TopOfBlogs
A A
RSS


I’m a PC

Denok ikusi ditugu Microsoft-ek I’m a PC izeneko kanpainan argitaratu dituen bideoak. Oso ohikoa ez bada ere, 8 urteko ikasle batek gai hau atera zuen Ikasys proiektuan erabiltzen hasi diren Acer Aspire One ultraeramangarri berriak ikusi zituzten lehen egunean. Ordenagailuak piztu eta eurentzat ohikoa ez zen pantaila bat zabaldu zitzaienean, era guztietako iruzkinak egiten hasi ziren. Zer da hau? Euskaraz dago! Musika politagoa dauka!… Ikasle batek etxean zer edo zer ikusita eta entzunda zeukanez, protagonismoa hartu eta azalpenak ematen hasi zen. Egia esateko, dena nahasten zuten eta gaia patxada gehiagorekin jorratu beharko genukeela pentsatu nuen.

Pentsatu eta baita egin ere. Ondorengo bi bideo hauek ikusi eta eztabaidatzeari ekin genion.

Open Source »

Richard Stallman »

Han sortu zen bideo hau egiteraen ideia. Egia esan behar baldin badut, ez dakit ikasle hauek zenbateraino jabetzen diren gai honetaz, baina “kontrakanpainaren” ideia gustatu zitzaien eta gidoia berehala ekoiztu zuten. Ainhitzeren letra dotorea txartelak egiteko aprobetxatu eta listo. Hortxe duzue emaitza.


Oharra: Guk ere, Microsoft-ekoek bezala, bideoa Mac batekin editatu dugu. Inkoherentzia ez dadila izan euren patrimonioa!



Wordpress 2.7 kalean da

Dagoeneko eskura daukagu Wordpress aplikazioaren azken bertsioa. Asko dira 2.7 bertsioak dakartzan berrikuntzak, hauetako asko benetan oso oso interesgarriak. Asko dira aldaketa hauen guztien inguruan sarean zehar esan direnak eta irakurri ditudanak eta oraindik ez dut bat ere irakurri hauetakoren bat kritikatzen duenik. Wordpress erabiltzaileak baldin bazarete, eguneratu azken bertsio honetara, ez zarete damutuko.

Librezalekoak, beste behin, euskarazko itzulpenaz arduratu dira. Dagoeneko eskura daukagu azken bertsio honen euskarazko itzulpen osoa. Eskerrik asko egindako lanarengatik!



Matrix Windowspean




Segurtasun kopiak Ubuntun

Gaur bertan, Genbetan, Back In Time izeneko aplikazioaren berri izan dut. Mezuan diotenez, aplikazio horrek ez du Mac-en Time Machine-k duen interfaze ikaragarria, baina funtsean harrek egiten duenaren berdina egiten du.

Bada, hori ikusita, nire segurtasun kopiak egiten hasi beharko nukeela pentsatu dut. Di-da batean, hemendik deb paketea jaitsi, klik bikoitza egin eta segundo gutxitan instalatuta nuen.

Programa abiarazteko “Aplikazioak - Sistemaren tresnak” hautatu eta bertan topatu dut. Aplikazioa abiarazten dugun lehen aldian, oinarrizko konfigurazioa egiteko eskatzen digu. Lehenik eta behin, zein karpetan gorde nahi ditugun gure segurtasun kopiak jarriko dugu (pantailaren goialdean). Segidan, zein direktorio edo karpeten kopiak egin nahi ditugun zehaztuko dugu (pantailaren ezkerraldean) eta zein baztertu nahi ditugun (pantailaren eskuinaldean). Jarraian, eta pantailaren erdialdean, finkatu nahi dugun maiztasuna adieraziko dugu. Azkenik, pantailaren behealdean, kopiak ezabatzeko zenbat denbora igaroko duen edota zenbat espazio libre izango dugun gure diskoan. Aitaren batean konfigurazioa amaituta dago.

Hori egin eta gero, azpiko irudian ikusten dugun pantaila azalduko zaigu. Ezkerraldean egindako segurtasun kopien zerrenda kronologikoki antolatuta azalduko zaigu. Erdialdean, ordenagailuak dituen lekuak eta segurtasun kopiak gordetzen dituenak. Eskuinaldean, leku horietan dauden fitxategiak. Agian, lehen segurtasun kopia egitea komenigarria da. Nik halaxe egin dut, behintzat.

Ikusten duzuen bezala, estetikoki zerikusirik ez du izango Mac-en Time Machine dotorearekin, baina oso erraza, intuitiboa eta praktikoa da.



Ikasys Proiektua Jakintzan


Makina bat zailtasun gainditu ondoren, Ikasys izeneko proiektua abian da gure ikastolan.

Proiektu hau Ikastolen Elkartearen eskutik iristen zaigu eta bere garapenean gure ikastolak oso parte hartze handia izan du. Ikastolako irakasle guztiok milaka jarduera presatzen aritu ziren iazko ikasturtea eta, hori gutxi balitz, bi irakasle 6 hilabetez Ikastolen Elkartera joan ziren proiektuaren xehetasun guztiak zehaztera eta erabilgarritasuna bermatzera.

Aurten, proiektua gure ikastolara iritsi da. Bi armairu mugikorrak 52 ultra-eramangarriz hornituta (bat Ikasys proiektua lantzeko eta beste bat Txanelako IKT jarduerak burutzeko) ekarri ditugu. Horretaz gain, bi arbel digital interaktiboak dagozkien proiektore, eramangarri eta lanparekin ere jarri ditugu. Beraz, egundokoa da gure Lehen Hezkuntzak dituen baliabideak metodologia berritzaileetan eragiteko. Gainera, erabiltzen ditugun ordenagailu txiki horietan, UBUNTU izeneko sistema eragile askea eta euskaraz erabiltzen dugu. Horrekin, jorratuko dituzten gaiak lantzeaz gain, software askearen erabileran ohitzen eta trebatzen hasten dira txiki-txikitatik, software pribatiboak sortarazten duen menpekotasun maltzurrarengandik askatuz.

Ikasys Proiektura itzuliz, aurten, 17 ikastola gara proiektua jorratuko dugunok. Izan ere, Ikastolen Elkartea eta EHU (Euskal Herriko Unibertsitatea)ren gidaritza, jarraipen eta kontrolpean pilotu gisa arituko gara. Dagoeneko, hasierako froga bi egin zaizkie eta astero-astero EHUko kide bat gure geletan egongo da proiektuaren jarraipena egiten. Amaieran, beste froga bat egingo zaie eta lortutako datu guztiekin proiektuaren balorazioa gauzatuko da. Beraz, oso lan sakona proiektu honen atzean dagoena eta espektatiba oso handiak zabaldu dituena ikastolon komunitatean.

Proiektuaren inguruko informazio gehiago bere webgunean topa dezakezue: Euskaraz edo Gazteleraz.



Killer Tux

Nafarroa Oinez-era joan aurretik, bideo labur hau ikusi.




Software askea Jakintza ikastolan

FOSS

Ikasturte berezia bizitzen ari gara aurten gure ikastolan. Izan ere, software askearekin soilik eratuta egongo den sarearen migrazioaren lehenengo fasean murgilduta gabiltza irailetik hona. Iazko ikasturtearen amaieran, ikastolako irakasle guztiekin adostuta hartu genuen erabaki baten ondorioz, bizpahiru urteko epean ikastolako zerbitzari eta ekipo guztiak software askearekin funtzionatzen ipintzeko konpromisoa hartu genuen. Ziurrenik gure ikastolan azkenaldian hartu dugun erabaki garrantzitsuenetako bat izan da eta, noski, ez da izan gauetik goizera hartu den erabaki bat.

Urtarriletik ekaina bitartean IKT taldean sakon aztertu dugun gai bat izan da migrazioarena. Epe horretan jarraitutako prozedura, modu laburrean, hauxe izan da:

  1. Urtarriletik martxo bitartean, informazioa biltzeari ekin genion. Antzeko prozesua jarraitu duten erakundeen esperientziak biltzen ahalegindu ginen, migrazioa justifikatzen zuten arrazoiak argitzen ahalegindu ginen.. Informazio hori guztia ZirIKTeroen gunean biltzen joan gara. Nik neuk nire eramangarrian Ubuntu instalatzeko erabakia hartu nuen (gaur egun ez naiz damutzen orduan hartutako erabakiarekin); zertaz hitz egiten ari garen jakiteko norberak aplikazioak probatzea bezalakorik ez dago
  2. Bildutako informazio guztiarekin migrazioaren faseak definitzen ahalegindu ginen, kontzienteak izanik fase hauek, beti ere, uneko abagunearen menpekoak izango zirela. Horrela, ekaina bitartean, migrazioaren arrazoiak justifikatzen zituen dokumentu marko bat diseinatu, eta bertan zetorren informazioaren inguruan, etapetan eztabaidatzeko proposamena egin genuen. Ekainean, klaustro osoa bildu eta aurtengorako migrazioarekin arre edo so egingo genuen erabakitzeko, bilera data zehaztu genuen ere.
  3. Klaustro osoko bilera horretan, ikastolako langileek, proposatzen zen migrazio prozesuarekin aurrera egitea erabakitzen bagenuen, garapen osoa bi urtetan zehar burutzea proposatzen genuen. 2008-09 ikasturterako, sei aplikazio konkretu erabiltzeko proposamena jartzen genuen mahaiaren gainean. Planteatu genituen aplikazio guztiak askeak ez badira ere, ordaindu beharreko lizentziarik gabeko aplikazioak izateko konpromisoa hartu genuen. Hauexek dira zehaztu genituen aplikazioak: OpenOffice, Firefox, GApps (GMail kontu bat ikastolako domeinuari lotuta), 7zip, Adobe Reader eta CD/DVDak grabatzeko aplikazio bat, K3B adibidez. Azkenik, 2009-10erako zerbitzariak nahiz bestelako ekipo guztiak GNU/Linux distribuziopean edukitzea proposatu genuen. Azken urrats hau eman aurretik, ezinbestekoa ikusten genuen 2008-09an, ikastolako sare osoaren auditoria sakon bat egitea, migrazioaren azken urrats honetan egon zitezkeen arazoak identifikatu, ondoren hauekin zer egingo dugun erabakitzeko. Horrela, informe horren arabera, azken fase hori urtebetean burutu ordez, bi urtetan bana genezake; lehenengoan zerbitzariak migratuko genituzke soilik eta hurrengoan ekipo guztiak.

Prestatu genuen lehen informea irakasle guztiei zabaldu zitzaien eta etapaz-etapa bertan zetorrenaren inguruan eztabaidatu genuen (mentalizazio eta sensibilizazio lan bikaina IKT taldeko kide guztiek egin zutena hemen). Azkenik, ekainean guk proposatutako migrazio planak langileria osoaren oniritzia jaso zuen. Udaz geroztik hortxe ari dira gure ikastolako irakasle eta ikasle guztiak lehen aipatutako aplikazioak erabiltzen (egia esan, 7zip eta CD/DVD grabatzaileak datorren urterako uztea erabaki dugu). Salbuespen bakarra administrazioko postuak izan dira. Horiekin azterketa sakonagoa egin beharrean gaude oraindik.

Tira, askotan esan dut baina beste behin goraipatu nahiko nuke nire lankideen jarrera. Berdin dio goi-mailako nahiz behe-mailako IKT profileko irakasleak izan, etapa batekoak zein bestekoak, denek heldu diote erronkari adorez eta pazientziaz beteta. Une honetan daukagun arazo potoloena formula editorearena da; ekuazio konplexuak sortzeko OpenOffice-ek duen editorea ez da batere intuitiboa eta Word-eko editore bisulean ohituta dagoen erabiltzaile bati oso konplikatua egiten zaio kodean eskua sartzen ibiltzea. Bai ikasle baita zenbait irakasleekin ere, fitxategien formatu kontuekin arazotxo batzuk izan dira baina ez da beste munduko ezer izan. Ohitura piska bat hartzen goazen heinean segituan menperatuko dugun zerbait izango da hori. Jaso dezatela, beraz, bai ikasle eta baita irakasleek ere nire eskerrik beroena, azaltzen ari diren jarrera eraikitzaile eta konprometituarengatik eta, bide batez, ahalegin horrekin nire lana errazteagatik.

Amaitzeko, hementxe uzten dizuet iazko ikasturte amaierarako prestatu genuen eztabaidarako dokumentua. Funtsean, migrazioaren justifikazioa azaltzen da bertan. Hiru atal nagusitan banatzen da:

  • Lehenengoak Hezkuntza irekiaz hitz egiten du. Gure ikastolaren izaerarekin lotutako puntuak aztertzen dira bertan eta proposamen zehatz bat luzatzen zaio ikastolako komunitateari: gure Hezkuntz Proiektuan ikastola irekiaren aipamena egitea gure eskaintzen berezitasun nagusienetako bat bezala.
  • Bigarren atalean, migrazioa justifikatzen duten hainbat arrazoi “praktiko” zerrendatzen dira. Gehienak erabiltzaileak gertutik bizi/biziko dituen gertaerekin zerikusia dute.
  • Azkenik, hirugarren blokean software askea irakaskuntzan zergatik den komenigarria erabiltzea azaltzen da. Hauetako asko seguru entzungo zenituztela, Mikelek aurrekoan jarri zuen bideoan agertzen zen Richard Stallmanen ahotik.

Esan bezala, hementxe ipintzen dizuet dokumentua, zuen ikastetxeetan antzeko eztabaida bat sortzeko lagungarria izango zaizuelakoan. Aurten beste bi informe prestatu beharko ditugu; hauek ere txoko honetan ipiniko dizkizuet amaituta ditudanean.

DOKUMENTUA: Software askean oinarritutako sistema baten inplementazioa Jakintza ikastolan: justifikazioa



Software askea hezkuntzan

Batzuek oraindik ulertzen ez duten arren, hona hemen Richard Stallman-ek, gaztelera txukunean, esaten diguna.


Honen aurrean, baten batek tajuzko argudioak baldin baditu Software pribatiboarekin jarraitzeko, iruzkinetan aipatzea eskertuko nioke, nik ez baitut argudio bakar bat ere ikusten ditxosozko Windows-a gure ikastetxeetan mantentzeko.



Linux dokumentala

Duela 16 urte, Linus Torvalds Interneten azaldu zen Linux Sistema Eragilearen lehen bertsioarekin. Lehen bertsioak 64 Kb besterik ez zuen pisatzen eta oraindik jaisteko aukera dago. Linuxari buruzko erreportaje bat topatu dut sarean eta zuekin partekatu nahi izan dut. Horra hor erreportajea bost zatitan banatuta.

Linux 1. zatia »

Linux 2. zatia »

Linux 3. zatia »

Linux 4. zatia »

Linux 5. zatia »



Oficina de Software Libre da USC

usc

Webgune interesgarria Santiago de Compostelako Unibertsitateak (USC) abian jarri duena. Wiki formatua duen gune honetan Software Askearen inguruko informazioa lau atal nagusitan bilduko da: dokumentazio orokorra (howto, manualak…), estandarrak (CSS, XML…), lizentziak (CC, GNU/GPL…) eta aplikazioak (OpenOffice, Firefox…). Ekimena nahiko berria dela antzematen, izan ere, aurrean aipatutako ataletako asko oraindik hutsik daude. Gune horren helburu nagusia “a promoción e avance do Software Libre na comunidade universitaria” da eta, helburu horren lorpenaren mesedean, interesgarriak iruditu zaizkit zehazten dituzten azpi-zereginak.

Badakit horrelako gune asko aurki daitezkeela sarean zehar, gehienak ingelesez. USC-ek garatu duen gunea oso-osorik dago galegoz eta, noski, hemendik ikusita ezin dizuet ukatu inbidia apur bat ematen didala. Nik behintzat ez dut ezagutzen Euskal Herri mailan unibertsitaterik antzeko ekimenik euskaraz abian jarri duenik. Nik esango nuke gure artean, euskaraz aurki dezakegun antzeko ekimen bakarra Elgoibarko IMHn egiten ari direna dela. Peio Arreitunandia eta bere taldekideak izugarrizko lana egiten ari dira manualak, bideo-tutorialak, software zerrendak eta abar ekoizten eta denon eskura ipintzen. Ez legoke batere gaizki zertxobait sakabanatuta dagoen lan hori guztia USC-ek antolatu duen antzeko txoko batean antolatuko balute. Gu bezala, software askearen munduan lehen urratsak ematen ari garenok, asko eskertuko genuke horrelako ataritxo bat edozein kontsulta (edo ekarpen, zergatik ez) egiteko. Edozein modutara ere, txalogarria benetan Peio, Kristian, Koro eta konpainia egiten ari diren lana. Eskerrik asko!

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo