A A
RSS


Ahozkotasuna eta teknologia berriak: esperientzia bat.

Ostegunean, Abandoko Berritzegunean izan nintzen euskaljakintzaren nondik norakoak azaltzen Garatuko ikastaro bateko saio batean. Hasi aurretik bertako euskara arloko koordinatzailearekin luze hitz egiteko aukera izan nuen. Solasean hasi orduko didaktikaz ikuspegi oso antzekoa genuela ohartuta, errepaso ederra eman genion ikasleen motibazioari, irakaslearen gela aurreko jarrerari, irakasleek teknologia berrien aurrean topatzen ditugun zailtasunei eta beste hamaika konturi. Komentatu genuen irakasleek azkenaldi honetan asko entzun dutela blogei buruz (ikastaro dezente antolatzen ari da nonahi ikuspuntu teknikotik) baina, agian, esperientzia metodologiko eta gauzatze zehatzei buruz gutxiago hitz egiten dela. Puntu horretan, hastear zegoen saioan ikuspuntu horri heltzera animatu ninduen. Horrelaxe egin nuen eta, egia esan, oso gustura aritu nintzen zehaztasun guztiekiko (prozedura, balorazioa…) bertaratutakoek erakutsi zuten jakin-mina zela. Hemen ere lanketa horietako baten gorabeherak azaltzea pentsatu dut norbaiti baliagarri suertatuko zaiolakoan.

Hasteko, esan beharra daukat euskaljakintzan proiektuka lan egiten dugula. Proiektu edo lanketa horietako batzuk, denak ez, webquesten bidez garatu ohi ditugu. Horixe da ahozkotasunaren kasua. Aurten, ahozkotasuna lantzeko garaian, webquest honetatik abiatu gara eta bertako sarreran adierazten dugun legez, hauexek izan dira gure helburuak:

  • Ahozko diskurtso koherente eta zuzen bat sortu.
  • Ideiak ahoz arrazoitu eta aurkeztu.
  • Ahozko azalpen bat ondo egituratu.
  • Ideia nagusiak eta osagarriak bereizi.
  • Antolatzaile egokiak erabili.
  • Ahozko azalpena hobetzeko hainbat baliabide erabili.
  • Modu kritikoan entzuten ikasi.

Prozesu osoaren amaieran, ikasle bakoitzak 4 minutuz ondo egituratutako azalpen bat eman behar du gela osoaren aurrean horretarako prestatutako eskema baten laguntza bakarraz. Ikasle batek hitz egiten duen bitartean, beste guztiek adi egon behar dute, ondoren, txantiloi hau erabiliz, ikaslearen balorazioa betetzeko.

Helburu horretara iristeko, hauek izan dira jarraitu ditugun pausoak:

Dena den, onartu beharra dago jende aurrean hitz egitea ez dela ikasle askorentzat atsegin handikoa. Batzuk oso urduri jartzen dira, beste batzuk blokeatzera iristen dira… Edonola ere, nire ustez, eskolan landu beharreko ezinbesteko gaitasuna da. Bizitza honetan askotan suertatuko zaie gure ikasleei jende aurrean hitz egin behar izatea eta zenbat eta lehenago hasi, orduan eta hobeto. Ikastolan saiakera ezberdinak egin ditugu alor honetan eta oraintsu ari gara jendaurreko azalpenetan lau hizkuntzetan jarraitu beharreko protokoloaren txosten bateratua prestatzen (etapa guztietan eta gai guztietan -fisika edo matematikan, gizarte zein ekonomian -mota honetako jardunetan jarraitu beharreko urratsak identifikatu eta zehazten).

Jarraitu irakurtzen: 2 eta 3.

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2007/05/01/ahozkotasuna-eta-teknologia-berriak-esperientzia-bat/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Ahozkotasuna eta teknologia berriak: esperientzia bat.”

  1. Gravatar Image

    Patxo Landa(e)k zera dio:

    Maite,
    Ezin izan nuen Bilbon egon, baina, entzun dudanez, bertan egondakoak harrituta atera ziren. (Aurreko egunean nik abisatu nien zuen lan paregabea ikusteko pret egoteko…)
    Ea hurrengoan….
    Eta eskerrik den-dena konpartitzeko ikasten ari garenekin.

    25 mins igaro dira mezua idatzi zenetik.
  2. Gravatar Image

    Benito(e)k zera dio:

    Podomatic-ekin grabatzeko eta grabazioak bidaltzeko arazoak egon direla diozu, ondo ulertu badut. Egia esanda, horrelako on-line grabazioetan oraindik orain suspentse apur bat egoten da.
    Alternatiba bat ematearren-edo (mlearning-aren kontuarekin erdi tentelduta gabiltzala): gazte gehienek daukate mp3, ipod, mp4 edo halako entzungailua. Gailu horietako gehienek grabatzeko ere balio dute, baita sakeleko batzuek ere. Zergatik ez erabili hauek grabazioak egiteko? Batzuetan pentsatzen izan dut eskutartean dauzkagun trastoei ez diegula atarramendu seriorik ateratzen. Ahozkotasuna eta jendeaurreko diskurtsoa lantzeko zuk jorratu duzun bidetik beste ate bat zabaldu dezaketela uste dut: norberak nahi duen lekuan eta unean grabatzea, norberak inon eta inori erakutsi baino lehen entzun eta ebaluatzea (horretarako jarduerak eta atazak prestatu daitezke), eta, bide batez, teknologiak eskaintzen dituen aukera desberdinak aztertzen eta erabiltzen ohitu. Beharbada, beste asignatura batean (transbertsalitatea deitzen zaio honi, ezta?)audioaren grabazioaz nozio eta praktika batzuekin osatuta…
    Tira, ba boteprontoko ideiak izan dira,… :roll:

    15 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  3. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Aupa, Patxo!
    Mila esker gure lanaz horrela hitz egiteagatik. :smile: Ze pena ez zenuela izaterik joan (pentsatzen nuen hantxe elkar ikusiko genuela). Dena den, ikusi dut nonbait ederki pasa zenutela aurreko egunetan, ezta? :wink: Hurrengoan izango da. Getxon, agian?

    Benito, egia esan, (jakin gabe baina) m-learning egiten bukatu zuten batzuek!!! :grin: Podomatic-ekin pazientzia galdu zuen bakarren batek grabazioak bere mp3n egin zituen, eta beste bakarren batek audacity edo ordenagailuko grabagailua erabiliz…Laburbilduz, ez daudela ez errekurtso ez imajinazio faltan!!! Kontua da, niri buruan (eta nahiko burugogorra naiz) blogarena sartu zitzaidala beste mota bateko komunikazioa ere ahalbidetzen duelako (iruzkinak…). Hurrengo urteari begira, lanketa mota honekin jarraitzea pentsatuta dut; dena den, aldaketa batzuk sartu behar ditut (baina ez dakit ikasleak konbentzituko ditudan buruan dudana egiteko …) :mrgreen: Mila esker ekarpenengatik!

    1 day igaro dira mezua idatzi zenetik.
  4. Gravatar Image

    Benito(e)k zera dio:

    Trankil Maite, datorren urterako telefonotik zuzenean podcasteatzeko zerbait asmatuko dute :wink: .

    1 day igaro dira mezua idatzi zenetik.
  5. Gravatar Image

    Benito(e)k zera dio:

    Listo! :wink: http://www.snapvine.com

    259 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  6. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Aupa, Benito!
    Ez duzu denbora galtzen, eee!!!! :lol: Ez dut denbora gehiegirik izan saltseatzeko, baina, ikusi dudanagatik, iruditzen zait aurtengo ahozkotasunerako oso baliagarria gerta dakidala. Kontatuko dizut… Milioi bat esker! :wink:

    259 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  7. Gravatar Image

    Benito(e)k zera dio:

    Kar, kar… Urtebete ere ez da pasatu. Podcasten inguruan saltseatzen gogoratu dut zure artikulu hau.
    Bide batez, aipatu zenuen Gabcast horrek ere ematen du aukera telefonoz edo VOIPetik bidaltzeko. Hori bai, telefonoz eginez gero, kontuz fakturarekin! :mrgreen:

    260 days igaro dira mezua idatzi zenetik.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo