Azkenaldi honetan, erabat murgilduta nago Moodle plataformaren ur sakonetan. Iaz gure Axularreko lagunei, besteak beste, e-learning edo plataforma birtual honek eskain dakizkigukeen mila aukerei buruz luze entzun ondoren, udan buru-belarri sartzea erabaki nuen. Gaia erabat interesgarria iruditzen zait gure irakasgaiak modu ezberdinez fokatzeko aukera ematen digun neurrian (ikasleen gorabeheren gertuko jarraipena, baliabide guztiak gelan nahiz etxean kudeatzeko eta erabiltzeko aukera aparta…). Moodle-ek orain arte sakabanatuta ezagutzen nituen hamaika tresna biltzen ditu: foroak, web orriak, blogak, wikiak, galdeketak, egutegiak, txatak, emaitza-kudeatzaileak…Aukera zabala ikus dezakezuen bezala (tresna guztiak, dena den, ez daude guztiz garatuak). Pixkanaka-pixkanaka hasia nago ikasleekin aukera ezberdinak probatzen; halere, erraietara heltzeko oraindik dezente gelditzen zaidanez, beste baterako utziko dut honen inguruko esperientziaren azalpena.
Gaurkoan, Moodle erabiliz EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) prestatzeko sortu dudan ikastaroaren berri eman nahi dut. Gure ikastolan, DBHO1 ikasturtean prestatzen ditugu ikasleak bereziki azterketa honetarako. Kontua da astean hiru ordu baino ez ditugula zeregin horretarako eta askotan, ikaslearen mailaren baitan, motz gelditzen garela hainbat beharrei erantzuteko (atariko proba, berridazketa, idatzizkoaren ulermena, ahozkoaren ulermena… denetarik gehiago egingo genuke baina ez dugu denborarik!)
Arazo honi irtenbide (mugatu) bat eman nahirik, hainbat material bildu eta sortu dugu atalez atal topatuko ditugun zailtasunei aurre egin ahal izateko. Ikastaroa nire ikasleek etxetik egin dezaten pentsatua da. Ez du inondik ere gure eguneroko jarduna ordezkatuko baina bai eskainiko die bakoitzak identifikatutako arazoetan gehiago sakontzeko aukera. Nik esaten diedan bezala: tarte bat duzuela, egizue atariko bat; beste bat duzuela, sinonimo batzuk landu, arau bat errepasatu….
Behin (erdi) prestatuta dagoela, denon eskura jartzea ondo legokeela pentsatu dut; eta, agian, EGA prestatzen edo euskara hobetu nahi duen norbaiti baliagarria suerta dakioke. Hauexek dira bertan topatuko dituzuen atalak:
- Aurkezpena: Zer da EGA, atal bakoitzaren azalpena, jakingarriak (datak, noten kontsulta), ohiko akatsak…
- Arauak lantzen: Euskaltzaindiaren arau garrantzitsuenak (DBHO 2ko ikasleekin prestatzen ari garen jarduerekin osatuko dugu atal hau hemendik gutxira). Helburua: arau bakoitzari bere jarduera ipintzea.
- Atarikoak: atariko proba lantzeko topatu dudan materialaren bilduma (zuzenketekin).
- Berridazketak: atal hau osatzear dago.
- Sinonimoak: orain arte ateratako sinonimoen hiztegitxoa eta iaz euskaljakintzan prestatutako jarduerak. Hiztegi ezberdinak.
- Ahozkoaren ulermena: entzun eta galdeketak egin (zuzenketekin)
- Idatzizkoaren ulermena: irakurri eta galdeketak egin (erantzunekin)
- Idazlana lantzeko atala: argudio testu bat nola idatzi, testu antolatzaileak, gomendioak, argi idazteko bideak, idatzi ereduak…
- Ahozkotasuna: azalpen bat emateko jarraitu beharreko pausoak, azalpenerako prestaketa taula, ahozko ekintza antolatua…
- Ortografia, puntuazioa eta hiztegi batua: puntuazioa (teoria), ortografia ariketak, hiztegi batua lantzeko ariketak, diktaketak…
- Gramatika arazoak (txosten eta gune interesgarriak): deklinabidea (taula), aditz guztiak, egunero sortzen zaizkigun zalantzak, letrakera lodia, siglak, laburdurak…
- Esamoldeak lantzen: hiztegitxoa (gaztelaniaz-euskaraz) eta iaz ikasleekin sortutako jarduerak
Ikastaroa ez dago amaitua; izan ere, jarduera gehiago sortzen goazen neurrian, berau eguneratzen joango baikara. Dena den, norbaitek material edo gune interesgarriren bat ezagutu (falta den atalen batean sartzeko edo dagoen bat osatzeko) eta gurekin partekatu nahi badu, iradokizun eta ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira.
Klikatu hementxe sartzeko eta bisitari gisa sartu aukera hautatu (euskaljakintzan ere topa dezakezue, eskuineko zutabean, EGA atalean, EGA ikastaroa).

Benito(e)k zera dio:
Lan bikaina benetan. Zorionak egiteagatik, eta konpartitzeagatik gehien bat.
zabaldu.com(e)k zera dio:
IKTeroek EGA ikastaroa guztion eskura jarri dute
IKTeroek Moodle plataformaren bidez EGA ikastaro bat diseinatu dute eta guztion eskura jarri ere. Hori da 2.0 jarrera, hori da sare soziala, hori da euskarazko edukiak partekatzea. Aurrera, ba.
Josu(e)k zera dio:
Zorionak eta eskerrik asko lan honengatik, hau bai dala eh2.0 teoria praktikara eramatea!
Aitor(e)k zera dio:
Zorionak bene-benetan ,Sei. Lan ikaragarria egin duzu eta oso eskuzabala izan zara. Segi horrela eta ea besteok ere zuen bidea jarraitzen dugun.
Larre(e)k zera dio:
Kaixo Sei. Benetan lan BIKAINA, bikaina baino SUPERBIKAINA.
Zoriontze hau labur geratzen dela uste dut. Lan ikaragarria, bikaina eta sakona iruditu zait. Segi horrela.
Asko gustatu zait eskemena (soinu artxiboak txertatzearena batez ere).
Horrelakoak zabalduko balira, ikastolen bultzada geldiezina izango litzateke.
I.O. Beste guztiontzat (ni barne) mezua: Aber animatzen garen eta Sei-k egin duena beste guztiok ere egiten hasten garen. Denok irabaziko genuke. Animo!!
sei(e)k zera dio:
Bihotz-bihotzez mila esker! Horrelakoak entzun eta gero, lanerako gogoa oraindik gehiago pizten zait. Gure ikastolan benetan sinesten dugu partekatzea dela bidea, ez dago atzera bueltarik! Gehiago esango dut: artikulu hau azaldu eta gero, beste irakasle batzuek idatzi didate beraien baliabideei buruzko berri emanez (emango dut honen informazio zehatzagoa hurrengoan) eta hori benetan poztekoa da. Oraingoz, zuek animatzea besterik ez. Denon artean ideiak elkarrekin trukatuz, ziur nago urrutira iritsiko garela. Eutsi goiari!
Ah, Larre! Pozten naiz soinu artxiboak txertatzearena gustatu izana, ze ikusi egin behar magicek horrekin egiten dituen barreak (nire kontura, noski!)
Agate(e)k zera dio:
Eskerrik asko egindako lanagatik, asko lan egin duzu eta emaitza bikainekin, ezta? Horrela jarraitzeko animatzen zaitut. Segi horrela!!!!
sei(e)k zera dio:
Mila esker, Agate! Hurrengo urterako jada ideia eta baliabide gehiago txertatzeko lanean ari naiz, ea pixkanaka-pixkanaka ikastaroa borobiltzen noan… Asko pozten nau ikusteak, EGAko azterketa oso gertu dugula eta, zenbat jende sartzen ari den egunero-egunero baliabide bat edo besteren bila. Ea zorioneko edo zoritxarreko
agiriaren bila dabiltzan guztiek lortzen duten (baita nire ikasle guztiek ere, noski!)