TopOfBlogs
A A
RSS


Beste sari bat Jakintza ikastolarentzat

Bada bai, horrelaxe da. Eta berriro Euskaljakintza dugu albistearen protagonista, nola ez. Izan ere, atzo gauen pertsona/elkarte web orri onenaren Diariovasco.com saria irabazi zuen.

Erraz ahaztuko ez dugun gaua izan zen atzokoa. IKTeroon komando batek (Mikel eta biok) gure proiektuaren berri Zamudion ematen genuen bitartean, EnpresaDigitalak antolatutako azken jardunaldian, bigarren komando bat ere (Maite eta Manu, ikastolako zuzendaria eta, martxa honetan, etorkizuneko IKTeroa) Donostiara desplazatu zen ikasle talde batekin batera. Bai Zamudiora baita Donostiara ere joateko aukera izan bagenuen, dudarik gabe, azken urteotan egindako lanaren ondorio zuzena izan da. Eta zalantzarik gabe esan dezaket, bietatik Ordiziara bueltatu ginela gauzak ondo egiten ari garen sentsazioarekin. Mikelek egun hauetako “tourné”an azaldutakoaz aurrerago idatziko dut. Gaur Maitetaz soilik hitz egin nahi dizuet.

Harrigarria bezain polita izan da bi urte pasatxo hauetan Maitek izan duen bilakaera bere irakasle eginkizunean. Zer dira, bada, bi urte irakaslearen bizitza profesional osoari erreparatuz gero? Zoritxarrez, irakaskuntzan aldaketak oso motel ematen dira, ziklo luzeak behar izaten dira irakasle lanean aldaketa esanguratsuak gertatzeko. Horregatik diot, apenas bi urte pasa direnean, Maitek egindako lanak horrelako oihartzuna izatea harritzeko modukoa dela. Nik uste dut ez Maitek ezta gutako optimistenak ere, 2005eko uda hartan Maitek bere eguneroko jarduna goitik behera aldatzea erabaki zuen egun haietan, ez lukeela imajinatu ere egingo erabaki harrek horrelako ondorio pozgarriak ekarriko lituzkeenik. Teknologiari esker, irakaskuntza aro berri batean sartzen ari garela garbi dago: teknologia irakaskuntza metodoen aldaketaren eragile nagusia izateaz gain, aldakuntza hauen komunikazioa eta partekatzea inoiz baino azakarragoa gertatzea bermatzen du. Maite eta bere lana, horren eredu garbiak dira.

Maiteren esperientzia oso oso polita izan da ere. Izugarrizko lana egin du Euskaljakintza aurrera ateratzeko. Oso ondo dakigu hori bere esfortzua gertutik jarraitu dugunok; ni pertsonalki erabat harrituta nago Maitek duen lanerako kapazitatearekin. Baina, nondik atera du Maitek lanerako behar duen “gasolina” hori? Nik esango nuke bere ikasleengandik jasotzen duela. Hiru ikasle promozio desberdin pasa dira dagoeneko Euskaljakintzatik eta ikustekoa da, urte batean bai bestean ere bai, zenbat ilusiorekin hartzen duten ikasleek Euskaljakintza bizirik mantentzearen ardura, zeinen identifikatuta dauden denak Maiteren proiektuarekin. Eta ez didazue ukatuko hori dela irakasle batek bere eguneroko lanean jaso dezakeen satisfaziorik handiena. Maitek erakutsi digu, irakaslea motibatuta sentitzeko ez direla beharrezkoak soldatak altuagoak, dirulaguntzak, formazioa, edo ez dakit nik zer beste aitzaki. Irakasle batek gauzak ondo egiteko behar duen gauza bakarra ikasleak engantxatzea da eta helburu horretan, gure lana eta gogoa da giltzarri bakarra. Eta Maitek hor bete-betean asmatu du.

Beti esan dugu gure filosofia elkarlanean eta partekatzean oinarrituta dagoela. IKTeroon ezaugarri nagusiena dela esango nuke nik. Baina ez dugu ahaztu behar ikastola barruan baditugula lankide mordoa filosofia horrekin ere bat egiten dutenak. Euren animo, laguntza eta bultzada ematen ahalegintzen dira behin eta berriro (nik behintzat horrela bizi dut). Etapa pozgarria bizitzen ari gara gure lanbidean eta uste dut, neurri batean behintzat, badela euren meritua ere (Mikelek aipatzen duen “iceberg” hori :wink: etortzen zait burura). Horregatik, uste dut barrura gehiago begiratu behar dugula eta gure lankideek eskaintzen diguten laguntza, gure lana behar bezala burutzeko, gehiagotan eskertu beharko geniekeela. Izan daitezela horrelako sariak ere, gure lankideei merezi diegun esker ona adierazteko eta taldeko espiritua sendotzeko aitzakia

Nire aldetik ez daukat besterik. Zorionak Maite, ondo merezitako saria jaso duzu, seguru ez dela azkenekoa izango. Disfrutatu eta parteka ezazu zure poztasun hori zure inguruko guztiekin.

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2007/11/30/beste-sari-bat-jakintza-ikastolarentzat/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Beste sari bat Jakintza ikastolarentzat”

  1. Gravatar Image

    Imamon(e)k zera dio:

    Zorionak! Non sartuko dituzue hainbeste sari?

  2. Gravatar Image

    Txelis(e)k zera dio:

    Zorionak. Merezita duzue eta

  3. Gravatar Image

    xa2(e)k zera dio:

    Zorionak!!
    Hainbeste sari ez dira kasualidadez lortzen, segi danon probetxurako lanean.

  4. Gravatar Image

    Xarnegu(e)k zera dio:

    Zorionak IKTero saltserook!
    Hobekuntza eta esperientziak partekatzeko bidean segi, hezitzaile guztion mesederako izango da eta.

  5. Gravatar Image

    sei(e)k zera dio:

    Arrazoia duzu, Jolaus. Zuk eta Mikelek dakizue inork baino hobeto nola aritu ginen 2005eko uda hartan ero moduan lanean. Egunero-egunero eta gauero ordu txikiak arte (gogoratzen, Mikel?) hortxe aritu ginen elkarrekin lanean. Ez genuen uste, ezta urrutitik ere, honelako oihartzuna lortuko genuenik; izan ere, abiapuntua eta helburuak hortik oso urrun baitzeuden. Eskerrak!

    Batzuetan irakurtzen dut 2005eko uztail hartan euskaljakintzarako idatzitako lehenengo mezua, batez ere, ez ahazteko zerk eraman ninduen horretara eta gehiegi ez desbideratzeko. Eta oraindik ere, harrituta gelditzen naiz finkatutako helburu horiek edukiez eta esanahiaz bete ditugulako. Pixkanaka-pixkana moldatzen eta ñabartzen joan banaiz ere, gaur egungoetatik hainbeste aldatu ez direla ikusten dut.

    Ikasleek hasiera-hasieratik erantzun zioten gogo biziz nik proposatutakoari eta egunetik egunera ohartzen ari naiz errazagoa egiten zaidala ikasleei gure lanerako filosofia transmititzea. Baina, noski, nik horretan ez dut meritu handiegirik; izan ere, beraiei gero eta gehiago ari baitzaie heltzen ikastolako zirrikitu guztietatik filosofia hori.

    Askotan hitz egin dugu gure ikastolak azken urte hauetan, besteak beste, IKTen bitartez (eta ez IKT arloan soilik, kontuz!) bizi izan dituen aldaketez. Aldaketa horien eredu garbia naizenik ezin ukatu, ederki asko baitakizue nire iaiotasuna eta jakintza esparru hauetan zein urrun gelditzen ziren tresna kolaboratibo, blog, ariketa sortzaile, web 2.0 eta horrelakoetatik. Baina sekula ez dut ahaztuko, zuzendaritzak nik buruan nuen egitasmoarekin hasteko eman zizkidan erraztasunak eta nigan ipinitako konfiantza (edonon edo edonori ez diote eskaintzen bere euskarako ordu guztiak ordenagailu gelan emateko aukera). Hori gutxi balitz, edonork ez du aukerarik aldamenean teknikoki (jakin-minez eta orduak sartuta, ikasketetatik eratorriak baino) laguntza emango dioten bi “munstro” izateko. Beraz, gero eta gehiago ikusten dut azken egunotan hainbeste entzuten ari naizen “orain jasotzen ari garen guztia ez da kasualitatez, atzean dagoen guztiaren ondorio da” egia biribila dela. Gu zerbait ematen ari gara (ados, izan daiteke), baina bueltan jasotzen ari garen guztiak emandakoa eskas bihurtu du.

    Niri dagokidanez, sari eta errekonozimendu anitzekin ez nuke “autokonplazentzia” hutsalean erori nahi (ez dugu ahaztu behar, besteak beste, hortxe daudela gure ikastolan orduak eta orduak ikastolarako ematen ari direnak denontzat mesedegarria izango den proiektu batean buru-belarri lanean). Ez dut gure abiapuntua ahaztu nahi. EZ. Eguneroko lanean sinesten dut, egunero pixka bat besterik ez bada. Eta hori da ikasleei transmititzen saiatzen ari naizena. Bizitza honetan ez da oso azkarra izan behar gauzak txukun egiteko. Ez naiz ur sakonegietan sartuko, baina 19 urte daramatzat irakaskuntzan eta 19 urte hamaika gauza ikusteko eta ikasteko tartea bada. Denbora horretan bizi izan dudanagatik esan dezaket, gogoa eta motibazio direla bizitzaren gurpil zoroak mugitzen dituzten indar nagusienak. Gogoa baduzu, edozer egin dezakezu. Hori da nik hasiera-hasieratik ikasleei transmititu nahi niena eta hori da azken urte hauetan eta, gaur bertan ere, siestatik jaiki eta gure ikastolako korreoan topatu ditudan mezuetan ikusi dudana: gogoa, gauzak gero eta hobeto egiteko gogoa. Larunbata da eta ikasleak euskarako lanak egiten ari dira. Zer gehiago esan dezaket?

    Iruzkin luze honen amaierara arte iristeko pazientzia izan duzuenoi ere eskerrak eman nahi dizkizuet bihotzez, bereziki, imamon, txelis, xa2 eta xarneguri. Eskerrak zuen komentario, iradokizun, animo, batzuetan haserre (hau etxekoentzat) eta, beti, borondate onarekin ibiltzen erakusteaz gain, korrika egiten erakutsi diguzuelako.

  6. Gravatar Image

    Josu(e)k zera dio:

    Zorionak Maiteri eta baita beste guztioi ere.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo