TopOfBlogs
A A
RSS

Ikasturtea amaitu da eta atzera eginez, hilabete hauetan lanketa interesgarri bezain aberatsak abian jartzeko aukera izan dugula gogoratu nahi dut (informatikako aplikazio ezberdinak itzuli, esamolde eta sinonimoak jorratzeko ariketak sortu, istorio elkarreragileak ekoiztu, DBH 1ekoen irakasle bihurtu, sarean zehar barreiatuta dagoen euskara lantzeko materiala bildu…). Egindako guztia, gainera, gure filosofiarekin bat eginik, denon eskura jarri dugu.

Hurrengo urteari begira, euskaljakintzarekin jarraitzea pentsatzen dut. Dena den, kideak ezberdinak izango direnez (ikasleen profila erabat aldatzen da), plana euren beharretara egokituko dut baina funtsean arestian aipatutako helburuei eutsiz. Honetaz gain, egitasmo anitz dut buruan. Esate baterako, Euskaljakintza (euskara DBHO 2) zein nire beste irakasgaiak (euskara DBHO 1, ekonomia DBHO 1, ingelesa DBH 4 eta tutoretza DBHO 1) Moodle plataforman integratuko ditut bakoitzarentzako ikastaro bat sortuz. Ikasgai hauei dagozkien edukiak, jarduerak, egutegia... sarean jarriko ditut tresna ahaltsu honek eskaintzen dituen aukerei ahal dudan etekina ateraz eta IKTen integrazioan beste urrats txiki bat emanez. Irrati-nobela bat sortu podcast-ak indartuz eta euskal wikipedia zabaltzen lagundu ere gure helburuen artean kokatuko ditut, besteak beste.

Ilusioz beteta hasi nintzen duela urtebete eta ilusio hori bikoiztua dut une honetan. Garbi daukat gogo hori esna mantentzearen arrazoia neurri handi batean nire ikasleen jarrera izan dela. Nola eskertu eman duten guztia? Euren interesa, lana, ekinkortasuna, laguntzeko eta partekatzeko prestutasuna... Baina, gauzak diren bezala, IKTen alor honetan munduko borondate onena izanda ere, aldamenean buruan dituzun ideiak aurrera ateratzeko laguntzarik ez baduzu, egitasmo ugari bertan behera gelditzen dira. Ez da nire kasua izan; izan ere, edonork bere aldamenean nahiko lituzkeen lankideak izan baititut gertu-gertu. Ez dago esan beharrik jolaus eta magic (magic eta jolaus) IKTeroez ari naizela. Euskaljakintzak ez luke urtebetetzea, ez hilabetea ez minutua ospatuko beraien etengabeko laguntzarik gabe eta hori ez da mila esker esanda eskertzen!

Jarraitu irakurtzen: 1, 2, 3, 4.

Nabigazioa

Laburrak

IKT Pilulak

Gora igo