A A
RSS


Euskalnatura

euskalnatura

Benitoren blogean jakin dut gaur bertan Euskalnatura izeneko webgune berriaz. Jario agregtzailetik zuzenean salto egin dut Euskalnaturara eta egia esan lehen inpresioa oso baikorra izan da. Hala ere, denboraz juxtu nenbilela eta, orain arte ezin izan diot azterketa sakonagorik egin. Tarte bat daramat webgunea arakatzen eta, zalantza izpirik gabe, meritu handiko proiektu baten aurrean gaudela iruditzen zait. Meritu handia duela diot, aspalditik aldarrikatzen nituen hainbat ezaugarri metatzen direlako Euskalnaturan.

  • Nik dakidaneraino, diru laguntza ofizialik jasotzen ez duen zientziaren dibulgaziorako euskarazko lehen gunea da. Hau da, ekimen pribatua, bolondresa, herritik sortua eta herrirako.
  • Euskal Herriko Unibertsitatearen muinetik sortua; alegia, unibertsitateko ikasgelak betetzen dituzten ikasle talde batek bultzaturiko proiektua da. Jode, sekulako poza eman dit hau irakurtzeak!. Alde batetik, badelako garaia gure unibertsitateak gizartearekin duen konpromisoari erantzuten hasteko; baina, batez ere, ikasle talde baten iniziatiba izan delako. Niretzat garrantzia izugarria du honek; gure ikastolan aspaldi konturatu ginen gure ikasleek euren helburu akademikoak betetzeaz gain kapaz direla euskarari bultzadatxo bat emateko, interneten euskarak duen presentzia indartu eta sendotzeko. Horra hemen esandakoaren adibide garbia.
  • Edukiak Creative Commons lizentziapean argitaratzen dituzte. Tumatxa! Hortxe daukagu Hiru.com, diru publikoarekin sorturiko gunea, eskaparatean “se mira pero no se toca” kartela itsasita duena (copyright-ari buruz ari naiz, noski). Exenplu bikaina eman duzuena gazteok!
  • Interneten euskararen irakaskuntza/ikaskuntzarako gune eta tresna ugari dauden bezala (agian, oraindik gehiago beharko genituzkela pentsatzen dutenak badaude, baina, tira), irakasleok faltan botatzen ditugu beste jakintzagaien inguruko euskarazko eduki eta baliabideak. Zientziak orohar (natur eta gizartekoak), historia filosofia, matematika… jorratzen dituzten euskarazko guneak falta dira; nahiko genuena baino gehiagotan jo behar dugu gaztelerazko edota ingelesezko baliabideetara.. Euskalnaturak urrats garrantzitsu bat ematen du ikuspegi honetatik.

Puntu honetan, zuetako askok galdetuko duzue: “bale, oso ondo dago hori guztia, baina zer moduz dago webgunea?” Niri pertsonalki izugarri gustatu zait.

Joomlarekin eraiki dute webgunea. Azalaren diseinua dotorea da, oso dotorea esango nuke. Kolore politak, argazkiak kalitatekoak, goiko menua argia eta sinplea… Agian elementu gehiegi pilatu dituzte azalean, baina tira, atal desberdinetan zehar nabigatzea nahiko erraza da.

Edukiei buruz esan, ikuspegi sinple eta ulerterrez batetik zientziaren dibulgazioari heltzen dion gunea dela. Egia da Zientzia.net aspalditik diharduela lan horretan baina Euskalnaturak oinarrizko kontzeptuak modu apalagoan azaltzen ditu, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat oso modu egokian. Nahiz eta oraindik hasiera fasean egon eta oraindik hainbat atal osatu gabe egon, jada informazio mordoa zintzilikatua dute; natura izeneko atalean, animalien, landareen, onddoen eta natur guneen inguruko informazioa ipini dute. Zientziari dagokion atalean, berriz, biologia, kimika, geografia, unibertsoa, meteorologia eta ingurugiroari buruzko edukiak sartu dituzte (nire fisikako webgunetik hartutako formulatxo batzuk ere topatu ditut bertan :wink: ). Informazio mordoa eskaintzen dute euskaraz soilik, euskara garbi eta ulerterrazean, gaztetxoek arazorik gabe ulertzeko modukoa. Oraindik osatzeke duten arren, etorkizunerako erreportaiak ipintzeko asmoa dute. Hauetako bi jaitsi daitezke deskargetarako sortu duten atalean. Bukatzeko foroa ere martxan jarri dute (jadanik topic zerrenda polita ikus daiteke) eta argazki galeria bat (oso txukuna).

Antton, Urtzi, Asier, Ibon eta Eneko, eguna alaitu didazue gaur, benetan. Euskal Herriko irakasle eta ikasleok zuek aurrera atera duzuen ekimen gehiagoren beharrean gaude; irakasleok IKTak eta internet erabili nahi dugu gure ikasleekin baina, era berean, gure eguneroko lana euskaraz gauzatu nahi dugu, euskarazko eduki eta baliabideekin. Zoritxarrez ez dira asko oraindik euskarazko eduki, tresna eta baliabide libreen ekoizpen lan horretan ari direnak. Horregatik meritu izugarria dauka zuen lanak! Jaso nire partetik animo eta zorionik beroenak. Eta laguntzarik behar baduzue hortxe izango nauzue prest. Mila esker zuen lana beste guztion mesedean eskaintzeagatik.

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2007/01/23/euskalnatura/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Euskalnatura”

  1. Gravatar Image

    magic(e)k zera dio:

    Aupa Jolaus:

    Nik ere sekulako poza hartu dut hau irakurtzean. Baina, aldi berean, gazi-gozo sentsazio bat ere izan dut eta horrek gogoeta txiki bat egitera eraman nau.

    Eredugarria iruditzen zait ikasle hauen ekimena. Benetan, txalogarria egin dutena eta zoriontzea besterik ez dute merezi.

    Gauza bera esan dezakegu Unibertsitateari buruz? Unibertsitatea erakunde gisa, noski. Nik uste dut ezetz. Zuk esaten duzun bezala, Unibertsitateak gizartearekiko duen konpromisoa bete beharko luke. Horregatik, erakunde horrek gisa honetako ekimenak sustatu eta bultzatu egin beharko lituzke, ardura guztia ikasleen esku utzi gabe. Datuak ez ditudan arren, jakin nahiko nuke erakundeak zein motako babesa ematen dion proiektu honi. Sostengu ekonomikorik ematen al dio? Unibertsitatearen fondo dokumentala euren esku jarri al dute? Irakasleen laguntza eta aholkularitzarik ba al dute?

    Laguntza horiek jasoz gero, orduan bai, orduan beteko litzateke erakunde publiko baten eginkizuna. Hori horrela ez bada, nik uste dut ikasle hauen lanarekin baten bati aurpegiko masailak gorritu beharko litzaizkiokeela. Lotsa arrastoa gelditzen bazaie, behintzat.

    14 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  2. Gravatar Image

    Antton(e)k zera dio:

    kaixo magic,

    Antton Alberdi naiz, wengunearen koordinatzailea. Eskerrik asko halako animoak emateagatik. Gehiago motibatzen gera era honetan aurrera jarraitzeko.

    Aipatutakoaren gainean, ez dugu inongo dirulaguntzarik jaso, egia esan, ez baitugu eskatu ere egin. Gerora agian saiatuko gara dirulaguntzak lortzen domeinua, zerbitzaria eta etor daitezkeen proiektu berriak kosteatzeko. Laguntzei dagokienez, irakasleei aholkua eskatu diegunean lagundu digute. Unibertsitatean muturra sartzen hasten garenean ez dakit ze erantzun jasoko dugun, abixatuko dizuegu beharrik balego manifestazioren bat egiteko, jejeje.

    Oraingoz webgunea forma hartzen ari da ea denon artean zerbait handia egitea lortzen dugun, merezi duela uste dut eta. Benga ba, eskerrik asko, ta ondo segi!

    PD: laguntzeko prest legokeen inor ezagutzen baduzue esaiozue beldurrik gabe anttonalberdi@gmail.com helbidera idazteko.

    1 day igaro dira mezua idatzi zenetik.
  3. Gravatar Image

    Magic(e)k zera dio:

    Aupa Antton:

    Mila esker nire zalantzak argitzeagatik. Honekin garbi uzten didazu EHUk jokatzen duen rola ekimen honetan. Lotsagarria!!!

    Unibertsitateak bere eginkizuna beteko balu, gisa honetako ekimenak sustatu eta indartuko lituzke. Honela, zuek arlo batean dagoen gabezia estaltzen duzuen bezala, beste arlotan ere murriztuko lirateke egungo gabeziak.

    Nik ez dut uste zuek eskean joan beharra daukazuenik. Ene iritziz, Unibertsitatea bera, Euskal Gizartearekin duen konpromisoarengatik, zuengana joan eta, iniziatiba ez hartzeagatik barkamena eskatu ondoren, zuen esanetara jarri beharko litzateke.

    Zuek, informazioa ezagutza bihurtze aldera, egiten ari zareten lanak hori eta gehiago merezi du eta.

    Nik gizartetik sortutako ekimenetan sinisten dut, baina erakunde publikoek eurei dagokien erantzukizuna hartu behar dute. Ezin dut ulertu gure gizartean gertatzen dena. Alde batetik, era guztietako ekimenak sortzen ari dira erakunde publikoek egiten ez dutena egiteko eta, bestetik, baliabideak xahutzen ari dira batek daki zertarako balio duten beste proiektuetan. Bien bitartean, euskal irakaskuntzaren komunitatea non dagoen jakin gabe jarraitzen dugu.

    Eskatzen duzun laguntzari buruz, gai horren inguruan ezin izango dut gauza gehiegi eskaini. Baina aplikazio eta baliabide ezberdinen inguruan zer edo zer (gauza handirik ez) behar baduzue, badakizue, gurekin harremanetan jarri eta ahal duguna egingo dugu.

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Multimedia

Kargatzen...

Gora igo