Hasteko, nire lankide adituen aldean, informatikako nire ezagutza guztiz urria eta eskasa zen (behin baino gehiagotan pentsatu izan dut ez ote nintzen ur sakonegietan sartzen ari). Halere, prest nengoen ikasteko eta proiektu berriak ematen zidan ilusioa nire ezagutza pobreari gailendu zitzaion. Horrela, udan lanari ekin nion zetozen zailtasunei ahal nuen moduan aurre eginez.
Zailtasunak alde batera utziz, aitortu beharrean nago hasieratik proiektuak harrera ona izan zuela ikasle gehienengan (beti dago bat edo beste tramankulu hauekin moldatzen ez dena eta denerako zailtasunak ikusten dituena, noski!).
Bloga tresna bereziki egokia da, nire ustez, hizkuntzak lantzeko. Edukiak jorratzeaz gain, ikasleak idazle-kazetari bihurtu ditu. Beraien artikuluak argitaratu dituzte jakitun izanik kanpotik ere irakurleak badituztela (aurki.comen azaltzea oso garrantzitsua izan da beraientzat, baita Julen Gabiria idazleak edo HUHEZIko irakasle den Joxe Aranzabalek, esaterako, goiari eusteko esateko idatzi zigutenean). Honek, aparteko motibazioa emateaz gain, arduratsuago bihurtu ditu (euskara egokia erabiltzen saiatu dira, blogean sartutako baliabideak hasi dira erabiltzen –hiztegi batua, sinonimoak, euskara-gaztelera hiztegiak, antolatzaileak eta abar). Halere, arlo honetan oraindik badago zer landu eta hobetu!
Gainera, ikasleek proiektua berea egin dute eta hori oso motibagarria izan da niretzat. Partekatzeari garrantzi itzela eman diogu elkarrengandik etengabe ikasiz, aprendizaia askoz ere dinamikoagoa bihurtu da, komunikazio arloak (ikasleen artean eta irakaslearekin) ohiko mugak gainditu ditu (posta elektronikoaren erabilera arrunta denon artean, etxetik, eskola orduz kanpo, idatzi dituzten artikuluetan erantzunak…). Laburtuz, motibazioa piztu da!!!
Jarraitu irakurtzen: 1, 2, 3, 4.