Bale. TiddlyWikirekin nire ikasle bakoitzak ariketak egiteko tresna arin, praktiko eta portablea dauka eskuartean. Baina oraindik konpontzeke geratzen zitzaidan nire buruhausteen bigarren zatia, alegia, non eta nola jaso nire ikasleek egindako ariketa guztiak, behin denak bildu ondoren, bakoitzak egindakoaren balorazio indibiduala modu erraz eta eraginkorrean egin ahal izateko.
Irtenbidea aurkitzea ez da erraza izan. Nahiz eta aukeratutako bidea ez izan perfektoena, duela gutxirarte nituen hainbat limitazio konpontzeko balio izan dit. Denbora pixka bat beharko dut oraingo egoerari behin-betiko soluzioa aurkitu arte (azpian komentatzen dudan bezala, pentsatzen dut irtenbidea Moodle–en eskutik etorriko dela) baina, bitartean, onartu behar dut gustura nagoela erabiltzen ari naizen tresnarekin.
Ariketen biltegia izango den aplikazioa bilatzeari ekin nionean, segituan pentsatu nuen sistemarik egokiena, zerbitzariaren aldetik lan egingo lukeen TW multierabiltzaile bertsio bat erabiltzea izango zela. Modu honetan, nire ikasleek, bakoitzari bere erabiltzaile kontu pertsonala sortu ondoren, etxean egindako ariketak bertan eransteko aukera izango lukete eta nik, nire aldetik, egindakoaren jarraipena eta balorazioa TWk aurkezten duen efikaziarekin burutzeko aukera izango nuke.
Oinarrian TWa duten horrelako zerbitzu bat baino gehiago aurkitu nituen. Nire ikerketen ondorioz, ZiddlyWiki, ServerSideWiki eta ccTiddly dira gehien erabiltzen direnak. Bakoitzaren ezaugarriak ondo aztertu ondoren, ccTiddly-ren aldeko apostua egin nuen.
MySQL-en gainean dabilen aplikazio honetan, oinarrizko HTML fitxategiak PHPn egindako hainbat artxiboen laguntza jasotzen du. Era honetan posiblea da TW fitxategi bakar baten gainean, erabiltzaile batek baino gehiagok euren tiddlerrak gehitzea, prozesu horretan segurtasun neurri egokiak aurretik definituz eta konfiguratuz.
Horrelaxe, ccTiddly-ren 1.0 bertsio jaitsi eta bere instalazio eta konfigurazio prozesuari ekin nion. Honatx jarraitutako bidea:
- Datubasea sortu ondoren install.php nabigatzailean kargatu eta listo. Ez da beharrezkoa inongo daturik gehitzea instalazio prozesuan. Ikusten denez, munuduko instalaziorik sinpleena.
- Erabiltzaileak sortu. Banan-bana, nire DBHO 1eko hogeitasei ikasleen erabiltzaile kontuak sortu nituen. Horretarako, ikastolako sarean eta euren posta elektroniko kontuan erabiltzen duten erabiltzaile izen eta pasahitz berdinak ipini nizkien.
- Baimenak ezarri. Tiddlerrak irakurri, editatu, sortu eta ezabatzeko baimenak konfigura daitezke erabiltzaile bakoitzeko. Agian hemen dago aplikazio honek duen limitaziorik handiena. Baimen sistema nahiko berezia dauka eta ez da batere erraza izan ikasleei dagozkien baimenak behar bezala konfiguratzea.
- Euskaratu. USBan instalatutako TW arrunt bat euskaratzeko jarraitzen den bide berdina jarraitu behar da ccTiddly euskaratzeko. Dagoeneko kalean da 1.1 bertsioa eta honetan, oinarrizko TWaren bertsioa 2.1 da. Nire euskaraketak ez du balio bertsio honentzat, beraz, ikasturte honetan behintzat ccTiddly 1.0 bertsioa erabiliko dut. Datorrenean iksiko dugu.
- HTMLArea plugina instalatu. Behar-beharrezkoa nire ikasleek erabilitako formula matematikoak hemen ere irakurri ahal izateko. Arrazoi honengatik baztertu behar izan nuen ASciencePad. Ezin nuen ASciencePadekin bateragarria zen ccTiddly bat konfiguratu. HTMLArea plugina instalatzea, berriz, oso gauza sinplea izan zen.
- Bukatzeko, eta nire ikasleen eskaera partikularrari jarraituz, ccTiddly-n sartu eta ariketak ikusi ahal izateko, logeatzea derrigorrezkoa izatea erabaki genuen. Era honetan ikasleek egindako ariketak ikusi ahal izateko sisteman balidatzea derrigorrezkoa da. Halere, zuetako norbaitek ccTiddly-n sartu eta nola dabilen ikusi nahi badu, hona jo eta ondorengo datuekin barrura sartzeko aukera izango du:
- Erabiltzatilea: demo
- Pasahitza: demo
ccTiddly-k neurri handi batean nire beharrak asetzen dituen arren, garbi daukat erabiltzaileen kudeaketa beste era batera egin beharko dudala. Egokiena Moodle-en bitartez gauzatzea izango litzateke. Une honetan ezinezkoa dut hori egitea: alde batetik ez dago TWren inguruko modulurik. Axular ikastolako lagunek komentatu didatenez, pasa den MoodleMoot’06ean (eskerrik asko Xa2
), datozen bertsioetarako TWren inguruko modulu bat garatzeko konpromezua hartuta omen dago. Halere, une honetan Moodle-en lanean ari diren garatzaileak, jsMath eta, batez ere, LaTEX-en aldeko apustua egin dutela iruditzen zait. Beraz, ez dut uste epe laburrean MathML-ren erabateko inplementazioa ikusiko dugunik Moodle-en barruan. Pazientzia eduki behar, bitartean.
Eta amaitzeko hemen duzue ikasle-irakaslearen ikuspegitik, etxerako lanak egin, jaso eta kudeatzeko jarraitzen den prozesua azaltzen duen bideo bat. Onartu behar dizuet izugarri kostatu zaidala bideoa grabatzea. Ez daukat ohiturarik mikrofonoa hartuta, ordenadorearen aurrean bakarrik hitz egiteko; urduri jartzen aniz eta etengabe trabatzen naiz. Egindako akatsak barkatuko didazutela espero dut.
Google-eko bideoa txiki samarra dela iruditzen zait, bertan azaltzen dudana detailez ikusi ahal izateko. Hemendik, 800x600eko bereizmena duen 24,5 MB-eko Flash artxibo bat (21 minutuko iraupena) ikusi ahal izango duzue. Interneterako konexio arina eduki beharko duzue bideoa jarraian ikusi ahal izateko.

Patxi(e)k zera dio:
Jolaus, ni behintzat flipatuta geratu naiz.
Zorionak.
jolaus(e)k zera dio:
Eskerrik asko Patxi
Benetan flipantea dena da hain KB gutxiko aplikazio baten hainbeste gauza egin ahal izatea. Askotan mareatu egiten gara aplikazio eta tramankulu garestiak bilatzen gure arazoei irtenbidea bilatzeko eta ez gara konturatzen horrelako perlak ditugunik inguruan.
KB gutxi + 0 € + imaginazioa = killer application
sei(e)k zera dio:
Aupa, Jolaus!
Ero moduan ibili naiz azken egun hauetan eta, nahiz eta izugarrizko lana egiten ari zinela jakin, ez dut astirik izan gorabehera guztiak irakurtzeko. Oraintxe hartu dut tartea eta benetan ikaragarria iruditu zait. Zorionak bene-benetan.
Moodle-i dagokiolarik, badauka modulu bat, zereginak deiturikoa, ikasleek etxerako lanak (artxibo mota ezberdinak)bidaltzeko. Lan horiek kudeatzeko hainbat aukera eskaintzen du: ikasle bakoitzak egin dituen guztiak ikusi, zereginaren arabera antolatu, balorazioak gorde, ikasleari mezu batez erantzun, pribatutasuna mantentzen du…). Baina guztiarekin ere, ez dut uste irakasgai guztientzat aproposa izan daitekeenik. Ondo dago, esaterako, nik bidaltzen ditudan etxerako lanentzat (argudio testuak…); ez, ordea, formulak eta horrelakoak eskatzen dituzten irakasgaientzat. Horretarako pixka bat itxoin behar!
Larre(e)k zera dio:
Jolaus, nola demontre egiten dituk horrelakoak?
, nahiago ditut entzun eta ikustea/ikastea.
Primerakoa. Oso azalpen argia.
Listoia oso altu jarri duzu. Hemendik aurrera horrelako azalpenak eskatuko ditut beti. Zure testu luzeak irakurri beharrean
Zorionak eta jarrairu horrela.