TopOfBlogs
A A
RSS


Aitormena (Unplugged version)

Ez dira betiko garai onenak,

Ez dira, ez. Eta ez naiz ari ekonomia kontuez. Gauza hauetaz dakitenek diotenez, krisiak gripea bezalakoak dira; aurretik txertoa hartuta egonda ere, etorri behar badira, etortzen dira. Eta behin harrapatzen zaituenean egin daitekeen gauza bakarra, sintomak kontrolatzea izaten da. Horrela, gripearen antzera, krisiak etortzen diren bezala joaten omen dira. Bada tira, antzeko egoera batean murgilduta nabil ni azkenaldi honetan.

Ez zaizue inoiz gertatu sekulan baino seguruago sentitzea zuengan, etor daitezkeen arazoen aurrean inoiz baino prestatuagoa ikustea zuen burua, konfiantzaz beteta egotea etorkizunari aurre egiterakoan eta, era berean, murgilduta zaudeten proiektu guztiak okerreko bidetik ateratzea? Bada horrelako egoera xelebrean murgilduta azkeneko hilabetetan.

azken finean gizaki hutsak gara,

Saltsa honetan hasi nintzenean zerbait errepikatzen banien nire ingurukoei, denok daukagula gure inguruan eragiteko ahalmena eta, tresna berriei esker, gai ginela eragin hori hezkuntza sistema osatzen dugun kide guztienganaino zabaltzea zen. Horrela elkarlanaren filosofian oinarrituta, hezkuntza sistemaren aldaketaren eragile izan gintezkeela errepikatzen nien behin eta berriro.

Duela lau urte horrelakoez hitz egitea fikzioa zen irakasle gehienentzat. Gogoan dut nire anaia Tomasekin zenbat eztabaida izaten nituen gai honen inguruan. Inozo bat besterik ez nintzela, lan-orduetatik kanpoko lan egitea diru extrarik jaso gabe tontoek bakarrik egiten dutela esaten zidan, behin baino gehiagotan. Zer erantzun horrelako argudioen aurrean? Nik beti ikuspegi beretik erantzuten nion,a legia, berak ematen zituen arrazoiak zirela neurri handi batean gure lanari desprestigioa ekarri diotenak. Irakaskuntzak jarrera derrotista ugari aurkezten zituela eta beharrezkoa zela izpiritu baikorra hedatzea, eredu positiboak transmititzea, gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakustea.

Ez da erraza horrelako filosofiarekin bat egitea baina hortxe hasi ginen Mikel, Maite, Koro eta laurok, gure lanarekin inguruko bazterrak harrotu nahian, Supermanen kapa gorria jantzita, mundua aldatuko genuela pentsatuz. Lau urte pasa dira harrez gero eta zer gertatu da gure inguruan? Bada ezer gutxi. Izan ere, erakundeen dinamika zaharkituak eraldatzeko, sistema behar duen berrikuntza eragiteko, lau irakasleren lana baino gehiago behar da. Azken finean, irakasle soilak gara, gauza txikiak egiten ditugu eta kasu gehienetan, burokratek ezer gutxi dakite honi buruz eta, inguruan zer gertatzen den baldin badakite, ezer gutxi dakite aldakuntzaren kudeaketari buruz

barearen ostean dator ekaitza,

Apirilaren 11an egingo ditu lau urte gure blog honek. Zein urruti geratzen den gure bloga ia inork irakurtzen ez zuen garai hura; orduan bai bizi ginela lasai!. Nire irakasle ohiko lanaz gain bloga zen esku artean nuen proiektu bakarra. Denbora nuen lasai idazteko, burutik pasatzen zitzaizkidan burutapen edota hausnarketa guztiak bertan idazteko. Satisfazio handia izan zen niretzat ohartzea poliki-poliki gure ekarpenek geroz eta jende gehiago erakartzen zituela hona, ingurukoek gure lana estimatzen zutela ikusteak hasierako filosofiari heltzeko behar genuen bizigarririk handiena zen.

Horrela, komunitateari eskainitako dedikazioa eta denbora areagotzen joan zen. Aurrera eramandako proiektuen zerrenda zabaltzen joan zen eta kanpotik etortzen zitzaizkigun kolaborazio eskaerak ere. Eta konpromisoak areagotzen joan ziren heinean frustrazioen zakua betetzen hasi zen. Udaraz geroztik arrapaladan etorri dira bata bestearen atzetik.

Esperantza handia nuen ipinita irakasleon artean sortu genuen Zirikteroen ekimenean. Horrelako sare batekin, irakasle guztiok daukagun inguruan eragiteko ahalmen horretaz jabetuko ginela espero nuen, irakasleek ere gure blogarekin nik bizi izandako satisfazioak biziko zituztela espero nuen eta horrek, era berean, bakoitzak duen gertuko lankideengan jarraipena izango zuela sinistu nuen. Dedikazio handia eskaini nion proiektuari, partaidetza bultzatu, eztabaida dinamizatu, jendea animatu… beharrezkoa izaten da horrelako proiiektuak martxan ipintzen direnean. Pasa den urtarrilean urtebete bete du proiektuak eta sentsazio gozoak baino gehiago, gaziak izan dira nagusi. Udara partetik hona apenas egon da mugimendua, apenas egon dira ekarpenak eta egon diren ekarpen interesgarri batzuei apenas eskaini zaie arreta (oso ona Fultxoren azken ekarpena).

Ez da erraza izan, ezta ere, Ikastolen Elkarte mailan izandako esperientzia. Ez da sekretua ez nagoela oso ados Ikastolen Elkarteak IKT arloan jarraitzen duen filosofiarekin. Egia da eztabaidaren bat edo beste izan dugula baina beti ere, izpiritu eraikitzaile batetik enfokatuta, argidoak ematen, taldeari onura ekar dakiekeen proposamenak mahai gainean jartzen. Nituen helburu guztien artean nagusienetako IKT dinamizatzailearen figurari behar zaion garrantzia, babesa eta laguntza bilatzea izan zen. Baina nonbait zerbait gaizki egin dut, izan ere, pasa den udaran izandako bilera baten ostean nire lankide batzuen aldetik errezelo eta mesfidantza handiak sumatu nituen. Nahiko kaxkatuta ateranintzen bilera hartatik eta denbora dezente behar izan nuen hangoa asimilatzeko. Denborarekin perspektiba pixka bat hartu dut; konturatu naiz oso zaila dela Ikastolen Elkartean dagoen izpiritu endogamiko eta korporatiboarekin puskatzea. Horixe da Elkarteak garai berrietara egokitzeko duen trabarik handiena. Eta ondorio garbi bat atera badut, horrekin puskatzeko, ilusioa eta borondatea baino gehiago behar direla da.

Eta horrela EGAko aferara heltzen gara. Eta honek bertan behera botatzen ditu nire teoria eta espektatiba guztiak. Maiteri gertatu zaionaren ondoren, nola defendatu ditzaket elkarlanaren filosofia, komunitatearekiko konpromisoa eta antzeko paranoiak nire lanideen aurrean? Nola transmititu orain ingurukoei komunitatearen mesedean egindako lanak, modu batera edo bestera, onurak ekarriko dizkiotela gure eguneroko lanari? Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakiaren atzean balorazio asko egin daitezke; niri pertsonalki pena gehien ematen didana, inmobilismoa justifkatu nahi dutenek behar zuten aitzakia lortu dutela. Horrelako erabaki sinple batekin, bertan behera bota dituzte gauzak beste modu batera egin daitezkeela pentsatzen dugunon arrazoi guztiak. Zer kontatu behar diet nik orain ingurukoei?

udaberri berririk ez guretzat.

Laister sartuko gara urtarorik politenean eta gure ikastola zuzendaritza taldearen berritze prozesuan murgilduko da. Asko dira gure ikastolak bizi izan dituen aldaketak azken urte hauetan, asko dira kudeaketa eredu berriak ekarri dituen onurak. Baina egia da, baita ere, hobekuntzaren izpirituak ez duela zentzurik, atzera begira bakarrik jarraitzen badugu. Ez gara bakarrik irakasleak egokitu behar datozen garai berrietara, ezin dugu irakasleen gain soilik utzi ikastolaren eraldaketaren ardura. Eraldaketa prozesu horretan lidergoa eramango duen talde bat behar da, aurretik izango ditugun erronkei aurre egiteko ondo prestatuta egongo dena, etorkizuna baldintza egokitan eraikitzeko beharrezkoak diren baliabideak eskura izango dituztenak.

Eta nire ustez arlo horretan badugu zer hobetua oraindik. Ikastolan egin ditudan hamaika urte hauetan ez da sekula gai hauetaz hitz egin; ez dugu sakondu zuzendaritzaren berritze prozesuaren inguruan, ez dugu hitz egin arlo pedagogikoaren koordinazioaz (konpetentzien hezkuntzan oinarritutako ereduan berriaren aurean ezinbesteko gaia), ez dugu aztertu zuzendaritzak nola burutzen duen giza baliabideen eta ezagutzaren kudeaketa, ez dugu hitz egin barne formazioari eman behar zaion enfokeazeta honek izan dezakeen eraginaz berrikuntzan, ez dugu sekulan hitz egin arlo hauetan guztietan zuzendaritzako kideek izan ebhar dtn formazioaz…

Tira, aurtengo udaberria ezberdina izango delakoaren esperantzaz, ordu batzuk pasa nituen honi guztiari buelta pare batzuk ematen. Informazio bildu eta geurera ekarri, ditugun alde ahulak identifikatu eta horiek guztiak paperean jaso. Ordu dezente joan zitzaizkidan zeregin horetan eta, egia esanda, ez nuen esperantza handirik horrelakorik gehiegirako balioko zuenik. Ostegunean aurkeztu genuen Koro eta biok gai hau zuzendaritza bileran.

Bileratik frustrazio eta ezintasun sentsazio handiekin atera nintzen. Lekuz kanpo sentitu nintzen tarte batzuetan, besteetan azaldutakoak ez zirela ulertzen ikusi nuen eta, beste batzuetan, egindako proposamenek suposatzen zituzten aldaketen aurrean beldurra eta erreflexu falta ikusi nituen.

Denborak aurrera etengabian,

Kuriosoa da. Oraingo perspektibarekin zein desberdin ikusten diren gauzak. Duela lau urte, zeinen berde nengoen oraindik, zeinen esperientzia gutxi eta, era berean, zeinen baikor sentitzen nintzen etorkizunaren aurrean. Ziur aski lotura zuzena egongo da ezjakintasuna eta ametslaria izatearen artean.

Denborarekin, prestatuagoa sentitzen joan naizen bitartean, amets egitetik gauzak benetan burutzeko aukera izatea pasa dut. Hasierako utopia haiek egi bihurtzeko aukera erreala dagoela ikusten duzu. Baina orduan jabetzen zara, ingurukoen errealitatea zuk bizi duzunaren desberdina dela. Eta jabetzen zara ingurukoengan eragiteko aukera galdu egin duzula, besteek oso urruti ikusten dituztelako zuretzat hain arruntak izan daitekeen hainbat gauza. Denborak aurrera egiten du bai, baina aldaketa hori abiadura ezberdinena gertatu dela egiaztatzeak frustazio handiak sortzen ditu.

ta orain ezin eutsi izan giñana,

Ez dago atzera bueltarik, tamalez. Asko aldatu da nire bizitza azken lau urte hauetan. Uste dut lehen nuen ilusio eta freskotasuna galdu egin dudala. Asko kostatzen ari zait hasierako motibazioari heltzea gure blog honetan idazterakoan. Une honetan gainezka sentitzen naiz.

Ez dut denborarik ditudan konpromiso guztiei erantzuteko. Momentu batzuetan lanez gainezka ibili naizelako eta, beste batzuetan, adore nahikorik ez dudalako izan saltsa berrietan sartzeko, kontua da batzuek egin dizkidazuen kolaborazio eskaerak erantzunik gabe geratu dira. Hemendik barkamena eskatzen diet denei.

Ingurukoekin harremana ere aldatu egin da. Etxean dakite honetaz inon baino gehiago. Loinaz eta Enekok ere merezi dute nire denboraren zatitxo bat, orain arte eskaini diedana baino dezente gehiago. Mikelekin ere garai batean genuen komunikazioa faltan botatzen dut. Denbora eskaini beharrean nago hauei ere.

rutinaren morroiak bihurtu gara,

Lan egiteko modu batera ohitu naiz, autonomoa eta autosufizientea. Komodoa sentitzen naiz lan egiteko modu horrekin baina lan egiteko modu honek inguruan dudan errealitatearekin talka egiten duela entitzen dut. Eta ingurukoekiko asinkronia falta horrek dezente kezkatzen nau. Izan ere, bide horretatik jarraituz, frustrazioak etengabe jasotzeko arriskua daukat. Izan ere, lan egiteko modu honen ondorioz sortzen diren itxaropenak asetuta izatea oso gauza konplikatua da, ingurukoentzat egiten ditudan planteamenduak oso arrotzak bihurtzen direlako gehinetan eta horrek mesfidantza eta beldurra sortzen die zurekin lanean daudenei.

Eta ez dut errutina horrekin jarraitu nahi. Nire lanean satisfazioak behar ditut eta horretarako bide berriak probatu behar ditut. Aukeretako bat sarean zehar nire burua promozionatzea izan daiteke, autobombo piska bat eman. Ez da zaila hori. Interneten tripak ezagutzen ditut eta ez litzateke gauza konplikatua izango. Egiten dudan lan guztia etekin pertsonala ateratzeari dedikatu; badira horrela jokatzen duten irakasle askok, nik deitzen ditudan “blogfesor star” horietako asko, internetetaz baliatu direnak euren protagonismo egarria asetzeko. Baina hori ez da nire estiloa.

laztana, lehen baino lehen aska gaitezan.

Ez daukat oso garbi oraindik nola enfokatu etorkizuna, baina garbi daukat gauza batzuk aldatu beharrean nagoela. Alde batetik, blog hau eta bestelako proiektuak alde batera uzteko asmoa daukat, bolada batean behintzat. Denbora luzez nire buruari jarri diodan halabeharrezko lotura horiekin eten nahi dut gauzak zerbait argitu arte. Behin eta berriro idatzi, ekarpenak egin… presio hori alde batera utzi nahi dut.

Bigarren helburu bezala, dedikazioaren eta gauzatuko ditudan proiektuen artean oreka bat bilatzea jarri diot nire buruari. Une honetako egoera nahiko frustrantea da eta ez dauka zentzurik bide berdinetik jarraitzea. Jokabideak eta eragite ardatzak birplanteatu beharrean nago eta horrek denbora baterako behintzat. Web 2.0 euforia amaitzen ari den une honetan, hurrengo geltokia Web Semantikorena omen da. Tira bada, ni neu ere, bilakaera horretan, euforiatik gauzen muinetarapasatu beharrean nago.

Denborak esango du erabaki hori baliagarria izan den niretzat, nire familia eta lagunentzat eta partaide naizen eskola komunitate osoarentzat.

Loturiko mezuak:

URI honetara bidali trackback erreferentziak: http://ikteroak.blogsome.com/2009/02/20/aitormena-unplugged-version/trackback/

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat. Iruzkinarenn jarioa

Iruzkinak mezu honentzat: “Aitormena (Unplugged version)”

  1. Gravatar Image

    Anonymous(e)k zera dio:

    Pena!
    Ez naiz zuen ikastaloakoa, beste esparru batean ari naiz lanean: formakuntza jarrian. Hala ere, oso hurbiletik jarraitu ditut blog honetan argitaratutako postak.
    Behar bada une honetan frustrazioak eragina izango du, eta dena beltz ikusiko da. Baina jakin dezazula: urrutira iritsi zara.

    Ezagutza elkarbanatuta hazi egiten da. Eta orain ezagutza nodo garrantzitsu bat galdu dugunaren sentsazioaz geratzen naiz, konektibitatea murriztuta. Lastima da.

    Edonola ere: eskerrikasko orainarteko ahaleginengatik. Asko ikasi dut.

  2. Gravatar Image

    kere(e)k zera dio:

    Ni eskolan ibili nintzenetik, asko aldatu dira gauzak Jakintza alde hortan.

    Ikaragarria izan duzen progresioa.

    Eta horrela botatzen dittut lau aizeetara Debabarrena(Eibar) alde hontan.

    Orain ez erori gero, orain ez… segi…
    Mutikoak ginanean zuek izan zinaten gu altsatzen, behin eta berriro, nahiz eta muturrekoa haundia izan.

    Altxa zaitezte! Segi aurrera!

    Animoak J.!

    Animoak Maite!

  3. Gravatar Image

    Amaia(e)k zera dio:

    Kaixo,

    Ikastaro bat eman zenidanetik zure RSS-ak ditut ia egunero. Benetan maite dut egiten duzuen lana, baina nahiz eta gaztea izan jakin badakit daramazun erritmoa zer den. Asko galduko dugu, baina zuk asko irabaziko duzu, ziur nago eta zu denaren gainetik egon behar zara beti.

    Ondo segi eta animo!! :wink:

  4. Gravatar Image

    Jabi Luengo(e)k zera dio:

    Animo, Jokin:

    Ni ere ur ilunetan nabil igeri egiten hezkuntza deritzan itsaso zabal honetan eta horregatik zurekin ere nahiko identifikatuta sentitzen naiz.
    Gauzatxo bat besterik ez: zu eta zure taldetxoak IKT mundu honetan sartuta gauden irakasleoi emandako laguntza nik ez dut inoiz ahaztuko eta benetan bihotzez eskertzen dizuet. Agian egoera horretara ailegatzearen kulparen zatitxo bat gurea ere izan da ez dizuegulako behar bezala lagundu eta animatu.

    Besarkada handi bat laurontzat!!

  5. Gravatar Image

    Karlos(e)k zera dio:

    Gogorra idatzia, Jokin! Orain esatea erraza den arren, mila esker denekin konpartitutako ezagutzengatik! Berdin zirikatero guztientzat! Zaila zuen erritmoa jarraitzea…
    Animo, deskonektatu (pixkat :mrgreen: ) eta gozatu!

  6. Gravatar Image

    iturri(e)k zera dio:

    Kaixo Jokin:

    Ez dira betiko garai onenak izango, baina seguru pasako direla. Tunel guztiek dute amaiera. Zureak ere bai.

    IKTeroek lan asko egin duzue eta, nahiz eta orain ez ikusi, seguru ordaina jasoko duzuela.

    Animo. Eta zaindu maite d(it)uzun hori(ek).

  7. Gravatar Image

    Benito(e)k zera dio:

    Tira! Kantu batekin etorri eta beste hau ekarri didazu akordura.
    :wink:

  8. Gravatar Image

    pello aranburu(e)k zera dio:

    Esaten dutenez asko maite duenak asko sufritzen du.

    Oso saio ederra egiten ari zarete web 2.0 eskolara ekartzeko, eta ez da betere alferrikakoa.

    Eskola gaurkotzeko eta berritzeko, aldiz, denbora beharko da edo …

  9. Gravatar Image

    Fultxo(e)k zera dio:

    Jokini idatzitako idazki luzeari erantzuteko idazki luzea behar da eta iruzkinen formatua ez da egokiena, batez ere 20 minutuz idatziz ibili ondoren iruzkina pikutara doanean…

    Esan azkenaldi honetan ezkor ikusi zaitudala aipatzen dituzun hainbat kontutan eta, zure sentimenduak errespetatuz, uste dut, botila erdi hutsik ikusten duzula erdi betea ikusi beharrean.

    Garbi dago interneteko azken iraultzaren berri emateko garaian, Jakintzako taldea eta zu tartean, klabea izan dela Euskal Herrian. Baliteke zure aurreikuspena bete ez izatea, baina perspektiba txiki bat izanda eta beste erkidego batzuekin konparatuz (Errioxa eta Nafarroarekin adibidez), tresna hauen ezagutza eta erabilpen maila oso altua dela esango nuke okertu gabe. Hauen arrazoia zein den jakin badakit: dinamizatzaileen bilerak + IKTeroak + HikHasiko ikastaroak + eman dituzuen bestelako hitzaldi zein ikastaroak.
    Orain ezin duguna espero da egun batetik bestera izugarrizko aldaketa ematea. Edo baliteke argumentuari buelta eman eta konturatu urte gutxitan(4 urte besterik ez dira pasa) izugarrizko aldaketa ematen ari dela eskola eta ikastolen munduan. Gure ikastolan, eta Ikastolen Elkarteko beste hainbatetan ere, badugu ikastolako bloga (aurten primeran dabilena), 5. eta 6. mailako bloga ere jarri dugu martxan, hasi gara Google Appsekin lanean, dokumentuak konpartitzeko lehenengo urratsak eman ditugu, Ikasdat (Nafardat) martxan jarri dugu… eta gainera, garrantzitsuena, irakasle asko ilusionatuta daude proiektu hauekin eta gainera guraso batzuk eskertu egiten dute.

    Egia da ikastola guztietan ez dagoela martxa berdina eta kostatuko zaie, gizarteari kostatuko zaion bezala, tresna berri hauei etekina hartzen. Aurreko ikasturtean, esate baterako, Haur Hezkuntzako irakasleen bloga bultzatu genuen Nafarroan. 10 ikastola edo apuntatu ziren eta egun 4 ikastolak mantentzen dute bloga. Baina mantentzen duten horietan poz-pozik daude, batek gurasoak sartu ditu blogaren kudeaketan eta ikastola eta gurasoen arteko harremana areagotu da. Besteetan, gutxienez, tresnaren berri badute eta hori probetxugarria da ere bai. Nola neurtu orduan arrakasta? Makroan neurtu behar al dugu ala mikroan? Kalitatean edo kantitatean?

    Orain, ados nago zurekin, dezepzioak jasotzen dira eta batzutan zure gogo guztia jartzen duzu proiektu batean azkenean oihartzun eta interesik ez jasotzeko. Nik adibideak ere baditut (14 urte luze daramazkit “hitza zabaltzen”) Porrot edo dezepzio hauek, ikasteko, errealistagoa izateko eta proiektu berrietan ikasitakoa erabiltzeko balio izan zaidala aitortzen dut. Orain, etorkizunean zenbait saltsatan sartu aurretik bitan pentsatuko dudala edo baldintza batzuk jarriko ditudala garbi daukat. Inori ez zaio gustatzen, Charles Chaplin, moduan banderarekin aurrena joan inor atzetik izan gabe.

    Bestalde nik neuk ere askotan IKTen ardura alde batera uzteko gogoa dut eta ezagutzen dut IKT dinamizatzaile bat baino gehiago estresa jota bukatzear egon direla (eta ez nabil brometan). Honegatik gero eta garbiago dut arlo honetan ibiltzen diren profesionalak zaindu behar direla eta, bestalde, askotan ezin dizkiegula mirariak eskatu.

    Nik uste dut ongi egiten duzula indarrak neurtzen, lehentasunak birplanteatzen eta, hiperaktiboentzat gogorra bada ere, atseden pixka bat hartzen. Benetan uste dut aitormena abestia ez dagokiola zuen/zure lau urteko ibilbide honi. Nik beste bat aukeratuko nukeen: Lili bat.

    Lili bat
    hartu
    eta hostoz hosto
    erantzi
    eta harek zu ere
    amets
    eta harek zu ere
    erantzi
    eta hostoz hosto
    hartu
    lili bat….

    Animo Nafarroatik!

  10. Gravatar Image

    Javier Burgoa(e)k zera dio:

    Aupa Jokin! Animo, animo eta animo. Egia da sarritan horma baten kontra hitz egiten duzula/dugula eta beste planeta batekoa sentitzeko arriskua dagoela. Baina nire ustez, distantzia pixka bat hartuta, egin duzun lana etekin izugarriak izan ditu. Alde batetik Guztiok itsu ginenean zuk- zuek begi bateko bista erdia erabiltzen zenuten.
    Orain dela lau urte IKT dinamizatzaileon mintegian Blog, what blog? jarrera zegoen eta alderantziz gaur egun “ikasblog” sistema martxan dago… Eta gainera, Wordpress MU erabiliz sortuta dago, euskal blog “repisa” berri bat asmatu barik.
    IE forever pentsamoldetik firefox erabiltzera pasatu gara eta laster ikastola gehienak Google sistemak eskaintzen dituen aukerak erabiltzera pasatuko gara.
    Aldaketa guzti hau zuei esker eman da. Mintegietan jasan dituzun ezerosotasun guztiei ezker , ikuspuntu ofizialetik kanpo ibili zaretelako eta garrantzitsuena, iritzia eman duzuelako besteok isilik egon garen bitartean. Iritzia askotan edo gehienetan sistemaren potroetan ostikada ederra izan da baina horren bitartez sistema berak ziaboga egiteko bidea hartzen doa.
    Argi dago IKT en motorra azken urteotan izan zaretela eta horren ondorioz horrela dago zure animoa, aldatutako gurpilaren modukoa, kanpotik itxurosoa baina barrutik izorratuta ;-)
    Gainera eta nire ustez garrantzitsuena, besteak tresna eta tramankuloen eranbilpenean galduta ibili garen bitartean, zein erosoa den hori, zuek Meta IKT kontzeptuetan aritu zarete besten begiak eta buruak zabaldu nahian. Eta tamalez ikusmira zabaltze hau gogorrena da. Ur tantatxoaren teknika jarraitu behar da. Pixkananka baina etengabe, aspaldi gainditurik dituzun kontzeptu eta herramientak besteoi agertuz, edozein egoeratan momentu aproposa aurkituz aurkezteko eta aldi berean etorkizunerako ilusioaz eta imaginazioaz etortzeko denari arreta mantenduz. Jodido eh?
    Zuzendaritza kontuak… sarritan inertzia handiena eta aldaketarako erresistentzi gogorrenak bertan daude. Proposamen landu eta potente bat aurkeztu eta sartzerakoan baino txarrago ateratzea ohizkoa da. Agian proposamenak zatiturik aurkeztu behar dira edo beste norbaiten esku azaldu behar dira. Gure kasuan Jakintzako Jokin Lacalleren azalpenak erabili ditut gure zuzendariaren begiak zabaltzeko…
    Ziur daukadana etentxo bat behar duzula da, familiarekin lasai egoteko eta lagun eta lankideekin harremanak berreskuratzeko. Agian horrela egindakoaz ohartuko zara eta etorkizunerako indarra hartzeko aukera izango duzu. Bitartean eta gorputza eskatzen dizun bakoitzean blogean ekarpen bat idatzi dezakezu, baina inongo diziplinarik gabe, IKTei buruz edo beste edozein gai bati buruz, berdin zaigu, azkenean komunikatzeko duzun erraztasun hau edozein gaiarekin lotu daiteke eta pozik irakurriko dugu.
    Beno Tron esandakoa, animo!
    Abesti aproposa…
    Take It Easy

    Well, I’m running down the road
    Tryin’ to loosen my load
    I’ve got seven women on
    My mind,
    Four that wanna own me,
    Two that wanna stone me,
    One says she’s a friend of mine
    Take it easy, take it easy
    Don’t let the sound of your own wheels
    Drive you crazy
    Lighten up while you still can
    Don’t even try to understand
    Just find a place to make your stand
    And take it easy
    Well, I’m a standing on a corner
    In winslow, arizona
    And such a fine sight to see
    It’s a girl, my lord, in a flatbed
    Ford slowin’ down to take a look at me
    Come on, baby, don’t say maybe
    I gotta know if your sweet love is
    Gonna save me
    We may lose and we may win though
    We will never be here again
    So open up, I’m climbin’ in,
    So take it easy
    Well I’m running down the road trying to loosen
    My load, got a world of trouble on my mind
    Lookin’ for a lover who won’t blow my
    Cover, she’s so hard to find
    Take it easy, take it easy
    Don’t let the sound of your own
    Wheels make you crazy
    Come on baby, don’t say maybe
    I gotta know if your sweet love is
    Gonna save me, oh oh oh
    Oh we got it easy
    We oughta take it easy

  11. Gravatar Image

    Abel(e)k zera dio:

    Animo Jokin!

    Hartzen duzun erabakia hartzen duzula, izan dadila beti zure onerako!

  12. Gravatar Image

    bedaio3000(e)k zera dio:

    Animo Jokin,
    eskerrik asko zure ezagutzak gukin partekatzeagatik.
    ondo bizi.

  13. Gravatar Image

    Xarnegu(e)k zera dio:

    Aupa Jokin!
    Fultxok eta Javik dioten bezala, perspektiba hartu beharko zenuke egindakoa ikaragarria izan dela konturatzeko.
    Proiektu asko, agian gehiegi, dauzkazu motxilan. Beharbada helburu oso handiak planteatu dituzu, baina horrek ez dizu lortu duzuna begien bistatik kendu behar.
    Gerlariek ere gudaldien artean atsedena behar dute. Hausnarketarako denbora ongi etorriko zaizu.
    Erabakitzen duzuna erabakitzen duzula, lankideon eskerrona beti izango duzu.
    Neuk ere kantu bat dedikatu nahi dizut :cool: Hona hemen:

  14. Gravatar Image

    Xarnegu(e)k zera dio:

    Barkatu!
    Ez dit bideoaren kodea onartu.
    Hona hemen esteka.

  15. Gravatar Image

    Teketen(e)k zera dio:

    Ez adiorik!

    Denok izan dugu honelakorik. Lasai laster zara bueltan. Eskaini zure gertuko sareari denbora pixka bat. Honi, arkuaren fenomenoa deitzen diot nik. Arkua tiratu gezia bota arte kriston indarra egin eta hainbeste lan ondoren batzutan ondo ateratzen da eta beste batzuetan gaizki. Beno ba gaizki ateratzen denean arkua kargatzea gehiago kostatzen da, normala da, lasai. Baina arkua berriro kargatuko da, bestela atzean dituzun eta eraiki duzun sare horretatik aterako dira, zurekin batera arkuaren soka tiratuko duten lagunak.

    Ez adiorik!

  16. Gravatar Image

    Teketen(e)k zera dio:

    Nire abestia: One step beyon!

  17. Gravatar Image

    Xabier Larretxea(e)k zera dio:

    Kaixo Jokin,
    Ni ere triste sentitu naiz zure idatzia irakurri dudanean.
    Batzutan gogorregia da mundu osoaren kontra borrokatzea, baina zu bezalako borrokalaririk gabe non egongo ginateke?
    Jakin ez zarela bakarrik ibili eta hemendik aurerra ere ez zarela bakarrik ibiliko. Jarraitzaile gehiegi egin dituzu urte hauetan.
    Seguru nago hemendik gutxira bueltan zarela indarberrituta. Sukaldaritza gustokoa duzu eta “saltseroegia” zara saltsa guztiak bat-batean uzteko. IKT munduko “errezeta” berriren bat bilatzen baduzu, jakin hemen gaudela jasotzeko.
    Grina (nahi, gogo, pasio, barnebultzada,behar…) hori ez duzula galdu eta ez duzula inoiz galduko uste dut. Nik itxaropenik ez dut galdu eta berehala zure ideia eta hausnarketa berriren bat bilduko dugulakoan nago.
    Animo eta segi aurrera!!!!

  18. Gravatar Image

    Igor Lacalle(e)k zera dio:

    Aupa Jokin

    Bai, Igor naiz, zure anaia

    Dakizunez, nik ondo baino hobeto ulertzen dizut, izan ere, ni ere nere lanpostua dela eta, IKT munduan sartuta bainago buru belarri.

    Nire esparrua ez da irakuaskuntzarena (nahiz eta urtez MU-n irakasle beza ihardun) enpresarena baizik. Hala ere, nahiz eta natura berdinekoak ez izan, antzeko zailtasun, horma eta arazoekin topatzen naiz egunero. Hauetaz denbora ugari egon gara hizketan, ezta?

    Horregatik, eta gune honek ematen didan aukera erabiliaz (eta ez ahaztu aukera hori zuek egin dezuela posible), zuen lana bai eman dituzuen orduegatik bai izan duen ondorioengatik, izugarria izan dela (eta izango dela) esan nahi dizuet eta zoriondu nahi zaituztet

    Orain zuretzako hartu behar dezun denbora horrek, deskantsatzeko, lortu dezuten dena eta hartu dituzun ezagutzak baloratzeko, indar berritzeko, eta etorkizuneko proiketuetan pentsatzeko balioko dizu. Hau dena, berez, ez al da positiboa? Beraz, orainarteko frustazioak ahaztu, eta erreflexio prozesu hau beharrezkotzat, ontzat eta positibotzat hartzera animatzen zaitut

    Besterik ez, animo eta aurrera, nik zugan sinesten baidet, baita etorkizunean aurrera aterako dituzun proiektuetan ere, nahiz eta orain ezta zuk ere jakin zeintzu izango diren, nik dagoeneko horietan sinisten det

    Ah!! Eta abestiari dagokionez, ni nahiko “saltseroa” naizela dakizunez, Marck Antonhyko “Valió la pena” gomendatzen dizut, horrek animoa altsauko dizu seurroooo!!!!

    Igor

  19. Gravatar Image

    Raimundo Rubio(e)k zera dio:

    ISEIn jaso nuenean ezin nuen denborarik izan erantzuteko PISA lanak zirela eta orain etxeko ordenagailuko gauzak garbitzen topatu dut. Animo.

    No tienes que darme cuentas

    Final y A Ciegas
    “Final” compuesto por Alberto Iglesias, “A Ciegas” interpretado por Miguel Poveda.

  20. Gravatar Image

    Josu O.(e)k zera dio:

    Zelan gabiltzan!

    Orain dela bi hilabetekosarrera erantzuten !!! :-(

    Animo Jokin ez etzi!!!

    Eta animatzeko nik ere abestitxo bat bidaltzen dizut ;-)

Iruzkina bidali


Spam-aren aurkako neurria: idatzi agertzen zaizkizun zenbakiak, mesedez.

:smile: :grin: :lol: :wink: :cool: :oops: :mrgreen: :???: :sad: :cry: :roll: :shock: :eek: :neutral: :razz: :mad: :evil: :twisted: :!: :?: :arrow: :idea:

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo