo! Bertsio berria (Netquiz pro) atera berria zela eta beste hainbat jakingarri ere komentatu zidan. Mila esker, Jakes, harrera eta emandako azalpen guztiengatik!

Netquiz pro frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz dago. Ikasleekin euskaratzeko asmoa dut; dena den, dagoen bezala ere, badago bide bat ia dena euskaraz ipini ahal izateko. Aplikazioak 11 ariketa mota ezberdin sortzeko aukera eskaintzen du. Horietako batzuk nik beste aplikazioetan topatu ez ditudanak, gainera (diktaketak, tableroak, hutsuneak bete, atalak identifikatu…). Oso-oso interesgarria! Aplikazioa hemendik jaits dezakezue.

Ondorengo diktaketak sortzeko garaian, nire batxilergoko ikasleak eta EGA izan ditut bereziki kontuan; dena den, testuaren maila moldatuta, gure ikasle gaztetxoekin ortografia lantzeko era egokia izan daitekeela iruditzen zait. Orain artekoak eta egiten joango naizenak euskaljakintzako eskuineko zutabean ipiniko ditut ortografia diktaketen bidez hobetu nahi duen edonoren eskura (ariketak - ortografia). Jarraitu beharreko urratsak:

  • Liburuan edo ariketaren izenburuan klikatu diktaketa gunean sartzeko
  • Audioa abiarazi (quicktime beharrezkoa da) eta idatzi entzuten duzuna formularioan
  • Amaitzen duzunean, klikatu Zenbat huts? (gaizki idatzitako hitzak gorriz, jan dituzunak azpimarratuta eta soberan idatzitakoak kortxete artean azalduko zaizkizu)
  • Zuzenketa klikatuz, jatorrizko testua agertzen da
  • Berriz hasi aukera ere badago, diktaketa nahi duzun aldiz egin ahal izateko
  • Jarduera honek lau diktaketa ditu. Galdera? laukitxoan zenbakia idatziz, zuzenean diktaketa horretara joko duzu
  • Puntu edo komaren ondoren beti hutsunea utzi behar da.

Besterik gabe, hementxe duzu zure ortografia hobetzeko aukera. Ezetz zero akats lortu lehenengoan? :smile:

Pasaia Blues

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2006/09/24/netquiz-pro-diktaketak-ordenagailu-bidez/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Netquiz pro, diktaketak ordenagailu bidez”

  1. Gravatar Image

    magic(e)k zera dio:

    Oso interesgarria baliabide hau, baina erotu naiz egin behar zena asmatu arte. Tarte batean, abestiaren testua idatzi beharko nuela pentsatzera iritsi naiz. Zer edo zer jarri beharko luke ariketarekin hasi nahi duenarentzat.
    Portzierto, zer gertatzen da irakurleak hanka-sartze bat egiten duenean? Horrela ezinezkoa da akatsik gabe amaitzea. Jatorrizko testuan honela dio: “goiztiar aguretu zen…” eta irakurle fin horrek honela dio: “goiztiar aguretu den…” :???:

    2 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  2. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Ai, magic! Zu ezagututa, ziur nago nire azalpen guztiak irakurri gabe, zuzen-zuzenean diktaketa egitera jo duzula!!! Etxea teilatutik hasi duzu :smile: Lehenik eta behin, diktaketa gunean sartzeko, liburuan edo ariketaren izenburuan klikatu behar dela esan dut. Eta behin hor sartu zarela, orduan eman behar diozu audioari. Abestia edozer sar daitekeela ikusteko eta, bide batez, Anariren ahotsaz gozatzeko jarri dut (baina ez du diktaketarekin zerikusirik! Bestalde, testua sartzerakoan akatsen bat egin badut, barkatu. Kontuan izanda nire lehenengo diktaketa dela, edozer topa dezakezu eta! Dena den, saiatuko naiz hurrengorako hobetzen. Ez didazu esango akats hori bakarrik egin duzunik, ezta? :mrgreen:

    2 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  3. Gravatar Image

    Benito(e)k zera dio:

    Diktaketetarako ahozko testuak behar badira, HABEk Ikasbileko dokutekan hainbat dauzka jarrita, honetarako baliagarriak izan daitezkeenak. Puntuazioaren indikazioak faltako lirateke, baina soinu-editore sinple batekin erraza da gehitzea, edo testuaren abiadura jaistea ere bai. Grabatzen ez ibiltzearren edo geure abotsa entzuteak lotsa ematen badigu. Transkripzioa geuk egin behar izatea izan daiteke txarrena, baina idatzizko testuen grabaketak ere badaude, hau edo hau adibidez.
    Segi horrela lagunok, ea jende gehiago animatzen den zuen modura gauzak zabaltzen eta konpartitzen.

    4 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  4. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Bai, arrazoi osoa, Benito. Material mordoa dago Ikasbileko dokutekan horrelako jardueretarako erabilgarri (euskaljakintzan estekatuta daukat). Kasu zehatz honetan baina, ia-ia nahiago dut neronek ahotsa sartzea transkripzioa edo testu osoa eta puntuazioa pasatzen ibiltzea baino. Dena den, puntuazioa lantzeko ideien bila nabil eta hau bat izan daiteke! Zure blogean botatakoak ere oso interesgarriak iruditu zaizkit (pasartearen nondik norakoak laburki azaltzea…); halere, nire ikasleak nituen buruan pasarte hauek aukeratzerakoan eta denek irakurria zutenez Pasaia Blues,ez diot arlo horri garrantzi gehiegirik eman eta diktaketara jo dut zuzenean.

    Bestalde, Netquiz prok badu beste aukera interesgarri bat: bi ataltxo ditu diktaketa hasi aurretik edozer komentatzeko, idazteko, estekatzeko…Nik ez ditut erabili baina testua eta hiztegia arrotz egingo zaizkion bati kontzeptuak, testuingurua, egoerak, pertsonaiak… argitzeko guztiz baliagarria gerta dakizkioke!

    Mila esker eta laster arte! :smile:

    1 day igaro dira mezua idatzi zenetik.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo