Aurreko guztiak hasieran finkatutako helburuak gainditzera eraman gaitu. Ikusten duzuen bezala, balorazioa guztiz baikorra da. Halere, ezin dugu ahaztu IKTak gure eguneroko jardunean normaltasun osoz integratzeko oraindik asko dagoela egiteke (duela gutxi jolausek idatzitako artikulu mamitsuan garbi gelditu zen legez), gauza asko ikasteke. Aurreiritzi ugari baztertzen saiatu beharko genuke bai ikasle eta baita irakasleok ere (ordenagailuak jolasteko dira, denbora galtze bat, hezkuntza eredua ezin da aldatu, gurasoen sinesgaitasuna horrelako proiektuen aurrean...).
Nire uste apalean, berrikuntza baten atzean proiektu serio eta landu bat badago (ez inprobisazio hutsa) eta, batez ere, irakasleak eta zuzendaritzak (gure kasuan gertatu den bezala) erabat sinesten badute berrikuntza horretan urrats handi bat emanda dago. Arriskatu ere (neurri batean) egin beharko genuke. Irakasleoi ahoa betetzen zaigu ditugun zailtasunak eta presioak aipatuz, baina askotan zailtasun horien atzean ezkutatzen gara betikotasunean mantentzeko.
Nola aldatu nahi dugu hezkuntza sistema banakakook aurrera pausoak ematen ez baditugu? Administrazioaren zain geldituko gara? Hainbestetan aipatu dugun klaustroaren papera guztiz garrantzitsua eta erabakigarria izaten da gure ikastetxeetan. Askotan, gainera, ezkorra izaten da eta zaila da egun batetik bestera ezkortasun hori aldatzea. Niri bururatzen zaidan modu bakarra talde txikietan lanean hastea da: benetan bidea hau dela sinesten dugunok elkarrekin lan eginez, besteen interesa piztu dezakegula pentsatzen dut. Alde horretatik, Jolausek hainbatetan aipatu duen moduan, gure ikastolan gero eta gehiago gara aurrera begiratu nahi dugunok. Ez bakarrik IKTen integrazioari dagokionean, baita beste hainbat alorretan ere (kanpotarren integrazioa, eleaniztasuna, ikasleen gertuko jarraipena...). Batzuetan ez dugu asmatzen baina garbi daukat ez garela besoak gurutzatuta gelditzen arazoak eta berrikuntzak noiz eta nondik etorriko zain, aurre egiten saiatzen garela.
Amaitzeko, askotan pentsatzen dut hondorik gabeko putzu batean sartu garela/naizela: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago jakin nahi (eta hori, uneoro gauzak aldatzen doazen teknologia berrien eremuan, zenbaitetan neketsua izan daiteke). Edonola ere, garbi daukat: esparru honetan inongo erraztasun eta ezagutza kaskar honekin gai izan banaiz hau aurrera eramateko, edonork egin dezake! Beraz, nire jakin-mina ikasleei kutsatzen saiatzeaz gain, beste irakasleak ere horrelako proiektuetan murgiltzera animatu nahi ditut; izan ere, gozoak gaziak baino askoz ere gehiago izan baitira urtebeteko ibilbide honetan...
Jarraitu irakurtzen: 1, 2, 3, 4.