A A
RSS


Boz gorako irakurketaren inguruko hausnarketa eta egitasmo berria

Betidanik atsegin izan dut ozenki irakurtzea, txiki-txikitatik. Lagun artean, ikasleekin, gertaera berezietan (jaunartzean, sendotzan, nire lagunen ezkontzetan…) beti eskatu didate irakurtzeko eta inoiz ez dut ezezkorik esan; oso urduri jarrita ere, beti egin dut aurrera. Ahots ozenez irakurtzen bezainbeste edo gehiago gozatzen dut, gainera, besteei entzuten. Duela ez asko, esaterako, Donostiako Ernest LLuch kultur etxean izan nintzen Julen Gabiria eta Txuma Mugarrenen Mathilde maitatzeko moduak emanaldian. Hura zen mauka! Autorearen ahotsaz berak idatzitakoa entzuteko aukera eta, hori gutxi balitz, musika ederrez lagundua…Izugarria izan zen! Egun horretan hasi nintzen buruan bueltak ematen ikasleei nola kutsatu hori guztia.

Irakurketa ozena galtzen ari deneko susmoa dut. Ez dakit zehatz-mehatz maila baxuetan zer egiten den baina batxilergoan ez asko, hori garbi daukat. Bat nator Elvira Lindo idazlearen hitz hauekin:

Aprender a expresar con la voz lo que se lee. Saber contar un cuento. Saber escucharlo. Prestar atención y lograr captar la atención del otro. Cosas tan aparentemente sencillas como estas se han convertido en algo que rara vez se ejercita en la educación. ¿Dónde está un futuro lector? Es probable que el futuro lector se encuentre en el niño que escuché cuentos antes de dormir, cuentos que le leían o cuentos que inventaban sus padres. La idea de la voz asociada a la literatura y a la comprensión de la palabra escrita era habitual en los ejercicios escolares. Tal vez tengamos que volver a ese viejo sistema de hacer leer al niño o al adulto que aprende otro idioma, enseñarle a leer con viveza, con entonación, con sentido y expresividad. La voz asociada a la inteligencia, a la capacidad de expresarnos. Aquel que sabe leer con elegancia, sabrá hablar también con propiedad. Academic Department Instituto Cervantes. The Cultural Center of Spain in New York.

Zergatik irakurri boz goraz?

Onura ugari ekar dakiguke ahots ozenez irakurtzeak, hala irakurtzen duenari nola entzuleari. Hona hemen Rolling Readers-en emandako hainbat arrazoi (Plec-etik, Proyecto de lectura para centros escolares, ateratakoak):

  • Imajinazioa lantzen du.
  • Eduki kontzeptualak ezagutzen laguntzen digu (koloreak, soinuak, hizkiak, zenbakiak…)
  • Ideia eta kultura kontzeptu berriak helarazten dizkio entzuleari, honen kuriositatea eta kritikotasuna piztuz.
  • Beste gizarte eta errealitateen berri ematen du.
  • Irakurketa ozena egitea kontzentrazio eza duten pertsonentzat lagungarri gerta daiteke. Entzuteak ulermena garatzen du.
  • Entzuteak, gainera, mintzamena hobetzen laguntzen du. Hiztegi berria ikastean, entzuleak hobeto adieraziko ditu bere ideiak zein sentimenduak. Eta denok dakigu zein garrantzitsuak diren gaitasun hauek bizitzarako.
  • Irakurketa ozenak entzulearen irakurzaletasuna bultza dezake, norberak irakurtzeko gogoa pitz dezake.

Boz gorako irakurketarako:

Aholkuak:

  • irakurriKontuan izan entzuleak ez duela irakurriko, zuk esandakoa entzun baizik.
  • Irakurri beharrekoa ulertu.
  • Testua aurretik irakurria eta ozen irakurtzeko prestatua izan.
  • Ahoskera eta ozentasuna zaindu, egokitu.
  • Irakurri behar duzuna zure egin, sinetsi.
  • Doinu aldaketak erabili esalditik esaldira, ulergarritasuna eta atentzioa lortzeko.
  • Ahotsa ez dadila beherantz atera, hartzaileari begiratu.
  • Bereziki motel irakurri.
  • Puntuazio ikurrak etenaren eta doinuaren bidez adierazi.
  • Naturaltasuna bilatu, zure doinua gorde.

Prozesua:

  • Testua irakurri isilean.
  • Berriro irakurri hitz ezezagunak eta zalantzazkoak azpimarratuz.
  • Zalantzak argitu eta hitz ezezagunak begiratu testuaren mezuaz ondo jabetzeko.
  • Testua euskara batuan bada, euskara batuaren ahoskera zainduari buruzko arauak errespetatu.
  • Ahots ozenez irakurri zailtasunez ohartzeko.
  • Ahoskerari dagokion lotura, bustidura eta abar markatu.
  • Puntuazio-marken funtzioari erreparatu eta haien tonu aldaketa markatu.
  • Perpaus nagusi eta menpekoen arteko harremanaz ohartu eta etenaldiak seinalatu, sintagmaren osotasuna errespetatuz.
  • Galdetegia seinalatu aditzekin batera esateko.
  • Bigarren irakurraldi ozena egin seinalatutako ohar guztiak kontuan hartuz.
  • Bortxazko irakurketa ozena egin (mihia eta ahoskera zailduko duen zerbait jarriz ahoan; boligrafoa, adibidez).
  • Ahots gorako azken irakurketa, egoerarako egokiena den tonua erabiliz.

Dena den, aholkuak banan-banan jarraituta ere, konturatuko zarete ez dela batere erraza ondo irakurtzea. Zuen boz gorako irakurketaren bat grabatzen baduzue, ohartuko zarete zein zaila den autoreak adierazi nahi duena transmititzea, intonazio egokia ematea, eta abar. Gauzak horrela, ikasleekin proiektu berri bat aurrera eramatea otu zait: entzun. Helburu nagusienak hauexek dira:

  • Boz gorako irakurketan trebatzea.
  • Irakurzaletasuna bultzatzea.
  • Euskal literaturaz zein autoreez zertxobait gehiago ikastea eta hauen berri ematea.

Hurrengo urtean burutzeko proiektua izango da (jada profilatuta ditut sortuko dudan webquesta eta baloratzeko erabiliko dudan txantiloia), baina horrekin hasi aurretik ikasleek duten gabeziez jabetzeko, zerrenda batetik hainbat idazlan hautatu, WavePad programa jaitsi eta, aholku batzuk eman ondoren, irakurketa mp3an graba dezaten eskatu diet. Ikasturtea ia amaitua dago; beraz, borondatezko lana izan da (pizgarri gisa, nota igotzea eskaini diet eta boluntarioak harrien azpitik ere atera dira :smile: ). Aldi berean, hurrengo urtean ikasleei eredu bezala ipiniko diedan grabazio bat behar dudala eta, nire lagun Patxitraperori mesedea eskatzea bururatu zait. Nor bera baino hobeto? Hori bai, ez diot egia osoa esan (ereduarena eta hori, badaezpada ere :wink: ). Mila esker, Patxi! Izugarri gustatu zait egindako grabazioa eta narratutako istorioa. Bide batez, Elkarreko Xabier Mendiguren eta Susa argitaletxeko Gorka Arreseri ere eskerrak eman nahi dizkiet baimena emateaz gain, eskaerari hain azkar erantzuteagatik.

Aurreko guztia buruan eta duela ez asko ezagututako gune honi jarraiki (izugarri gustatu zitzaidan ikusi nuenean), hurrengo urterako lanketaren abiapuntu izango den bloga sortu dut; ez dut, ordea, blog bezala erabiliko, webgune estatiko baten erabilera eman nahi izan diot eta euskaljakintzan txertatu dut. Hasierako orrian topatuko dituzue orain arte sortutako atalak:

Atal bakoitzean klik eginez, genero bakoitzeko grabazioak eta idazlan zein autoreen informazioa aurkitu ahal izango dituzue. Orokorrean, grabazioak entzunda, akatsek abiadura eta intonazioarekin batik bat zerikusia dutela konturatuko zarete. Garbi dago, beraz, badagoela zer landu alor honetan; halere, ziur nago ezarritako helburuetatik urrunegi ez garela ibiliko lanketa serio bat egiten badugu.

Amaitzeko, hau guztia borobiltzeko buruan dudan beste egitasmo bat aipatuko dut. Nire asmoa hurrengo urtean ikasle gazteagoekin, beste batzuetan egin izan dugun bezala, kidetzea da. Gure ikasleek adin zehatz baterako irakurketa ozenak prestatuko dituzte (arestian aipatutako prozedura jarraituz) eta euren geletara joango dira irakurtzera. Hala ikasle zaharrenentzat nola gaztetxoentzat, guztiz aberatsa izan daitekeelakoan nago. Gonbidatuta zaudete guztiok, Patxik egin duen moduan, zuek ere ipuinen bat edo narratzera. Bestalde, ea lortzen dudan idazleren baten parte-hartzea; hori bai litzatekeela motibagarria ikasleentzat…

Informazio gehiago:

Eguneraketa

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2007/06/04/boz-gorako-irakurketaren-inguruko-hausnarketa-eta-egitasmo-berria/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Boz gorako irakurketaren inguruko hausnarketa eta egitasmo berria”

  1. Gravatar Image

    Patxi(e)k zera dio:

    Maite, langilearen egunari, izena aldatu behar diote: “Maiteren eguna” ipini behar dute!

    Abantaila haundiak ditu bai boz goraz irakurtzeak, bat nator guztiz, animo orriarekin, eta zure ikasleekin.

    (Eredu gisa erabili behar zenuela jakin banu, gehiago finduko nuen! :grin: )

    23 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.
  2. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Ez, ez, Patxi! Horrela primeran dago! Ondo egindako gauzekin konformatzen gara, ez goaz perfekzioaren bila… :mrgreen:

    Mila esker, bene-benetan, guztiagatik! :wink:

    1 day igaro dira mezua idatzi zenetik.
  3. Gravatar Image

    Fultxo(e)k zera dio:

    Aupa denoi:

    Oso interesgarria ahoz irakurtzearen inguruan esaten duzuen guztia. Hurrengo Juul kanpainarako Nafarroan jasoko ditugu idatzi dituzuen aholku, burutapen eta
    abarrekoak eta post hau linkatuko dugu Juul gunean.

    Nik baina handi bat jarriko nioke audioipuinak eta audinarraio labur horiei. Ez ditut funtzionalak ikusten ordenagailuaren aurrean entzun behar badira behintzat. Inor ez da jartzen ordenagailu aurrean narrazio bat entzuten, eta hare gutxiago gure ikasle multitarea hauek. Narrazioetan, eta bozgorako irakurketan, narratzailea ikustea garrantzitsua iruditzen zait oso eta baita narratzailea edo irakurlea entzulegoa aurrean izatea. Hortan bait datza irakurketa honen helburu eta baita xarma ere.

    Audioliburuak izan badira, baina oso ongi prestatutako produktuak dira eta errazago harrapatzen duten entzulearen atentzioa, hori bai, beste gauza bat egiten ari den bitartean, gidatu adibidez.

    Nik zuen antzeko beste ideia bat dut buruan, zaila dena aurrera eramaten eta ez dut uste inori interesatuko zaionik, gure inguruneko gurasoek euskaraz ez dakite baina seme-alabei euskaraz irakurri nahi izaten diete. Gurasoen doinua noski halanolakoa izaten da eta seme-alaben protestak ipuina hasi bezain laister hasten dira. Guraso hauentzat aukeratutako hainbat liburuen audioliburua sortzea polita litzateke, audio bakarrik, liburua erosi edo liburutegitik lortu beharko lukete. Honela, euskara jakin gabe, euskarazko liburuak irakurtzeko gai izango lirateke.

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  4. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Aupa, Fultxo! Seguruenik ez dut oso ondo adierazi baina nire helburu nagusia ez da ikasleak audioipunak entzuten jartzea (optitimista naiz baina ez hainbesterako :wink: ). Audioipuin hauek, gainera, ez dituzte inolaz ere kontaketa presentzialak ordezkatu nahi. Lortu nahi dudana da nire ikasleak boz gorailuko irakurketan trebatzea (artikuluan aipatzen dudan guztiagatik) eta, bide batez, irakurtzen dituzten testuen autoreak gehiago ezagutzea.

    Lanketa ondo egiten badugu, seguruenik nahiko ondo egongo diren irakurketa batzuk egingo ditugu. Irakurketa horiek grabatu egin behar ditugunez (bakoitzak bere akatsak aztertu eta hobetzeko), aprobetxatu eta gure gunean ipiniko ditugu edonoren eskura (baina ez ikasleek entzuteko bereziki). Jaisteko aukera ere eman nahi dut, agian, norbaitek eraman dezake ibiltzera joaten denean, gidatzen ari denean… Niri, adibidez, gustatzen zait plantxan edo ari naizela horrelakoak entzutea. Dena den, inork entzuten ez baditu ere, ez dugu ezer galtzen ez delako hori gure xedea. :smile:

    Bestalde, zure ideia hori oso interesgarria iruditzen zait eta, agian, ez da hain zaila praktikara eramatea (narratzaile on batzuk topatzea agian zailena, ezta?) Jakinarazi, mesedez, zerbait egiten baduzue…

    2 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  5. Gravatar Image

    Fultxo(e)k zera dio:

    Ongi ba, orain ulertu dut helburua.

    Bukaerako esteketan Victor Morenoren azkeneko liburua gehitu: Ikasleak irakurzaletzen ahotsa, sentimendua eta sormena erabiliz

    Liburua PDF formatuan lor daiteke lotura honetan.

    6 days igaro dira mezua idatzi zenetik.
  6. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Ze ona, Fultxo! Oraintxe bertan gehituko dut. Mila esker!! :smile:

    6 days igaro dira mezua idatzi zenetik.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo