TopOfBlogs
A A
RSS


Interneten euskal hezkuntza sarea sortzeko aukerarik ba ote?

Mikronizazio hori adierazgarria da oso unibertsitate mailan. EAE bezalako lurralde txiki batean lau unibertsitate desberdinen eskaintza daukagu, EHU, MU, UN eta Deustuko unibertsitateak, eta fakultateak Euskal-Herri osoan zehar sakabanatuta (Ordizian ere badugu gure injenieritza fakultatea, ez pentsa :wink: ). Halako eskaintza zabala egonik, norbaitek ezagutzen al du arlo berean lan egiten duten unibertsitate ezberdinetako irakasleen artean sortutako sare edo antzeko ekimenik? Adibide konkretuagoa jarriko dut. Gauza jakina da geroz eta fakultate gehiagotan erabiltzen ari dela Moodle. Moodlezale asko dago unibertsitateetako fakultate askotan. Duela gutxi Kepa Sarasolak Informatikako fakultatean ate irekien eguna ospatzeko antolatutako ekimenen berri eman zigun. Berak dioenez Moodleen 2917 ikastaro sortuta omen dituzte (87 informatikako fakultatean). MUn, berriz, Iñaki Arenaza dabil lan horretan buru-belarri. Moodle-eko euskarazko guneko foroetako erabiltzaile beteranoa da. Izan al da noizbait bi unibertsitate hauen artean esperientzi trukaketarik, praktika onen trukaketarik? Ez al litzateke esperientzia aberasgarria izango denontzat? Zergatik ez dira horrelako ekimenak bultzatzeko bitarteko gehiago jartzen?

Unibertsitate aurreko etapetan ere egoera ez da oso ezberdina. Lanbide Heziketako ikastetxeetan gauza interesgarri ugari egiten ari direla gauza jakina da. Ezagutzen ditut IMHn, Txorierrin, Tolosaldean… hainbat proiektu. Lehenengoan eta hirugarrenean Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntzaren (POI) inguruko gauza interesgarriak irakurri ditut. Txorierri eta Tolosaldeakoek, gu bezala, etengabeko hobekuntzaren bidean sartuta dabiltza. Adibide sinple bi besterik ez dira baina ez al da posible, hauetan sortu den ezagutza sare irekietan besteokin partekatzea?

Derrigorrezko bigarren hezkuntzari buruz zer esango dizuet bada. Mikelek aurreko batean ederki asko egin zuen daukagun “gaixotasun kronikoaren” inguruko analisia. Ez dut gehiago sakonduko horretan. Berak esaten zuen bezala, azken urteotan ikastetxe askotan egon gara: bi adibide jartzearren gogoan ditut Getxoko Aixerrotako institutura joan nintzeneko eguna edota Jabi Luengok, Mikeli eta bioi, Tolosako Eskolapioetara gonbidatu ziguneko eguna, eurek zuten arbel digital interaktiboa ikusteko. Bietan oso gustura izan nintzen. Jabego eta ofialtasun kontuak alde batera geratzen dira egunerokotasunean topatzen ditugun zailtasunetaz hitz egiten dugunean. Adibide bezala jarri ditudan bi egun hauetan, adibidez, asko eta luze hitz egin genuen gure gauzetaz eta etxera ideia interesgarri mordo batekin bueltatu nintzen. Zenbat kostatzen zaigun, ordea, pribatuan agertzen dugun komunikazio eta elkarlanerako borondate hori sarera eramaten.

Euskaltegien mundua barrutik ez dut gehiegi ezagutzen baina nire pertzepzioa gauzak beste modu batera gertatzen ari direla da. Berriro diot, hau guztia kanpotik ikusita jasotzen dudan sentsazioa besterik ez da; Benitok, Txelisek, Abelek, edo Pedrok, besteak beste, argitu beharko lukete hau zertxobait gehiago. Egia da, oraindik ez dutela elkarlanerako txokorik garatu helduen alfabetatze lanetan diharduten irakasleentzat baina elkarri laguntzeko beste prestutasun bat antzematen da, ez dakit, “rollo ona” dagoela ematen du. Euskara eta helduen euskalduntzea gai serioegiak izango dira beste esparruetan ditugun eztabaida antzuekin denbora galtzeko.

Maremagnum honetan ezin ditugu ahaztu ere etorkizuneko irakasleak, fakultate ezberdinetan euren ikasketak amaitzen ari direnak eta laister irakaskuntza munduko kideak izango direnak. Duela hilabete batzuk HUHEZIk antolatzen duen Egokitzapen Pedagogikorako Ikastaroan (CAP) IKTen inguruko saio batzuk prestatzea eskaini zidaten. Lehen balorazioa garbia izan zen; teknologia berriei dagokienez, une honetan eskoletan erabiltzen diren IKT baliabideen inguruan ezer gutxi ezagutzen dute. Curriculum berriak, konpetentziak… gai potoloegiak dira gure lanbidean hastera doan batentzat. Horregatik pentsatzen dut ikasleekin ere oso interesgarria izango litzatekeela hauek ere irakasleon artean osaturiko sareetan inplikatzea. Gure esperientzia baliagarria izango zaie dudarik gabe zein errealitate mota ezagutuko duten jabetzeko. Bide batez eurei iritzia emateko aukera eskainiko genieke ere, euren kezkak, galderak, ilusioak edota nahiak besteokin partekatzeko aukera izanik. Ez al zaizue iruditzen hori ere oso aberasgarria izan daitekeela?


Jarraitu irakurtzen: 1 2 3

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2008/04/29/interneten-euskal-hezkuntza-sarea-sortzeko-aukerarik-ba-ote/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Interneten euskal hezkuntza sarea sortzeko aukerarik ba ote?”

  1. Gravatar Image

    Benito(e)k zera dio:

    Bufa! Ez dakit ba. Euskaltegien munduan gauza hobeto dabilela? Baliteke, konparazioetan ari gara azken batean eta neuk ere ez dakit inguruko mundu horien barru-barruan zer dabilen.
    Hala ere, aipatu dituzun batzuk neurri batean edo bestean gurean ere baditugu: bakoitza bere txokoan gordetzeko joera, teknofobia, bolbora nork bere aldetik behin eta berriz inbentatzea…
    “Rollo” txarrik ez da egongo, ez, bistan behintzat. Alde horretatik, ni neu behintzat pozik nabil Karrajuaren funtzionamendua eta erantzunarekin: sare desberdinetako jendearen parte hartzea, bisita kopuru majoa… Ez nuke bolanderarik botako hala ere, badakit askoz jenero gehiago dabilela gurean.
    Dena dela, geu ere bagabiltza besteei begira, zeuei adibidez. Batzuetan ematen dit denok gabiltzala apur bat auzoko lapikoaren sindromearekin, ezta?

  2. Gravatar Image

    Josu O.(e)k zera dio:

    Aupa Jolaus,

    Bilbo aldean badago irakasleen komunitate bat ikasbloggers deitzen dena. Orain arte hiru bilera egin ditugu. Esperientzien elkartrukaketa dugu helburu eta sarean webgune hau da erreferentzia: http://ikasbloggers.wikispaces.com

    Animo, denon artean zerbait aterako da eta!

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo