TopOfBlogs
A A
RSS


Ikastolen geroaz


Aste honetan, Donostiako Ikastolen Etxean, mintegi interesgarri batean parte hartu dut. Bertan, Belgikatik etorritako Xavier Roegiers eta Alexia Peyser adituen laguntza eta ekarpena izan dugu parte hartu dugun ikastolek eskaintzen dituzten zerbitzu guztietako arduradunok eta ikastoletako beste eragile batzuk.

Mintegi honen helburua, ostiralean esaten nuen bezala, gure geroaz hausnartzea eta irakaskuntzan aurreikusten diren aldaketa sakonen aurrean gure bidearen ildo nagusiak zehaztea zen. Horretarako, ikastolok eskaintzen ditugun zerbitzu ezberdinetako (bertsolaritza, ikasmaterialak, eleaniztasuna, Xiba, IKT…) arduradunak, zuzendari batzuk eta ikastoletako beste arduradun batzuk bildu ginen “Integrazioaren pedagogia” delakoaren proposamenak entzun, landu eta gurera egokitzeko, beste gauzen artean.

Zinez, oso egun interesgarriak bertan bizi izan ditudanak. Oso garrantzitsuak diren gaiak mahai gainean jarri eta eztabaidatzeko aukera izan dugu: ikasle eta irakaslearen profil orokorra eta espezifikoa, ikasmaterialen izaera, ikastolen antolakuntza… Nolanahi ere, eztabaida honek hasi besterik egin ez duenez, ez naiz gehiegi luzatuko dagoeneko aztertzen ari garen gaietan, nire iritziz, jorratu beharko genituzkeen beste gaiak edo faltan botatzen ditudan gaiak proposatzea izango da mezu honen helburua.

Beharbada, baten batek esango du ezin direla munduko arazo guztiak mintegi batean jorratu eta arrazoia dauka, baina gure etorkizunerako horren garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko garaian gauden honetan, derrigorrezko erabaki batzuen inguruko hausnarketa sakonagoa burutzeko ahalegin berezi bat egin beharko genukeela iruditzen zait. Horregatik, jarraian aipatuko ditudan gaiak, burutzen ari garen hausnarketa horretan sartzea da nire proposamena.

  1. Ikastoletako eragile guztien partaidetza: gisa honetako erabakien aurrean, ez al litzateke komenigarria izango guztion partaidetza bultzatzea eta bermatzea? Oraindik ez al gara jabetu Inteligentzia Kolektiboaren garrantziaz? Zergatik ez dugu wiki publiko bat abian jartzen lan hau (beste lan guztiekin gauza bera proposatuko nuke) aurrera eramateko?
  2. Korronte pedagogiko ezberdinak aztertu: “Pedagogia de la Integración” delako hori ez al dugu beste korronteekin kontrastatu behar? Esaterako, guztion etorkizunerako horren garrantzitsua den “Sarean lan egitea” ezin dugu eztabaidatik at utzi. Konektibismoa, Edupunk… bezalako teoriak ere aztertu beharko genituzkeela iruditzen zait.
  3. XXI. mendeko ikastolon hezkuntza proiektua: gauza batzuk nahiko garbi dauden bitartean, beste asko, nire ustez, mahai gainean jarri beharko genituzke, hala nola; teknologia irekia, eduki irekiak eta ezagutza irekia izango dira gure ardatz edo copyright-ek jarraituko du gure ikurra izaten? Zein izango da gure ikasmaterialen izaera, eginkizuna eta erabilera? Gure ikasgelen diseinuak betikoa izaten jarraitu behar al du edo gela irekien kontzeptua zabaltzen hasiko gara? Gure baliabide propioak sortzen jarraitu behar al dugu edo “mashup”-en kultura gureganatu eta dagoeneko oso ongi funtzionatzen dutenak euskaratu, egokitu, zabaldu… eta erabiltzen hasiko gara?
  4. XXI. mendeko ikastolen eredu instituzionala: “Ikastolak orain eta gero” izeneko dokumentua eztabaidatzen ari gara betiko eskemetan oinarrituta. Aurreikusten ari den erakunde horretan, non daude “Enpresa irekia“, “Crowdsourcing” edo “Enpresa 2.0” bezalako ideien zantzuak? Horretaz ez al dugu eztabaidatu behar? XXI. menderako, XIX. mendeko hierarkizatutako egiturei eutsi behar al diegu?
  5. Euskal Curriculuma: ikaragarrizko lana egin da bere ekoizpen prozesuan eta geurea egin dugu, baina aurreikusi al dugu mekanismoren bat egokitzapenak, eguneraketak edo aldaketak egiteko? Hori egin ezean, beldur naiz, Espainiako Konstituzioarekin gertatzen den bezala, ez ote zaigun “totem sakratu eta ukiezina” bihurtuko. Dagoeneko, aldaketa proposamen batzuen aurrean, argudio gisa, “Euskal Curriculuma” entzun izan dut eta horrek sekulako beldurra ematen dit.

Gaur bertan, El Caparazón-en irakurritakoak (zenbat ikasten dut blog horrekin!) gure funtzionamenduan egin beharreko hausnarketaren beharra berretsi besterik ez dit egin.

La gestión del conocimiento que se realiza correctamente no tiene por objeto extraer y almacenar sabiduría: Su objetivo es facilitar el intercambio de conocimientos y la colaboración entre los miembros de un grupo determinado, ya sea empleados, directivos o investigadores.

En lugar de obligar a la gente a adaptarse a las normas del sistema, un buen sistema de KM debe centrarse en las necesidades, las preferencias y la estructura de los conocimientos a la que la gente sea afín.

En lugar de “el conocimiento es poder”, la cultura organizativa del futuro, por tanto, debería decir “compartir es poder”.

En el mundo wiki no deben existir las jerarquías. Deben crearse entornos abiertos al caos.

¿Quien controla el caos? La sabiduría de las multitudes, la inteligencia colectiva. Lo diría Linus Torvalds en una frase célebre: “Si están disponibles los suficientes ojos, todos los errores son superficiales “.

Nik uste dut bide onetik goazela. Baina ahalegin berezi hau orain egiten ez badugu, epe motzean, beste bat handiagoa egin beharrean egongo garela aurreikusten dut. Horregatik, nire iritziz, abagune historiko honetan, ezin diogu errealitate berri horri bizkar eman, damutu nahi ez badugu, behintzat.

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2008/11/30/ikastolen-geroaz/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Ikastolen geroaz”

  1. Gravatar Image

    Benito(e)k zera dio:

    Aipatu dituzun puntuetako batean eztabaida moduko zerbaitetan ibili naiz duela gutxi. Ikasmaterialak: zabalkundea, jabegoa, sorkuntza, partaidetza…
    Batzuk zer datorren barruntatzen gabiltza, eta ez da erraza azaltzen eta ulertarazten. Totem asko daude oraindik, aurrerakoia omen den jendearengan ere bai.
    Nire ustez datorrena ikusi nahi ez izate horretan bi faktore daude:
    Lehenengoa, badirudi automatizatuta dauden printzipio eta jardunbide eztabaidaezin batzuk behar direla, dotrina moduko zerbait. Oinarri-oinarrizko gauzak betiko dira eta beti izango dira horrela, ezin dira ikutu.
    Bestalde, baliteke datorrenaz konturatzea, baina oinarri-oinarrizko eta betiko horiek guztiak “berpentsatzeak” ahalegina eta lana eskatzen ditu, handia gehienetan, eta oinarriak ikutzeak ekarriko duen nekeari ihesi egiten zaio sarri.

  2. Gravatar Image

    Fultxo(e)k zera dio:

    Nik ez ditut goi mailako kontzeptuak gehiegi menderatzen, ez dira nire hiztegiaren parte. Saiatuko naiz ikasleei esaten diegun bezala “nire hitzekin” honen inguruan zerbait gehitzen.
    Nire zikloko irakasle askorekin topo egiten dudanean eta gure jardunaz hitz egiten dugunean beti inpresio berbera jaso dut: “Ikasturtero ari gara gurpila asmatzen” Ongi pentsatuta ez da oso simil ona. Zera esan nahi dut, Nafarroan, esate baterako, 30 irakasle egon gaitezke 5. maila ematen, 60ren bat 5. eta 6.mailan, eta denok gure kaxa eta erabat deskonektaturik ari gara gure azterketatxoak prestatzen, gure karteltxoak, gure irudiak, gure aurkezpenak… eta seguru horietako askok berdintsuak direla.
    Sistema berdinean gaude baina norbera bere planetatxoan. Tristea benetan. Batez ere horrenbeste lan aurrez dezakezunean.
    Honen aurrean erantzun instituzional bat egon daiteke. Baina hauetan beti jerarkia eta edukien kontrola dago: ea konpartitzen duguna, edo “argitaratzen” duguna kalitatezkoa den, ea egokia den…

    Nik antolakuntza kaotikoaren aldekoa naiz, agian kaotikoa naizelako ni neu ere. Gune bat irudikatzen dut, norberak nahi duena igoko du, norberak nahi duena jaitsiko du, norberak erabakiko du jaitsi duen hori balio dion hala ez, norberak aldatzeko aukera izango du eta berriz igoko du nahi izanez gero… Ez gara kapaz hori egiten???? Erantzuna: momentuz ez.

    Esperientziak konpartitzea egiten ditugun jardueren argazkiak igotzera mugatu dugu eta hori azalekoa da, anekdota hutsa.

    Nik uste dut sare bezala erantzun bat eman beharko zitzaiola honi.
    Aukera bat zera izan daiteke: lan digitalen trukaketarako gune ofizial edo ofiziosoa sortzea izan daiteke. Betikoa, gunea edo CMS-a izateak ez luke honen arrakasta bermatuko. Bere garaian Ikastele, Nafarroako Ikastoletako intraneta, martxan jarri genuenean gune guztiz dinamiko ETA IREKIA sortu genuen: edozein irakaslek PASAHITZARIK GABE parte har zezakeen bere baliabideak, estekak edo fitxategiak igoz. Ez genuen nahi genuen erantzuna lortu. ADSLa ametsa zen garai horretan eta irakasleen prestakuntza eskasa baina gaur egun agian antzeko erantzuna lortuko genuke. Hala ere gauza asko ikasi genuen esperientzia horretatik. Orain, adibidez, garbiago ikusten dugu “makro”-tik abiatu beharrean “mikrotik” abiatu behar dugula. Zer da mikroa? Interes berberak dituzten 5-6 irakasle, esate baterako. Horiek sare sozial handiago bat eraikitzeko gaitasuna izan dezakete eta hauen eragina handiagoa izan daiteke “makro” prestakuntza jakin bat baino.
    Bigarren aukera: auto antolaketa, kaosa? Honetan ere mikrotik hasi gara Oion eta Erentzun ikastolako 4 irakasle :-) Gutxienez gure lanen trukaketarekin hasi gara baina wiki edo zerbait sortu beharko genuke ditugun 4 fitxategi horiek zintzilikatzeko.
    Bitartean irakasle guztiok jarraituko dugu gure ikastolan…gurpila asmatzen.

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo