Uztailaren hasieran, oporrak hartzeko gogoz nengoela, artikulu bat idatzi nuen Euskal Eskola Publikoko Guraso Elkarteen Konfederazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak argitaratutako gida bat (PDF 271Kb) kritikatuz.
Bada, gaur, Andaluziako gure guru baten blogean, gaur bertan, artikulu interesgarri hau irakurri dudanean, uztailean Euskal Herrian argitaratu zuten hura ekarri dit gogora. Alde ederra!
Bai Andaluziako Juntako Berrikuntza Sailak argitaratu duen gida hori bai hemengoa gurasoentzat zuzenduta daude, baina bien artean egundoko aldea dago. Hemengo gidaren abiapuntuak Internet arrisku iturri gisa jartzen duen bitartean, Andaluziakoak gurasoen erantzukizuna azpimarratu eta Internetek eskaintzen dituen abantailetan heztearen beharra goraipatzen du.
Gida ikusteko hiru aukera ditugu:
- Bertsio nabigatzailea
- Kalitate handiko PDF (4,1 Mb)
- Kalitate baxuagoko PDF (2,7 Mb)
Aspaldi honetan ez nago bat ere gustura gure sektoreko administrazioak egiten dituen hainbat gauzekin eta gida horrena horietako bat besterik ez bada ere, nik uste dut agerian uzten dituela, aspaldi honetan, Sail horretan dauden arazoak: hizkuntza ereduak, eskola ituna, hitzartutako ikastetxeetako langileon egoera, curriculum berria… eta mezu baterako gordeta nuen Heziberri gunearen bloga.<7P>
Dena nahasten ari naizen arren, botatzeko beharra daukat eta azken honetaz gauza pare bat esateko gogoari ezin diot gehiago eutsi.
Heziberri atera zenean, Sustatuko aipamenean bere hizkuntza trataera “nahasi samarra”tzat jo zuten. Nik uste dut oso oker zeudela. Trataera oso garbia baitu: euskara aukeretan jarri eta artikulu gehienak gazteleraz idatzi. Une honetan, nire kalkulu okerrak ez badira, gune horrek dituen 72 mezuetatik 6 euskaraz, bat elebitan eta 65 gazteleraz idatzita daude. Badakizue, Pixka bat es mucho!!!
Nik ezagutu nahiko nituzke Hezkuntza Sailak dituen irizpideak, baldin baditu, proiektu ezberdinak sustatzeko. Izan ere, “Berrikuntzan europar erreferentea izateko” sortutako ekimen horren atzean Hezkuntza Saila dagoen arren, ez zait iruditzen gune horrek duen praxiarekin Hizkuntza eskubideak bermatzen direnik.
Lehen adibidean, gezurrez beteriko gida atzerakoi baten atzean Hezkuntza Saila ikusten dugu eta, bigarrenean, euskaldunon Hizkuntza eskubideei muzin egiten dien gunearen atzean ere agertzen zaigu.
Zer gertatzen da Hezkuntza Sailean?

iturri(e)k zera dio:
Kaixo Magic:
Katalunian ere gauzak ez dabiltza behar den bezala.
Beste iniziatiba publikoa: bertako polizia, mossoak, eskoletan barna Internet seguruaderitzon ikastaroa emanaz.
Botako diot bistadizo bat Andaluziako horri.
Eskerrik asko.
itr
zabaldu.com(e)k zera dio:
Andaluziako IKT gida
Magic-ek galdetzen dio bere buruari ea zer gertatzen den Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin IKTn eremuan. Eredugarria iruditu zaio Andaluziako Juntak ateratakoa. Erantzunetan Kataluniako adibidea: Mossoak eskoletan barna Interneti buruzko ikastaroak em…
Luistxo(e)k zera dio:
Ikuspegi linguistiko okerrekin eraikitako webgune baten ondorioa da Heziberrikoa. Aukera tekniko jakin batzuk jarri dituzte, Konpondu.net absurdoan bezalaxe, hariak hizkuntzen arabera banatu gabe, eta gero, hizkuntza politikaz eta zaintzaz batere arduratu gabe, emaitza honelako kasuetan espero daitekeena da: diglosia.
Benito(e)k zera dio:
Paradoxikoa. Hezkuntza-sisteman daude jarrita euskararen normalizazioaren esperantza asko, ezta?
magic(e)k zera dio:
Kaixo guztioi:
Iturri: ez nuen ezagutzen eta oso adierazgarria iruditu zait Kataluniako adibidea. Xtec, UOC…eko jendea edo Katalunian egundoko lana egiten ari diren beste adituak eraman beharrean, poliziak geletara bidaltzen dituzte Interneti buruz mintzatzera. Horrekin garbi dago zein motako mezua helarazi nahi dieten ikasleei.
Nik uste dut administrazioek beldurra diotela Internetek duen ahalmenari eta beldurraren estrategia martxan jarri nahi dutela kontrolari eusteko.
Luistxo eta Benito: arrazoi osoa daukazue. Zer esango dizuet nik…
Harrigarriena, Hezkuntza Sailak horrelakoen aurrean erakusten duen utzikeria edo axolagabekeria. Benitok dioen bezala, gure hizkuntzaren itxaropen asko hezkuntza-sisteman jarrita daude eta ardurarik nagusiena duen erakundeak ezin ditu horrelakoak, baldintza horietan, sustatu.