TopOfBlogs
A A
RSS


Software askea Jakintza ikastolan

FOSS

Ikasturte berezia bizitzen ari gara aurten gure ikastolan. Izan ere, software askearekin soilik eratuta egongo den sarearen migrazioaren lehenengo fasean murgilduta gabiltza irailetik hona. Iazko ikasturtearen amaieran, ikastolako irakasle guztiekin adostuta hartu genuen erabaki baten ondorioz, bizpahiru urteko epean ikastolako zerbitzari eta ekipo guztiak software askearekin funtzionatzen ipintzeko konpromisoa hartu genuen. Ziurrenik gure ikastolan azkenaldian hartu dugun erabaki garrantzitsuenetako bat izan da eta, noski, ez da izan gauetik goizera hartu den erabaki bat.

Urtarriletik ekaina bitartean IKT taldean sakon aztertu dugun gai bat izan da migrazioarena. Epe horretan jarraitutako prozedura, modu laburrean, hauxe izan da:

  1. Urtarriletik martxo bitartean, informazioa biltzeari ekin genion. Antzeko prozesua jarraitu duten erakundeen esperientziak biltzen ahalegindu ginen, migrazioa justifikatzen zuten arrazoiak argitzen ahalegindu ginen.. Informazio hori guztia ZirIKTeroen gunean biltzen joan gara. Nik neuk nire eramangarrian Ubuntu instalatzeko erabakia hartu nuen (gaur egun ez naiz damutzen orduan hartutako erabakiarekin); zertaz hitz egiten ari garen jakiteko norberak aplikazioak probatzea bezalakorik ez dago
  2. Bildutako informazio guztiarekin migrazioaren faseak definitzen ahalegindu ginen, kontzienteak izanik fase hauek, beti ere, uneko abagunearen menpekoak izango zirela. Horrela, ekaina bitartean, migrazioaren arrazoiak justifikatzen zituen dokumentu marko bat diseinatu, eta bertan zetorren informazioaren inguruan, etapetan eztabaidatzeko proposamena egin genuen. Ekainean, klaustro osoa bildu eta aurtengorako migrazioarekin arre edo so egingo genuen erabakitzeko, bilera data zehaztu genuen ere.
  3. Klaustro osoko bilera horretan, ikastolako langileek, proposatzen zen migrazio prozesuarekin aurrera egitea erabakitzen bagenuen, garapen osoa bi urtetan zehar burutzea proposatzen genuen. 2008-09 ikasturterako, sei aplikazio konkretu erabiltzeko proposamena jartzen genuen mahaiaren gainean. Planteatu genituen aplikazio guztiak askeak ez badira ere, ordaindu beharreko lizentziarik gabeko aplikazioak izateko konpromisoa hartu genuen. Hauexek dira zehaztu genituen aplikazioak: OpenOffice, Firefox, GApps (GMail kontu bat ikastolako domeinuari lotuta), 7zip, Adobe Reader eta CD/DVDak grabatzeko aplikazio bat, K3B adibidez. Azkenik, 2009-10erako zerbitzariak nahiz bestelako ekipo guztiak GNU/Linux distribuziopean edukitzea proposatu genuen. Azken urrats hau eman aurretik, ezinbestekoa ikusten genuen 2008-09an, ikastolako sare osoaren auditoria sakon bat egitea, migrazioaren azken urrats honetan egon zitezkeen arazoak identifikatu, ondoren hauekin zer egingo dugun erabakitzeko. Horrela, informe horren arabera, azken fase hori urtebetean burutu ordez, bi urtetan bana genezake; lehenengoan zerbitzariak migratuko genituzke soilik eta hurrengoan ekipo guztiak.

Prestatu genuen lehen informea irakasle guztiei zabaldu zitzaien eta etapaz-etapa bertan zetorrenaren inguruan eztabaidatu genuen (mentalizazio eta sensibilizazio lan bikaina IKT taldeko kide guztiek egin zutena hemen). Azkenik, ekainean guk proposatutako migrazio planak langileria osoaren oniritzia jaso zuen. Udaz geroztik hortxe ari dira gure ikastolako irakasle eta ikasle guztiak lehen aipatutako aplikazioak erabiltzen (egia esan, 7zip eta CD/DVD grabatzaileak datorren urterako uztea erabaki dugu). Salbuespen bakarra administrazioko postuak izan dira. Horiekin azterketa sakonagoa egin beharrean gaude oraindik.

Tira, askotan esan dut baina beste behin goraipatu nahiko nuke nire lankideen jarrera. Berdin dio goi-mailako nahiz behe-mailako IKT profileko irakasleak izan, etapa batekoak zein bestekoak, denek heldu diote erronkari adorez eta pazientziaz beteta. Une honetan daukagun arazo potoloena formula editorearena da; ekuazio konplexuak sortzeko OpenOffice-ek duen editorea ez da batere intuitiboa eta Word-eko editore bisulean ohituta dagoen erabiltzaile bati oso konplikatua egiten zaio kodean eskua sartzen ibiltzea. Bai ikasle baita zenbait irakasleekin ere, fitxategien formatu kontuekin arazotxo batzuk izan dira baina ez da beste munduko ezer izan. Ohitura piska bat hartzen goazen heinean segituan menperatuko dugun zerbait izango da hori. Jaso dezatela, beraz, bai ikasle eta baita irakasleek ere nire eskerrik beroena, azaltzen ari diren jarrera eraikitzaile eta konprometituarengatik eta, bide batez, ahalegin horrekin nire lana errazteagatik.

Amaitzeko, hementxe uzten dizuet iazko ikasturte amaierarako prestatu genuen eztabaidarako dokumentua. Funtsean, migrazioaren justifikazioa azaltzen da bertan. Hiru atal nagusitan banatzen da:

  • Lehenengoak Hezkuntza irekiaz hitz egiten du. Gure ikastolaren izaerarekin lotutako puntuak aztertzen dira bertan eta proposamen zehatz bat luzatzen zaio ikastolako komunitateari: gure Hezkuntz Proiektuan ikastola irekiaren aipamena egitea gure eskaintzen berezitasun nagusienetako bat bezala.
  • Bigarren atalean, migrazioa justifikatzen duten hainbat arrazoi “praktiko” zerrendatzen dira. Gehienak erabiltzaileak gertutik bizi/biziko dituen gertaerekin zerikusia dute.
  • Azkenik, hirugarren blokean software askea irakaskuntzan zergatik den komenigarria erabiltzea azaltzen da. Hauetako asko seguru entzungo zenituztela, Mikelek aurrekoan jarri zuen bideoan agertzen zen Richard Stallmanen ahotik.

Esan bezala, hementxe ipintzen dizuet dokumentua, zuen ikastetxeetan antzeko eztabaida bat sortzeko lagungarria izango zaizuelakoan. Aurten beste bi informe prestatu beharko ditugu; hauek ere txoko honetan ipiniko dizkizuet amaituta ditudanean.

DOKUMENTUA: Software askean oinarritutako sistema baten inplementazioa Jakintza ikastolan: justifikazioa

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2008/10/03/software-askea-jakintza-ikastolan/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Software askea Jakintza ikastolan”

  1. Gravatar Image

    J Burgoa(e)k zera dio:

    Betiko moduan bikain, 5pa 6 argi urte guztion aurretik. Gardentasun osoz eta egindakoa partekatuz guztion probetxurako. Txapo! Nagusia naizenean zuen modukoa izan nahi dut.

    inbidiarik handiena sortzen didana zuen lankideen inplikazioa da.

    Zorionak

  2. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    Eskerrik asko Javi

    Ez gara bakarrak bide honetatik aurrera egiteko konpromisoa hartu dugunok. Dakizun bezala La Puebla eta oiongo ikastoletan aspaldidanik erabaki zuten software askearen aldeko apustua egitea; Urretxu-Zumarraga ikastolan ere, gu bezala, OpenOffice instalatu dute ekipo guztietan; Fultxoren Bianako ikastolan, Oiartzungo Haurtzaron eta beste hainbatetan ere bide bera hautatzea erabaki dute. Asko izan dira ikastolok (batez ere Elkarte mailan) jaso ditugun kritikak software askea erabiltzeren aldeko urratsik eman ez dugulako. Ikusten denez, gauzak aldatzen ari dira; Ikastolen Elkarte mailan oraindik aldaketak apenas eman badira ere, geroz eta ikastola gehiago gara etorkizuna bide horretatik datorrela ikusi dugunok. Ziur nago, berandu baino lehenago, ikuspegi hau orokortzen joango dela ikastola guztien artean.

    Eta lankideen inplikazioari buruz zer nahi duzu esatea dagoeneko esan ez dudana. Berriro diot asko lagundu didatela zeregin hauetan lanean hasi nintzenetik. Egia da une honetan konfiantza giro bat sumatzen dela IKTekin zerikusia duten gaietan; konfiantza hori nire IKT taldeko kideek egin duten lanaren ondorioa izan da. Eurak ahalegindu dira transmititzen etapa guztietan zehar, taldean hartzen joan garen erabakiak, eurak izan dira segurtasuna eta konfiantza transmititu dietenak beste lankide guztiei eta horrek ere asko lagundu digu gure zereginean. Lan honi esker, nire lankideek, IKT mailan
    gertatu diren berrikuntzak, “iluminatu” baten paranoiak izan ordez, benetan denon onurarako izango direla sinetsi dute.

    Zazpi urte egin ditut dinamizatzaile lanetan dagoeneko; sinatuko nituzke nik hauen antzeko beste zazpi gehiago. :wink:

  3. Gravatar Image

    zabaldu.com(e)k zera dio:

    Ikastola osoa software librera migratzen

    Jakintza ikastola, jakina. Ikastolako irakasleen klaustroak ahobatez erabaki ostean, bi urteren buruan software librera jauzi egingo dute. Osorik. Pausuz pausu azaldu digute prozesu osoa ikteroen blogean.
    Hezkuntzan dabilen edonorentzat -ikasle, hezi…

  4. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    Kaixo Gari

    Aurtengoan migrazio osoaren lehen fasean murgilduta gabiltza. Aurtengoaren helburu nagusia zera da: datorren urtean derrigorrez erabiliko ditugun hainbat aplikazioekin trebatzen hastea. Aurtengo ikasturtea OpenOffice-ekin eta posta elektroniko berriarekin, batez ere, ohitzen eta konfidantza hartzeko hartu dugu.

    Sistema eragileak oraindik ez ditugu migratu. Ekipoetan WXP erabiltzen dugu eta zerbitzarietan Windows Server. Egun hauetan mantenu informatikoa eramango duen etxeekin harremanetan ari gara; abendurako mantenu zerbitzu berria kontratatuta egongo da. 2009ko urtarriletik ekaina bitarteko epean lehentasun nagusiena sareko elementu guztien analisi sakona egitea izango da baita erabiltzen dugun softwarearena ere. Ekipoak, periferikoak, fotokopiagailua… Ttantto, Txirritx, AutoCAD…karpeten mapeoa, partekatutako zerbitzuak… guztia ondo zerrendatu eta bateragarritasun arazoak ondo baloratzea ezinbestekoa izango da hurrengo urratsa emateko. Dena ondo badoa datorren ikasturtean, migrazioaren bigarren faseari ekingo diogu, alegia, ekipo eta zerbitzariak software librera pasako ditugu. Urrats hau ematerakoan zeresan handia izango du mantenu etxeak eskainiko digun aholkularitza; guretzat ez da erraza baloratzea aurreikusten diren arazoak baloratzea, beraz, teknikarien laguntzarekin erabakiko dugu zerbitzarien migrazioa bakarrik egiten dugun edota migrazio osoa burutzen dugun.

    Bitarte horretan jarraitzen dugu Ikastolen Elkarteko materiala erabiltzen. Konfiantza dugu urtebeteko epean baliabide hauek GNU/Linux-en erabiltzeko egokituta egongo direla.

  5. Gravatar Image

    txerra(e)k zera dio:

    Bilboko Urretxindorra ikastolak ere open oficera migratu da. Zerrenda osatze aldera …

  6. Gravatar Image

    jolaus(e)k zera dio:

    Aupa Txerra

    Arrazoia duzu. Egia esan ez daukat erabaki hori hartu duten ikastolen zerrenda osoa. Aurreko dinamizatzaile bileran honetaz hitz egiten egon ginen eta hementxe idatzi ditudan izenak bileran ateratakoak dira, besterik gabe. Badakit OpenOffice erabiltzearen aldeko apustua ikastola gehiagok egin dugula; Uste dut Ondarruko ikastolak eta Durangoko Kurutziagak ere egoera honetan daudela.

    Ez litzateke gaizki egongo OpenOffice erabiltzen ari garen ikastolen zerrenda ofizial bat egitea. Seguru nago bat baino gehiago harrituko litzatekeela ikustean zenbatek eman dugun software askea erabiltzearen aldeko urratsa.

    Eskerrik asko apuntearengatik :wink:

  7. Gravatar Image

    Josu O.(e)k zera dio:

    Aupa Jolaus,

    oso erabaki zuzena iruditzen zait.

    Sekulako lana egiten ari zarete.

    Änimo eta zorionak

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo