Urteak dira gure ikastolan “Guraso Eskola” izeneko ekimena aurrera daramagula. Urte horietan, formatu ezberdinak erabili dira saioak antolatzeko, baina kasu guztietan aukeratutako gaiak gurasoen eskaeratan oinarritu dira. Gai asko jorratu dira azken urteotan, baina Teknologia Berriak ez dira sekula agertu gurasoen kezken edo interesguneen artean.
- IKTak
- Haur eta gazteen garapena
- Familiaren garrantzia Euskararen normalizazioan
Guri IKTen atala antolatzea egokitu zitzaigunez, prestatzeari ekin genionean, hiru saio aurreikusi genituen:
- Gure ikastolaren ikuspegi orokorra IKTen inguruan: gure ikastolako gurasoei ikastolan egiten ari garenaren berri eman nahi diegu: IKT taldea, bere eginkizunak, gure IKT plana, nola txertatzen ditugun gelan, zein helburu ditugu, ikusten ditugun arazoak, ikasleen jarrera etorri zaizkien aldaketekiko… Izan ere, konbentzituta gaude guraso askok horren inguruko informazio gehiago ezagutu nahiko dutela. Saio honen dinamizazioa gure IKT arduradunak, Jokin Lacallek, eramango du.
- Etorkizunari begira: Aldaketa nabarmenak gertatzen ari dira azken urte hauetan teknologia mailan. Gure gazteek geroz eta tresna gehiago dituzte, geroz eta baliabide gehiago dituzte eta hauek guztiek eragina dute euren artean komunikatzeko eran, sozialki hartzen dituzten hainbat ohituretan eta, guretzat, garrantzitsuagoa dena, euren formazio akademikoan. Azken honi garrantzia berezia eman nahiko genioke eta, batez ere, gurasoei azaldu nahiko genieke ikasleen formazio prozesuan internet berriak duen garrantzia. Gaur egun bizi duten egoera eta, etorkizun ertain batean honek izango duen bilakaera ere azaldu nahi diegu. Prospektiba ariketa txiki bat eginez, etorkizuna aztertzen saiatuko gara. Honetarako, Eneko Astigarragaren laguntza izango dugu. Zein hobeto etorkizuneko zirrikituetan murgiltzeko Eneko baino?
- Gurasoen rola IKTen aurrean: guraso askok ez dakite zer egin, nola jokatu, debekua ezarri edo ez… Hori dela eta, gustatuko litzaiguke, teknologia berrien erabilerarekin loturiko arriskuen aurrean, gurasoek jarraitu beharreko pautak azaltzea baina hauen ikuspegi positiboa ere transmitituz, alarmismo faltsurik gabe. Saio honetarako guraso eta seme-alaben arteko harremanetan esperientzia duen norbait nahiko genuke, agian pedagogoren bat edo, baina era berean, internet berria ezagutzen duena. Gure gaztetxoak “W Hirukoitza erakunde maltzurraren hatzaparretatik libratzeko errezeta magikoak” eskaintzen dituzten espezialista ugari dago. Guk ikuspegi errealistagoa zabaltzea nahiko genuke. Baina, zoritxarrez, ez dugu oraindik inor lortu. Baten bat ezagutzen baduzue, esaguzue, mesedez.
Gaur bertan irekiko da gure txanda eta lehen saioa 18:30etatik aurrera burutuko dugu. Bigarrena, datorren astelehenean, ordu berean eta Enekoren maisutasunez. Azkena, zehaztu gabe daukagu, lehen esan dudan lez, ez baitugu inor aurkitu gai hori jorratzeko.
Bukatzeko, goraipatu nahiko nuke gure ikastolako gurasoek erakutsi duten interesa, ez baita ohikoa gisa honetako gaiak proposatzea. Gure iritziz, gurasoak ikusten ari dira euren seme-alabak oso gauza “bereziak” egiten ari direla, euren jakin-mina areagotu egin dela… baina ez dakite horren atzetik zer den benetan ezkutatzen dena. Horregatik, eta aukera hau aprobetxatuz, ekimen berri bat martxan jarri nahi dugu gurasoak IKTen munduan murgiltzeko eta gure proiektuekin inplikatzeko. Nolanahi ere, proiektuak argia ikusten duenean, izango duzue horren berri.

e-gor(e)k zera dio:
“Gurasoen rola IKTen aurrean” hori asko interesatzen zait. Ni Orereta Ikastolako Guraso Batzordean eta Hezkuntza Batzordean nago, eta planteatu izan dut gai hori lantzea Guraso Eskolan, baina zaila da gai hori ezagutu eta emango duen inor aurkitzea. Gai horren inguruan beti dagoen ikuspuntua negatiboa da, baina nik kontrakoa uste dut, nire iritzia da haurrek asko ikas dezaketela ordenagailuak eta internet erabiliz, eta nire umeek hori ahalik eta gehien erabiltzea nahiko nuke. Baina ez dakit zenbat denbora ematea komeni den, zein material mota den egokiena adin bakoitzean… Zuek norbait aurkitzen baduzue hori emateko gai dena, mesedez jakinarazi zuen blog bikain honetan!
jolaus(e)k zera dio:
Nik uste bi plano ezberdinetan aztertu beharko litzakeela gai hau:
- Alde batetik, euren seme-alabek erabiltzen dituzten tresnen inguruko informazioa (eta zergatik ez, formazioa) jaso beharko lukete. Zer dira, zertarako diren, zein helbururekin erabiltzen ditugun eskoletan eta, batez ere, zeintzuk diren gure seme-alabek, euren adinaren arabera, ezagutu behar dituzten oinarrizko konpetentziak tresna hauek guztiak behar bezala erabili ahal izateko. Ikuspegi orokor honekin, gurasook gai izango gara gure semeei etxean laguntza egokia eskaintzeko, zuk planteatu dituzun gai batzuei erantzuna emateko gai izango garela behintzat garbi daukat (material mota egokiena, lanketa mota egokiena…) Honen inguruko formazioa eskaini nahi badiezu zure ikastolako gurasoei, nik uste egokiena irakasleekin eurekin hitz egitea dela. Ikastolen Elkartetik lan handia egiten ari dira honen inguruan eta, nire iritziz irakasle komunitatetik bertatik bultzatu beharko litzatekeela horrelako formazio saioak.
- Baina gure seme-alabek ez dituzte erabiltzen IKTak ikuspegi akademikotik soilik. Eurentzat teknologia berriak “lan tresna” baino gehiago izaten dira (hobe esanda, eurentzat lan tresna baino gehiago beste edozer da
). Mugikorrak, mp3ak, bideo-kontsolak, ordenagailua, internet… komunikaziorako eta aisialdirako erabiltzen dituzte batez ere gure gaztetxoek. Eta ikuspegi honetatik iruditzen zait niri, sortzen zaizkigula gurasooi kezkarik handienak. Eta hemen nik uste beharrezkoa dela guraso/seme-alaben harremanetan esperientzia duen norbaitekin jotzea. Baina era berean, tresna berri hauek ondo ezagutzen dituen norbait izan beharko litzateke, izan ditzakeen arriskuak ezagutzen dituena baina, era berean, ekar ditzakeen onuretaz ere jakitun dena. Eta hortxe gabiltza, profil hau betetzen duen norbaiten bila!
Xarnegu(e)k zera dio:
Beste ikastetxe batzuen artean gure ikastolan, Donostiako Axular Lizeoan, Nafarroako Unibertsitateak haur eta gazteek teknologia berriez egiten duten erabilpenaz ikerlana burutu du. Martxoaren 28an lan horren datuen analisia gure Guraso Eskolan eskainiko dute 18:00etan ikastolako areto nagusian. Interesatu guztiok gonbidatuta zaudete, noski. Etorri ezin direnentzat bi aste barru edo hitzaldiaren laburpena menu honetan zintzilikatuko dugu.
Pasa den ikasturtean gure irakasle batek, Jesus Mari Ansuategik, hitzaldia foro berean hitzaldia eskaini zuen IKTen erronka pedagogikoez (laburpena hemen aurkituko duzue erdaraz).
Espero dezagun gaiaz beste guraso eskoletan eta irakasle-foroetan ere hausnartzeko aukera egotea.
Fultxo(e)k zera dio:
Guk duela 4 urte edo IKTen inguruko Jardunaldiak antolatu genituen ikastolan eta bertan hitzaldi bat eman genuen Interneteko arriskuen inguruan. Goian aipatutako ildoa jarraitu genuen: arriskuak mahai gainean ipini eta baita medio honek ematen zituen onurak. Esaldi garrantzitsu batekin amaitu genuen hitzaldi hura. Interneteko arriskurik haundiena: Internetetik at geratzea da.
Hemen duzue hitzaldiko aurkezpena:
Bestalde aurten etorri zaizkigu horrelako besteren bat antolatu nahian eta Aste Santuaren bueltan egingo dugu. Kezkak zabalagoak dira oraingo honetan baina galdera hauetan laburbiltzen dira: Nola kontrolatu semeak egiten duena? Edukien filtroak. Nola atera etekina Interneti?
Azkenik komentatu urtean oso esperientzia interesgarria egiten dugula gurasoak eta seme alabak IKTen inguruan bilduz. Urtean hiru tailer antolatzen ditugu, egun batekoak gainera. Aurreko urteko gaiak: diskoak mp3ra pasatzeko sistemak, Picasa, software askea. Tailer hauetan edozein adinetako jendea apunta daiteke eta tailer berdinean semea zein aita edo ama biltzen dira. Kuriosoa da haien arteko hartu-emana eta elkarreragina ordenagailuaren aurrean, polita benetan.
Fultxo(e)k zera dio:
Aurkezpenaren helbidea:
Fultxo(e)k zera dio:
Bitan saiatu nahiz helbidea eransten eta ezin, hemen duzue testu moduan:
http://www.slideshare.net/fultxo/peligros-de-internet
Xarnegu(e)k zera dio:
Aurreko iruzkinean esan bezala, atzoko Guraso Eskolako saioan Nafarroako Unibertsiteak burutu duen haur eta gazteek teknologia berrien erabilpenari buruzko ikerlanaren emaitzak azaldu ziren. Azalpen horretan erabilitako ppt-a gure webgunean zintzilikatu dugu. Datuak gure ikastolarenak dira, baina ikerlanaren datu orokorrak ere aipatzen dira erreferentzia gisa. Hemen duzue esteka zuzena.
Datu batzuk bitxiak dira. Hala ere, analisia norberaren esku geratzen da. Seguru noizbait holako zeozer entzun duzuela: “XX. mendeko irakasleok XIX. mendeko edukiak XXI. mendeko ikasleei erakusten dizkiegula.” Egia ote?
Fultxo(e)k zera dio:
Neurri handi batean bai baina eduki baino irakasteko prozedura aldetik eta ikasleen interesguneen aldetik.
Ramom Barlam-ek, “El Educador en la Sociedad del Conocimiento” artikuluan, zera dio: “Gaur egungo paradoxa zera da: hezitzaileok ari gara gazteak hezten berea sentitzen ez duten mundu batean.”