Podomatic erabiltzea oso erraza bada ere, izugarrizko arazo teknikoak izan ditugu. Maiz 3, 4 edo 5 minutuko mezuak grabatu ondoren, zerbitzarira igotzeko eman eta mezuak bidean galtzen ziren. Honek buruhauste eta haserre ugari ekarri dizkigu.
Irakasleari denbora mordo bat eskatzen dio honen jarraipenak. Ikasle bakoitzak grabatutako mezuak entzuteko bakarrik, (balorazioa egin gabe, iruzkinak idatzi gabe...) 15 minutu behar dira (15 x 25 ikasle= 375 minutu, hau da, 6 ordu eta 25 minutu). Honi balorazioaren (txantiloiak bete) eta ikasle bakoitzari egindako iruzkinen denbora erantsi behar zaio. Kontuan izanda ebaluazio osoan 2 puntu besterik ez direla izan eta beste gauza mordo bat egin eta baloratu ditugula, irakaslearentzat esfortzu handia eskatzen duela esango nuke. Dena den, eskatzea eta ematea oso erlatiboa da eta bakoitzak ikusi behar du zer jaso nahi duen eta zer emateko prest dagoen.
Lanketaren indarguneak:
Mezu eta eskema ugari prestatu dituzte. Nire ustez, barneratu dituzte ahozko jardun antolatu batean jarraitu beharreko urratsak eta aurrerantzean ere oso baliagarria suertatuko zaielakoan nago.
Ikasleen jarrera lanketa osoan zehar. Momentu okerrenetan ere, hau da, mezuak galdu dituztenean eta mezu bat behin eta berriz grabatu behar izan dutenean, beti agertu dira prest irakaslearen aholkuak jarraitzeko eta beste grabazio sistema batera pasatzeko. Hori gutxi balitz, larunbat goiz batean ikastolako ateak zabaltzeko ere eskatu didate euren grabazioak goiz osoan zehar egin ahal izateko (hau ez da izan, noski, azken unerako utzi zutelako, aipatutako arazo teknikoak izan dituztelako baizik).
Ikasleek batzuek besteen blogetan utzi dituzten iruzkinak. Zalantzarik ez dago tresna hauek komunikazioa areagotzeko balio dutela, harremanak estutzeko.
Jendaurreko azalpenen balorazioetan irakasle eta ikasleen arteko adostasuna. Denok baloratu ditugu ikasle guztien 4 minutuko mintzaldiak, baina denek garbi zuten hasi aurretik nire balorazioak zuela pisu gehien eta haien batez bestekoak 0,2ra arte igotzeko edo jaisteko baino ez zuela balioko nirearekin desadostasun handian egonez gero. Hau izan da nire ezustekorik handiena (onerako); izan ere, 2 nota baino ez ditut doitu behar izan (bata jaisteko eta bestea igotzeko). Nik ondo baloratutako ikasleek haiek ere ondo baloratu dituzte eta nik okerrago baloratutakoak haiek ere bai. Argi dago ikasleak aintzat hartzen direnean, euren erantzukizunei aurre egiten badakitela. Ez dago esan beharrik honekin oso gustura gelditu naizela.
Irakasle eta ikasleen arteko harreman estua. Harremana etengabea izan da ebaluazio osoan zehar, abestiak eskainiz, mezuetan erantzunak utziz... Oso positiboa.
Hobetu beharrekoak:
Euskara zuzen edo formalera hurbiltzeko estrategiak garatu. Ikasleek grabatutako mezuren bat entzuten baduzue, berehala ohartuko zarete euskara formalera hurbiltzeko ahoz zailtasun askoz ere handiagoa dutela idatziz baino.
Lehenengo arazo teknikoaren aurrean, sistema birplanteatu eta lehenbailehen beste batera pasa (ez da ahaztu behar helburu nagusia ahozkotasuna lantzea dela).
Jarraitu beharreko protokoloa urratsez urrats argi utzi eta eredu izan. Ondo legoke irakasleak 4 minutuko mintzaldia prestatzea, ikasleei eskatuko zaienaren parekoa, hauek garbi izan dezaten helburuaren nondik norakoa.
Ondoriztatzea:
Amaitzeko bi burutapen baino ez:
Argi dago teknologia berriak ez direla ezinbestekoak ahozkotasuna lantzeko orduan, baina hori bezain begi bistakoa da aukera erakargarri bezain erabilgarriak eskain diezazkiguketela.
Ahozkotasuna modu antolatu batean eta edozein arlotan txiki-txikitatik jorratzea ezinbestekoa da. Mota honetako gaitasunen lanketa hizkuntza irakasleen esku uzten badugu, jai daukagu. Ezin da onartu zientziako gaietan, esaterako, egiten dituzten idatzi edo ahozko aurkezpenetan hizkuntzaren erabilera kontuan ez izatea, gai horren eduki soilean indarra jartzea. Askotan gertatzen da ikasleek zein irakasleek euskarako azterketa egitean zuzentasuna, ortografia, eta abar zaintzea eta kontuan hartzea eta, hurrengo orduan, historiako azterketa egiten ari direnean, adibidez, horiek aintzat ez hartzea. Hori gerta ez dadin, haurrak idazten edo hitz egiten hasten diren momentutik irakasle eta guraso guztiok, ahal dugun neurrian, hizkuntza irakasle bihurtu beharko genuke; azken batean, hizkuntza baita alor guztietan ezinbestekoa den bitarteko tresna.