Ez zait gehiegi gustatzen nonbaitera joan eta gero kronika kontatzea (nik baino askoz ere hobeto eta azkarrago egiten dutenak badaudelako) baina, tira, Iturri nire kronikaren zain omen dago eta, Iturri zain badago, ni prest edozein gauza idazteko nahiz eta oso interesgarria ez izan.
Zuetako batzuek jakingo duzuen bezala, asteburu honetan Bartzelonan izan naiz Espiral elkarteak banatutako Gelako Edublog Onenari Saria jasotzen. Sariak, denok dakigun bezala, ez dira berez ezer. Gerta daiteke zure lana saritzea mila konturengatik: kasualitatez zure lana ezagutu dutelako eta beste norbaitena ez, zurea gehiago erakutsi duzulako eta besteena iritsi behar zuen tokira iritsi ez delako… Edonola ere, euskaljakintzako partaide guztiontzat izugarrizko ohorea izan da estatu mailako sari bat jasotzea eta, zalantzarik gabe, gero eta gehiago baloratzen dut jaso dugun errekonozimendua hainbat arrazoirengatik. Sariaren kontu hau jarraitu duzuenok jada jakingo duzue gure blogaren merezimendua zalantzan jarri zela hasiera-hasieratik hizkuntza zela eta, pertsona bakar baten komentario bakar bat izan zen baina nik buelta asko eman dizkiot gai honi. Dena den, horrekin hasi aurretik jardunaldian bizitakoak komentatuko ditut.
Programan azaltzen den bezala, gauza interesgarri askoren inguruan aritzeko aukera izan genuen: Twitter, My Scrapbook, Moodle, wikiak bigarren hezkuntzan, Col-lex aplikazioa, Educasting… Edonola ere, bertaratutako guztien artean bil zitekeen esperientziarekin gelditzen naiz (Lu, Felipe, Juanmi, Conchi, Lucía, Tiscar, Xabier Suñe, Xabier Balanché, Bea, Adolfo , Francesc eta aipatzen ez ditudan beste asko). Plazer izugarria izan zen hauetako batzuekin gure proiektuez hitz egiteko aukera izatea. Bakar-bakarrik horrengatik merezi izan zuen bidaia egitea. Komunikazio guztiak, gainera, motzak eta interesgarriak izan ziren eta ideia ugari ateratzeko baliagarriak, zalantzarik gabe. Kaferako etenak eta bazkaria hitzaldiak bezain interesgarriak. Hona hemen nik jasotako hainbat ideia:
- Ikasleek txikitatik hasi eta ikasle ibilbide osoan blog bat mantentzea. Imajinatu zein aberasgarria litzatekeen ikasle bakoitzaren garapena ikusteko! Buelta gehiago eman beharko zaio ideia honi baina niri asko gustatu zitzaidan.
- Gure ikasleei euren eskura dauden baliabide guztiak modu arduratsuan erabiltzen erakustea (ikasleek ikastetxea uzten dutenean, jakin dezatela zein tresna erabil dezaketen jakintza kolektiboki eta arduraz eraikitzeko).
- Blogaren erabilera alfabetizazio digitala lortzeko (blogaren bitartez, beste eduki eta gai batzuk lantzen ari garen bitartean, zeharka gure ikasleen alfabetizazio digitala lor dezakegu).
- Ikasle zein irakasleei erantzukizun morala eskatu eta edukien lizentziari buruz kontzientziatu (saretik zerbait jasotzen duzunean, sortzailearen aipamen egokia egin beharra eta jasotakoaren truke zuk ere zerbait ematea…)
- Second life esperientziari etekina ateratzea ikasleengana hurbiltzeko
Izugarri gustatu zitzaidan Joan Badia (Berrikuntza Departamentuko Zuzendari Orokorra) eta Jordi Vivancosen (hezkuntzarako IKT proiektuen arduraduna) presentzia. Azken hau jardunaldietan bat gehiago izan zen, bere ideiak botaz eta beste guztienak jasoz, gobernuaren konpromisoaren lekuko (garbi gelditu zen ez zegoela bertan handik pasatzen zelako…).
Gauza askorekin gelditzen naiz, beraz, jardunaldietatik. Horietako bat bazkari garaia izan zen. Puntu honetan, Isidro Vidali eskerrak eman nahi dizkiot nirekin izandako begiruneagatik. Kontuan izan behar da gehienek iaztik elkar ezagutzen zutela eta Isidrok, euren mahaira gonbidatzearekin batera, taldeko beste bat sentiarazi zidan. Mila esker benetan (denok dakigu zer den bakarrik joatea horrelako tokiren batera, ezta?)
Bukatzeko, diploma bat banatu ziguten bertan izan ginenoi eta azken hitzaldiak eta gero sari banaketa izan zen. Izugarria! Sari bat banatzean, nahasketaren bat gertatu eta handik aurrera ia sari gehienak gaizki eman ziren (a ze barre-algarak mikrofonotik entzutean: “Cambio 2º premio blog de profesor por 1ero blogs de centro…”)
Dena den, ni penatuta bueltatu naiz gauza bakar batekin. Hizkuntza ez da oztopo izan saria irabazteko baina bai gure blogaren atzean dagoen proiektua ezagutzera emateko. Bartzelonan batzuen lanak ezagutzeko aukera txiki bat izan nuen (txikia diot 5 minutu inguru izan genuelako blog sarituok gure lana ezagutzera emateko eta ez denen aurrean, beste gela batean baizik). Hala ere, garbi gelditu zen saria zela eta, batzuek besteen lanak ezagutzen zituztela azalpenik gabe, saltseatzen ibiliak zirelako. Ez da hori izan gure kasua. Askok esan zidaten euskaljakintzan sartu zirela baina tutik ere ulertu ez zutenez, berehala atera zirela. Lastima gure helburuak, funtzionatzeko modu eta metodologia edonork ulertzeko aukera ez izatea! Hori askotan entzun behar izan nuen, gainera…
Amaitzeko, Espiralekoei eskerrak eman nahi dizkiet harrera, saria eta guztiagatik. Ea Mimio delakoa lehenbailehen iristen zaigun, probatzeko irrikaz nago!

iturri(e)k zera dio:
Aupa Maite:
“Oso interesgarria ez izateko” oso ondo dago kronika hau. Eskerrik asko hartu duzun lanagatik.
Hurrengo batean tarea potoloagoa jarriko dizut
6 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.Josu(e)k zera dio:
Zorionak Maite!!
Ez arduratu, euskaljakintzako lana izugarria da eta saria merezitakoa da, noski baietz!!!
Hizkuntzaren arazoa dela eta zure kezkak agertzen dituzu, baina pentsatu horrek balio erantsia ematen diola bai zuen lanari eta baita sariari berari ere.
Bestalde Bartzelonatik ideia berriekin etorri zara eta hoiei aipamen txikitxo bi. Nik 14 urteko alaba daukat eta noizbait komnetatu diot ea animatzen den blog bat idazten. Horrela zuk komentatzen dituzun arlo bi jorratu nahian: alfabetizazio digitala eta idazteko era.
Ba berak ez du nahi izan, “transparantziaren arazoa” agertu zait etxean bertan, “nik ez dut ezer kontatzeko”, “bai zera, nire gauzak ipiniko dodaz interneten denak ikusteko moduan, ja”, …
Dena den badakit bere gelako Messengerretik aparte Live-eko blogak hasi direla erabiltzen “tontakeriak” kontatzeko agian pausu bat da.
Gero Second Life aipatzen duzu nik uste dut probatu duten gazteei ez zaiela batere gustatzen, ez dute helbururik. Play Stationa gehiago gustatzen zaie. Agia helburu zehatzak finkatuta….
Esandakoa Zorionak eta segi horrela!!!
9 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.sei(e)k zera dio:
Aupa, Iturri! Zuk bota nahi duzunean eta ni saiatuko naiz erantzuten.
Aupa, Josu! Bai, garbi dago gure ikasleek bitan bereizten dutela euren produkzioa: lagun artekoa (fotologak eta horrelakoak) eta gauza “serioagoak” (blogak diario bezala hartuta, klaserako…). Guri ere ikastolan oso zaila egiten zaigu gure ikasle blogariek gaia edo ikasturtea amaitu ondoren, euren blogekin jarraiaraztea. Eta bitartean, egunero argitaratzen dituzte euren bizitzaren azken gorabeherak fotologetan eta. Azken hauek garbi dago alfabetizazio digitalaren bidean lagungarri izan daitezkeela baina ez hizkuntzaren trataeran. Beraz, nola uztartu biak? Nik oraindik ez daukat horrentzako erantzunik baina garrantzitsua iruditzen zait ikasleek ahalik eta tresna eta aukera gehien ezagutzea, gero bakoitzak ikus dezala zeri atera diezaiokeen etekin handiena…
Second Life horren inguruan, egia esan, ez daukat ideia handirik (ez nau orain arte batere erakarri) baina nik Bartzelonatik ekarri nuen ideia ez da Second Life-era mugatzen. Adibide hori estrapolatuz, irakasleok erne egon behar dugu ateratzen diren berrikuntzekin (mp3, mp4, mySpace, messenger edo horrelakoak), jakin gure ikasleek zertan pasatzen duten denbora eta saiatu horiek gurera ekartzen alfabetizazio digitala zein helburu pedagogikoak lortzeko. Atzo messengerra zen, gaur Second Life eta bihar beste zerbait izan daiteke; edozer dela ere, belarriak eta begiak adi izan eta, batez ere, jarrera irekia erakutsi aldaketen aurrean baliabide horiei etekina ateratzen saiatuz. Edo horrelako zerbait, ez zaizu iruditzen?
21 hours igaro dira mezua idatzi zenetik.Josu(e)k zera dio:
Guztiz ados Sei.
Esperimentazio pixka bat egin behar dut nire alaba eta lagunen ohitura informatikoekin.
Adibidez kuriosoa da, kalean daude kuadrillarekin, etxerako ordua da eta segituan ordenagailua piztu eta messengerrera konaktatzen dira, gainera ia gela osoa!!!
Zertarako galdetuta, erantzuna “tontakerietan ibilteko”. Baina etxerako lanen edo beraien arteko ikasketetako zalantzak argitzeko telefonoa erabiltzen dute!!
1 day igaro dira mezua idatzi zenetik.