TopOfBlogs
A A
RSS


Jakintzako ikasleak Ordiziako mapa librea osatzen

Duela aste batzuk, Jakintzako webgunean adierazi genizuen bezala, Tagzaniako Gari, Mikel (gure ikasle ohi) eta Dani ikastolan izan genituen Open Street Map eta Euskal Herriko mapa librea osatzeko ekimena gure Batxilergo 1eko ikasleen artean zabaltzeko asmoz. OpenStreetMap (OSM) ekimena -nolabait esateko, mapen Wikipedia edo- indar handia hartzen joan da azkenaldian mundu mailan (azken asteetan, esaterako, ez dira gutxi OSMri lotutako albisteak: OSM eta Flickr-en arteko lankidetza, OSM Static Maps Club-ekin bat egin du), eta Euskal Herrian ere pixkanaka-pixkana hedatzen doaz mapping party direlakoak (Bilbon, Andoainen…).

Tagzaniakoek ikastolan bizitakoa Sustatun ikusi ahal izan genuen arren (Ordiziako mapa sortzen Jakintza ikastolan), guk ez genuen aukera pasatzen utzi nahi, berandu bada ere, egindakoa azaldu eta Tagzaniakoei eskerrak eman gabe. Haien hitzetan, mapping party berezia izan zen gurea: “Nagusiagoekin alderatua, agian ez ziren hainbeste konturatu proiektuaren helburu eta inplikazioez (egile eskubideak eta abar)”. Halaxe da. Gureak Googlen arakatzen ohituta daude maparen bat behar dutenean, edota lanen bat ilustratzeko argazkiren baten bila dabiltzanean. Dena den, pixkana hori ere aldatzen doa, eta ez daukat zalantzarik, hemendik urte batzuetara gure ikastolako ume guztiak, batxilergora iristean, naturaltasun osoz software askean oinarritutako sistema eragileak, ofimatika paketeak (oraindik ere erabiltzen badira…) eta horrelakoak erabiltzeaz gain, Wikipedian edota ezagutza librea osatzeko/lortzeko ekimenetan modu naturalean parte hartuko dutela. Hori horrela izanda ere, eta nahiz eta belaunaldi honetako ikasleek oraindik errezeloz begiratzen dioten hainbat aldaketari (besterik gabe, sistema ezberdin batera ohituta daudelako/ohitu ditugulako), gustura hartzen dute parte mota hauetako ekimenetan kontzientzia osoz ez bada ere.

Marko honetan kokatu behar dugu Ordiziako mapa librea osatzen laguntzeko iniziatiba; izan ere, ikasturtean zehar gure aldetik hori guztia elikatzen joango bagara ere, garrantzitsua iruditzen zait ikasleei gizartean ematen ari diren aldaketak lehen eskutik helaraztea, ezagutza libre eta partekatuaren garrantziaz ohartaraztea… Gure asmoa, gainera, ez da ekimena hor uztea, Batxilergo 1eko ikasleek Tagzaniakoen eskutik jasotakoa ikastolako beste maila batzuetara hedatzea baizik.

Egitaraua

Bada, norbaitek bere eskolan antzeko zerbait egin nahi badu, hauxe da guk egin genuena:

11:30-12:00 OpenStreetMap-i buruzko azalpena (zer da, abantailak, zergatik sustatu, zein egoeratan dago EHn eta Ordizian, nola eta zer mapeatu gure herrian). Hona hemen erabilitako aurkezpena:


12:00-13:30 Taldetan banatu eta aldez aurretik adostutako Ordiziako hainbat gune mapeatu. Ikastolara bueltatu.
13:30-15:30 JOSM editorea erabiltzen ikasi (Ubunturentzako instalazio gida 1 eta 2) eta kalean jasotako datuak Internetera igo (OSM tutoriala).

Denbora azkar joan zitzaigunez, ez genuen nahi adina egiteko astirik izan; halere, Ordiziako mapa pixka bat osatuago dago orain (ikus Mikelek egindako animazioa). Ea etorkizunean gehiago osatzeko gai garen!

Amaitzeko, hementxe duzue bideo bat egunean hartutako hainbat irudirekin, eta hemen Tagzaniakoek ateratako argazkiak):




Curriculum proposamena

Nork esango lidake “Eskola 2.0” bezalako terminoa gorrotatzera iritsiko nintzenik! Bada, zehatz-mehatz, ez dakit arrazoia zein den, baina hori entzuten dudan bakoitzean… Nik uste dut Twitter bidezko “elkarrizketa”, softwarearen inguruan gertatutakoa eta horrelako gaiek hori sentitzera eraman nautela, baina era baikorrean jokatuko dudala agindu nuen eta horixe egingo dut.

Gure ikasleen curriculuma diseinatzen duten horiei zuzendutako proposamena da. Eta proposamena ez da nirea, Juan Freire irakaslearena, baizik. Bere Tumblr-en ingelesez dagoen artikulu hau aurkitu dut (hemen artikulua gaztelerara itzulita) eta hortxe topatu ditut antolatuta nire buruan bueltaka zebiltzan ideia asko. Nik nire itzulpen sui generis egin dut hemengo arduradunek irakur dezaten.

Horra hor, ikasleek DBH amaitzean menperatu beharko lituzketen IKT konpetentzia batzuk. Denak maila eta garrantzia berekoak ez badira ere, nik uste dut denak hemen jartzeak agerian uzten duela ordenagailuak eta hauen softwarea ez direla benetako eskola aldaketaren ardatz nagusia.


OINARRIZKO WEB GAIAK

1. HTML oinarrizko ezagutzak (lodia, azpimarratu, etzana, ikur bereziak)
2. Embed kodearen erabilera eta esteka bat nola egin
3. Monitorearen kaptura bat nola egin eta nola partekatu
4. Nola egin eta partekatu laguntza eskatu edo zerbait azaltzen duen bideo labur bat
5. Laburdurak eta oinarrizko emotikonoak ikasi (adibidez, ROFL, bere iritziz),
6. Nola egin web orri bat norberaren gauzak biltzeko (adibidez, iGoogle, Netvibes)
7. Gehigarriak eta pluginak nola gehitu leku ezberdinetan (gure kasuan, Xuxen, Euskalbar…)
8. Web orri sinple bat nola egin (adibidez, Google Sites)
9. Curriculum web egitea / portfolio digitala
10. Nola eta noiz erabili partekatutako dokumentuak, kalkulu orriak, aurkezpenak…
11. Nola eta zertarako sortu etiketak
12. Nola eta zertarako erabili URL helbide laburrak (adibidez, TinyURL)

ANTOLAKUNTZA

13. Nola sortu sare bat egutegian oinarrituta eta denbora kudeatzeko erabili
14. Nola ezarri eta kudeatu RSS irakurgailu bat
15. Nola aurkitu bilera komunen egutegi bat (adibidez, Doodle)
16. Komunikazio batzaile bat nola sortu (adibidez, Digsby, Trillian, TweetDeck)

KOMUNIKAZIOA

17. Posta elektronikoa nola kudeatu
18. Nola idatzi e-posta bat lehen harremanetarako
19. Mezuren gaia nola idatzi
20. Mezu baten erantzun on bat nola idatzi
21. Testu etiketa (noiz da egokia, noiz ez)
22. Nola laburtu gure ideiak 140 karaktere edo gutxiagotan
23. Twitter nola erabili (erantzuna, retweet, mezu zuzena),
24. Nola erabaki foro publiko batean partekatu edo ez eta zer (gaur egun edo etorkizunean eragina izan dezake)
25. Nola kudeatu bilera bat online
26. Nola eskaini web konferentzia egoki bat
27. Sare sozialen arteko ezberdintasuna eta euren erabilera ezagutu (adibidez, Facebook, Ning, LinkedIn)

INFORMAZIOAREN KUDEAKETA ETA IKERKETA

28. Nola erabili, partekatu eta bilatu gogokoak (adibidez, delicious)
29. Nola eta noiz erabili liburu bilatzaileak
30. Noiz eta nola erabili irudi bilatzaileak
31. Noiz eta nola erabili ez ohiko bilatzaileak edo bilatzaile espezializatuak (adibidez, Clusty)
32. Wikipediako artikuluen egileak zein den eta euren fidagarritasuna ezagutu
33. Nola sortu bilatzaile pertsonalizatua
34. Noiz fida gaitezke topatutako informazioaz
35. Artikuluen zitak nola erabili erreferentzia hobeak topatzeko
36. Nola kudeatu bibliografia bat online (adibidez, Zotero)
37. Nola ezarri web alertak informazio berriaren jarraipenerako (adibidez, Google alertak)

PRIBATUTASUNA, SEGURTASUNA ETA LEGEA

38. Creative Commons - Zer da eta lizentzia egokia nola hautatu
39. Sarean partekatutako edukien egileek ezarritako lizentzia nola irakurri
40. Nola eta zer da partekatu behar duguna hartzaile eta eremuaren arabera
41. Nola kudeatu erabiltzaile izenak eta pasahitzak
42. Nola ezarri eta doitu pribatutasuna sare sozialetan (Facebook, MySpace eta Twitter)
43. Nola lor dezakete zure datuen informazioa (adibidez, Facebook-eko lehiaketetan parte hartuz)
44. GPS jarraipen sistemen aurrean izan behar ditugun segurtasun prebentzioak

AURKEZPENA

45. Nola erabaki aurkezpen baten luzapena audientziaren arabera
46. Diseinuaren oinarrizko printzipioak
47. Ipuin narrazioen printzipioak
48. Aurkezpenak nola partekatu Interneten
49. Nola sortu aurkezpen ez lineala
50. Nola sortu aurkezpen deigarria (eta noiz erabili)
51. Nola lortu kalitate handiko irudiak aurkezpenetan erabiltzeko (dagozkien egile eskubideekin)
52. Nola aurkitu audioak aurkezpenetan erabiltzeko (dagozkien egile eskubideekin)
53. Bideo baterako azpitituluak nola lortu / sortu
54. Nola izendatu Interneteko bideo bat
55. Noiz eta nola erabili lupa birtual bat aurkezpen batean

IKASTEKO ERAK

56. Nola sortu kontzeptu-mapa interaktibo bat ideiak antolatzeko
57. Blog bat nola erabili ikas prozesuaren jarraipenerako
58. Nola aurkitu gune, blog eta beste baliabide onak ikasten ari garen gairako
59. Nola sortu eta zaindu norberaren ikasteko sare pertsonala (PLN)
60. Nola parte hartu ikasteko antolatzen diren zuzeneko txatetan (adibidez, TweetChats)

Honaino, bere mezuan agertzen direnak. Nik denak ez nituzke sartuko eta beste batzuk faltan botatzen ditut (denbora errealeko batzaileak (Friendfeed), Copyleft lizentziak, mashup-en ideia…). Hala ere, nik uste dut abiapuntu interesgarria dela gainean datorkigunari arrakastaz aurre egiteko, betiko flash-jokoetatik eta betiko formazio estandarretik harago joan beharko genukeela ikusteko. Ez al zaizue iruditzen?

Amaitzeko, ETBn emandako albistearekin uzten zaituztet. Ondorioak, zuek atera.




Desengainatuta nagoelako

Hilabete batzuetako lehorte baten ondoren, nagiak kendu eta berriro zer edo zer argitaratzen hastea pentsatu dut.

Hainbat eta hainbat izenburu pentsatzen aritu ondoren, desengainatuta nagoela jartzea erabaki dut. Zeinekin edo zerekin? Egia esan behar badut, gauza askorekin horrela sentitzen naiz, baina, bereziki, “2.0” etiketa edozer gauzari jartzen diotenekin eta balore guztia galdu duen etiketa berarekin. Bestalde, desengainatuta nago hezkuntza munduan, administraziotik hasita, benetako aldaketa bat emateari diogun beldurrarekin. Hor ere, “Hezkuntza 2.0” iritsi da. 2.0 etiketa, une honetan, errezetarik hoberena bihurtu da funtsezko ezer alda ez dadin.

Oso artikulu zorrotza prestatuta nuen, baina argitaratu aurretik, beste irakurketa bat egiterakoan, nire ezkortasuna besterik ez nuela adierazten ohartuta, ezabatzea eta beste ikuspegi bat ematea otu zait. Hemendik aurrera, saiatuko naiz nire kritikak beste esparruetan plazaratzen eta gune hau ekarpenak egiteko erabiltzen. Ez naiz sartuko web 2.0ko “mega-izar” eta “vedette”kin, ez naiz temati jarriko Twitter-ek dituen mugak eta desabantailaz hitz egiten, ez naiz mintzatuko mundu horren inguruan muntatuta dauden sarao eta txiringitoekin, ez naiz…

Beste ikuspegi bat ematea erabaki dut eta hitza beteko dut. Baina beste arantza txiki bat atera beharra daukat eta ezer esan gabe ezin gelditu. Irakaskuntzara aldaketa garaia iritsi da eta, beste esparruetan gertatzen den bezala, bere egoa elikatu besterik nahi ez duten “ebangelista” ugari leku guztietatik agertzen ari zaizkigu. Aspalditik edo behin ere gela bat zapaldu ez duten “sasi pedagogo”, IKT mundua mekanografiarekin nahasten duten “adituak”, sarean lan egitea arrantzaleen lanarekin identifikatzen dutenak, informazioaren trataera Google-en bilaketa aurreratuetara mugatzen dutenak… gure mundu honetara iritsi dira zer egin behar dugun eta nola egin behar dugun esatera. Hori bai, esaten dutena lortzeko, oraindik ez diet inongo proposamen zehatzik behien ere entzun.

Nire ikuspegia aldatu dudanez, arestian aipatutako guztiak ahaztu, alde batera utzi eta aurrera egiteko borondate irmoa erakutsi nahi dut. Horregatik, hemendik aurrera, nire iritziz, gure ikasleentzat interesgarriak izan daitezkeen proposamen didaktiko ezberdinak argitaratzen hasiko naiz. Jarduerak 0.1 izango dira. Hau da, aletxo txiki bat uzteko xedea duten jarduerak izango dira. Hor ez dituzue nik prestaturiko animazio zoragarriak edo testu liburuetan proposatzen dituzten ohiko jarduerak topatuko. Aitzitik, elkarlana, autonomia, konpromisoa… sustatu nahi duten jarduerak topatuko dituzue. Beti ere, IKT baliabideak modu eraikitzailean erabiliz.

Nik ez dut denborarik galduko jarduera horiekin jorratu daitezkeen konpetentziak zehazten. Nire asmoa oso xumea da eta proposamen irekiak luzatuko ditudanez, norberak ikusiko du zein motako konpetentziak jorratu nahi dituen. Jarduera proposamen guztiak CC lizentziapean joango dira eta erabat irekiak zuen ekarpenak jasotzeko, norberak bizi izan dituen esperientziak kontatzeko, zuzenketak egiteko… Bakar batentzat baliagarriak badira, helburua lortuta.

Bihar bertan, saiatuko naiz lehen proposamena argitaratzen. Ea zer ateratzen den.



Ikasleak eta giza sareak

hikhasi138Gizakiok, orokorrean hitz eginda, ez dugu bakardadea maite; taldean mugitzea, aritzea, bizitzea… maite dugu. Garbi dago, beraz, egungo giza sareen oldarka sartze hau ez dela hain egungoa, betidanik eraman duela erraietan gizakiak talde bateko kide sentitzeko grina.

Gure ikasleak ez dira gutxiago. Gauzak horrela, berezko sena hori egungo teknologiak eskaintzen dituen aukera eta erraztasunekin uztartuta, eztanda geldigaitza eta saihestezina da. Zertarako erabiltzen dituzte, bada, gure ikasleek giza sareak? Haien gogo-aldarteak plazaratzeko, urrun daudenekin harremana ez galtzeko, mota guztietako baliabideak (argazkiak, bideoak, musika…) sareratu eta iruzkintzeko eta, bereziki azpimarragarria dena irakasleontzat, etxera bueltatzen direnean, lagunekin solasean jarraitzeko, etxerako lanen inguruan aritzeko, zalantzak galdetu eta lanak amaitzeko… Beraz, badago aintzakotzat hartu beharreko elkargune bat, non irakasleon eta ikasleen interesak adiskidetzen diren.

Hari horretatik tira eginez, berehala konturatuko gara giza sareek asko dutela hezkuntzari eskaintzeko; izan ere, aparteko tresnak dira komunikaziorako (edukia eta jakintza denon eskura ipintzen laguntzen dute), komunitateak sortzeko (komunitate bateko kide izatearen sentimendua areagotzen dute) eta kooperaziorako (ikasle eta irakasleei gune partekatu bat eskaintzen diete elkarrekin lan egiteko). Horretaz gain, sare hauek koordinazioa eta talde-lana erraztu eta konpetentzia digitala garatzen laguntzen dute.

gelan_hikhasirakoHoriek horrela, zer egin dezakegu irakasleok hezkuntzari begira sortutako giza sare batean ikasleak inplikatzeko? Bada, hasteko, bi alorrak uztartu delako sarean: lanekoa eta aisialdikoa. Zorionez, aipatutako aukerak dohain ipintzen dizkiguten tresnak eskura ditugu, klik batera. Bereziki bi azpimarratuko nituzke, gaur den egunean, ikasleekin lan egiteko: Ning eta Twitter. Lehenengoak nahi adina partaide onartzen ditu eta talde handian zein txikiagotan lan egitea ahalbidetzen du. Gainera, ikasleei begira oso interesgarria izan daitekeen aukera bat ematen du: partaide bakoitzak bere gunea izan dezake, bere profila sortu eta musika, bideoak eta argazkiak igo. Horretaz gain, foroak abian ipini eta mezuak, taldekoak zein bakarkakoak, bidaltzeko aukera ematen du. Twitterri dagokionean, une honetan bat-bateko komunikazioa ahalbidetzen duen tresnarik ahaltsuena dela esango nuke. Nahikoa da nabigatzailean aplikazio bat gehitzea ikasle guztiengana klik bakar batez iristeko. Hauek, ezer berezirik egin gabe, leihatila batean jasoko dute igorritako mezua. Sareko edonork bidal dezakeenez mezua, aukera polita da atoan sortutako zalantzak, galderak edo bestelakoak (estekak, irudiak…) zabaltzeko.

Mesfidantza ugari sumatzen da giza sare, ikasle eta hezkuntzaz hitz egiten denean; nik, behintzat, hala bizi izan dut galdetu didatenean. Nire ustez, sare hauen filosofia eta funtzionatzeko era guztiz bat datoz hezkuntzaren hainbat helbururekin: irakasleok eta ikasleok gune partekatu bat izan dezakegu elkarrekin lan egiteko, mota guztietako edukiak trukatzeko, partaidetza sustatzeko… Ikasleek eskolako sarea, lanerako tresnaz gain, euren adierazpen gunetzat hartzean egon al daiteke arrakastaren giltza? (Sare sozialak hezkuntzan, alde batera utzi edo aukera baliatu. HIK HASI aldizkariaren 138. alerako idatzia)



MoodleMoot Euskadi 2009 n parte hartzeko deia

MoodleMoot Euskadi 09Dagoeneko zabalik dago MoodleMoot Euskadi 2009 jardunaldietarako deia. Aurten ere Moodle erabiltzen duten eragileak izango dute non elkartu eta esperientziak trukatu, Moodle plataformaren erabilerei buruz eta egin daitezkeen garapenei buruz eztabaidatzeko aukera eskaintzea baita MoodleMoot Euskadi 2009 jardunaldien xedea. Dakizuen bezala, Moodle plataformaren erabilera asko hedatu da azkenaldi honetan Euskal Herrian (unibertsitate, ikastetxe eta euskaltegietan, batik bat); beraz, aukera ezin hobea izan daiteke horretan ari garenok bizi ditugun esperientziak, topatzen ditugun zailtasunak eta ikusten dizkiogun onura nahiz gabeziak partekatzeko.

III. edizio honetan, Deustuko Unibertsitatekoek hartu dute antolaketaren zama nagusia (gu ere tartean ibiliko gara EHUko iKide, MU, Tknika, AEK eta Txorierri Politeknikako lagunekin batera). Topaketa maiatzaren 15ean izango da zabaldu berri den CRAIn (Centro de Recursos para el Aprendizaje y la Investigación).

Jardunaldietan zehar gonbidatuen hitzaldiak, komunikazioak eta tailerrak izango dira. Komunikazioak irekiak dira, hau da, edonork eska dezake parte hartzea. Horretarako, zuen komunikazioa bidali behar duzue eta, hautatua bada, jardunaldietan aurkeztu ahal izango duzue. Informazio osoa MoodleMoot Euskadi 2009ko blogean duzue; dena den, hauexek dira kontuan izan beharreko datak:

  • Martxoaren 9an: izena emateko epea irekitzen da.
  • Apirilaren 10ean: laburpenak bidaltzeko epemuga.
  • Apirilaren 20an: komunikazioak bidaltzeko epemuga.
  • Maiatzaren 4an: onartutako komunikazioak jakinarazteko epemuga.
  • Maiatzaren 10ean: izena emateko epemuga.

Ondorengo guneetan topatu ahal izango duzue informazio gehiago:



XXI. mendeko ikasleak

Irakasle batzuek, euren ikastetxeetan dituzten baliabide eskasak aitzakiatzat jartzen duten bitartean, beste batzuek gure ikasleek beharko dituzten konpetentziak aurreikusi eta zabaltzen dute.

Wendy Drexler-ek azaroan argitaratu zuen bideo honek egundoko oihartzuna izan zuen sarean eta orain, DotSub guneari esker, azpitituluak euskaraz dauzkagu.

Ea ikasle eta irakasle konektibista gehiago azaltzen diren.



Ebaluazio Diagnostikoaren lehen item liberatuak eskuragai

Ebaluazio diagnostikoa

Eusko Jaurlaritzaren babesa duen Ebaluazio Diagnostiko izeneko gunean, LHko 4. mailarako lau item eta DBHko 2. mailarako beste lau argitaratu dituzte dagoeneko. Zalantzarik gabe eredu hauek oso baliagarriak suertatuko zaizkigu irakasleoi, gure ikasleei egingo zaizkien kanpo ebaluazio frogen inguruko pistak biltzen joateko.

Ebaluazio diagnostikoa zer den jakin nahi duenarentzat, hementxe ipintzen dizuet aurrean aipatutako webgunean bertan aurkitu daitekeen pdf dokumentu batetan honi buruz esaten dena:

Ikastetxeen hobekuntzarako balio duen ebaluazio prozesua da; Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2. mailako ikasle guztiek oinarrizko konpetentziak noraino garatu dituzten neurtzen du. Ebaluazioa proba eta testuinguruko galdera-sorta ezberdinek osatzen dute. Proba eta galdera-sortak berdinak dira ikasle guztientzat eta irizpide estandarizatuekin ezarriko dira diru publikoaz finantzatutako ikastetxe guztietan. Ebaluazioak nahiko informazio objektiboa eskainiko dio ikastetxe bakoitzari bere egoerari buruz. Informazio hori irakasleei, ikasleen familiei eta oro har hezkuntza sistema osoari helaraziko zaie. Informazio horrek, ikastetxe barneko datuekin osaturik, hobekuntza-prozesuak abian jartzeko aukera eskainiko du.



Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen atlasa

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, atlasa.net izeneko gune berria sortu du. Aurkezpenean dioenaren arabera…

…tresna honen helburua erabiltzaile ororen eskuetan informazio fidagarria jarri eta zerbitzua eskaintzea da. Hori dela eta, atlasa.net gunea aproposa da ekonomia eta gizarte alorreko profesional zein eragileentzat, nahiz hezkuntza mundurako. Lehenengo bertsio honetan, GAINDEGIAk, demografia, gizartea eta makro-ekonomiako adierazle bateratuen hautaketa eskaini du (ikus adierazleak gunea), baina asmoa, web aplikazioa eta informazioa eguneratzen eta osatzen joatea da.

Gure ikasleei ipintzen dizkiegun jarduera askotan gune honetan eskaintzen diren adierazle ezberdinen inguruko informazioa bilatzea eskatzen diegu. Jarduera hauen helburuetako bat liburu eta atlas ezberdinetan informazioa bilatzea izaten da. Baliabide berri honekin, datu horiek eskura izango dituzte klik gutxi batzuekin, beraz, jarduera hauen diseinuari ukitu batzuk ematea beharrezkoa izango da. Eta burura datorkit momentu honetan gure ikastolako 4. mailako ikasleek, Goierriko bailararen inguruan burutu berri duten proiektua.


Magic-ek informazio gehiago emango dizue honen inguruan.

Iturria: Zabaldu.com



Egileen eskubideak eta eskola

Ostegunean argitaratu nuen bideoaren azalpena orain ikusten dut. Kanpaina bat dago atzean, Asturiasen burutzen ari den “Educar para crear“, hain zuzen.

Niri bideo hura manipulazioa iruditu zitzaidan eta orain, testuingurua ezagutzen dudala, nire iritzi hori berresten dut. Zoritxarrez, manipulazio horren subjektuak ez dira ikasleak bakarrik, irakasle batzuk ere zaku berean daude. Kosta egiten zait eta mingarria da oso, irakasleak horrelako proiektu batean sartuta ikustea. Ohituta gaude gure ikastetxeetara era guztietako kanpainak eramateko egiten dituzten ahaleginekin, baina gure proiektua edota gure nortasunarekin bat ez datozenean, ez diegu inongo jaramonik egiten. Horregatik, ezin dut ulertu Asturiaseko ikastetxe eta instituto horiek nola arraio onartu duten gisa horretako manipulazioa.

Bitxia, benetan, proiektu horren atzean dauden erakundeak: Microsoft, Telefonica, NBC Universal, MPA eta Cedro, beste erakunde publiko eta pribaturen artean, eta bitxia ere erakunde horiek aurrera eraman nahi duten politika berria. Kopia egitea legala denez eta, jendeak izan dezakeen erreakzioarekin, legea aldatzeari beldurra diotenez, gizartearen pertzepzioa aldatzen ahalegintzen dira. Gainera, ideia horiek sartu eta gero, euren produktuak zein zoragarriak diren eta gure bizitzarako zein beharrezkoak diren ikusarazten digutenez, jokaldia borobila da.

Politika berri horretan beharrezkoak diren beste estamentuen laguntza ere lortzen dute eta hortxe daude hedabide publiko zein pribatuak, administrazio publikoaren babespean, mezu faltsu hori etengabe zabalduz. Honela, partekatzea pirateriarekin nahasten da, egileen eskubideak copyright-arekin lotzen dira, gainontzeko lizentziak aipatu ere ez, software askea eta software pirata nahasten dute, kulturaren alde ari direla diote baina CC lizentziadunPendiente de título” bezalako proiektuen alde ez dute ezertxo ere egiten, copyleft lizentzia duen musika ez dute inoiz jartzen euren programazioetan… Zilegi al da, irakasleen oniritziarekin, horrelako mezuak gure ikastetxeetan zabaltzen hastea? Gisa horretako “politika”ren sostengua izan behar al dugu?

Bada, kulturaren gidari berri hauen artean, noski, EITB ere azaltzen zaigu eta deskuidatuz gero, aurki erkidegoko ikastetxeetan edo Betizu bezalako saioetan horrelakoak zabaltzen hasiko zaizkigu.

Nik uste dut gai hau eskoletan jorratu beharra dagoela, baina informazio zuzena emanez eta interesatutako gezurrak alde batera utziz, gure legislazioan legala eta ilegala zer den garbi adieraziz eta lizentzia mota ezberdinen ezaugarriak aztertuz. Ikasleak “doktrinatu” gabe, eurek ikus dezatela zein den ezagutza eta kultura zabaltzeko biderik egokiena, zein jokabide den etikoena… Horrela bakarrik onartuko nuke nik gai horren inguruko kanpaina bat. Bestela, zein arrazoi emango nuke “Creacionismo” sostengatuko lukeen kanpaina bati ezetz esateko? Nola esango nioke ezetz argudio zientifikoetan oinarritzen den teoria horri? Asturiaseko ikastetxeetan beste teoria horiek sartu badira, “Creacionismo” gure ikastetxeetan, zergatik ez?

Denok erne egon gaitezen, hortxe doakizue Asturiasen grabatutako bideo sorta beldurgarri hau:

Aurkezpena »

Irakasleen iritzia »

Umeen antzerkia »

Microsoft »

NBC Universal »

Telefonica »

Hezkuntza Sailburua (Asturias) »

Cedro »



Hezkuntza 2.0

Horra hor, aspaldi honetan, Youtubetik “Hezkuntza 2.0″ delakoari buruz iristen ari zaizkidan bideoetako batzuk. Oso landuak eta kutsu profesionala dutela iruditzen zait. Zorionak bideo hauen guztien atzean daudenei.






Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo