Hilabete batzuetako lehorte baten ondoren, nagiak kendu eta berriro zer edo zer argitaratzen hastea pentsatu dut.
Hainbat eta hainbat izenburu pentsatzen aritu ondoren, desengainatuta nagoela jartzea erabaki dut. Zeinekin edo zerekin? Egia esan behar badut, gauza askorekin horrela sentitzen naiz, baina, bereziki, “2.0” etiketa edozer gauzari jartzen diotenekin eta balore guztia galdu duen etiketa berarekin. Bestalde, desengainatuta nago hezkuntza munduan, administraziotik hasita, benetako aldaketa bat emateari diogun beldurrarekin. Hor ere, “Hezkuntza 2.0” iritsi da. 2.0 etiketa, une honetan, errezetarik hoberena bihurtu da funtsezko ezer alda ez dadin.
Oso artikulu zorrotza prestatuta nuen, baina argitaratu aurretik, beste irakurketa bat egiterakoan, nire ezkortasuna besterik ez nuela adierazten ohartuta, ezabatzea eta beste ikuspegi bat ematea otu zait. Hemendik aurrera, saiatuko naiz nire kritikak beste esparruetan plazaratzen eta gune hau ekarpenak egiteko erabiltzen. Ez naiz sartuko web 2.0ko “mega-izar” eta “vedette”kin, ez naiz temati jarriko Twitter-ek dituen mugak eta desabantailaz hitz egiten, ez naiz mintzatuko mundu horren inguruan muntatuta dauden sarao eta txiringitoekin, ez naiz…
Beste ikuspegi bat ematea erabaki dut eta hitza beteko dut. Baina beste arantza txiki bat atera beharra daukat eta ezer esan gabe ezin gelditu. Irakaskuntzara aldaketa garaia iritsi da eta, beste esparruetan gertatzen den bezala, bere egoa elikatu besterik nahi ez duten “ebangelista” ugari leku guztietatik agertzen ari zaizkigu. Aspalditik edo behin ere gela bat zapaldu ez duten “sasi pedagogo”, IKT mundua mekanografiarekin nahasten duten “adituak”, sarean lan egitea arrantzaleen lanarekin identifikatzen dutenak, informazioaren trataera Google-en bilaketa aurreratuetara mugatzen dutenak… gure mundu honetara iritsi dira zer egin behar dugun eta nola egin behar dugun esatera. Hori bai, esaten dutena lortzeko, oraindik ez diet inongo proposamen zehatzik behien ere entzun.
Nire ikuspegia aldatu dudanez, arestian aipatutako guztiak ahaztu, alde batera utzi eta aurrera egiteko borondate irmoa erakutsi nahi dut. Horregatik, hemendik aurrera, nire iritziz, gure ikasleentzat interesgarriak izan daitezkeen proposamen didaktiko ezberdinak argitaratzen hasiko naiz. Jarduerak 0.1 izango dira. Hau da, aletxo txiki bat uzteko xedea duten jarduerak izango dira. Hor ez dituzue nik prestaturiko animazio zoragarriak edo testu liburuetan proposatzen dituzten ohiko jarduerak topatuko. Aitzitik, elkarlana, autonomia, konpromisoa… sustatu nahi duten jarduerak topatuko dituzue. Beti ere, IKT baliabideak modu eraikitzailean erabiliz.
Nik ez dut denborarik galduko jarduera horiekin jorratu daitezkeen konpetentziak zehazten. Nire asmoa oso xumea da eta proposamen irekiak luzatuko ditudanez, norberak ikusiko du zein motako konpetentziak jorratu nahi dituen. Jarduera proposamen guztiak CC lizentziapean joango dira eta erabat irekiak zuen ekarpenak jasotzeko, norberak bizi izan dituen esperientziak kontatzeko, zuzenketak egiteko… Bakar batentzat baliagarriak badira, helburua lortuta.
Bihar bertan, saiatuko naiz lehen proposamena argitaratzen. Ea zer ateratzen den.

xa2(e)k zera dio:
Animo!!
Ainhoa(e)k zera dio:
Bikain! Zenbaitetan hainbeste teknologia-metodologia-teknifikaziorekin naturaltasuna galtzen dugula iruditzen zait.
Animo ba! Saiatu disfrutatzen argitaratzen duzunarekin, ziur geuk ere gozatuko dugula!
teixa(e)k zera dio:
Zure falta sumatu da. Ainhoak esan bezala gozatu zure (eta denon) onurarako.
Eutsi!!
Josu O.(e)k zera dio:
Animo!!
Zure proposamenak ikusteko irrikitan gaude!!!
magic(e)k zera dio:
Aupa guztioi:
Esan, esan nuen, baina nire egunak 24 ordu besterik ez ditu eta asteburu honetan hasiko naiz zer edo zer argitaratzen.
Ikusi dut animoak bidaltzen dizkidazuela, eta eskertzen dizkizuedan arren, ez da hori behar edo nahi dudana. Desengainuaren kontua ez dator nire animoengatik edo nire egoera pertsonalarengatik, nik sinesten nuen 2.0 etiketarekin gertatzen ari denarekin eta hezkuntzaren immobilismoarengatik baizik.
Twitter elkarrizketak, hezkuntza 2.0 minus 2.0 metodologiaz hornituta, gure bozeramaile gisa agertzen diren “adituak”, Facebook-eko galletak, Twitter-eko Mafia family… Horrekin nago amorraturik. Izan ere, ia denak artalde gisa gurpil horretan sartu diren bitartean, geroz eta ekarpen gutxiago ikusten dut leku guztietan, geroz eta jende gehiago iraganean eginiko ekarpenegatik aldarean jarrita, autoformazioaz eta antzeko gaiaz asko mintzatzen diren ikastaro tradizionalak eta arestian aipatutako “guru” horiek ikastaro horietatik etekin gozoak ateratzen…
Errealitatean, ordea, irakasle gehienek betiko eredu eta metodologiekin segitzen dute. IKTak modu eraikitzailean erabiltzen friki gutxi batzuk baino ez gara. Administrazioek, sindikatuek, hezkuntza erakundeek… benetako aldaketa bat emateko aukera guztiak pasatzen uzten dituzte eta euren adore falta 2.0 etiketaren laguntzaz estali besterik ez dute egiten.
Panorama hori da gune hau aparkatzera eraman ninduena.
Zergatik ez naiz nire ikasleekin eta nire ikastolarekin zentratzen? Zertarako hemen segi, gero ez badut txiringitoetan parte hatu nahi? Zertarako hemen egiten nituen ekarpen txiki haiek egiten jarraitu? Gure lanaren bozeramaileak bihurtu diren horiek elikatzeko?…
Azkenean, dena pikutara bidaltzea erabaki dut. Sutan jartzen nauen panorama ahaztu, mundu horri ezezko borobila esan, kritikak luzatzeko beste guneak erabili eta gure hastapenetara itzuli. Nire erabakia izan da IKTeroak hasieran bezala hartzea. Hau sortu genuen unean, Jolausek mundu honetan murgiltzeko eman zidan arrazoia (”ziur egon, gauzarik xumeena eginda ere, beti egongo dela norbait hori erabili eta eskertuko duena”) eta nik sinisten dudan filosofia horrekin jarraitzea erabaki dut.
Ilusio eta itxaropen gehiegirik ez nuke piztu nahiko. Horregatik, ez dut inongo konplexurik esateko nire lana oso xumea eta apala izango dela. Hori bai, borondate onaz eta eskuzabaltasun osoz eginikoa. Ikusiko dugu lanak zenbat denbora uzten didan.
Fultxo(e)k zera dio:
Barkatu enpatikoa ez izateagatik baina bene-benetan ez ditut zure desengainoak eta haserreak ulertzen. Badira aldagai batzuk gure “eragin eremutik” kanpo daudenak, horiek ezin ditugunez aldatu, kezkatu bai, baina ez dira gure lehentasuna bihurtu behar. Hor sartuko nituzke aipatzen dituzun guruak, adituak, erakundeak, gobernuak, irakasleak, ikasleak, guraso eta gizabanako guztiak.
Bestalde badugu, “eragin eremu bat”, gure lagunak, ezagunak, familia, ikastola, lankideak eta ikasleak. Hor zentra gaitezke gure filosofia, proposamen eta ekintzekin eta honela, apurka-apurka, gure “eragin eremua” handitzen joango da eta ingurua aldatzen joango gara. Beraz zure blogarekiko erabakia: positiboa izatea (nik proaktiboa deituko nioke horri), ekintza zehatz eta xumeak zabaltzea eta abar, erabaki zuzena iruditzen zait.
Aurreko batean aipatu nuen bezala, eta maitasun osoz, perspektiba falta duzuela iruditzen zait. Nire 6 urteko alabatxoa jaio zenean oraindik disketea erabiltzen zuten irakasleek, orduan hasi ziren lehenengo usb memoriak erabiltzen. Kamera digitalak luxuak ziren eta ADSL oraindik arrotza etxe eta ikastola askotarako. Zentruko sarea ere garai horretan hasi zen leku askotan inplementatzen. Web 2.0 duela 4-5 urte zabaltzen hasi zen. Software librea duela pare bat urte (zaharragoa izan arren). Orain Twitter eta Facebook-en booma dugu, sare sozialak, eta hauek hezkuntzarako probestu nahian dabiltza batzuk… Denbora gutxitan aldaketa asko ematen ari dira esparru digitalean eta denok ez gaude prest aldaketa guztiak horren denbora gutxian irensteko edo gure bizitza digitala dugun denboraren horren zai handia hartzeko. Ez gaude prestatuta eta batzutan ez dugu nahi! (Hamaika aldiz gonbidatu naute Facebook-era eta interesgarria den arren ez dut nire denbora hortara eskaini nahi.) Irakasleak denbora faltaz kexatzen dira askotan eta gehienetan arrazoi dutela iruditzen zait. Beraz, askotan GAURKO izan nahiko genukeen eskola edo gizartea BIHARKO izan beharko du edo datorren ASTERAKO eta ez ahaztu uste duzuen baino gehiago egin dela azken urteotan.
Badakit zure diskurtsoa ez dela teknologian zentratzen: ikasleen autonomia, elkarlana, konpromisoa eta partekatzearen ideiak azpimarratu dituzu eta askotan agertzen da zuek idatzitako testuetan. Erabat ados nago puntu honekin eta teknologiarekin edo gabe balore hauek sustatu beharko genituzke eskolan eta gizartean. Erronka teknologikoaren aurretik ipiniko nuke nik eta, noski, teknologiak lagunduta lor dezakegun erronka. Eskertzekoak dira mezu hauek zurrunbilo teknologikoan gabiltzanean lehentasunak zeintzuk diren gogoratzeko.
Bukatzeko, mila gauza esango nituzkeen arren, zera gehituko nueke: konszientea izan, ni baino adin gehiago duzue hortarako
kreatiboak diren pertsonek proiektu batetik bestera salto egiten dutela eta batzutan proietuekin nekatu edo ilusioa galdu. Hori normala da eta momentu batean zerbait uzteko unea heldu bada, onartu behar da batzutan.
—-
Emaztea haserretu zait larunbatean ordenagailu aurrean denbora gehiegi daramadalako. Alaba gainean dut. Itzuliko naiz errealitate analogikora.
magic(e)k zera dio:
Aupa Fultxo, aspaldiko!
Enpatia faltarengatik barkatuta zaude. Hala ere, ez da hori nik nahi dudana. Arrazoia duzu esaten dituzun gauzetan, baina nire desengainuaren arrazoia izan dira horiek eta beste batzuk. Zer egingo dugu!
Blog hau martxan jarri genuenean, zuk aipatzen duzun bezala, aldamenean genituen horietan eragitea zen gure helburua, baina gauzak beti ez dira ateratzen hasieran planteatuta dauden bezala. Gure gertuko ingurunean eragin nahi genuen, baina hortik kanpo eragin handiagoa izan genuen. Horrek, nahi gabe, mundu honen “zirkuituetara” eraman gintuen (ikastaro, hitzaldi, sarao…).
Hortxe hasi zen nire desengainua. Zenbat eta gehiago ezagutu mundu hori, orduan eta okerrago. Protagonismoak geroz eta indartsuagoak, ekarpenak geroz eta urriagoak eta, okerrena, estralurtarra izatearen sentsazioa geroz eta handiagoa.
Horregatik, etetea erabaki nuen. Orain, inguratzen gaituen “2.0″ mundu horrengandik auto-baztertuz eta hastapenetara itzuliz, ilusioa berreskuratu nahi dut. Besterik gabe.
Bukatzeko, perspektiba falta zaigula aipatzen duzu, baina ez nago ados. Nik uste dut oso garbi dugula azken urteotan eman diren aldaketa izugarriak izan direla hainbat eta hainbat eremutan. Baina hezkuntza mundu honetan prospektiba da falta zaiguna. Iraganera begira dagoen jende gehiegi dugu, politikoen inprobisazio ugari, aditu kopuruaren inflazio izugarria, berrikuntzari beldur handia…
Fultxo(e)k zera dio:
Orain hobeto ulertzen ditut zuk esandakoak. Jarraituko ditugu ekarpenak eta eransteko zeozer badago gehituko dugu.