TopOfBlogs
A A
RSS


Hezkuntza Sistema Nazioanala Windowspean?

Euskal Herriak bere eskola gunean aspalditik sartu gabe nengoen eta gaur del.icio.us-etik bertara joan naizenean, Unitate Didaktikoa izeneko botoia ikusi eta klikatu dut. Ezer egiten hasi aurretik, azalpenak irakurtzen hasi naiz eta irakurri beharrekoa irakurri ondoren, unitate didaktiko jaistea pentsatu dut. Mezu hau agertzen da “Irudiaren gainean klik eginez gero jaitsi ahal izango duzu. ADI! 160 Mb pisatzen ditu!”, baina interesaturik nengoenez, klikatzera joan naiz. Nire saguaren gezia irudiaren gainean jartzerakoan eta nire ohiturari jarraiki, Firefox-eko beheko barran begiratu dut fitxategiaren luzapena ikusteko eta .EXE ikusi dudanean, amorruz eta haserrez gunetik irtetea pentsatu dut. Baina horrekin inongo mesederik ez nuela egiten pentsatu eta hemen salatzea erabaki dut.

Hori baldin bada, HSN (Hezkuntza Sistema Nazionala) eraikitzeko bidea, nik ez dut horrelako eskolarik nahi. Batzuek oraindik ez dute ulertu gatibu bihurtzen gaituzten gauzen artean, software pribatiboa dela horietako bat eta eskola ezin dela era horretako softwarearen sostengu eta harrobia bihurtu. Era guztietako arrazoiak aipa ditzakegu software askea hezkuntza sistema baten oinarri gisa aldarrikatzeko, baina EHBE bezalako ekimen batek gisa honetako gauzak aintzat hartzen ez baditu, zer espero dezakegu?

S O S ! ! ! Euskal Curriculuma garatu nahi dugu, baina ez horrela.

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2008/05/14/hezkuntza-sistema-nazioanala-windowspean/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Hezkuntza Sistema Nazioanala Windowspean?”

  1. Gravatar Image

    Euskal Herriak Bere Eskola(e)k zera dio:

    Agur t’erdi,
    Irakurri dugu zuen lankidea den Magicek irakurritako mezua eta egia esan sentimendu kontrajarriak sortu zaizkigu. Saiatuko gara ahalik eta modurik argienean azaltzen. Ez dakigu mezu hau nola bideratu modu pribatuan berari, beraz egokiena hau erabiltzea dela deritzogu.

    Arrazoi osoa du egindako artxiboa *.exe batean doala dioenean. Hau egitearen arrazoiak bi izan dira: alde batetik jaitsi eta funtzionatzen jartzeko sistema errazagoa dela informatikaz ezer gutxi dakitenentzat (eskola askotan gertatzen da). Bigarrenik, bestelako formatutan egin zitekeela egia bada ere, hau egin duten militanteek euren orduak erabili dituzte ahalik eta material txukunena lantzen. Eta erabili duten formatua PowerPoint bat izan da, era egokian Microsoft PowerPoint programan ikusten dena. OpenOfficean ere ondo ikus daiteke, baina gauza batzuek ez dute formatu egokia erakusten. Beraz Windowsarekin ireki daiteke Windowsarekin egin delako. Hau orokorrean dugun arazo bat da, are eta gehaigo, mezu hau Windows Vista duen ordenadore batetik idazten gabiltza. Galde diezaiokegu gure buruari Irakasle Eskoletako zenbat ordenagailuk ez duten Windowsa eta Linuxa bakarrik duten. Erantzuna sinplea da, batek ere ez. Beraz egin den lana horrela egin da borondate on guztiarekin, eta hedatzerako garaian formatu hedatua zenez ez da aldaketarik egin. Eta kontradikzio hori dugula asumitzen dugu, noski!

    Bestetik artikulua nola idatzi den tristea iruditzen zaigu. Unitate Didaktikoaren berria irekitzen bada azkenean argi agertzen da ekarpenak jasotzeko lan bat dela… hau da, hizkera informatikoa erabiliz beta edizio bat da. Horrela jartzen du hitzez hitz: “Horretarako, eskuartean duzuen unitatea lantzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu: zuen ikastetxean, irakasle taldearen artean, ikasleekin… irakurri, landu, hausnartu eta beldurrik gabe ekarpenak egin. Horretarako, modurik egokiena zuen herriko Euskal Herriak Bere Eskolako lan taldeari luzatu zuen ekarpenak (ahal izanez gero formatu informatikoan izatea eskertuko genizueke) edota emailez bidaltzea da.” Norbaitek horrelako ekarpenak baldin baditu oso interesgarria litzateke helaraztea, guk pozik hartuko baikenuke linuxerako edizio bat gure webgunean eta editatzen dugunerako horrelako formatuak ere eduki nahi ditugu. Momentuz beta bat da, eta irailerako ekarpen guztiekin 1.0 edizioa atera nahiko genuke.

    Bestetik Hezkuntza Sistema Nazionala edo Euskal Curriculuma windowspean egingo ote diren kritikatzen da. Kritika oso egokia da, softwarean xahutzen den dirutzarekin eskola osoak eraiki ahal direlako, eta gutxienez irakasle bat kontratatu eskola handi bakoitzean. Guk curriculuma eraikitzeko lanean parte-hartzea bultzatu dugu, eta oraindik ere parte-hartzeari bideratuta dago, ez baita prozesua bukatu. Prozesu honetan IKTeroek lan handia dute, teknologiaren ikuspegi berriak sartzeko Curriculumaren diseinu eta aplikazioan. EHBEk Hezkuntza Sistema Nazionala eraiki nahi duenean guztiekin egin nahi du, eta beraz guztien ekarpenak interesgarriak dira.

    Hauek dira sortu zaizkigun sentimenduak. Baina bada azkeneko ohar interesgarriago bat: formena. EHBEk webgune berria eraiki du bere ekimenak interneten oihartzun handia izan dezan. Hori dela eta 2.0 ideian oinarritua pausuak ematen dabil, lantalde ezberdinei blogak irekiz, rss sindikazioa zabalduz, ideia parte-hartzaileen bitartez webgunea indartuz (campusak biluztu, flickren irudiak igoz…). Gainera webgunea bera software askearen bitartez egiten da. Eta ekarpenei zabalik dago. Beti gaude ekarpenei zabalik. Beraz horrelako ekarpen bat dagoenean interesgarria litzateke guri zuzenean bidaltzea, elkarrekin baliabide hobeak sor ditzagun.

    Mezu hau berari iristea nahiko genuke, ez baideritzogu egokia blogaren komentariotan zuzenean sartzea, nahiz eta hori ere bide errazagoa litzatekeen.

    Eskerrik asko zuen arretagatik. Eta bukatzeko, eta harreman onak egiten hasteko, zuen blogan eskaintze duzuen informazio guztia dela eta zoriondu nahi zaituztegu.

    Adeitasunez,

    Euskal Herriak Bere Eskola

  2. Gravatar Image

    magic(e)k zera dio:

    Hasteko, ez dakit nire tonua desegokia iruditu zaizuen, baina idatzi nuenean nahiko bero nengoen eta gai honen inguruan, frogatuta dago, gauzak garbi esaten ez direnean, ez da inongo neurririk hartzen eta Windows-ek eskaintzen duen “erosotasun” faltsu horretan jarraitzen dugu. Beraz, modu horretan har ezazue eraikitzaile izan nahi zuen nire kritika publikoa. Barkatuko didazue, baina gai honek malaletxen jartzen nau.

    Zuen iruzkinarekin, egia esan, okerrago gelditu naiz. Hasteko, modu “pribatuan” bideratu nahi zenutela adierazten duzuenean, hezkuntzan sekretismoa nagusi izan den urte askotako ohitura negargarria datorkit burura. Bada garaia beldurrak gainetik kentzeko eta gure ezagutza partekatzeaz gain, gure kritikak, kontradizioak, desadostasunak, iritziak… plazaratzeko. Askatasunez. Atera gaitezen plazara!!!

    Dena den, ez dut oso ongi ulertzen zuen gunearen egitura eta aipatzen duzuen ekarpenak jasotzearen nahia edo 2.0 ideiarena. Niretzat funtsezkoa den iruzkinen sistema ez dut inon ikusten eta iritziak emateko edo ekarpenak egiteko “Kontaktua” besterik ez dut ikusten. Sistema horrekin, jendeak ezin du inongo eztabaida burutu eta gure hezkuntzak horren premia larria duela iruditzen zait.

    Nik ez dut zalantzan jartzen hor dabilen jendearen borondate ona, baina “Hezkuntza Sistema Nazionala” bezalako ekimen “potolo” bat abian jartzen denean, ezin du betiko eskemetan oinarritutako jarrera bat azaldu. Horrelako ekimen bati konpromiso serioagoa eskatu behar zaiola pentsatzen dut, baita Teknologia Berrien alorrean ere.

    Bestalde, jende gehienak Windows erabiltzen duela esatean, betiko argudio merkea erabiltzen duzuela iruditzen zait. Beste batzuek ere argudio bera erabiltzen dute euren immobilismoa zuritzeko, etxe horrek ordenagailuen alorrean duen hegemonia indartuz eta betiko luzatuz. Jarrera hau are larriagoa iruditzen zait hezkuntzaz hitz egiten ari garenean, izan ere, hortxe ari baikara hurrengo belaunaldien etorkizunaren oinarria eraikitzen eta nire seme-alaben etorkizuna ez nuke Microsoft etxeari lotuta ikustea nahiko. Kate batzuk hautsi beste kate batzuen mende gelditzeko?

    Ikastetxeen ordenagailu parkeari buruz, egia da gehienetan Windows dela nagusi, baina ez guztietan. Geroz eta ikastetxe gehiago ari dira Software Askera pasatzen edota migrazioa burutzeko urratsak ematen dabiltza. Nolanahi ere, bakar bat ere egongo ez balitz ere, zuek ordezkatzen duzuen motako ekimen batek ezin du hori erreferentetzat hartu, abangoardia izan beharko luke, Software Askearen aldeko apustu garbi bat egin eta arrazoi ekonomikoaz haratago doazen beste argudioak erabili beharko lituzke, batez ere arrazoi etikoak. Hamaika arrazoi baitaude ekonomikoen aurretik.

    Amaitzeko, zuen iruzkin hau eskertu nahi dizuet. Bazen garaia, hezkuntzarekin zerikusia duen eztabaida publiko bat ikusteko. Horrelako eztabaidek indartzen gaituzte eta konbentzituta nago guztion mesederako direla. Elkarrengandik, guztiengandik asko dugu ikasteko.

  3. Gravatar Image

    Euskal Herriak Bere Eskola(e)k zera dio:

    Agur t’erdi,
    Beno, hasierako erantzunean esan bezala, arazoa ez da tonua baizik eta forma. Hau da, egiten den kritika modu horretan, kritika hutsean egiteak da mina ematen duena. Batez ere Euskal Curriculuma edo HSN bezalako proiektuek guztien parte-hartzea dutenean, eta guk ez dugunean euretan inongo amatasunik. Hezkuntza Sistema Nazionala guztion artean eraiki behar dugun proiektu bat izanda horrelako adibide batekin, esan bezala, gaizki dagoela onartzen dugun adibide batekin desmontatzen saiatzea gehiegizkoa dela pentsatzen dugu.

    Hala ere lasai, aurreko mezuan esan bezala kritika guzti hauei irekita gaude, herri mugimendu bat garelako eta edozein ekarpen eraikitzaile begi onez ikusten dugulako. Orainik ere Unitate Didaktikoa beta bertsioan dagoela esan dezakegu. Eta puntu horretara iristeko pertsona askok lan ordu asko sartu dituzte. Hau da, militantziaren bidez egin da, ez da inondik inora profesionalez beteriko bulego batean egin eta jende askok bere ilusioa jarri du horrelako unitate bat egiten. Gure asmoa hurrengo ikasturterako 1.0 edizio hori ateratzea litzateke,jada martxan jar daitekeen lehenengo UDa. Horrek ere berrikuntzak izango ditu eta aterako dugu noizbait 1.5a edo horrelakorik, ahalik eta bertan dagoen edukietako asko gainditua egon eta bestelako UD bat atera. Beraz esan bezala zure ekarpenaren zain geratzen gara, software askearekin guztiz funtziona dezakeen bertsio bat nahi dugulako, baina UD hau egin dutenek ez dutelako hori egiteko jakintza informatiko nahikorik.

    Bestetik egia da gure webgunea ez dela 2.0. Hori argi dugu eta horregatik esaten genuen pausuak ematen ari garela bide horretan. Momentuz parte-hartzea bultzateko bideak ireki ditugu, htmlan zegoen webgune oso baten ideia phpra migratu dugu. Euskarazko blogak txertatu ditugu eta horretarako Berriak jada euskaratua zuen libreria bat erabili dugu. Flickren argazkiak igo ditugu eta bideoak euskaltubera. Laburmetrai leihaketa bat bultzatu dugu unibertsitatetan eta hau ere euskaltube indartzera zuzendu dugu. Gure dokumentu guztiak eta gure aldizkariak internet bitartez jasotzeko aukera zabaldu dugu eta uda honetan ere rss bidezko hainbat proiektu interesgarritan ari gara pentsatzen. Hala ere lan komunikatibo honetan oso jende gutxi gaude eta guztia militantziaren bitartez garatzen dugu. Lantalde bakoitzak blogak erabil ditzan gida labur bat sortu dugu eta orain lan horretan ari gara. Egin nahi dugun hurrengo pausuetariko bat forumak eta komentarioak txertatzea da, baina hala ere hori hurrengo ikasturtera begirako proposamena litzateke, horrelako webgune askotan mediazioa behar izaten delako, mezu batzuen desegokitasuna ikusita. Beraz ez gara perfektuak, hori bagenekien, baina herri mugimenduen gauzarik onena hori da, bakoitzak dakien esparruan lan eginez mugimendu sendo bat osatzen joan gaitezkela.

    Azkenik, eta bestelako esaldi batzuen inguruan eztabaidatzea ez dugulako nahi, azkeneko paragrafoan aipatzen denari erantzun nahiko genioke. Egia da eztabaida publikoak eman behar direla, baina hau ez da lehenengo aldia hezkuntzaren inguruko eztabaida publikoa ematen dela. Guk hainbat bultzatu ditugu, bai, baina badira zabalagoak izan diren beste batzuk eta azkeneko urtetan garrantzia izan dutenak: Euskal Curriculuma eta Oinarrizko Hezkuntza Akordioa. Lehenengoari dagokionez lan handia egin da curriculuma parte-hartzailea izan dadin eta horren adibide batzuk jarriko dizkizut: Udalbiltzak Kursaalean egin zuen “Herritarren ekarpena” izeneko jardunaldia, nahi zuen orok bere iritzia emateko aukera zuena; eta bestetik ikastolek, sortzen-ikasbatuaz eta kristau eskolek euren ikastetxeetan irakasle eta gurasoei irekitako eztabaidak bultzatzen ibili dira azkeneko hilabetetan. HAla ere gehiago egon dira: Ikasle Mugimenduak bere ekarpena bideratzeko GazteMugi!n 300 ikasle bildu zituen gai ezberdinen inguruan eztabaidatzen. EHBEk 1.200 pertsona ezberdinei azaldu die zuzenean proiektuaren nondik-norakoak eta ekarpenak egiteko bideak zeintzuk diren erakutsi.

    Bestetik Oinarrizko Hezkuntza Akordioa dugu. Akordio hau Nazio Eztabaidaguneak bultzatu zuen eta denbora luzez hitz egin ondoren orain urte eta erdi eman zen argitara. Geroago horren inguruan ekarpenak jasotzeko Hezkuntza Jardunaldiak antolatu ziren Ibaetako FIHEZI fakultatean. Bertan nahi zuen orok bere ekarpenak egiteko aukera izan zuen.

    Baina egon dira gehiago. Euskal Unibertsitatearen sorrera prozesuan UEUk eztabaida publikoak antolatu ditu Eibarren; Eskola Euskaldundu behar duela aldarrikatzeko orain astebete Kontseiluak bilera irekia egin zuen Bilbon. Hau da, ez da lehenengo aldia hezkuntzaren inguruan eztabaidatzeko aukera dagoela, zorionez.

    Bukatzeko, zure mezu hau eskertu nahi dizugu. Honen bitartez ikuspuntu ezberdinak publikoki erakusteko aukera berri bat dagoelako, alde batetik. Jende askok herri mugimenduak dituen mugapenak ikus ditzakeelako beste alde batetik. Eta norbaitek, agian, gurekin batera proiektu hauek guztiz askeak izan daitezen lagundu ahal duela ikusiko duelako bestetik. Horregatik, eta jasotako kritikak kontuan hartzen ditugula jakin ezazuen gure irekitasun osoa aurkeztu nahi dugu elkarlan eta proiektuen hobekuntzarako. Zuen arretara gauzkazue ehbe@euskaleskola.org helbidean. Guztion artean lortuko dugu, egunez egun, urratsez urrats eta herriz herri eraikitzeko delako Hezkuntza Sistema Nazionala.

    PD: Zuen spamaren aurkako zenbakiena batzuetan ez da batere ondo ikusten…

  4. Gravatar Image

    zabaldu.com(e)k zera dio:

    Hezkuntza Sistema Nazioanala Windowspean?

    Euskal Hezkuntza Sistema nazionaleko guneko ‘unitate didaktikoa’ Windows-erako soilik dago eginda. Gezurra dirudi Euskal Hezkuntza Sistemak daukan helburuekin, software askeak ez bezala, software pribatiboak sortzen duen gatibutasuna bultzatzea.

  5. Gravatar Image

    4x1er(e)k zera dio:

    Ez ditut arrazoi gehiago emango, oso ongi azaldu bait dute Magicek, Cocok eta Josebak, baina bai azaldu penagarria iruditzan zaidala ‘Euskal Herriak bere Eskola’-ren justifikazio ahaleginaren erantzuna. Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuak jakinda, oso argi eduki beharko lirateke gauza hauek, sortu nahi den Euskal Hezkuntza Sistema Nazionalak berak, estrategikoki, sofware askearen aldeko apustu garbia egin beharko lukeelarik.

    Ez ahalegindu justifikaezina den hankasartze bat justifikatzen, mesedez…

  6. Gravatar Image

    asieriko(e)k zera dio:

    Kaixo,
    Eztabaida benetan interesgarria eta beharrezkoa esango nuke.
    Ez dakit zerbaitetarako balio duen baina, nire ekarpen txikia:
    Berriz ere betiko esaldiarekin: “jende gehienak Windows erabiltzen du”; honen kontra oso argi daukat: “jende gehienak gazteleraz (edo ingeleraz) hitzegiten du”.
    Uste dut aurrekoarekin nahiko dela, ahalegindu behar gara eta aldatu, homogeneotasuna ez baitugu nahi, edo bai?

    Eskerrik asko!

  7. Gravatar Image

    Euskal Herriak Bere Eskola(e)k zera dio:

    Agur bero bat guztiei!

    Ez dugu berriro errepikatuko kritika guztiz zentzuzkoa dela. Hori argi geratu zela uste dugu. Baina oraindik inork ez dio erantzun bi gauza garrantzitsuenei:
    - Kontutan izanda Unitate Didaktikoa ekarpen prozesuan dagoela, ba al dago norbait prest hau software librearekin funtziona dezakeen bertsio bat sortzeko?
    - Militanteak pertsonak direla kontuan hartuta eta pertsonek akatsak egiten dituztela kontuan hartuz alde batetik; hezkuntzako militante batek teknologia berrien inguruan puntan egotea teknologia puntan aditua den norbait hezkuntzan ematen diren eztabaida guztien jabe izatea bezalakoa dela bestetik; eta egunak 24 ordu baino ez dituela kontutan hartuta azkenik… nola egingo dugu bakoitzak bere eremutik ekarpenak egin ditzan?

    Azkenik, ziur egon zaitezte bertsio definitiboa ateratzen denean software librean erabiltzeko aukera egongo dela. Zuen laguntzarekin bada askoz hobe; bestela ere lortuko dugu!

    Egunez egun, urratsez urrats, bytez byte… hezkuntza sistema nazionala!

  8. Gravatar Image

    asieriko(e)k zera dio:

    http://eu.openoffice.org probatzea gomendatzen dizuet, edozein militante hau erabiltzeko gai izanen da.
    Programa honekin fitxategiak odf formatu estandarrean gorde daiteke (odt testua, odp aurkezpena, eab.) eta bada ez bada ere, pdf exportatu.
    Beraz probatu mezedez.

    Eskerrik asko.

    P.D. Ala ere, ulertzen zaituztet. Badago jende asko hau ikusten ez duena, beste arlo batzuetan oso militantea dena, baina gero informatika arloaren garrantziaz eta aukeretaz konturatzen ez dena.

  9. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    EHBEren hiru iruzkinak irakurri ondoren hiru dira burura etortzen zaizkidan ideiak

    • EHBEko militanteek ez dute software askea ezagutzen: nola demontre esan daiteke bestela “norbait prest hau software librearekin funtziona dezakeen bertsio bat sortzeko?”? Noski baietz! Ba ez egon zure etxean zain inor etorri arte! SAren atzean dagoen komunitateak gustura lagunduko dizu zure zereginean; horixe da, hain zuzen ere, bere ezaugarri nagusienetako bat. Baina mugitu, zoaz foro eta laguntza gunetara, eman zure izena, bota zure kezka eta iritziak eta egin zure ekarpenak. Identifikatu dituzuen arazoak konpontzeko laguntza jasoko duzuela ziur egon eta, bide batez, seguru nago SAren aldeko beste militanteek ere zuen ekarpenak gustura jasoko dituztela. Zuen etxeko aldaba nork joko duen zain ez geratu behintzat.
    • EHBEko militanteak ez dira kontsekuenteak: kolaborazioaz gain euren egoera ulertzea ere eskatzen digute bigarren puntu bezala. Aspalditik jarraitzen ditut euren ekarpenak. Bitxia da zeinen zorrotz jokatzen duten hezkuntza komunitatea osatzen dugun estamentu guztiekiko. Euren ekarpenetan oso kritikoak agertzen dira hezkuntza mailan gertatzen denaren inguruan. Ez dut ba nik antzeman jarrera ulerkorregirik hezkuntza komunitatea osatzen dugun beste militanteekiko.

      Militanteak pertsonak direla kontuan hartuta eta pertsonek akatsak egiten dituztela kontuan hartuz alde batetik; hezkuntzako militante batek teknologia berrien inguruan puntan egotea teknologia puntan aditua den norbait hezkuntzan ematen diren eztabaida guztien jabe izatea bezalakoa dela bestetik; eta egunak 24 ordu baino ez dituela kontutan hartuta azkenik… nola egingo dugu bakoitzak bere eremutik ekarpenak egin ditzan?

      Eta zertan gabiltza ba besteok? Horrelakorik pentsatu al duzue noizbait zuen iritziak plazaratu dituzuenean?

    Zuen iruzkinetatik jasotako hainbat iritzien arabera (lehenengoan zera diozue: “Horretarako, modurik egokiena zuen herriko Euskal Herriak Bere Eskolako lan taldeari luzatu zuen ekarpenak (ahal izanez gero formatu informatikoan izatea eskertuko genizueke) edota emailez bidaltzea da”; bigarrenean berriz “Beraz esan bezala zure ekarpenaren zain geratzen gara, software askearekin guztiz funtziona dezakeen bertsio bat nahi dugulako”; hirugarrenean, berriz, “nola egingo dugu bakoitzak bere eremutik ekarpenak egin ditzan?”) garbi antzeman daiteke etengabe eskatzen duzuela kolaborazioa, ekarpenak, zuen proiektuarekiko atxikimendu eta militantzia. Euskal-Herriko hezkuntza komunitatean lau katu gara; zaila daukagu bakoitzak bere bidea egin nahi badu. Gureak egin du laguntzaren zain geratzen bagara besterik gabe. Hezkuntzan, software askean bezala, helburu komun baten lorpenean elkarrekin lan egin beharko genukeela iruditzen zait; eta software askearekin gertatzen den bezala ere, komunitatetik jasotako “meritokrazia”-n oinarrituta egon beharko litzateke.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo