Joan den ostegunean, Iparraldea Andoainen jardunaldien barruan, Andoaingo Bastero Kulturunean biltzeko aukera izan genuen gutako batzuk, hau da, euskal blogosferako “militante” batzuk (Joxe Aranzabal, Jakes Larre, Iban Arantzabal eta ni neu) interneti buruzko mahainguru batean. Hasteko, Andoaingo Udalari eskerrak eman nahi dizkiot eta, batez ere, Nekane Goikoetxeari egin ziguten harreragatik.
Internet iraultza izan genuen hizpide eta helburua azkenaldi honetan hain aipatua den web 2.0 kontzeptua herritarrei ezagutzera ematea zen, bakoitzak gure ikuspuntutik (kazetaritza, Euskal Kulturaren Erakundea edo irakaskuntzatik, hain zuzen ere). Joxeren jarduna, alde horretatik, ezberdina izan zen; terminoaren jatorria, garapena eta kontzeptu horren atzean ezkutatzen diren hainbat aplikazio garbi asko eta modu praktikoan erakutsi baitzituen. Besteok gure arloetan ekarri dizkigun onurak eta potentzialitatea adierazteko aukera izan genuen, sare sozial, informazio partekatze eta elkarreragitearen garrantzia aldarrikatuz.
Azken hau da nik azpimarratuko nukeen ideia. Handik eta hemendik ibilian, nik uste dut gero eta gehiago garela web 2.0 terminoaren garrantzi ezaz jabetzen garenok; izan ere, ez baita zenbaki kontua, jarrera kontua baizik. Web 2.0, 3.0…Zenbaki batzuk joan eta beste batzuk etorriko dira, baina benetan garrantzitsuena denon eskura dohain dauzkagun baliabideei etekina ateratzen saiatzea izan beharko litzateke, denon artean lanean aritu, konpartitzen ikasi. Errezeloak alde batera utzi eta besteei eskain diezaiekeguna eskaini, ez bakarrik gure lana baita gure errekonozimendua ere. Jolausek esaten duen moduan, guk ematen dugun gauza, ideia, material edo dena delako bakoitzaren truke, besteengandik mila bider jasotzen baitugu… Eta nik Andoainen ikusi nuen gogo hori.
Nabarmentzekoa, zalantzarik gabe, gertutatu ziren hainbat blogarirekin (Luistxo, Gorka Julio, Iturri, Mikel Irizar, Imamon, Joxe, Iban…) izandako hartu-emana. Aplikazio berriak, Google hartzen ari den nagusitasuna, tramankulu berritzaileak, beste blogari batzuen ekarpenak… Ez dakit zerbait utzi genuen aipatu gabe! Hitz batzuetan laburtzeko, oso emakorra izan zen gaua (Luistxorekin hitz egiten ari nintzela, adibidez, blokeatuta nengoen lantxo baterako ideia bat izan nuen; hobeto esanda, eman zidan…
)
Nekanek, Andoaingo Udaleko euskara teknikariak, egin duenez osteguneko kronika Sustatun ez noa ni gehiago luzatzea . Joxe Aranzabalek, Faroan, bere aurkezpena utzi digu eta nik ere, honi jarraituz, hementxe uzten dizuet prestatuta eraman nuena. Dena den, nire aurretik esandakoa ez errepikatzearren, aldatu egin nuen zertxobait eta alde teorikoa pixka bat baztertuz, ikastolako ibilbidea modu praktikoan erakusten saiatu nintzen. Noizko hurrengoa? Sustaturen urteurrena ospatzen?

iturri(e)k zera dio:
Kaixo Maite:
Sustatun utzi dut jada komentarioa, baina hemen ere utzi nahi dut antzekoa.
Zeri begira daude gure erakundeak? Noiz arte itxoin behar hezkuntza munduan zabiltzaten zuek bezalako sarelariak, sarilari bihurtzeko? Hau da, zuen lana noiz saritu behar dute?
Lan ona egin duzue eta denok jasoko ditugu horren etekina. Ziur naiz.
Plazerra da zuek bezalakoak ezagutzea.
9 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.sei(e)k zera dio:
Aupa, Iturri! Mila esker ez, milioi bat esker zure erantzunagatik. Guk sari politena jada jasoa dugu, zuen errekonozimendua; beraz, ezin kexatu…
Egia esan, gaua borobila izan zen, gai interesgarriak, lagunarte bikaina eta afari goxoa. Zer gehiago eska daiteke? Ea beste batean errepikatzeko aukera dugun. Ahhh! Nik ere utzi dizut sustatun erantzuna!
11 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.Alberto Agirreazaldegi(e)k zera dio:
Aurrena Jakintza Ikastolakoei eta Maiteri nire zorionak! Ni ez nintzen Andoainen egon baina interes haundiz jarraitu dut han azaldutakoa. Hezkuntzan lan egiten dutenez oso interesgarria iruditzen zait zuek egiten duzuena eta nire paertetik egin dezakedana egingo dut zuen lana Hezkuntza Sailean ezagutu dezaten. Hortik aurrerakoa…ikusiko dugu zertan gelditzen den. ZOrionak berriz eta segi jarrera korrekin eta eskura dauden baliabideei halako etekina ateratzen.
3 days igaro dira mezua idatzi zenetik.sei(e)k zera dio:
Kaixo, Alberto! Mila esker interesagatik eta gure lana zabaltzeagatik.
Gero eta hobeto ezagutzen ditugu sareak eskaintzen dizkigun dohaineko baliabideak eta, nire uste apalean, etekinik handiena ateratzen saiatu behar dugu. Ez dakizu ze poza ematen duen ikustea egun batean, adibidez, ikasleei wiki batean parte har dezaten gonbidapena luzatu eta beraiek, munduko gauzarik ohikoena izango balitz bezala, gonbidapena onartu eta lanean hastea! Edo ia egunero euskaljakintzan idazteko gai berriak proposatzen dizkidatenean! Edo aurten ere istorio elkarreragileren bat denon artean idatzi behar dugun esaten didatenean. Edo beste adibide mordo bat…Hori da irakaskuntzaren magia (beti sortzen ez dena) eta horretan teknologia berriek lagun dezaketela zalantza izpirik ez dago (nik, behintat, ez daukat).
4 days igaro dira mezua idatzi zenetik.