TopOfBlogs
A A
RSS


Bi urte betetzen ditugu gaur

20o5eko apirilaren 11an jarri genuen martxan IKTeroak izeneko egitasmo hau. Gaixotasun-baja luze baten ondoren blogari hasiera eman behar geniola erabaki genuen eta horrelaxe egin genuen.

Interneteko mundu honetan zenbat den “asko” edo “gutxi” jakitea ez da erraza izaten baina nik esango nuke, une honetan, IKTeoak heldutasunera iritsi dela. Gaztaro zirarragarria bizi izan genuen: web 2.0 delakoaren eztanda gertutik ezagutu genuen. Etengabe ezagutzen genituen tresna berriak, ideia berriak… eta hauetako batzuekin esperimentatzeko aukera ere izan genuen. Denborarekin garai hura oso emankorra izan zela konturatzen naiz, bai ikasitako guztiarengatik baita gure blog honetan argitaratu genituen artikulu kopuruarengatik.

Gaur egoera desberdina dela iruditzen zait. Alde batetik, sortzen diren tresna berriak baloratzeko gaitasuna irabazi dugu: zeintzuk izan daitezke lanerako tresna egokiak eta zeintzuk ez (tira, onartzen dut; ez naiz batere Twitterzalea). Bestalde, gure lehen egitasmo eta bakarra izan zen bloga. Gaur, berriz, mila saltsatan sartuta gabiltza eta denetara behar bezala heltzeko denbora gehiegirik ez (bai, egia da, onartzen dizuet nekatu samar nabilela azkenaldi honetan).

Eta bitartean inguruan zer? Aldakuntza handiak ikusi ditut. Teknologia berrien erabilera irakasleriaren egunerokotasunean errealitate bat bihurtzen ari dela iruditzen zait. Abuztuan bi urte egingo dituen artikulu honetan, abiapuntu batzuk zehaztu genituen eta, denborarekin, orduan esandakoa errealitate bihurtzen ari dela ikus daiteke. Garbi dago asko dagoela oraindik egiteko baina teknologia berriak ez direla konplexuak, irakaskuntzan partekatzeak ekar ditzakeen onurak (batez ere, gurea bezalako komunitate txiki batean)… poliki-poliki zabaltzen ari diren ideiak direla iruditzen zait.

Halere, eta Sareko Argia saria jaso genuen egunean esan nuen bezala, faltan botatzen dut komunitate ispiritua. Faltan botatzen ditut hausnarketa sakonak (aurrean ditugun erronkei aurre egiteko ideiak, proposamenak…), faltan botatzen ditut eztabaidak (nork ezagutzen ditu hiruzpalau iruzkin baino gehiago dituen irakaskuntzari buruzko artikulurik?), faltan botatzen ditut komunitatearen mesedean sorturiko proiektuak (HeziTop bezalakoak, adibidez), faltan botatzen dut… Euskal Herriko hezkuntza sistemarekiko identifikazioa eta atxikimendua. Zoritxarrez, interneten ere, oraindik hezkuntza sistema zatikatua bizi dugula iruditzen zait. Sare publikoak alde batetik, ikastolok bestetik, kristau eskolak euren aldetik, Lanbide Heziketakoek ere berdin… Nork ezagutzen ditu irakaskuntza mundutik bertatik, komunitatearen mesedean (komunitatea esaten dudanean, komunitate osoaz ari naiz, berezitasunik gabe) aurrera eramandako proiektuak? HeziTop-en atzean dagoen filosofia bultzatzen duen besterik ba ote dago? Mila aldiz esandako gauzak direla badakit eta, agian, norbaitek inozokeriak direla pentsa dezake, ez dakit. Internet, gaur egun bizi dugun fragmentazio hau gainditzeko tresna paregabea dela sinesten dut; gurea baino handiagoak diren beste komunitateetan aspaldi jabetu ziren honetaz, euren mesedrako, noski.

Tira, besterik ez. Ea gogo eta indarra nahikoak gelditzen zaizkigun, aurrekoak bezalako beste bi urte gehiago betetzeko. Eskerrik asko jarraitzen gaituzuen guztioi :wink:

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2007/04/11/bi-urte-betetzen-ditugu-gaur/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Bi urte betetzen ditugu gaur”

  1. Gravatar Image

    magic(e)k zera dio:

    Nola pasatzen da denbora!!!

    Bi urte ez dira asko izango, baina bide horretan ikasitakoa ez da nolanahiko zaku batean sartzen. Horregatik, besterik ez bada, nahiko justifikatuta dago blog honen inguruan eman dugun denbora guztia.

    Komunitatearena, arrazoi osoa daukazu, ez dugu apenas ezer ikusten eta administrazioaren inguruan ere ez dugu horren aldeko jarrerarik ikusten. Baina ez dugu etsi behar, beste gauzekin gertatzen den bezala, behetik sortutako egitasmoak dira benetan gauzatu eta aurrera ateratzen direnak. Laster, Hezitop bezalako beste proiektuak ikusteko aukera izango dugu, ziur.

    Bukatzeko, nekatuta zabiltzala aitortzen duzu, eta ez da harritzekoa. Mila gauzatan sartuta zabiltza eta horrek edonor nekatzen du. Baina zure neke hori oso berezia izango da, bestela ez da ulertzen nola ausartzen zaren Jakintzazu bezalako beste egitasmo berriekin. Garbi dago kastako irakaslea zarela eta, ezagutzen zaitugunok, badakigu hori ez dela zure azkeneko proiektua izango.

    Gure ikastolan zu bezalako mirloak behar ditugu eta ez zaitugu bakarrik utziko. Eutsi horri, ez bi urte hogeitabi baizik.

  2. Gravatar Image

    Benito(e)k zera dio:

    Aste Santuko oporrak gauzak faltan botatzen hasteko sasoi txarra dira gurean :wink: .
    Zorioooonaaaaaak!!!

  3. Gravatar Image

    Larre(e)k zera dio:

    Nik ere melankolia puntu hori sumatu dut, baina, beno, momentu txarrak eta momentu pozgarriak izaten dira bizitza honetan. Lasai, buelta emango diozu.

    Ziur nago hemendik gutxira zure ilusioa piztuko duen beste proiektu-saltsaren batean sartuko zarela.

    Bi urte berehala pasa dira eta lan izugarria egin duzuela esan beharra dago. Inork ez badizue esan, nik esaten dizuet: ZUEN LANA IZUGARRIA IZAN DA!
    Komunitate filosofiarena mantxo-mantxo baina aurrera doala (edo joango dela) uste dut. Fruituak epe luzera jasoko ditugula barneratu behar dugu eta ez desanimatu. Pozgarria da teknologia berrien kontuetan epe luzeak hain motzak izatea.

  4. Gravatar Image

    Patxi(e)k zera dio:

    Berrikuntzak abiadura haundian etorri dira, eta asimilatzeko denbora behar da nere ustez. oraindik ere ordenagailuak “teknofiloen zera hori” bezela ikusten dira toki askotan, ez tresna huts gisa, baina denborarekin ikusiko da ze nolako abantailak eskeintzen dituzten teknologia berriek.

    Elurretan bidea egiten duena, nekatu egiten dala, horixe.

    Animo, eta eskerrikasko. :grin:

  5. Gravatar Image

    xarana(e)k zera dio:

    Zorionak ikateros saltxeros!!

    Politikarako ere balio zenezakeen asmo guzti horiekin! Ea zureak, behintzat, betetzen diren. Ziur nago zure eskuan dagoen guztia emango duzula horretarako, helburu ideal horietan pentsatu, antolatu eta gorpuztu arte. Eta gogoan izan; historian zehar gauza asko ez lirateke posible izango baten batek noizbait ideia zororen bat izan ez balu. Beraz, segi beti bezain ero, iktero.

    Zorte on eta besarkada bat aspaldiko partez. Ez zaituztet hain erraz begibistatik galduko!

  6. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Ba, nik, 2. urteurrena ospatzeko bi pantaila handi oparitu dizkiot nire buruari:

    - Txanogorritxo, txanogorritxo eta zertarako nahi dituzu zuk bi pantaila handi horiek?????
    - Lan erdia egin eta bikoitza ikustekooooooo… :mrgreen:

  7. Gravatar Image

    xa2(e)k zera dio:

    ZORIONAK!!!!!!!!!!!

  8. Gravatar Image

    Jozulin(e)k zera dio:

    Zorionak eta segi horrela!

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo