TopOfBlogs
A A
RSS


TiddlyWikirekin praktika onenaren saria Jolaus eta Jakintzarentzat

Hitzaldia ematen

IKTeroak bloga sortu genuenean, askok eta askok erotuta geundela esaten ziguten, eta ez zitzaien arrazoi falta. Makina bat ordu sartu eta makina bat izerdi bota ondoren, hortxe gabiltza gure erokeria plazaratzen, askotan, bat ere lotsarik gabe eta, gehienetan, ausardi punttu batekin.

Horiek guztiak beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, baina, era berean, esfortzu edo erokeri horren atzetik beste zertxobait ere beharrezkoa da. Boluntarismoa ongi dago, baina ez da nahikoa.

Gure kasuan, bi motore izan ditugu hau guztia aurrera ateratzeko:

  • “Ero” bat proiektua lideratzeko. Hori, zalantzarik gabe, Jolaus izan da.
  • Jakintza Ikastolako zuzendaritza taldea, hasieratik gure proiektua babestu eta indartu duena, erabateko konfiantza eskaini digularik.

Hala ere, ez dira izan gure lanaren akuilu bakarrak. Ikastolako irakasleria, ikasleak, gurasoak…, hots, Jakintza Ikastolako Komunitateak eskaintzen digun harrerarekin indarra ateratzen dugu honekin jarraitu eta bizipen berrietan murgiltzen hasteko.

Baten batek esango du seko erotuta nagoela edota aurreko asteazkeneko ajea ez zaidala oraindik pasatu, baina ez. Gaur oso pozik nago (ez da Baldorba ardoa edan dudalako), ezta bizirik gelditzen zitzaidan azken neurona bereak egin duelako ere.

Gaur, IKTero batek, Euskalitek antolaturiko Praktika Onen 3. Elkartrukea saioan, Praktika Onenaren Saria irabazi baitu. Gainera, irabazlea gure “guru” izan da: Jolaus. Eta aurkeztu duen praktika, nola ez, blog honetan azaldu zuen artikulu hauetan: bat eta bi. Ez, Jolaus ez da bere ezagutza ezkutatzen eta bere apalean gordetzen duen horietako bat, hori ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik. Guztiokin partekatzen du eta, hori gutxi balitz, besteok zirikatzen gaitu gauza bera egin dezagun. Bere ondoan gabiltzanok ederki asko dakigu zenbat ordu eskaini behar izan dio proiektu “txiki” horri eta zenbat buruhauste ekarri dizkio. Hala ere, berehala ekin zion idazteari eta bere lan guztia gure eskura jarri zigun. Bai adibide zintzoa ematen diguzuna!!!

Eta harro nago, bai. Harro nire ondoan jolaus bezalako lankideak izateaz gain, Sei dudalako. Iaz, bere proiektuarekin bigarren praktika onenaren saria jaso zuen eta zer esango dizuet bere lanari buruz zuek ez dakizuena. Honek ere hamaika bider azaldu digu zenbaterainoko kemena eta adorea duen edozein lanari aurre egiteko eta guztiokin partekatzeko. Adibiderik garbiena Moodle plataforma erabiliz, sorturiko EGA ikastaroa

Baina harro eta pozik sentitzeko arrazoi bakarra ez da nire lankide fin hauen jarrera edota lana, badaukat beste arrazoi sakonxeago bat; guk aldarrikatzen dugun partekatzearen kulturak, berriro ere, bere fruituak eman dituelako. Honek, lehendik konbentzituta banengoen, beste urrats bat eramatera narama konbentzimendu horren haritik: konpromiso irmo bat hartzen dut Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren “mitxelinak” eta “armiarma sareak” kentzen saiatzeko. Ez nago prest beti kexu azaltzeko, akziora pasako naiz. Euskal Hezkuntza Sistemako eragile guztiek, hala sare publikakoek nola ikastolakoek nahiz gainontzeko kontzertatuek pauso sendoak eman beharko dituzte, behingoagatik, EUSKAL HEZKUNTZAREN SAREA osatzeko. Hori egin ezean, ez dut atsedenik hartuko hori salatzeko eta dagozkion foro eta esparruetan agerian uzteko.

Bada garaia Euskal Herrian gauzak eraikitzen hasteko eta ez errezeloz begiratzen jarraitzeko. Jendea oraindik ez al da jabetzen partekatzearen abantailaz?, ez da ohartzen beste biderik ez dagoela?, ez al daki horrek guztiok aberasten gaituela?, irakasleek ez al dakite euren “apunte” dotore horiek beste batzuentzat ere baliagarriak izan daitezkeela?, edo ez al dakite “apunte” horiek osatzeko besteek eginiko lanetan oinarritu zirela?… Eta horrela jarrai nezakeen arren, ez dizuet, gaurkoz, honekin nekatu nahi. Baina, lasai, konpromiso publikoa hartu dut eta zin dagizuet antzemango duzuela.

Bukatzeko, mezu pozgarri batekin amaitu nahiko nuke: Jolausek lortutako errekonozimenduarengatik sekulako poza hartu dut, bai, eta are handiagoa ikusi dudanean egokitu zaion saria: Asteburu bat bi pertsonentzat Ziekoko (Eltziegoko) hotel batean. Eta ez da nolanahiko hotela, ez, Frank Gehry-k diseinatutako hotelean: Marques de Riscal ardogileek eraikitako Ardoaren Hiria, hain zuzen ere.

Ez naiz gaiztoa izango eta ez diot eskatuko sari hau ere nirekin partekatzea, nik uste dut Loik eta Enekok hori eta gehiago irabazita dutela, bikotea eta aita ikusteko ia txanda eskatu behar izaten baitute. ZORIONAK GUZTIOI eta ongi pasatu bertan, merezita daukazue eta. Hori bai, handik etorritakoan, hango esperientzia, horrelako hotel bat sekula zapalduko ez dugunoi kontatu. Ados?

Gaurko ekitaldiaren bideo txiki-txiki bat Youtubera igo dugu eta ikusgai hortxe daukazue. Denbora hartzen dudanean, emanaldiaren bideoa jartzen ahaleginduko naiz (baina hau ezin dizuet ziurtatu).


Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2006/12/16/tiddlywikirekin-praktika-onenaren-saria-jolaus-eta-jakintzarentzat/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “TiddlyWikirekin praktika onenaren saria Jolaus eta Jakintzarentzat”

  1. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Izugarria!!! Niri, jada, ez zait hitzik gelditzen sentitzen dugun poza adierazteko!!!

    Hasteko, ZORIONAK JOLAUS!!!! Zuk merezi duzu sari hori eta askoz ere gehiago egindako lanagatik, gurdin honetatik beti tiraka aritzeagatik, zure laguntza eta jakintza beti konpartitzeagatik eta mila gauza gehiagogatik! Inbidia pixka bat ere ematen dit sariak, ez pentsa (iaz txakoli botila batekin etorri ginen bueltan, gogoratzen???? :wink: )

    Eta zuri, zer esan, magic? Gustatu zait pila bat esan duzun hori, ez zaudela prest beti kexu azaltzeko, akziora pasatuko zarela eta EUSKAL HEZKUNTZAREN SAREA osatzea lortzen ez den bitartean, ez duzula atsedenik hartuko. Horretan ere bidaia-lagun izango nauzu! Eta errekonozitzen hasita, neure errekonozimendu guztia zuretzat doa (denagatik) :wink:

    12 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  2. Gravatar Image

    intxure(e)k zera dio:

    Zorionak jolaus, zorionak IKTeroak, zorionak Jakintza ikastola.

    Bata bestearen atzetik datoz aitortzak eta loreak gure ikastolarentzat eta oso pozgarria da hori noski.
    Gauzak, ezagutzak partekatzen jakin dugu eta emaitzak begi bistakoak dira. Beti esan dut emaitzak ez direla kasualidadez lortzen, suertea beharrezkoa da, haizea alde bada beti hobe…baina emaitzen atzetik beti egoten da ahalegin handi bat. Zorionez, gure ikastolan errotuta dago berrikuntza eta hobekuntzaren kultura. Konformismoari bizkarra eman da bizi gara.
    Atzo bezala gaur, eta gaur bezala bihar, gure apaltasunarekin lanean jarraituko dugu. Aurrean dugun erronka ez delako nola nahikoa. Seme/alabentzat, alegia gure ikasleentzat, heziketarik onena eskaini nahi diegulako.
    Horretan ahalegin mardula eta ederra egiten ari zaretelako zorionak eta esker mila jolaus, magic, sei eta gainerako guztiak.

    17 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  3. Gravatar Image

    Architecture Update(e)k zera dio:

    TiddlyWikirekin praktika onenaren saria Jolaus eta Jakintzarentzat

    19 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  4. Gravatar Image

    Xarnegu(e)k zera dio:

    Zorionak Jokini eta Jakintzako hezkuntza-komunitate osoari!
    Laguntza gutxirekin, korrontearen kontra eta zuen kabuz ibiltzeko nahiko erotuta egon behar. Eskerrak erokeria horren fruituak erakusten dituzuenean errekonozimenduak iristen diren! Askotan ez dira errekonozitu beharko lituzketen haienak, baina hezkuntzaren erraldoi erdoildua mugitzea ez da erraza. Hala ere, saiatzea merezi du.
    Sariaz gozatu, Jokin, eta bateriak kargatuta itzuli, beharko duzu eta.

    1 day igaro dira mezua idatzi zenetik.
  5. Gravatar Image

    Eneko(e)k zera dio:

    Zorionak eta aupa zuek!!

    Baldorbakoa ez da txarra, baina Riscalekoa ez da atzean geratzen, ondo disfrutatu! :grin:

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  6. Gravatar Image

    xa2(e)k zera dio:

    Zorionak!!!

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  7. Gravatar Image

    iturri(e)k zera dio:

    Aupa sarelariok!!!

    Jada ez duzue aitzakiarik bazkaria (edo dena delakoa) Goierrin antolatzeko.

    Ni apuntatzen naiz.

    Zorionak eta guzti hori.

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  8. Gravatar Image

    Joxe Aranzabal(e)k zera dio:

    Bejondeizuela, merezi duzue-eta saria. Ni ere apuntatzen naiz Goierrin egin beharreko bazkarira. Besarkada bat.

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  9. Gravatar Image

    Larre(e)k zera dio:

    Zorionak Jakintzako guztiei.
    Gu ere han egon ginen eta esan behar dut aurkezpena primerakoa izan zela. Jendea txundituta utzi zenuen, jolaus!!
    Magic-ek dioenari ere apuntatzen naiz. Akziora pasa behar dugu, guztiok. Partekatzeko filosofia bultzatu behar dugu, lotsarik gabe, GUZTIOK irabaziko dugu eta.
    Bazkarira (edo afarira; edo gosarira) ni ere apuntatzen naiz.
    ZORIONAK!! Sei, Magic eta Jolaus (eta zuek lideratzen duzuen komunateari). :smile: :grin: :lol:

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  10. Gravatar Image

    Patxi(e)k zera dio:

    Gasteizen, Michelinen lanean daukat lagun bat, eta han zera egiten omen dute: berrikuntzaren bat, asmakizunen bat proposatzen duen langilea saritu, dirutan. Nolako garrantzia asmakizunak, halako saria.

    Neri berdin berdin didala eeeee… baina komentatzeagatiiiiiiik…

    Zorionak!

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  11. Gravatar Image

    Teketen(e)k zera dio:

    Zorionak berriro,

    ideia onak saritzea bikaina iruditzen zain, orain ideia horiek zabaltzea tokatzen da. Zuek lana egin duzue orain besteek zuen lana ikusi eta erabili/kopiatu behar dute.

    Beste aurrerapauso bat, aupa zuek!

    Sinatzen du: “Jolausen arima biki bat”

    3 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  12. Gravatar Image

    Josu(e)k zera dio:

    Zorionak, eta segi horrela!!!

    3 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  13. Gravatar Image

    Karlota(e)k zera dio:

    ZORIONAK Jolaus!!!!!!

    Zure lorpenak nire “estreinua” merezi du. Kostata bada ere, hementxe nago!!!! Pertsonalki zoriondu zaitudan arren, publikoki egitea ere zor zaizula uste dut.

    Bi hitzetan: hoberena zara!!!!!!!!

    3 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  14. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    Eskerrik asko guztioi bihotz-bihotzetik.

    Gure ikastolako irakasleak izan ziren IKTero hitza lehenegoz erabili zutenak. Hasiera batean, “ero” atzizki hori ikastola barruan betetzen genuen eginkizunari zuzenean lotuta bezala ulertzen nuen baina, geroz eta gehiago pentsatzen ari naiz, gure desoreka psikikoarekin ez ote duen harremanik. :lol:

    Sentsazio gazi-gozoekin nabil aspaldi honetan. Pozik, alde batetik, gure ikastolatik egindako esfortzua errekonozitua izaten ari delako (zuetako norbaitek zioen bezala, agian irakaskuntza mundu barrutik baino gehiago kanpotik, baina tira, zer egingo diogu bada); kezkaturik ere, bestetik, saltsa hauetan ale gutxi batzuk bakarrik ari garelako. Gure kideek asko eskertzen ari digute egiten ari garen esfortzua komunitateari begira, baina ez dut ikusten konpromiso gehiegirik txalotzen gaituzten horien artean, bide berdinean lanean hasteko.

    Baina, gai honek beste post luze baterako ematen duenez, hurrengo baterako utziko dut nire balorazioa.

    Berriro ere eskerrik asko jarraitu eta animatzen gaituzuen guztiei. :wink:

    3 days igaro dira mezua idatzi zenetik.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo